Korneta aerofonoen familiako mihi bakuna irabiatzailea duen soinu-tresna da.
Egitura
Nagusiki bi tipotakoak izaten dira. Tradizionalena, behi adarrez egindakoa da, kanaberazko mihi bat duen ahokoa, “fita”, muturrean sarturik duena. Gaur egun, arruntena adar itxura duen letoizko korneta bat izaten da, ahokoan metalezko “fita”rekin.
Joera
Tresnaren ahokoaren muturra ahoan sartu eta haizea bota behar da, nota luzeak eta ozenak emanez.
Historia
Oso funtzio musikalak ez badira ere, herri ekintza eta ohitura askotan agertzen dira halako tresnak. Askotan adarrari kendu diote bere lekua eta lehen adarrarekin jotzen zena orain kornetarekin egiten da, adarren funtzioa beteaz:
-
Ehiztariek basurdetara joaterakoan erabiltzen dituzte halako kornetak eta lehen adarrekin urrutitik elkar ulertzeko jotzen zituzten kodigoak mantentzen dituzte.
-
Eguberritako, urtezaharreko eta inauterietako puska biltze edo eskeetan dabiltzan taldeek erabiltzen dute beren presentzia eta etorrera adierazteko.
-
Harrobietan, eztanden aurretik, hauek egitera zihoazela, ingurukoei abisua emateko jotzen ziren.
-
Saltzaile ibiltariek ere erabiltzen zituzten herriko salmenta tokira iristen zirenean ingurukoei haien etorreraren berri emateko.
-
Gure herrietan, mota guztietako dei publikoetarako (bandoetarako) halako kornetak erabiltzen ziren (gehienetan pregoilaria udaleko aguazila izaten zen).
-
Abeltzainek “Dula” delako horretan, atera behar zituzten herriko abereak biltzeko ere adarren ordez halako tresnak jotzen zituzten zenbait tokitan.
-
Zuberoako Maskaradetan ere erabiltzen dira halako kornetak.
-
Ituren-Zubietako joaldunen konpartsaren zuzendariak, sistema honetako ahokoa duen adar bat jotzen du, taldearen koreografia aldaketak zuzentzeko.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
-