Hegabera apeua aerofonoen familiako soinu-tresna da.
Egitura
Luzera hamar eta diametroan bi zentimetro inguruko hurritz makila bat hartu eta luzeran erditik mozten da. Bi zatietan, barrualdetik eta erdialdean lau zentimetro luzerako beheratze (errebaje) txiki bana egiten zaie, bien artean lau milimetroko tartea utzirik. Bizikletaren kamara batetik 13 milimetroko zabalera duen eraztun bat mozten da. Makilaren bi zatiak bat bestearen kontra jartzen dira, erdian gomazko eraztun hori luzera tinkatuta jarririk. Bukatzeko, bi makila zati erdi horiek lotzen dira, muturren bueltan eta estu-estu jarritako gomazko beste bi eraztunekin.
Joera
Ahoaren kontra jarriz, erdian gelditu den zirrikitu horretatik haizea botatzen da eta erdian tinkaturik dagoen gomazko tira hori bibratzen jartzen da, hegaberaren kantua imitatuz.
Historia
Beste toki askotan bezala Gipuzkoako Goierri aldean erabili izan dituzte halako erakargarriak edo erreklamoak (Beltran, 1996, 106. or.). A. Donostiak (1952) bere euskal soinu-tresna zerrendan aipatzen du ere xilla eta chilla izenarekin halako tresna bat (295. or.). Euskal Herritik kanpo ere, chilla izen berarekin agertzen dira (Donostia, 1947, 133. or.).
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
DONOSTIA, Aita. (1947). Instrumentos de Música Popular Española. Obras Completas del P. Donostia, (II. liburukia), 113-179 or. Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.1983.
(1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1983.