ZEHARKAKO FLAUTAK

LAMARIANOTARREN ANDRE MADALEN FANDANGOA ETA ARIN-ARINA1

Bi flauta jolek osatutako taldea ikusten dugu Donostiako Ulia Mendiko erromeria edo dantzaldian (danborrik gabe) Martin Ricardo argazkilariak 1917an egindako argazkian.

Antzuolako (Gipuzkoa) Benito eta Augusto Lamariano anaiek flauta jole bikote ezaguna osatzen zuten XX. mende hasieran. Bat tertziola eta bestea flauta joaz aritzen ziren besteak beste Antzuolan, Bergaran eta inguruko erromerietan2. Antzuolako Lamarianotarren errepertoriotik hartutako fandangoa eta arin-arina grabatzeko Oiartzungo eta Hernaniko musikariak elkartu genituen Soinuenean 2021eko abuztuaren 5ean, Lamarianotarrek osatzen zuten taldearen antzekoa osatuz.

Flautak: Oiartzungo Ibargain Musika Eskolako flauta ikasleak; Haizea Lekuona (flauta), Mikel Saez de Eguilaz (flauta piccolo). Danborra: Ander Barrenetxea. (Arg: Soinuenea)

Flautak: Oiartzungo Ibargain Musika Eskolako flauta ikasleak; Haizea Lekuona (flauta), Mikel Saez de Eguilaz (flauta piccolo). Danborra: Ander Barrenetxea. (Arg.: Soinuenea)

OHARRAK

1 Beltran, J. M. (2004). Dultzaina Gipuzkoan. 1950. hamarkada arte. La dulzaina en Gipuzkoa. Hasta la década de 1950. The dulzaina of Gipuzkoa. Until the decade of 1950s. Herri Musika Bilduma, 1. HM Txokoa.

2 Beltran, J. M. (2004). Dultzaina Gipuzkoan. 1950. hamarkada arte. Herri Musika Bilduma, 1. HM Txokoa (F-J 5 eta A-P 27).

PIEZA DE ALBOGUE (R.M. AZKUEREN C.P.V. KANTUTEGIKO 253 ZK.)

Durangaldean eta Arratia aldean (Bizkaia) flautia izenez ezagutu dira kanaberaz egindako zeharkako flautak.

Resurreccion Maria Azkueren C.P.V. kantutegian aurkitu dugu, 253. zenbakiarekin, Iurretan (Bizkaia) jasotako Pieza de Albogue titulua duen dantza doinu hau. Joaldi hau Juan Mari Beltranek (flauta) eta Ander Barrenetxeak (panderoa) egin zuten Soinuenean 2021eko abuztuaren 5ean.

J.M. Beltran eta A. Barrenetxea flautia (JMBA Bilduma 1189 zk.) eta panderoa (JMBA Bilduma 16 zk.) jotzen. (Arg: Soinuenea)

J.M. Beltran eta A. Barrenetxea flautia (JMBA Bilduma 1189 zk.) eta panderoa (JMBA Bilduma 16 zk.) jotzen. (Arg: Soinuenea)

J.M. Beltran eta A. Barrenetxea flautia (JMBA Bilduma 1189 zk.) eta panderoa (JMBA Bilduma 16 zk.) jotzen. (Arg: Soinuenea)

OTOI (Habanera / C. Etxebarria)

Lekeitioko Estudiantina: Aratuste Alai. (IZ 185 / 1983) ELKAR diskoetxearen adeitasunez.

Zeharkako flautak errondaila eta estudiantina bezalako taldeetan izan duen erabilpena erakusten du grabazio honek.

Lekeitioko Estudiantinak beren herriko inauterietako errondailaren errepertorioarekin 1983an grabatu zuen Aratuste Alai diskotik hartu dugu Otoi izenburuko habanera. Zeharkako flautak presentzia nabarmena izan du halako taldeetan.

1983an Lekeitioko Estudiantinaren Aratuste Alai diskoa grabatu zuen taldea. (Arg: Lekeitioko Estudiantina. Aratuste Alai. IZ 185)

1983an Lekeitioko Estudiantinaren Aratuste Alai diskoa grabatu zuen taldea. (Arg.: Lekeitioko Estudiantina. Aratuste Alai. IZ 185)

Zeharkako flauta (JMBA bilduma, 1379)

Zeharkako flauta (JMBA bilduma, 0279)

Zeharkako flauta (JMBA bilduma, 0690)

Zeharkako flauta jolea musika talde batean. Hernani, 1894.

Francisco Garate “Patxi Agerre” flauta jotzen eta bere emaztea Juana Maria Begiristain “Errementerikoa” panderoa jotzen. Itziar, 1920. (Arg. Trikitixa. R. Agirre. Martin Musika Etxea. 1992. 49. or.).

 

Euskal Herrian zeharkako flauta arruntenak zurezkoak edo metalezkoak izan dira. Zurezkoak nagusiki ezpelez edo ebanoz eginak izaten ziren. Kanaberazkoak ere ezagutu ditugu. Guztietan, hodiak mutur bat itxita dauka eta alde horretan ahokoaren funtzioa betetzen duen zulo bat du. Hodian zehar digitaziorako zuloak ditu. Berrienek giltzak izan ohi dituzte, zulo hauek itxi eta irekitzeko. Zurez edo kanaberaz egindako pifano1 izeneko zeharkako flauta txikiak ere jo izan dira gurean.

Flauta hauek denak, bi eskuekin hartu eta ahokoa ezpainetan jarririk, ertzaren kontra airea bideratuz jotzen dira.

Aurreko mendeetan izan zuten zabalpenaz askorik ez dakigun arren, jakin badakigu Cristobal Echeverria pifano jolea 1765. urtean 2 danborrekin Arbizutik Iruñeko (Nafarroa) San Ferminetara musika jotzera joan zela (Ramos, 1990, 105. or.).

Carmen Rodriguez Susok XVIII - XIX. mendeetako Bilbo inguruko pifano joleen bilakaera jaso zuen Los Txistularis de la Villa de Bilbao (1999) liburuan.

Iturria.: Rodriguez Suso, 1999, 19-20. or.

(Iturria.: Rodriguez Suso, 1999, 19-20. or.)

Dirudienez, pifano joleak garrantzia hartzen joan ziren urteen poderioz: hasiera batean ekitaldi ofizialetan udalaren soldatapeko langile modura jarduten bazuten ere, pixkanaka danbolinteroen funtzioak hartzen joan ziren, jai egunetako musika ere haien gain hartuz. Bilbon pertsona berak jotzen omen zituen pifanoa zein txistua eta danbolina; adibidez, 1772an udal danbolinteroa zen Jose Antonio de Lizaso y Egañak2.

Iturria.: Rodriguez Suso, 1999, 19-20. or.

(Iturria.: Rodriguez Suso, 1999, 19-20. or.)

XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran zeharkako flauta joleak aurki genitzakeen herri askotako errondaila musika taldeetan, gitarra, bandurria, laute, biolin, klarinete eta panderoekin batera, besteak beste, inguru kaletarrean, kostaldean zein barnealdean. Halako talde bat agertzen da Hernaniko Ezkiaga pasealekuan 1894. urtean ateratako argazki ikusgarri honetan:

Hernani, 1894. (Iturria: Beltran, 1996)

Hernani, 1894. (Iturria: Beltran, 1996)

Antzuola inguruan Augusto eta Benito Lamariano anaien aita eta osaba halako bi flautarekin ibiltzen ziren, XX. mende hasieran Deskarga portuan eta inguruan egiten ziren erromerietan jotzen. Ofizio horretan jardun zuten 1936ko gerrara bitarte. Bi flauta ezberdin erabiltzen zituzten; bata flauta arrunta zen, eta bestea, tertziola izenekoa, txikiagoa. Ondoren Augusto eta Benito anaiak hasi ziren bi flauta horiekin eta Danbor goitizena zuen danbor-jole beasaindar batekin inguru horietan jotzen. Anaia hauek, 1929tik aurrera, zeharkako flautak utzi eta dultzainekin aritu ziren. Benito Lamariano Agirreri egindako elkarrizketan besteak beste honakoa esan zigun:

Aitak flauta jotzen zuen. Bere koinatuarekin jotzen zuen, duo eginez. Gure aitak tertziola3 deitutako flauta jotzen zuen eta besteak flauta handiago bat. Taldea, aipatutako bi flauta-jole eta danbor-joleak osatzen zuten. Inguruko erromerietan eta bodetan jotzen zuten. Ehun bat boda pasatuko zuten haiek... Baltseoa, fandango, arin-arin eta halakoak jotzen zituzten.4

Donostiako (Gipuzkoa) Urgull mendiko erromeria edo dantzaldi batean 1917an Martin Ricardok egindako argazki bilduma batean ikus daitekeenez, Antzuolako Lamarianotarrak bezala, argazkian agertzen diren musikariek ere bi flauta ezberdin jo zituzten, bat arrunta da eta bestea txikiagoa.

Gazteak dantzan, Urgullen (Donostia), 1917. (Arg.: Martin Ricardo. Kutxa Fototeka)

Gazteak dantzan, Urgullen (Donostia), 1917. (Arg.: Martin Ricardo. Kutxa Fototeka)

Antzuolako Lamarianotarren flauta tertziola. (Arg.: JMBA)

Antzuolako Lamarianotarren flauta tertziola. (Arg.: JMBA)

Azkoitian (Gipuzkoa), eskola bateko ikasleek osatutako musika talde hau ageri zaigu, 1900 inguruko argazki honetan. Zeharkako flautak ikus daitezke bertan:

Aurreratutako ikasleak (Iturria: Elias, 1999, 432. or.)

Aurreratutako ikasleak (Iturria: Elias, 1999, 432. or.)

Alardeak

Euskal Herriko hainbat herritan duela mende batzuetatik festetako egitarauan txertatuta daude alardeak, kutsu militarreko herritarren desfile edo erakustaldiak. Besteak beste, Hondarribian, Irunen, Tolosan, Antzuolan (Gipuzkoa) eta Elorrion (Bizkaia) ospatzen dira. Ekitaldi hauetan musikak presentzia nabarmena du, eta oro har haizezko soinu-tresnak eta danborrak izan dira nagusi. Irungo (Gipuzkoa) alardeko argazki zahar batean ikus dezakegu zeharkako flauta bat danborrez lagundurik.

Irungo Alardeko prozesioan 1863an hiru pifano eta hiru danbor atera zirela jasota dago; urte hori hartzen dute tamborrada delakoaren hasieratzat5. Ondorengo urteetan txilibitoak (bi eskuko ahokodun flauta zuzenak) agertzen hasi ziren eta XX. mende hasierako argazkietan batera ikus ditzakegu bi flauta mota hauek. Aipagarria da Irunen flauta zuzen honek duen txilibito izen nagusiaz gain, askotan hartzen duen pífano izendapena.

Irungo Alardea, 1900 inguruan. (Iturria: Irungo Alardea. (1996). San Martzial Eguna. Enixe Records.)

Irungo Alardea, 1900 inguruan. (Iturria: Irungo Alardea. (1996). San Martzial Eguna. Enixe Records.)

1927an txilibitoak eta pifanoa batera Irungo Alardean. (Iturria: Retegui, 2003, 108. or.)

1927an txilibitoak eta pifanoa batera Irungo Alardean. (Iturria: Retegui, 2003, 108. or.)

LEKEITIOKO ESTUDIANTINA

Lekeitioko (Bizkaia) Aratuste edo Inauterietan bertako estudiantinak kale bueltak egiten ditu, herriko gertakariei buruzko kantak eta musika eskainiaz. Estudiantinan gitarrak, bandurriak, lauteak, panderetak eta klarineteak entzun daitezke, eta hauekin batera, zeharkako flautak.

Lekeitio, 1932. (Iturria: Lekeitioko Estudiantina. (1983). Aratuste Alai. IZ-185)

Lekeitio, 1932. (Iturria: Lekeitioko Estudiantina. (1983). Aratuste Alai. IZ-185)

MUNDAKAKO ATORRAK

Mundakako (Bizkaia) Aratusteetan atorrak izeneko pertsonaiak kalez kale ibiltzen dira beren soinu-tresnekin herria alaitzen. Errondaila gisako talde honetan beti erabili izan dira zeharkako flautak.

Mundakako “atorrak”. (Arg.: Jon Kortazar. Iturria: Feliu, 1987, 138. or.)

Mundakako “atorrak”. (Arg.: Jon Kortazar. Iturria: Feliu, 1987, 138. or.)

Baserritar inguruko zeharkako flautak

Inguru kaletarretik kanpo ere bazen zeharkako flautarik. Itziarko (Gipuzkoa) Franzisko Garate Patxi Agerre bere emaztearekin aritzen zen flauta jotzen, azken honek panderoz lagundurik6.

Bizkaia aldean XX. mende hasieran kanaberaz egindako egitura soileko zeharkako flautak jotzen ziren, J. J. Abasolo Tiliño-k esan zigunez7.

Durangon 1910ko hamarkadan jaio zen Nikolas Jayok danborra ez ezik, dultzaina ere jotzen omen zuen, baita zeharkako flautia ere. Maumako8 Pedro Etxebarria dultzaineroarekin danborra jotzen omen zuen (hau ere 1910ko hamarkadan jaioa). Festa eta ospakizunetan ere maiz jotzen omen zuen flautia, Nikolasek. Iurretan 1989ko trikitilarien omenaldian biak omendu zituzten.

Tiliñoren azalpenekin, Nikolasen zeharkako flauta erreproduzitu genuen: luzera 30 eta 40 zentimetro artekoa, eta diametroa 2 eta 3 zentimetro artekoa. Tiliñok onespena eman zion, erakutsi genionean.

Dirudienez, Mañariako Juan Bilbao dultzaineroak kontatu zion, zeharkako flauta ikusi zuenean, haiek gaztetan kanaberaz egindako halako zeharkako flauta jotzen zuten9. Bat egingo ziola agindu zion, baina handik gutxira hil zen eta ezin izan zuen esana bete.

Kanaberazko flautia. JMBA Bilduma, 1189 zk. (Arg: Emovere – Soinuenea)

Kanaberazko flautia. JMBA Bilduma, 1189 zk. (Arg: Emovere – Soinuenea)

Itziar, 1920. urtean. Flauta eta panderoaz osatutako musika taldea. Franzisko Garate Patxi Agerre eta bere emaztea Juana Maria Beristain Errementerikoa (Iturria: Aguirre, 1992, 49 or.)

Itziar, 1920. urtean. Flauta eta panderoaz osatutako musika taldea. Franzisko Garate Patxi Agerre eta bere emaztea Juana Maria Beristain Errementerikoa (Iturria: Aguirre, 1992, 49 or.)

Inguruko herrietan

Fifre izeneko zeharkako flauta txikiak, danborrarekin taldea osatuta, oraindik ohikoak dira bizilagun dugun Gaskoiniako Landetan.

Fifre eta danborra Gakoiniako Landetan. Types landais – Le boeuf gras postala. (Iturria: Mabru, 1988)

Fifre eta danborra Gakoiniako Landetan. Types landais – Le boeuf gras postala. (Iturria: Mabru, 1988)

Fifrea, danborra eta bonboa. Bazas (Gaskoinia), 1938. (Iturria: Mabru, 1990)

Fifrea, danborra eta bonboa. Bazas (Gaskoinia), 1938. (Iturria: Mabru, 1990)

Zeharkako flauta euskal folk taldeetan

1970eko hamarkadatik aurrera, munduko beste bazterretan bezala, Euskal Herrian ere folk mugimendua loratzen hasi zen. Folk taldeek erro tradizionaleko musika berrinterpretatzen zuten, baita kutsu herrikoiko pieza berriak egin ere. Zeharkako flautak presentzia nabarmena zuen talde hauetako askotan (adibidez, Oskorri edo Azala taldeetan), eta soinu-marka bereizgarria ere eman zien hainbatetan.

IKONOGRAFIA

MIARRITZE

SANTA EUGENIA ELIZA

Miarritzeko Eugenia Santuaren eliza neogotikoko bi beirateetan aingeru musikari talde bana ageri da; horien artean, talde bakoitzean zeharkako flauta jotzen duen bat.

Eugenia Santuaren elizako Jaiotzaren beiratearen goiko aldean aingerua zeharkako flauta jotzen. (Arg.: JMBA)

Eugenia Santuaren elizako Jaiotzaren beiratearen goiko aldean aingerua zeharkako flauta jotzen. (Arg.: JMBA)

Eugenia Santuaren elizako Jaiotzaren beiratearen goiko aldean aingerua zeharkako flauta jotzen. (Arg.: JMBA)

Eugenia Santuaren elizako Jesus haurrak bedeinkatzen beiratearen goiko aldean aingerua zeharkako flauta jotzen. (Arg.: JMBA)

Eugenia Santuaren elizako Jesus haurrak bedeinkatzen beiratearen goiko aldean aingerua zeharkako flauta jotzen. (Arg.: JMBA)

Eugenia Santuaren elizako Jesus haurrak bedeinkatzen beiratearen goiko aldean aingerua zeharkako flauta jotzen. (Arg.: JMBA)

ERRIBERRI - OLITE

ANDRE MARIA ERREGINAREN ELIZA

Elizako fatxada nagusia 1300. urte inguruan bukatu zen. Bertako arrosa leiho handiaren azpian, atari nagusia zortzi arkiboltaz osaturik dago, eta lehen arkiboltaren eskuin aldeko basean aingeru flauta-jole hau agertzen da.

Aingeru flauta-jolea Erriberriko Andre Maria Erreginaren elizako portada nagusian. (Arg.: JMBA)

Aingeru flauta-jolea Erriberriko Andre Maria Erreginaren elizako portada nagusian. (Arg.: JMBA)

Aingeru flauta-jolea Erriberriko Andre Maria Erreginaren elizako portada nagusian. (Arg.: JMBA)

SESMA

JASOKUNDEAREN PARROKIA

Sesmako Jasokundearen parrokiako 1771. urteko rokoko organoaren goialdean, aingeru bat ageri da zeharkako flauta jotzen.

Organo berean, oinarriaren aurrealdean beste pertsonaia batzuk daude soinu-tresnak jotzen; tartean, zeharkako flauta jotzen ari den aingerutxo bat.

Sesmako parrokiako organoan aingeru flauta-jolea. (Arg.: J.I. Larraioz-JMBA)

Sesmako parrokiako organoan aingeru flauta-jolea. (Arg.: J.I. Larraioz-JMBA)

Sesmako parrokiako organoan aingeru flauta-jolea. (Arg.: J.I. Larraioz-JMBA)

Aingerutxo flauta-jolea Sesmako organoan. (Arg.: J.I. Larraioz-JMBA)

Aingerutxo flauta-jolea Sesmako organoan. (Arg.: J.I. Larraioz-JMBA)

Aingerutxo flauta-jolea Sesmako organoan. (Arg.: J.I. Larraioz-JMBA)

SORLADA

SAN GREGORIO OSTIAKOAREN ELIZA

Sorladako San Gregorio Ostiense elizako sabai polikromoetan aingeru musikari batzuk ageri dira; tartean, zeharkako flauta jotzen ari den bat.

Sorladako elizako aingeru flauta-jolea. (Arg.: JMBA)

Sorladako elizako aingeru flauta-jolea. (Arg.: JMBA)

OHARRAK

1 F. Pedrellek bere hiztegian definizio hau ematen du: “Pífano, […] Fifre (fr.) […]. Instrumento de viento, pequeña flauta de muy aguda voz que se toca como la flauta travesera y acompañado de tambor ó caja […]”. (Pedrell, 1894, 868. or.)

2 Rodríguez Suso, C. (1999). Los Txistularis de la Villa de Bilbao. BBK - Bilbao Bizkaia Kutxa.

3 Tertziola-ren ezaugarriak: Ebanozko flauta honek 52 zentimetroko luzera du. Bost zatitan egina dago. Eskala kromatikoa egiteko metalezko 5 giltza ditu. Dena itxita, behe-erregistroan F4 ematen du eta goi-erregistroan F5. Dena irekita, behe-erregistroan E5 ematen du eta goi-erregistroan E6.

4 Antzuolan, 1998-10-30an, J. M. Beltranek Benito Lamariano Agirreri egindako elkarrizketa. Ikus: Beltran, J. M. (2004). Dultzaina Gipuzkoan. 1950. hamarkada arte. Herri Musikaren Txokoa.

5 Ikus: http://tamborradaalardeirun.com/historia/ (2021/08/18an kontsultatua).

6 Musikari hau, jatorriz, Lasturko Agerre baserrikoa zen. Bere familiakoek esan zigutenez, flauta jotzeaz gain, Patxik dultzaina eta txistua ere jotzen omen zituen. Hori bera irakur daiteke DEBA aldizkariaren 82. zenbakian (2012), 49. orrialdean. (Sarean ikusgai: https://www.deba.eus/fitxategiak/DebaAldizkaria/Num82zkia_DEBA_2012_uda_t.pdf, 2021/10/20an kontsultatua)

7 Iurretako J. J. Abasolo Tiliño-ri, 1998an J. M. Beltranek egindako elkarrizketa.

8 Maguna, Maume, Mauma: Muxika udalerria.

9 Tiliñok 2004/11/12an izandako elkarrizketan kontatua.

ITURRIAK

Bibliografia

AGUIRRE, R. (1992). Trikitixa. Gipuzkoa-Donostia Kutxa.

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Orain.

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (2004). Dultzaina Gipuzkoan 1950. hamarkada arte. HM Bilduma, 1. HMT-Erviti.

ELIAS ODRIOZOLA, I. (1999). Azkoitia historian zehar. Azkoitiko Udala.

FELIU CORCUERA, A. (1987). Tradiciones y costumbres del País Vasco (I. liburukia). Gure Herria. Kriselu.

MABRU, L. (1988). Musique, musiques... Pratiques musicales en milieu rural (XIXème-XXème siècle). L’exemple des Landes de Gascogne. Centre Lapios.

MABRU, L. (1990). Le Fifre en Bazadais. Cahiers de Bazadais (Nº 89/90). Centre Lapios.

PEDRELL, F. (1894). Diccionario Técnico de la Música. Librería París-Valencia, Faksímila, 1992.

RAMOS, J. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, (55 zk. 91-138). Institución Principe de Viana.

RETEGUI, J. M. (2003). Tamborrada. Alarde de San Marcial de Irun. / Danborrada. Irungo San Martzialetako Alardea. Asociación Tamborrada del Alarde Tradicional de San Marcial de Irun.

RODRÍGUEZ SUSO, C. (1999). Los Txistularis de la Villa de Bilbao. BBK - Bilbao Bizkaia Kutxa.

Diskografia

IRUNGO ALARDEA. (1996). San Martzial Eguna [CD]. Enixe Records 02.

LEKEITIOKO ESTUDIANTINA. (1983). Aratuste Alai [LP]. IZ-185. L.G.: SS-357-1983.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.