Lautea pultsatutako kordofonoen familiako soinu-tresna da.
Egitura
Udare itxurako erresonantzia kaxa du, leiho batekin. Kaxa honetatik giderra ateratzen da. Giderrak traste edo koskak izan ohi ditu eta goialdean hariak afinatzeko larakoa du. Larakoaren eta zubiaren artean sei hari bikoitz izan ohi ditu tenkatuta.
Joera
Esku batekin giderra harturik, hatzekin hariak zapalduz nota ezberdinak ematen dira. Beste eskuarekin, hatzez baino maizago plektroz, hariak pultsatzen dira, bibraraztean hotsa eman dezaten.
Historia
Gaur egun mota honetako harizko soinu-tresnak eta errondaila edo estudiantina gisako harizko taldeak urriak badira ere, beste garaietan garrantzizkoak izan dira Euskal Herrian. Oraindik ere, besteak beste, Bizkaiko kostaldean Lekeition (Estudiantina) eta Mundakan (Atorrak), zein Nafarroako Erribera aldean entzun ditzakegu halakoak. Erriberan mantendu da bizien halako soinu-tresnen erabilpena, berezko izaerarekin eta herriko kulturarekiko loturarekin, joten laguntzaile bezala, besteak beste.
Aita Donostiak (1951) ematen dizkigu soinu-tresna hauei buruzko zenbait datu zahar. Nafarroako Korteari loturiko honako aipamenak jaso zituen: “Ancho de Echalecu-ri erregeak laud bat erosi zionari (1424)” (11.or.) eta “Bianako Príntzipeak (1421-1461) bazeuzkan frantziar abeslari bat, nafartar laud-jole bat eta ingeles organo-jole bat” (12. or.).
Bestalde, informazio gutxi badugu ere, garbi dago errondaila eta estudiantina gisako taldeak, XIX. mendean Euskal Herriko herri askotan ezagutzen zirela.
Talde hauek, tamainaren arabera, halako soinu-tresnaz osatzen ziren:
- Hari punteatua:
bandurria, lautea eta batzuetan mandolina (doinua)
gitarra (armonia eta erritmoa).
- Hari igurtzia: biolina.
- Haizezkoak: zeharkako flauta eta klarinetea.
- Menbranofonoak-idiofonoak: metalezko txindak dituen panderoa (erritmoa).
Argazki zahar batzuetan, metalezko aerofonoren bat ere ikus dezakegu.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
DONOSTIA, Aita. (1951). Música y Músicos en el País Vasco. Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. San Sebastián. Obras Completas del P. Donostia. (II.liburukia). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. 1983.
FELIU CORCUERA, Alfredo. (1987). Gure Herria. Tradiciones y costumbres del País Vasco. Donostia: Kriselu.
Diskografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
LEKEITIOKO ESTUDIANTINA. (1983). Aratuste Alai. IZ-185.
Bideoak
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.