IZENA ETA HEDADURA
Sunprinu izenez (sunpriñua) ezagutu izan da mihi bikoitzeko aerofono hau, hitzaren beraren jatorriari buruz gauza gutxi dakigularik. Hurritz azalez egindako tutu konikoa da, mutur estua zanpatuta mihi bikoitzeko pita osatzen zaiona. Tonua aldatzeko bi zulo egiten zaizkio konoan, esku bakoitzeko hatz erakusleez zulo bana ireki eta ixteko.
Nafarroako Larraun bailaran normaltasunez jo izan da 1936ko gerra ingurura arte, eta geroago baten batek inoiz jo izan badu ere, 1970eko hamarkadarako isildua zen. Bailara hau bi zonaldetan banatu ohi zen, Hurrizti-herri eta Ote-herri, lehena omen zelarik sunprinua jotzen zen eremua, hurritza ugari izaki nonbait bailara hartan: Madotz, Oderitz, Astitz, Alli, Iribas, Baraibar, Albiasu eta Errazkinek osatzen dute Hurrizti-herri. Herri horietako artzainak Aralarko Ata ibarrean ibili ohi ziren, eta ez da ezagutu horietatik kanpo jo izan denik, Amezketa inguruan salbu1.
Juan Mari Beltranek 1969tik 1970eko neguan Iribasen soinu-tresna honi buruzko ikerketa egin zuenean2 jada ez zen sunprinua jotzen zuenik geratzen, baina artean herritar askok gogoratzen zuen eta honen berri jaso ahal izan zen, Juan Bautista Lasarte izan zelarik informatzaileen artean nabarmenena.
Landare edo zuhaitz adarren azalez egindako mihi bikoitzeko soinu-tresnak ezagunak dira, nolanahi ere, Europa osoan eta munduko beste toki askotan ere. Pirinioen beste muturrean, Katalunian esaterako, asko erabili izan dira3. Sunprinuan bezala, horietako batzuetan, pita eta konoa azal puska berarekin egiten dira, zenbaitetan tonua aldatzeko zulorik egin gabe, bestetan zuloak eginda. Beste batzuetan aldiz, tutubiaren kasuan bezala, pita hori beste azal puska edo kimu azalez egiten da. Horretarako, tokian tokiko landareak erabiltzen dira: lizarra, intxaurrondoa, sahatsa, urkia, gaztainondoa, hurritza…
Juan Mari Beltranek 1977an Iribasen egindako sunprinuak. (Arg.: JMBA)
EGIKERA
Sunprinua egiteko hurritz makila bati azala kendu behar zaio eta, horretarako, metro eta erditik bi metrora bitarteko makila luze, garbi eta begirik gabea behar da, lau-bost zentimetro lodi, zuzena eta, ahal dela korapilo eta adaxkarik gabea. Labanaz, makilari bueltaka eta sei bat zentimetroko zabaleraz, espiralean ebakitzen da azala eta, ondoren, mutur batetik hasita, azal tira edo zerrenda luze bakarra askatzen da makilatik. Hau egin ahal izateko hurritz makilak izerdiz betea behar du, eta horregatik egiten da soinu-tresna hau urte sasoi jakin batean soilik.
Sunprinua udaberri hasieran egin behar da, udaberriko lehen ilgoran, landareen izerdiak gora jotzen duenean alegia. Bestela, hori gertatu baino lehen egiten bada, azala makilari erantsia egongo da eta ezinezkoa gertatzen da halako puska luzea osorik kentzea. Eta alderantziz, geroago izerdiz betetzen denean, hurritza kimatu eta begi berriak sortzen dira azalean, kentzen saiatuta erraz hausteaz gainera, zuloz betea geratzen delarik. Beraz, hiru bat astetako epea izaten da, urtean, sunprinu onak egiteko.
Sunprinuak egiteko makilak biltzen. Iribas, 1977. (Arg.: JMBA)
Hurritz makilari azala ebaki eta kentzen. Iribas, 1977. (Arg.: JMBA)
Azal zerrenda luze hori estu-estu biltzen da, karakol antzera, kono luze eta estua egin eta dultzaina luze baten itxura emanaz. Kontu handia izan behar da hasierako tolesetan, mutur estu hori izango baita pita edo pipitte, eta parean ongi jarri behar da bi ezpal edo mihi horiek bibratu dezaten. Bildu eta gero, mutur zabala askatu ez dadin, elorri arantza batez lotzen da (errena esaten zaio arantzari Nafarroako lur horietan).
Hurritz azalaren zintarekin suprinuaren pita eta segidan tutua montatzen. Iribas, 1977. (Arg.: JMBA)
Bukatzeko, bi zulo egiten zaizkio tonua aldatzeko. Hauek non egin jakin ahal izateko, sunprinua jotzeko jarreran hartzen da eskuetan eta hatz erakusleak jartzen diren tokietan egiten da zulo bana. Sunprinu bakoitzaren neurria gorabehera, eskuetan era batera edo bestera hartuko denez, zuloak ere neurri horren arabera egingo zaizkio beraz.
Tonua aldatzeko suprinuaren zuloak egiten. Iribas, 1977. (Arg.: JMBA)
Sunprinuak soinurik aterako badu, uretan gorde behar da, bestela lehortu eta ez du hotsik egiten. Horregatik, erreka putzu, aska eta horrelakoetan gordetzen omen zituzten. Denbora luzez uretan edukita, usteldu egiten da ordea, eta hiru-lau hilabetetan alferrik galdu. Horregatik, udaberrian egiten zenetik sanferminak arte jotzen omen zen sunprinua (bakarren batek lortu izan omen zuen sanmartinak arte jotzea ere). Hurrengo udaberrian berria egin beharra zegoen.
Sunprinua. JMBA Bilduma, 610 zk. (Arg.: Emovere-Soinuenea)
JOTZEKO ERA: DURUNBELE
Sunprinuak bi zulo izaten dituenez, hiru notatako doinuak eman ditzake. Sortzen zuten doinu nagusiari durunbele esaten zioten eta jotzaile bakoitzak, libertate handiz, bere gustura sortzen zuen: batzuek azkar eta txorrotxioka, beste batzuek polikiago eta nota luzeak eraginez. Hala, entzuleek berehala ezagutzen omen zuten nor zen jotzen ari zena.
Larraungo Hurrizti-herriko artzainak goizero igotzen ziren Aralarrera arditara. Gehienetan txakur eta ardiak izaten zituzten lagun bakar, eta entretenimenduetako bat sunprinua jotzea izaten omen zuten. Bere sasoian eta egoera onean, hots handia ateratzen du sunprinuak, eta urrundik entzuten da mendian. Beraz, artzain bati bururatu eta sunprinua jotzen hasten zenean, ingurukoek entzunda, bat edo beste animatu eta erantzun egingo zion, txandaka elkarrizketa musikala mantenduaz, aspertu arte.
Arratsaldean berriz, ardiak jetzi ondoren, nor bere etxera jaisten zen ilunabarrerako, gazta mendiko bordan egiten zutenak esku hutsik eta etxean egiten zutenak esne marmita bizkarrean hartuta. Ordu bertsuan, herrira iritsi baino lehen, sunprinua hartu eta eguneroko saioa hasten omen zuten. Herritar guztiek entzuten zuten, ukuilutik, sukaldetik edo baratzetik. Hau omen zen sunprinu joleen saio garrantzitsuena. Bakoitzak bere usadiozko leku jakinetik jotzen omen zuen, herritik kilometro bat edo bira, sunprinuak gordetzeko zeuzkaten aska edo putzuetatik. Hala aritzen omen ziren ordu erdiz edo, txandaka sunprinua jotzen, herritarren gozamenerako.
Juan Mari Beltran Juan Bautista Lasarterekin landa laneko saio batean. Iribas, 1976. (Iturria: Azal doinuak dokumentala)
Durunbele esaten zioten sunprinuaren joaldiari, eta ezagutu zutenek, doinuaren hasiera bera emateaz gain, doinuaren egitura ere bertsua abesten zuten. Horietako baten adibide, Juan Bautista Lasarteri jasotako durunbele joaldi baten transkripzioa ondoan:
Sunprinu joaldi baten transkripzioa.
OHARRAK
1 Joseba Zuaznabarrek 2010an Lasarten esanda dakigu Aralarren aritzen ziren artzainek sunprinua Amezketan jotzen zutela. Zuaznabarri Amezketako Lapatza artzainak eman omen zion datu hau, baita soinu-tresna hurritzaren azala bilduz egiten zela ere, udaberrian.
2 Beltran, 1978.
3 Violant i Simorra, 1953 eta 1954.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGINENA, J. M. (1978). Azal doiñuak: sumpriñu eta txulubite. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 29, 349-362. Institución Príncipe de Viana.
VIOLANT I SIMORRA, R. (1953). Els pastors i la musica. Barcino.
VIOLANT I SIMORRA, R. (1954). Instrumentos músicos de construcción infantil y pastoril en Cataluña. Revista de Dialectología y Tradiciones Populares, 10, 331-348 eta 548-590. CSIC.
Diskografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
Ikus-entzunezkoak
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.