OKARINAK

AMA (MAITATUA SOBERA) ETA GALTZAUNDI (HABANERA)

Karmelo Boneta (Lizarra, 1946) okarina jole nafarrak errepertorio zabala du. Euskal herri-doinuak jo izan ditu batez ere, etxean nahiz herri-ospakizunetan (auroroak, hiletak, topaketak…). Haren bi joaldi aukeratu ditugu disko honetarako.

Lehenengo entzuten den Ama doinua Karmelo Bonetak bere okarinarekin jo zuen Lizarran 2002an izan ziren XXVIII Semana de Estudios Medievales. Cenas Medievales jardunaldietan1.

Segidan entzuten den Galtzaundi habanera 2021eko abenduaren 10ean grabatu zen Lizarran, Karmelo Bonetaren etxean.

1 Cena Medieval. XXVIII Semana de Estudios Medievales. Asociación de amigos del Camino de Santiago de Estella. (VHS).

Gillermo Alzaiengandik jasotako Karmelo Bonetaren okarina zaharra. (Arg: JMBA)

Gillermo Alzaiengandik jasotako Karmelo Bonetaren okarina zaharra. (Arg.: JMBA)

Karmelo Boneta okarina jotzen. Lizarra, 2021/12/10. (Arg: JMBA)

Karmelo Boneta okarina jotzen. Lizarra, 2021/12/10. (Arg: JMBA)

Alegiako txistularia izan zen German Intxaustiren okarina. Okarina hau berak jotzen omen zuen gazte garaian (JMBA bilduma, 0983).

Antzuolako Joseba Gastiainek egindako okarina. (JMBA bilduma, 1315)

 

Okarinak ontzi-flautak dira. Forma askotakoak aurki daitezke (obalatuak, luzeskak, izaki edo objektuen itxura dutenak…). Moko-flauten moduko ahokoa izaten dute, eta zulo kopuru aldakorra.

Euskal Herrian eta inguruetan aski zabaldua dagoen okarina buztinezko ontzi luzeska da, erdi zilindrikoa, erdi sasi-konikoa. Gisa honetako okarinek doinuak emateko zortzi, bederatzi edo hamar zulo izaten dituzte (horietako bat edo bi atzealdean). Felipe Pedrellek Musika Hiztegi Teknikoan dioenez (1894, 321-322. or.), okarina eredu hau Italiako Budrio herriko Giuseppe Donatik asmatu zuen, aurretik erabiltzen ziren mota honetako soinu-tresnetan oinarriturik. Bi eskuekin hartu eta ahokoa ezpainetan jarririk, haizea emanez jotzen da, beste flautak bezala. Zuloak itxi eta irekiz doinuak osa daitezke.

Inguruko herrietan bezala, Euskal Herrian halako soinu-tresnak toki askotan jo izan dira. Esate baterako, musika bandetan erabili direla badakigu. 70eko hamarkadan Intxaurrondon (Donostia, Gipuzkoa) bizi ziren Migel Angel Martin eta Maribelek burdinazko okarina bat zeukaten. Antza denez, Maribelen aitak Zumarragako (Gipuzkoa) musika bandan hura jotzen zuen, Espainiako Gerra zibilaren aurretik, segur aski. Ez dugu fundiziozko burdinazko halako beste okarinarik ikusi1.

Hala ere, Hernaniko (Gipuzkoa) Pilar Simonek (1925-2013) kontatu zigun, 2002/09/03an izandako elkarrizketan, aitonak biolina jotzeaz gain okarina ere jotzen zuela. Aitonak etxean bi zituen, horietako bat zilarrezkoa (metalezkoa).

Joanito Arozena (1930-2021) txistulari oiartzuarrak esaten zuenez, Oiartzunen (Gipuzkoa) garai batean bakarka jotzen zen, tabernetan zein kalean.

Lizarrako Karmelo Boneta okarina jotzen. (Arg: Salvador Martínez Garate)

Lizarrako Karmelo Boneta okarina jotzen. (Arg: Salvador Martínez Garate)

Gaur egun oraindik ere Lizarraldean (Nafarroa) inguru horretako errepertorioa okarinaz jotzen duen joleren bat edo beste topa daiteke; esaterako, Karmelo Boneta. Hark esan zigun, Lizarran 2015/08/03an izandako elkarrizketan, okarinari bokarra ere esaten omen ziotela.

Karmelok ezagutu zituen XX. mende hasieran jaiotako Gillermo Alzai (itsua), Jesus Urra eta Antonio Fernandez Lizarrako okarina joleak. Hauek nonahi jotzen zuten, eta haien errepertorioan habanera asko omen zeuzkaten, besteak beste. Bonetak bereziki Alzaiekin ikasi zuen okarina jotzen eta harengandik jaso zuen azken 40 urteetan erabili duen okarina zaharra.

German Intxausti (1926-2004) Alegiako (Gipuzkoa) txistulariak okarina jotzen zuen bere gaztaroan. German hil zenean, haren seme Rikardok Soinuenean utzi zuen haren soinu-tresna. Gaur egun okarina hau Soinueneako erakusketan ikusgai dago.

Alegiako German Intxaustik jotzen zuen okarina. JBMA Bilduma. 0983 zk. (Arg: Emovere – Soinuenea)

Alegiako German Intxaustik jotzen zuen okarina. JBMA Bilduma. 0983 zk. (Arg: Oskar Zapirain – Soinuenea)

IKONOGRAFIA

Euskal Herriko elizetako ikonografian ez dugu aurkitu okarina arruntaren forma duen flautarik, baina bai antzeko ezaugarriak dituen beste flauta bitxi bat, Erromanikoko ikonografia oparoan bi formatan maiz azaltzen dena. Gehienetan ahokoa duen upeltxo baten forma du, eta besteetan ontzi lautuarena. Dolio2 izenarekin ezagutzen den flauta hori ia beti beste soinulari batzuen ondoan agertu ohi da3 . Ikerlari batzuentzat upeltxoaren formakoak edari ontziak dira, ez flautak. Besteentzat okarina gisako flautak dira.

Hauek dira flauta horren oinarrizko ezaugarriak: okarinak bezala, ontzi bat izaten du, gehienetan upel formakoa, zeinaren barruan aireak bibratzen duen.

Airea barrura zuzentzeko kanal bat du. Ezpainek putz egitean duten posizioagatik, badirudi halako flauta batzuek alakadun ahokadura dutela, eta beste batzuek, aldiz, hodiaren ertzaren kontra zuzenean putz eginda funtzionatuko zutela.

Askotan badirudi ez dutela hatz-jokorako zulorik. Horrek pentsarazten digu balizko flauta hauek pordoi gisako nota bakarra emango zutela.

Zenbaitetan baina, flautaren formagatik eta jolearen eskuetako hatzen posizioarengatik, uste dugu ontzian nota desberdinak emateko zuloak izan litzakeela, beste okarina askok bezala. Halako musikari bat agertzen da Lekeitioko Jasokundeko Andre Mariaren Basilikako kanpoaldean. Portada nagusiaren kanpoko arkiboltan okarina edo dolio jole hau dago.

Mota honetako flautak munduko toki askotan erabiltzen dira oraindik.

Hona hemen halako hiru:

Portugalgo cuco izeneko okarina. JMBA Bilduma, 80 zk. (Arg.: Oskar Zapirain - Soinuenea)

Portugalgo cuco izeneko okarina. JMBA Bilduma, 80 zk. (Arg: Oskar Zapirain - Soinuenea)

Argentinako ocarina JMBA Bilduma, 1310 zk. (Arg: Oskar Zapirain - Soinuenea)

Argentinako okarina. JMBA Bilduma, 1310 zk. (Arg: Oskar Zapirain - Soinuenea)

Txileko okarina. JMBA Bilduma 483 zk. (Arg: Oskar Zapirain - Soinuenea)

Txileko okarina. JMBA Bilduma 483 zk. (Arg: Oskar Zapirain - Soinuenea)

Ahokoaren kanal hodia luzea denean, badirudi hatz-jokoa egiteko zuloak bertan egongo liratekeela. Horrelako bat dago Burgos iparraldean, Urbel ibai ondoko Miñón herrian, San Pedro elizako atariko hirugarren arkiboltan, beste musikariekin batera.

Leire monasterioko atarian, kanpoaldeko arkiboltan, bi okarina-dolio jotzen ari den musikari bat dago, beste musikarien ondoan.

Erdi Aroko euskal ikonografi an soinu-tresna honen presentzia handia bada ere, ez dugu dokumentazio zaharrean soinu-tresna honen izenik aurkitu.

Burgosko Miñón herriko San Pedro elizan dagoen dolio jolea. (Iturria: Porras Robles, 2007, 76. or.)

Burgosko Miñón herriko San Pedro elizan dagoen dolio jolea. (Iturria: Porras Robles, 2007, 76. or.)

Leireko Monasterioko okarina-dolio bikoitza. (Arg: JMBA)

Leireko Monasterioko okarina-dolio bikoitza. (Arg: JMBA)

LEKEITIO

ANDRE MARIAREN JASOKUNDEAREN ELIZA

LEKEITIOKO BASILIKA

Lekeitioko Jasokundeko Andre Mariaren Basilikako ikonografia musikal aberatsean, musikarien artean okarina interpretea dugu. Kanpoaldean, mendebaldeko portada nagusiaren kanpoko arkiboltan, okarina-dolio jole hau dago, eliztarren elizako sarrera girotzen duen talde instrumentalean. Taldeko beste musikariak bezala, jotzeko posizioan da. Taldean, xirolarru, oboe, zitara, arrabita, laute, mandolina eta harpa joleak daude. Jolearen eskuetako hatzen posizioagatik, uste dugu ontziak nota desberdinak emateko zuloak izango zituela.

Lekeitioko Basilikako okarina-dolio jolea. (Arg: JMBA)

Lekeitioko Basilikako okarina-dolio jolea. (Arg: JMBA)

ARTZE-ARCE

ANDRE MARIA ELIZA

Nafarroako Artzibar udalerriko Nagore herriburuko lursailetan dago XII. mendeko Andre Maria eliza, baseliza erromanikoa. Kanpoaldeko haga-burutxoetan hiru musikari daude; horietako bi dolio joleak dira. Eliza horretako beste musikaria harpa jole bat da.

Artzeko Andre Maria elizako dolio joleak. (Arg: JMBA)

Artzeko Andre Maria elizako dolio joleak. (Arg: JMBA)

AÑEZKAR

SAN ANDRES ELIZA

Berriobeiti udalerriko Añezkar herrian, XII. mendeko San Andres Elizaren atarian, okarina-dolio jole bat agertzen da.

Añezkarko okarina-dolio jolea. (Arg: JMBA)

Añezkarko okarina-dolio jolea. (Arg: JMBA)

BETELU

PEDRO DEUNA APOSTOLUAREN ELIZA

Beteluko Pedro Deunaren elizaren eraikuntza XIV. mendean hasi zen eta XVIII. mendera arte iraun zuen. Atari nagusiko erlaitzeko haga-burutxoetan bi musikari ageri dira: ezker aldekoak alboka gisako soinu-tresna jotzen du eta besteak okarina-dolio flauta dirudien tresna bat. Joleak bi eskuekin ontzia nola hartzen duen ikusita, pentsa liteke hatz-jokorako zuloak izango zituela.

Beteluko San Pedro Apostoluaren parrokiako atarian dagoen flauta-jolea. (Arg: JMBA)

Beteluko San Pedro Apostoluaren parrokiako atarian dagoen flauta-jolea. (Arg: JMBA)

LARUNBE

SAN BIZENTE ELIZA

Larunbe herriko San Bizente parrokia eskultura erromanikoak dituen XIII. mendeko eraikin gotikoa da. Elizaren kanpoaldeko haga-burutxoetan bi dolio jole ageri dira.

Larunbeko parrokiako dolio joleak. (Arg: JMBA)

Larunbeko parrokiako dolio joleak. (Arg: JMBA)

LARRAIA-ZIZUR

SAN ROMAN PARROKIA

Larraia-Zizurreko San Roman parrokia erromanikoa da, XIII. mendearen hasierakoa. Arkupearen kanpoaldeko haga-burutxo batean dolio jole bat dago.

Larraiako San Roman elizako dolio jolea. (Arg: JMBA)

Larraiako San Roman elizako dolio jolea. (Arg: JMBA)

LEIRE

LEIREKO SAN SALBATORE MONASTERIOA

Leireko monasterioaren mendebaldeko portada, Porta Speciosa deitua, XII. mendekoa da. Atariko kanpoaldeko arkiboltan musikari batzuk daude eta horietako batek okarina bikoitza jotzen du.

Leireko Monasterioko okarina-dolio bikoitza. (Arg: JMBA)

Leireko Monasterioko okarina-dolio bikoitza. (Arg: JMBA)

OLORITZ-ETXANO, ORBAIBAR (VALDORBA)

SAN PETRI BASELIZA

Nafarroako Oloritz udalerriko Etxano herri hustuan dago XII. mendeko San Petri baseliza erromanikoa. Baselizak ikonografia aberatsa dauka eta musikari asko daude bertan. Horien artean, kanpoaldeko haga-burutxoetan bi dolio jole daude.

Etxanoko bi dolio joleak. (Arg: JMBA)

Etxanoko bi dolio joleak. (Arg: JMBA)

ZANGOTZA

SANTA MARIA ERREGINAREN ELIZA

Zangotzako XII. mendeko Santa Maria Erreginaren eliza erromanikoaren kanpoaldeko haga-burutxo batean dolio jole bat ikus daiteke.

Zangotzako Santa Maria Elizan dagoen dolio jolea. (Arg: JMBA)

Zangotzako Santa Maria Elizan dagoen dolio jolea. (Arg: JMBA)

ZANGOTZA

SAN ADRIAN DE VADOLUENGO ELIZA

Zangotzako San Adrian de Vadoluengo eliza XII. mendeko eraikin erromanikoa da. Teilatu-hegaleko haga-burutxo batean dolio jole bat dago.

San Adrian de Vadoluengo elizako dolio jolea. (Arg: JMBA)

San Adrian de Vadoluengo elizako dolio jolea. (Arg: JMBA)

OHARRAK

1 https://www.worthpoint.com/worthopedia/historical-metal-soprano-ocarina-1727639539 (2021-09-03)

2 Hemen darabilgun dolio izendapena organologian aditua den Faustino Porras Roblesek emana da.

3 Gehiago jakiteko, ikus: Porras Robles, F. (2007). Un nuevo aerófono del Románico: el Dolio. Revista de Folklore, (nº 315), 75-85. Baita ere, egile beraren (2013). Dolia Sonantia (Toneles sonoros). Revista de Folklore, (nº 372), 16-27.

ITURRIAK

BIBLIOGRAFIA

PEDRELL, F. (1894). Diccionario Técnico de la Música. Librería París-Valencia, Faksímila, 1992.

PORRAS ROBLES, F. (2007). Un nuevo aerófono del Románico: el Dolio. Revista de Folklore, (nº 315), 75-85.

PORRAS ROBLES, F. (2013). Dolia Sonantia (Toneles sonoros). Revista de Folklore, (nº 372), 16-27.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.