Tutubia edo tronpeta aerofonoen familiako mihi bikoitzeko soinu-tresna da.
Egitura
Gaztainondo makila bati kendutako azal zinta luze batekin egindako dultzaina gisako tutu konikoa da. Goiko muturrean mihi bikoitzeko pita bat sartzen zaio (ikusi sunprinuaren egitura).
Joera
Pita ahoan sarturik haizea emanez, honen bi mihiak bibrarazten dira.
Historia
Nafarroako Araiz bailaran sunprinuaren antzeko beste tresna bat erabiltzen zen. Honi tutubi edo tronpeta deitzen zioten. Gaztainondoaren azalez egiten da eta ez du tonu aldaketarako zulorik. Beraz, nota bakarra ematen du.
Pita egiteko modua da tresna honek sunprinuarekiko duen beste ezberdintasuna. Gaztainondoaren makila luze horretatik ateratako azal tirarekin tutubi-tronpetaren tutu konikoa osatzen da eta pita beste makilatxo bati (txulubitan egiten den bezala) ateratako azal tutu txiki batekin. Tutu hau mutur batean zanpatuz, bi mihietako pita osatzen da eta beste muturra tutubi-tronpetaren goiko aldetik sartzen (Beltran, 1996, 78. orr.).
Bi tresna hauen arteko beste ezberdintasun garrantzitsua zera da: sunpriñua helduen soinu-tresna da eta tutubi-tronpeta haurrentzat egiten den hots-jostailua dugu.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.