IZENAK
Dultzaina nahiz gaita izenez ezagutzen da Euskal Herriko mihi bikoitzeko aerofono garatuena eta zabalduena. Hitz pare horren eratorriak dira, berriz, soinu-trena hau jotzen dutenei izena ematen dietenak: dultzainero nahiz gaitero. Izen bat, bestea ala biak erabiltzea, garai eta eskualdeen arabera aldatu izan da eta, oraindik orain, eztabaida sutsuak pizten ditu bata ala bestearen aldekoen artean.
Eztabaida horien inguruan, lehenik eta behin ohartzea komeni da Euskal Herrian soinu-tresna honek izan duen historia oraindik aztertzeko dagoela hein handi batean, 1980ko hamarkada arte ia hutsalak ziren ikerketa lanak nabarmen ugaritu badira ere. Horretan aritu diren ikerle desberdinek arazoak izan dituzte dokumentazio historikoan tresna identifikatzeko, bereziki gaita hitzaren polisemia dela eta. Horiek abiatzen ari zirenean, Iruñeko Gaiteroek jada agertu zituzten arazo honen izkina nagusiak. Hiru eskualde bereizi zituzten orduan Euskal Herriko mihi bikoitzeko aerofonoentzat: Ebro ibaiaren arroa (Nafarroa Garaia eta Araba), Pirinioa (Zuberoa) eta kostaldea (Bizkaia eta Gipuzkoa). Zuberoako txanbela alde batera utzita, gaita izena ei zen nagusi Ebroren arroan, eta uler daiteke kostaldean dultzaina nagusitzen zela, estilo eta inguru sozial berezituan jotzen zela-eta. Hala, bi izenak bi eremu geografiko edo soziokultural bereizteko erabiltzea proposatzen zen1: dultzaina, estilo eta inguru sozial jakinean, kostaldean jotzen zen tresnarentzat eta gaita Ebroren arroan garatutako estilokoarentzat, XX. mendean ia Euskal Herri osora hedatuko zena.
Hainbat dultzaina-gaita eredu Soinuenearen erakusketan. (Arg.: Soinuenea)
Bereizketa honek ekarri izan du inork bi soinu-tresna ezberdin direla pentsatzea ere, baina ez da halakorik: leku eta garaien arabera jotzeko erak, errepertorioak, baita tresna egiteko materialak ere aldatuagatik, ingurua bera azken batean, soinu-tresna bat da, eta izen batekin zein bestearekin agertzen da horietan barrena. Hori bai, inguru jakinaren arabera, zehazpenak egin behar zaizkio erabilera bati hala besteari.
Lehenik eta behin, gaita hitzaren polisemiaren arazoa dugu. Bi hizkuntzetako hiztegietan dultzaina hitzak mihi bikoitzeko aerofonoetara igortzen bagaitu, bestela gertatzen da beste honekin. Jada XVIII. mendeko hiztegietan garbi agertzen da adiera aniztasun hau, eta soinu-tresnekin zerikusi zuzenik ez dutenak alde batera utzita, baditu bost esanahi desberdin behintzat2:
- Zahagidun aerofonoa; xirolarrua alegia.
- Kaxa, gurpil, tekla eta hariz osatutako kordofono mekanikoa, zarrabetea alegia.
- Esku bateko flauta, danbolinteroena3.
- Organoen erregistroetako bat.
- Mihi bikoitzeko aerofonoa, txirimiaren tankerakoa4. Honela definitzen du Real Academia Españolaren autoritateen hiztegiak:
Gaita. s.f. Se llama también una fláuta de cerca de media vara, al modo de Chirimía, por la parte de arriba angosta, donde tiene un bocel, en que se pone la pipa por donde se comunica el áire, y se forma el sonido: en la parte de el medio tiene sus orificios o agujeros para la diferencia de los sones, y por la parte inferior se dilata la boca como la de la chirimía y la trompeta. Usase regularmente de este instrumento para hacer el són, y acompañar las danzas que ván en las processiones.
Esan bezala, esanahi aniztasun honek arazoak sortzen ditu, dokumentazio historikoan bereziki, gaita edo gaitero irakurritakoan zein soinu-tresna motaz mintzatzen den jakiteko. Bereizketak egiten dira batzuetan, eta Galiziako gaita aipatzen denean xirolarruez ari dela uler daiteke, edo Zamorako gaita nahiz itsuen gaita aipatzen denean zarrabeteaz ari dela; berriagoa da nafar gaita edo gaita navarra deitura dultzaina/gaitarentzat, XX. mende bukaerakoa. Gaita hutsa aipatzea da arruntena ordea, eta halakoetan zaila gertatzen da tresna zein den zehaztea.
Arazo honi, besteak beste, Jesus Ramosek egin zion aurre. Honek, XVIII. mendean Iruñeko festetara jotzera joandako musikarien errolda aztertu zuenean, azpimarratu zuen gaita hitza azaltzen zen bakoitzean mihi bikoitzeko aerofonoa ikustea arriskutsua zela, beste gaita motak desagerraraz baitzitezkeen historiatik5. Gaita aipatzen den aldiro ezin, beraz, dultzainaren parekoa denik ulertu.
Dokumentazio historikoan gaita hitza agertu orduko txirimiaren tankerako tresna ulertzea zilegi ez bada, aukera hori erabat baztertzeak ere baditu arriskuak ordea. Iruñeko errolda horretara bertara jotzen badugu, egia da kasuren batzuetan dultzaina tresna mota baterako erabiltzen dela eta gaita beste batentzako, eta horren atzean xirolarrua edo zarrabetea ere uler daitezkeela; eta egia ere bada kasu askotan zalantza mantentzea komeni dela. Baina behin baino gehiagotan gaitero horiek dultzaineroak direla ere esan daiteke, inoiz erabaki ere bai.6
Bestalde, kontuan hartzekoa da dulzaina hitza ez dela era horretako dokumentazioan XVIII. mendera arte agertzen, eta Iruñeko Gaiteroek (1993) defendatu izan duten eran, kultismotzat sartutako terminoa izan daiteke. Iturri idatziak gehienbat eskribauenak dira eta, horiek, gazteleraz jasoak daude mendeetan. Iruñean 1725ean dokumentatzen da lehenengoz dulzaina, Bilbon 1738an, Azkoitian 1775ean, Vianan 1791an… Garai jakinean eta halako maiztasunez agertzeak indartzen du kultismoaren hipotesia7. Ebroren arroan bederen, gaita eta gaitero hitzen ondoan agertzen jarraituko du idatzietan eta prestigio handiagoz gaitero edo dultzaineroen beraien artean ere, baina herriak gaita deitzen jarraituko du gehienbat garai horietan ere.
Gipuzkoan eta Bizkaian besterik gertatu da ordea, XX. mendean behintzat. Gaita (gaitero) eta dultzaina (dultzainero) hitz bikoteak euskaraz lurralde horietan jaso dira bereziki, Nafarroa iparraldeko datuak gutxi edo hutsalak baitira, eta Ipar Euskal Herrian, antza, ez da soinu-tresna hau XX. mendera arte jo izan. Hizkuntzaz ari garela, ohartzekoa da bi terminoak gazteleratik jasotako mailegu dituela euskarak8. Kostaldeko bi lurralde horietan ere, soinu-tresna honi buruz aritzeko euskaraz gaita hitza erabili izanaren testigantzak gutxi dira XX. mendearen amaiera arte9. Idatzietan ez da topatu zentzu horretan erabili izanik, baina esan beharra dago dultzaina hitza bera ere ez dela oso maiz agertzen: Iztuetarenak dirudi aipamenik zaharrena (1824), eta ondoren Azkueren Ortzuri operan aurkitzen da, jada 1910ean10.
Gazteleraz jaso diren datuetan, ugariegiak ez izanda ere, Ebroren arroaren antzera gertatzen da dultzaina hitzarekin: XVIII. mendera arte ez dela agertzen. Baina gaita hitzarekin bada alderik: hori mihi bikoitzeko aerofonoari lotua ez da idatzietan aurkitu XX. mendearen hasiera arte. Ezagutzen denaren arabera, 1885eko Durangoko euskal jaietako lehiaketa izan daiteke aurreneko aipamena, baina honetan ere oso zalantzan jartzekoa da zein soinu-tresna motari buruz ari den, baita ez ote diren albokariei buruz ari ere, hala baitio:
Concurso de gaiteros o albogueros, en el que cada opositor ejecutará dos piezas de libre elección en aires bascongados; premio, un albogue con incrustaciones de oro y plata. (…) concurso de bandas de albogueros o gaiteros que ejecuten dos piezas de libre elección en aires bascongados; premio 200 reales vellón; se exige acompañamiento de atabal o tambor.
(Irigoien, 1994, 31. or.)
1901eko Azpeitiko euskal jaietako egitaraua da zalantzarik uzten ez duen lehenengoa. Hartan, gaitero eta dulzainero hitzak nahasten ditu talde berari buruz hitz egiteko, une batean argitzen duen arte:
Las parejas de gaiteros-dulzaineros que hayan de tomar parte en el concurso para ellos anunciado deberán ejecutar antes una marcha ó pasacalles recorriendo la población y el agraciado con el primer premio adquirirá la obligación de ejecutar piezas bailables hasta las once de la noche alternando con la banda municipal.
(Beltran, 2004, 13. or.)
Ondorengo urteetan antzeko testuinguruetan azaltzen dira gaiteroak Gipuzkoan eta Bizkaian: euskal jai eta herri ezberdinetako festen egitarauetan. Horrelakoetan ez dira gutxi gaiteroak nafarrak direla zehazten dutenak, gero eta ugariagoa delarik Gaiteros de Estella taldeen aipamena han eta hemen. Kontuan izatekoa da, beraz, Nafarroan eta Lizarran bereziki XIX. mende amaieran gaitak izan zuen garapenak eragin zuzena izan zuela kostaldeko lurraldeetan ere, eta berehala hasi zirela hauetan jotzen: Eibarren esaterako, 1905erako kontratatzen ziren Lizarrako elizagatarrak. Badirudi, beraz, gaitero deiturak ospe berezia hartu zuela kostaldean dulzainero izendapenaren aurrean. Horren adibide, Errezilgo agirretxetarrei buruz haietako Alejandroren semeek ziotena: “Garai haietan, gure aita eta osabei herri batzuetan eskatzen zieten edo proposatzen zieten festetako programetan Gaiteros de Estella izendapenarekin agertzea.” (Beltran, 2004, 31. or.)11.
Ebroren arroan XVIII. mendetik aurrera dulzaina kultismoa prestigioko deituratzat erabili bada herriak zabalduago zuen gaita hitzaren aurrez, Bizkaia eta Gipuzkoan alderantziz, XX. mendean gaitero hitzak hartu zuen sona. Erabili berriz, lurralde hauetako joleek eta ingurukoek euren buruaz ari direla dultzainero erabili dute gehienbat, garai horretan behinik behin. Bestelako adibideak oso gutxi dira, eta zalantzagarriak. Horietan aipatuena seguru aski, Bediako Juan Aiestari “Juan Gaiteru” esaten omen ziotenekoa da12: Javier Santamariak berak dioskun legez, ostera, Aiestak berak “nahiz eta ezizenez Juan Gaiteru izan, sekula ez eutson gaita deitzen. Beti dultziña”13. Era berean, Juan Aiestak Juan Mari Beltrani ere argi esan zion, berak ez zuela gaita jotzen, dultzaina baizik14. Gaiteru deitura hori nondik datorren jakin gabe ere, ez dirudi Arratian erabilia izan denik, areago, -o hizkiz amaitzen diren hitzetan mugatzaile singularra desagertzea Ondarroako euskararen ezaugarria dela jakinda, ez besterena.
Eta, amaitzeko, Bizkaiko kasuaz ari garela, aipatzea komeni da Iñaki Irigoienek egindako lanean gaita eta gaitero hitzak maiz aurkitu izan dituela jaurerriko dokumentazioan, baina horietan oso gutxi dira txirimiaren tankerako tresnaren aldeko zalantza utz dezaketen adibideak. Bereziki eta ugarien Enkarterrietan aurkitzen ditu datu horiek XVII eta XVIII. mendeetan. Horietako batzuetan garbi agertzen da Zamorako gaita edo zarrabeteaz ari dela (Balmasedan 1673an adibidez)15, baina beste askotan ez. Aurrerago, 1738 eta 1757an Lanestosan topatzen dituen gaiteroak (Cayetano Bustelo eta Pascual Hidalgo) pobreak eta Galiziatik etorriak zirela azaltzen du ordea, eta Irigoienek berak ontzat ematen jotzen zuten gaita hori zahagiduna izango zela ziurrenik. Azkenik, eta jada XIX. mendean, 1828an Espainiako errege-erreginek egindako bisitaren ospakizunetan Bilboko Areatzan zarrabete joleak aurkitzen ditu16. Xirolarru joleak eta, nabarmenago, zarrabete joleak Galizia, Leon, Asturias eta Santanderreko eskaleak izatea ohikoa izan zen XIX. mendera arte, askotan itsuak gainera, eta Irigoienek jasotzen dituen datuak hartuta, ikusten da Bizkaiko mendebaldean ez ezik, hiriburuan ere tradizio horrek indarra zuela17. Eskualde horretan aurki daitezkeen gaitaren gainerako aipamenetan zein soinu-tresnaz berba egiten den ziurtatzerik ez dagoelarik, halako testuinguruetan arriskutsuagoa dirudi mihi bikoitzeko aerofonoen alde apustu egiteak. Enkarterrietako azkeneko dultzaineroari, Gordexolako Domingo Arzari ere, “el dulzainero” esaten omen zioten, eta haren etxea “la casa del dulzainero” izenez ezagutzen omen da (Artal, 2006).
BESTE IZEN BATZUK
Dultzaina (dultzainero) eta gaita (gaitero) hitzez gainera, euskaraz badira beste aldaera eta deitura batzuk, baina gutxi erabiliak izateaz gainera, hauen egokitasunari buruzko zalantzak handiak dira, neologismoak izaki. Horietan aipatuena Aita Manuel Larramendik (1745) Diccionario Trilingüe delakoan dakarren bolin-gozo hitza da18. Jakina da apologista andoaindarrak hitz asko asmatu zituela, eta hau da horietako bat. Hiztegi berean tamboril hitzaren ordaina ematerakoan, hala dio: “viene de el Bascuence damboliña, que significa lo mismo, y se compone de bolina instrumento musico, y dan, dan por Onomatopeya el sonido que haze.” Hau da, bolin hitz berria hala moduz eratorri zuen eta dultzaina terminoaren erroa euskaratuta, bolin-gozo elkartua asmatu. Ez zuen arrakasta handirik izan. Larramendiren jarraitzaileetakoa izan zen Iztuetak baino asko gehiagok ez zuen erabiliko19.
Beste neologismo horietako batzuk dira dultzainari eta gaitari, joleei buruzkoak. Oso erabilera mugatua izan dute ia 1990eko hamarkada arte, eta geroztik ere erabiliagoak dira dultzainero eta gaitero. Horregatik seguru aski, Euskaltzaindiak berak baztertuak ditu. Gaitari hitza Azkuek aipatzen du bere hiztegian20 gaiteroren euskal ordaintzat (Astarloari jasoa omen), baina berak ere zalantza handiz eta galdera ikurrez josita; gainera, frantseseko ordainean nabarmentzen da zahagidun gaita edo xirolarruaz ari dela. Dultzainari berriz, lehen aipatutako Ortzuri operan darabil Azkuek berak, lehenengoz ziurrenik 1910ean21. Ez da, ordea, termino honen aztarrenik gehiago aurkituko XX. mendearen amaiera arte. Gaitari hitzak XX. mendearen hondarrean eta XXI. mendearen hasieran arrakasta gehixeago izan badu ere, lehenagoko erabilpenak oso salbuespen urriak dira eta, geroztik ere, gaitero askoz zabalduagoa da.
HEDADURA
Dultzaina edo gaita hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ongi sustraitutako soinu-tresna zen XVIII. menderako. Garai hartan Nafarroa hegoaldean ohikoa zela erakusten dute Iruñeko festetako joleen erroldek, horietan nabarmentzen zirelarik Agoiztik Iruñerako herri eta bailarak, Estellerrian Viana ingurua, Gares eta Lizarra, eta Erriberan Tutera eta Corella. Gipuzkoan eta Bizkaian ere ohikoa zela beste hainbat iturrik erakusten dute, eta Araban, Errioxan ez da zalantzarik, baina Gasteizen eta mendialdean ere ziurtzat jo daiteke.
Lapurdin eta Nafarroa Beherean, XIX. mendearen amaieran hasi ziren Nafarroa eta Gipuzkoako gaiteroak jotzen eta, 1970eko hamarkadatik, bertako gaitero talde eta eskolak ere sendotu dira, Baigorri, Uztaritze, Baiona eta Donibane Lohizunen esaterako.
Gaur egun, ia Euskal Herri osoan barrena badira dultzainero edo gaiteroak eta, datu zehatzik ez badago ere, esan daiteke ehundaka direla.
Euskal Herritik kanpo, Errioxa eta Aragoiko dultzaina edo gaita hemengoari estu lotuak agertzen dira garai ezberdinetan eta gaur ere.
EGIKERA ETA JOTZEKO ERA
Dultzainak bi edo hiru atal nagusiz osatzen dira: pita, hots-hodia eta zirrindolakateak, azken hauek beti erabiltzen ez badira ere.
Dultzaina-gaita. JMBA bilduma, 130. zk. (Arg.: Soinuenea)
Mihi bikoitzeko pita kanaberazko bi xaflaz egiten da, trapezio itxuran ebaki eta zorroztuta, hari eta alanbrez tudelari lotuak. Kanabera horiek, dultzainero bakoitzak prestatu ohi zituen bereak, egile trebeak horretarako prozesu osoa ezagutu ohi zuelarik: zurtoina zein urte sasoitan moztu behar den, zenbat denbora behar duen lehortzen, laban edo kutxillaz nola muxarratu eta landu, tudelari nola lotu… Erratzen kirtenak kanaberaz egiten ziren garaian, kirten horiek ere erabiltzen zituen bat baino gehiagok fitak egiteko22.
Tudela hodi koniko estua izaten da, kobrea, letoia, alpaka, zilarra edo beste metalen batez egina (inoiz nikeleztatua ere bai). Mutur estuenean kanaberak lotzen zaizkiola, mutur zabala, dultzainaren hots-hodian txerta dadin, haren neurrikoa izaten da, mihien bibrazioak tresnara bidera ditzan. Mutur zabal hori espartzuz lotu ohi zen lehen, dultzainari ongi heldua geratzeko. Gaur ordea, kortxoa erabiltzen da horretarako, sendoago heltzen baitio.
Hots-hodiak kono forma irregularra izaten du (mutur zabalaren alderantz gero eta konikoagoa). Gehienetan zurez eginak, ezpela izan da gehien erabili izan den zur mota, baina artea eta olibondoa ere preziatuak izan dira bertako zuren artean; XX. mendeaz geroztik atzerriko zurak ere erabili dira: ebanoa eta granadilloa, palorrosa, palosantoa… eta mende horren amaieratik material plastikoak ere bai. Dultzaina hauei metalezko bridak jartzen zaizkie gehienetan tutuaren bi muturretan zura babestu eta eusteko, eta tutuan barrena beste batzuk tresna edertzeko.
XIX. mende amaieran, Bizkaian eta Gipuzkoan metalezko dultzainak egiten ere hasi ziren23 eta arrakasta handia izan zuten, Bizkaian bereziki, Gipuzkoako dultzainero batzuk berdin-berdin erabiliko baitzituzten zurezkoak zein metalezkoak, XX. mendearen lehen erdian.
Guardiako José Ignacio Bezaresen giltzadun dultzaina. (Arg.: E. Moreno)
Luzera ezberdinetako hots-hodiak ezagutu badira ere, mutur estutik 27,5 zentimetro ingurura finkatu ohi da soinu-uhinaren azkeneko luzera, hodia hor amaitu edo, alde banatan bi zulo eginda, 35 zentimetroraino luzatuko den kanpaia zabalduta. Zulo horiei belarriak esaten diegu, Montteko Jose Sudupek ohi zuenez, eta horietatik aurrerako kanpaiaren funtzioa bozgorailu lanak egitea besterik ez da izango.
Tutuan barrena zazpi edo zortzi zulo egiten zaizkio dultzainari, hatz-jokoaren bidez tonua aldatzeko. Mutur estutik hasita, lehenengo zuloa tutuaren atzean izaten du, behatz lodiaz eragitekoa, eta hurrengo seiak aurrean bata bestearen ondoren. Zortzigarren zuloa izaten duten dultzainek zertxobait alboratua izaten dute, behatz txikiaz eragitekoa denez, erosoago jotzeko. Gehienetan eskuin aldera alboratzen da, jolea eskuina baldin bada, baina ezkerrentzat ere egiten dira zuloa ezkerrera alboratua dutenak24.
Azkenik, zirrindola eta katea izan dezakete gaita edo dultzainek. Garai batean, tudelari berari soldatutako topeko zirrindola jartzen zitzaion askotan, pita tutuan noraino sartu, neurria hobeto hartzeko25. Bereziki Nafarroako gaiteroen artean, ordea, bada ohitura beste zirrindola bat jartzekoa, kanaberak tudelera lotzen dituen hariaren gainean. Zirrindola hori kate baten bidez lotzen zaio tutuaren mutur zabalari. Halakoen tankerakoak munduko beste tankerako soinu-tresna askotan ezagutzen dira, eta gaitaren kasuan ere izan zezakeen haietan duen funtzioetakoren bat: ezpainei eustea, atseden har dezaten edo kanaberan aurrera egin ez dezaten, edo besterik gabe, pita babestea (tudela espartzuz lotzen zenean, lotura ez zen gaur bezain sendoa izaten eta, pita aterata, lurrera erori eta puskatzeko arriskua ekidin zitekeen katetik zintzilik geratuta). Gaur egun, ordea, zirrindola eta katea apaingarri hutsak dira.
Giltzak dituzten dultzainak ez dira ohikoak izan Euskal Herrian eta, ezagutu diren gutxiak, Gaztelatik ekarriak izan dira: Jose Mari L. de Elorriagak egindako gutxi batzuk izan ezik, ez da ezagutzen bertan halako tresnarik egin denik. Gipuzkoan, Sebastian Errasti Xaxurra izan da giltzadun dultzaina erabiltzen ezagutu den bakanetakoa, eta bereziki Arabako Errioxan, 1970eko hamarkada arte Villabuenako Perfecto Gilek eta Guardiako Jesus Martinez Jimeleok erabili izan zuten. Hauen aurrekoek giltzarik gabekoak erabiltzen zituzten baina, eta badirudi Jimeleok behintzat Gaztelako tresna Nicolas Garciak berak aholkatuta hartua izan zitekeela (Moreno, 2014). Gaur egun berriro nagusitu da giltzarik gabea eskualde horretan ere.
Dultzainaren zulo guztiak itxita eta pitari aire presio egokia eraginda, Fa#3 ematen du nota baxuena. Esana denez, nota hau ez dute dultzaina guztiek ematen eta, horregatik, zortzigarren zuloa irekita ematen duen Sol3 hartzen da oinarrizko notatzat, eta zulo guztiak zabalduta Sol4, tartean eta soilik jarrera argiak erabiliz Sol M eskala diatonikoa osatzeko. Josetxo Sanchezek26 dioen eran, Soleko transposizio instrumentua da beraz, baina ohituraz Doko tresnatzat hartu izan dute dultzainero eskolatuek eta musika idatzia tonu errealean jaso izan da. Hatz jokoa aldatu eta bigarren jarrerak erabilita (zubi jarrerak, zulo erdikoak eta kako jarrerak27) eskala kromatiko osoa lor daiteke, eta airearen presioa eta ezpainen jarrerak ematen duten askatasun esparrua baliatuta28, Fa3tik hasi eta, bigarren erregistroan, Mi4ra irits daiteke (artifizio handiz, Fa#4, Sol5era). Hau da, hamalauko bitartea duen tesitura laburrean sor daitezkeen tonalitate guztietan jo daiteke, nahiz batzuk besteak baino argiagoak izan.
TALDEKATZEA
Dultzaina edo gaita bakarka jotzea ez da batere ohikoa izan, entseatzeko ez bada behintzat. Jendaurrean osatu izan dituen taldeak txikiak izan dira nolanahi ere eta, gehienetan, danborraren laguntza behar izan du gutxienez (panderoarena bestela): dultzainak doinua jo eta danbor edo panderoak erritmoa markatu. Eskribauek jasotako kontratu eta bestelakoetan, oso arrunta da danbor jolea ez aipatu ere egitea XX. mendean bertan ere, baina horrek ez du esan nahi ez zutenik jotzen, honi zitzaion estimu txikia besterik ez du adierazten29. Alta, hauek dira gaitero edo dultzaineroek historian barrena osatu dituzten talde mota nagusiak:
1. Dultzaina bakarra eta danborra
XIX. mendera arte hau izan da dultzainero talde ohikoena, eta geroztik ere bai zenbait eskualdetan, XX. mendearen erdialdera arte behintzat: Gipuzkoan eta, bereziki, Bizkaian.
Ramon Garagarza aita-semeak, Lasarten, 1950ean (Beltran, 2004. 33. or.). (Arg.: Lasarteko Gure Etxea Artxiboa)
Agustin Alonso (danborra) eta Juan Aiesta (dultzaina). Bedia, 1984. (Arg.: JMBA)
2. Dultzaina bakarra eta panderoaBi probintzia horietan, ezagutu da danborraz beharrean panderoz laguntzea ere, eta pandero-jole horrek kantuz ere osa zitzakeen koplak Aita Donostiak dioen eran:Al dulzainero acompaña una mujer que canta (ordinariamente había unos interludios de dulzaina anternando con el canto). Suelen tocar dos dulzainas y un tambor: les acompaña también una pandereta. Lo que tocan lo saben por tradición. Entre estas cantoras populares hay algunas improvisadoras muy hábiles; por ejemplo, lo demostraron en ocasión de un ahorcado en Azpeitia, cuyo relato fué hecho en verso.(Aita Donostia, 1952, 80. or.)Dultzaineroa eta pandero jolea Oñatin 1900 inguruan. (Arg.: Oñatiko Udal Artxiboa)
Danborra eta panderoa, biak lagun hartzea ere gerta zitekeen, Bediako Juan Aiestaren esanetan: “Dultzaineruarekin batera beste pertsona batzuk joaten ziran, danborraria, pandero jolea edo joleak eta kobratzailea. Dultzainerua erdian jartzen zan, danborraria bere ezkerretara eta pandereta jolea edo joleak eskumatara.” (Artal, 2006, 68. or.)
3. Bi dultzaina eta danborra
Gaur egun hauxe da dultzainero talde arruntena: bi dultzainerok bi ahotsetara jotzen dute, danborrak erritmoa markatzen duela. Dokumentazio historikoan XVIII. mendetik azaltzen da hirukote hau, gero eta maizago, eta XIX. mende bukaerarako Nafarroa eta Arabako Errioxan ezarpen handia zuen. Hiru lagunek osatutako talde itxi honi “pareja de gaiteros” edo gaitero bikote ere esaten zaio oraindik (Martinez, 2011), eta 1970eko hamarkadatik hona, Euskal Herri guztian zabaldu eta indartu den gaitero talde nagusia da. Nolanahi ere, nahiz batere ohikoa izan ez, lehenago ere ezagutzen zen Bizkaian30, eta Gipuzkoan esan daiteke talde ohikoena izan zela uneren batean. Montteren esanetan, garai batean dultzaineroak binaka ibiltzen omen ziren atabalariarekin, baita soinujoleekin ere, baina dirua gehiagoren artean banatu behar zela eta, gero eta ugariago ikusten hasi omen ziren dultzainero-danborrero bikoteak (Beltran, 1996).
1933 inguruko santaisabeletako oilasko-biltzeko taldea Usurbilen. Erdian Manuel Sagardia eta Inaxio Pagola dultzaineroak eta Ramon Urkia danbor-jolea. (Iturria: Beltran, 2004)
Arabako Errioxako dultzaineroak Galizian, 1930 inguruan. Villabuena Araba-Eskuernagako Faustino Gil, Guardiako Enrique Martinez de Trebiño eta Jose Martinez Angulo. (Iturria: Moreno, 2014, 111. or.)
Lizarrako Eugenio, Jose eta Pablo Perez de Lazarraga Otsagabiako dantzariekin Muskildako santutegiaren aurrean 1959ko irailaren 8an. (Arg.: Perez de Lazarraga familia)
4. Dultzaina eta akordeoia
Akordeoiak, sartzearekin eta Kantauri isurialdean bereziki, erromeria eta plazetan dultzainaren atzerakada eragin zuen. Zenbaitetan, ordea, honekin elkartu zen, perkusioa eta, inoiz, kantuarekin taldea osatuz. Trikitilari berri haiek aurretik dultzainero izanak ziren askotan, edo hauekin senitarteko loturarik falta ez zitzaienak; hala, ezagunak dira familia berean dultzainero eta soinu-joleak izan dituzten etxeak, inoiz lagun bera bi tresnak jotzen ere bai: Maltzeta, Epelde, Arbe, Olango alberditarrak… soinu txikiarekin Gipuzkoan, edo Gordexolako Arza aita-semeak akordeoi kromatikoarekin Bizkaian. Talde hauek era ezberdinetan eratu izan dira: bi dultzaina nahiz bakarraz, akordeoia eta panderoarekin, baita bateria edo antzeko perkusio tresnekin jazbana osatuz.
Itziarren, 1946an, Santa Agedako eskean. Antonio Gaztañeta dultzaineroa, Arriola bertsolaria, Pedro Sodupe soinu-jolea eta Itziarko pandero jolea. (Iturria.: Harana, 1998. 45. or.31)
5. Dultzaina eta musika banda
XIX. mendearen ia azkenetan agertzen dira dultzaina eta musika bandarako lehenbiziko paperak. Mende hartan berebiziko indarra hartua zuen musika talde honekin jotzeak konposizio edo moldatzaile lanak eskatzen ditu, eta musika jasoaren munduan barneratzeko beste urrats bat. Ustez, Julian Romano izan zen era honetako konposizio eta moldaketak egin zituen aurrenekoa, 1893an Lizarrako bandaren zuzendaritza hartu zuenean bereziki; haren seme Demetrio Romanok joko zituen haiek, hasieran Anselmo Elizagarekin, eta XX. mendean barneratuta, elizagatarrek eta, batez ere, Perez de Lazarraga sendiak eutsiko zioten taldekatze horri.
Lizarrako Gaiteroak (Salvador Martinez Garate eta Juan Carlos Doñabeitia) eta Ertzaintzaren Musika Banda. Lizarrako Los Llanos Kulturgunea, 2007/11/29. (Arg.: Lizarrako Gaiteroen Artxiboa)
HISTORIA
XVIII. mendera arte oso urriak dira dultzaina edo gaitari buruz ezagutzen ditugun datuak Euskal Herrian. Iturriak eskribauek jasotako kontratu eta kontu liburuak izan ohi dira gehienbat, eta horiek ez dituzte jasotzen erakunde erlijioso edo zibil jakinek egindako ordainketak baino asko gehiago. Beste kultur gertaera askotan bezala, herri musikaren bizitza ez da agertzen horrelakoetan, ikuspegi partzial bat besterik ez. Nekez jakin daiteke mende luzeetan barrena halako soinu-tresnek zein eginkizun zuten gizartean, nortzuk eta nola jotzen zituzten edo zer nolako musika egiten zuten; eta nekezago hitz egin daiteke, beraz, tresna horien jatorriari buruz. Baina horrek ez du esan nahi erabili ez zirenik.
XV eta XVI. mendeetako aipamenetan gaita eta gaitero azaltzen dira noizean behin kontu liburuetan, baina artean ezin da bereizi zein soinu-tresna motaz ari diren32. Lehenagotik ere joko ziren era honetako soinu-tresnak, baina beste askotan bezala, ezer ziurtatzerik ez dago datu gehiago izan artean. Dauzkagun gutxiekin, jakin dakiguna da, XVI. menderako, mihi bikoitzeko aerofonoak izan ala beste era batekoak, gaiteroek jada betetzen zituztela hurrengo mendeetan izango zituzten egiteko bertsuak gutxienez: dantzariei musika jartzea eta prozesioak ospatzea33.
XVII. mendean berriz, ugariak dira gaiteroei egindako ordainketen aipamenak. Guztiak ez dira izango dultzaina jotzaileak, baina batzuk behintzat bai, eta halako ugaritasuna ikusita pentsatzekoa da ez zela bat-batean sortu eta zabaldutako ohitura, aurreko garaietan errotua behar zuela. Mende honetako organoen erregistroetan ere agertzen da dulzaina izenekorik, 1668an Arantzazuko Santutegian eta 1677an Arrasateko San Juan Bataiatzailearen elizan esaterako (Beltran, 2004), eta horrek adierazten du tresna hau ezaguna izateaz gain hein batean preziatua ere bazela.
Ordainketa horietan gaiteroa danbor-jolearekin agertzen denean behintzat mihi bikoitzeko aerofonoaren alde apustu eginda, jada esan dezakegu tresna honen aipamen zuzenak baditugula: 1653an Tafallan34 Pedro Ramirez aita-semeak ageri dira festetan gaita eta danborra jotzen, eta 1690ean Vianan beste hau: “A Andrés Idalgo y compañeros danzadores 28 reales de a ocho por haber danzado ante Santa Maria Magdalena en que comprende el gasto del gaytero y su salario. A Manuel Alvarez 24 reales por la asistencia en tocar la caja.”35. Iruñeko Gaiteroek Barasoainen ere aipatzen dute beste gaitero-danborrero bikote bat mendearen erdialdera36.
Horiek eta danbor-jolerik gabe agertzen diren gaiteroetakoren batzuek kontutan hartuta, haien ezaugarri batzuk azaltzen has gaitezke:
- Beti edo gehienean dantzariei lotua agertzen da gaitero hau37.
- Urteko egutegiko festa nagusietan jotzen dituzte dantzak, baina baita ez ohiko ospakizunetan ere (Iruñean Corpus eta San Ferminez, adibidez, baina baita 1657an San Fermin Nafarroako patroi izendatzeko antolatu ziren ospakizunetan ere).38
- Dantza eta prozesioez gain, bestelako ospakizun batzuk ere hasten dira aipatzen: zezenak39.
- Hiri batzuetan, gaitero jakinei urte bat baino gehiagoan egindako kontratu jarraiak agertzen dira, baita aldi baterako kontratuak ere40.
- Transmisioa ez bada, antolaketa behintzat, familiaren baitan gertatzen dela azaltzen hasia da.
- Nafarroako dantzari eta gaiteroak behinik behin, kanpora irteten dira jotzera inoiz, aipamen honen arabera behintzat:
No es frecuente que en documentos antiguos aparezcan cuentas de gaiteros. Me refiero a la parte vasca de la montaña. Si algunas veces aparecen, son traídos de fuera, porque, según esas cuentas, la procedencia desde fuera del pueblo es taxativa, no sólo para algunos instrumentistas, sino también para danzas y danzantes. Así, en Bilbao [Libro de la Cofradía del Smo. Sacramento y Archivo Municipal de Bilbao] en 1676, “se pagaron 3.861 rs. que costó la danza que se hizo de Navarra, 320 maravedises que se dieron a los ocho danzantes y gaitero.”
(Aita Donostia, 1952, 80. or.)
XVIII. mendean, eta 1720ko hamarkadatik aurrera bereziki, dultzaina deitura agertzen da gero eta maizago han eta hemen. Honek ziurtasun handiagoa ematen dio zein soinu-tresnaz ari garen jakiteari, baina azpimarratzekoa da Nafarroako kontu liburuetan bederen, sarri azaltzen dela dulzaina hitza tresna aipatzeko baina gaitero musikariaz hitz egiteko, baita ohar berean ere; herriak gaita eta gaitero izenak arrunki zerabiltzanaren seinale41.
Iruñeko festetako erroldako datuen arabera, badirudi mende hasierako egoera ekonomiko zailak zerikusirik izan zuela musikari gutxi kontratatzearekin, eta aurreko mendeko joerari eutsi zitzaion. Mendeak aurrera egin ahala, ordea, nabarmen haziko da kontratatutako musikari kopuru hori eta, danbolintero eta arrabita-joleekin batean, dultzaineroak azalduko dira ongien ordaindutakoen artean. Hala, mendearen bigarren erdian nabarmen ugarituko da hauen presentzia (Ramos, 1988). Argako hiriburura garai horretan datozen dultzaineroen kopurua ez da ugaria berez, baina izen berak errepikatzen dira maiz eta, horrek, haien presentzia jarraia dela adierazten du. Dultzainero edo gaitero horietako bakoitzak urtez urte jatorri ezberdin asko aitortzen dituenez, uler daiteke hauen eskaera handia zela leku askotan (asko ez zirelako ere bai, beharbada). Ez dago oraindik ofizioa profesionalizatzeaz hitz egiterik, baina batzuen estatusa behintzat, hobetzen ari dela dirudi.
Kontratuak luzatu edo errepikatzeaz gainera, egonkortasuna bultzatzen duten beste formula batzuk ere jartzen dira agerian. Zangozako kofradia nagusiak adibidez, bazuen ohitura, (aurreko garaietakoa eta XIX. mendean iraungo zuena) kontratatzen zuten gaiteroa bertako kide izendatzekoa; hala, musikariak konpromisoa hartzen zuen ezarritako ordainen truke epe luzeetan jotzekoa eta, beste aldera, kuota ordaindu gabe kofrade egiteagatik, heriotza gertatuz gero elkartea egiten zen elizako otoitzak ordaintzearen kargu (nolabaiteko heriotza asegurua)42. Honek ere adierazten du gaitero eskasia sumatzen zela zegoen eskaerarako.
Dultzainero edo gaitero hauekiko begiramena hobetzen ari zela antzematen da hauen egitekoak nola ugaritzen diren ikusita. Zangozan bertan, Labeagak aipatzen digu 1780an dantzak desagertzen badira ere, gaiteroak kontratatzen jarraitzen dela, eta ez elizako funtzio eta prozesiorako bakarrik: ilunabar edo gauean hiria alaituz kalez kale jotzen ibiltzeko ere bai. Iruñean ere dantzariekin jotzeak jarraituko du izaten gaiteroen eginbehar nagusia, dantzena hauen lana baita nabarmen, beste musikariena baino gehiago; baina horretaz gainera, beste egiteko batzuetan ere agertzen hasten dira: prozesio erlijioso nahiz zibiletan, kaleak alaitzen, alboradetan nahiz nobillada eta zezenketetan. Azken hauek ez dira berriak, baina gero eta ugariago aipatzen dira, haietan jotzea oso zabaldua zegoenaren seinale: Zangozan gaitero eta dantzarien egonaldia egun batez luzatzen zen nobillada antolatzen zenean, festa luzatzeko aitzakia, eta 1795etik frantsestera bitartean behintzat, festa arruntaren parte ziren biak, zezenak eta gaiteroa. Beste adibide deigarria Gipuzkoan dugu, jada mendearen amaieran, Iztuetak Tolosako zezenketa batean gertatua azaltzen digunean. Hor ikusten denez txistulariak dira musikari ofizialak, baina dultzainero gazteek jartzen duten festak erakusten du herrian duten arrakasta; hala dio:
Oraiñ oguei ta lau urte Tolosaco erri lIeñarguitiac cecen iltzecoaquin ospatu cituen jostallu aundi ayetan, bertan erregidore arquitcen zan D. Geronimo de Cincunegui Corregimentuco nascarri edo escribaua icusi-nuen, baita nic bezala beste ascoc ere, nola errico echeco barandatic escuan ceucan maquillarequin ari zan, azpiragoco barreran bolingozo jotcen zeuden mutil gazte jostatiac zatitcen; lenago ixiltceco berac aguindu arren obeditu nai etciotelaco. Aserratu citzaien bolingozo jotzalleai, eta alcate jaunac esan izan cien emequicho ezic, dambolin otsanquidariac etzutela nai jo soñuric, ayec ixill-eraguiten ezbaciran; beragatic, eguin ceguiotela atseguin ixiltceaz; ceñari obeditu cioten, Cincuneguiri baño umilquiroago, eta guelditu ciraden guztiz lotsa aundiarequin, eta chit damurriaturic, urreneco aldian oslancai pozcarri erriaren bere bere-quiaquin jostalluetara joateco gogo guciak illic. / Jostallu berera bilzarquindaturic arquitcen zan gendeac deadar eguiten zuen, jo cezatela bolingozolariac soñua; baña damboliñac eraman zuten baza.”
(Iztueta, 1824, 63. or.)
XVIII. mendearen bigarren erdi honetan, beste gertakari deigarria agertzen zaigu, ondorengo mendeetan dultzaineroen lanean garrantzi berezia izango duena: erraldoiak. Iruñeko erraldoiak dira dantzan agertzen diren lehenetarikoak, baina mende honetan behintzat, xirula eta ttunttunaren musikaz egiten dute hasieran, eta txistulari edo danbolinteroekin ondoren. Dultzaineroek dantzan jarritako lehenengo erraldoi eta ipotxak, herensuge eta guzti, Bilbon agertzen zaizkigu 1756an, San Nikolas eliza inauguratzean: “Juan E. Delmas nos indica que la tarasca, los gigantes y los enanos iban acompañados de la banda de tamborileros y dulzaineros” (Irigoien, 2006, 449. or.).
Gaitero edo dultzaineroa danbor-jolearekin ageri zaigu gehienetan garai honetan ere, baina gaitero bikoteak (bi gaita eta danborra) azaltzen hastearekin, laster hartzen dute indarra Nafarroan behintzat43. Taldekatze honetan arrakasta nabarmena dute Viana eta Valentzia-Segorbeko dultzaineroek eta Burlatako Luzuriaga sendiak.
Nolanahi ere, ez da pentsatu behar aldaketa edo hobekuntza hauek guztiek gaiteroen egoera sozio-ekonomikoan hartarainoko eraginik izan zutenik. Gizartearen klase baxuetan kokatzen dira ogibidez: Iztuetak dioenez morroi lanetan dihardutenak dira batez ere44, eta Labeagak aipatzen digunez, gaita jotzea ofizio bakartzat dutenak are okerrago, baztertutakoak dira45.Batera edo bestera, dultzaineroen jarduera errotuta agertzen zaigu garai honetarako hego Euskal Herri osoan eta aurreneko izenekin, gaitero eta dultzainero ospetsuak topatzen ditugu. Gipuzkoan 1775eko Corpus egunean Inazio Bereteberri agertzen da dultzaina jotzen, eta Bizkaian ere lehenengo dultzainero ezaguna topatzen dugu (Irigoien, 2006): Manuel Joseph de Bustrin, 1713an Bilbon bataiatua, San Nikolas parrokiarentzat jotzen aurkitzen dugu (honek erositako dultzaina eta pitekin) 1738an, Markinan Arretxinagako San Migel ermita eta udaletxe berrien inaugurazioan morroiarekin (danborreroa seguru aski) zortzi egunerako kontratatua, eta 1742an Durangoko Corpus eguneko prozesioan.
Nafarroan aipagarriak dira Bernardo Laguna, Juan Etxagoien46, Francisco Irura, Fernando Lizaso eta lau gaitero familia: Agoitz inguruko Mendioroz, Huarteko Oloriz, Agoizko Redin sendiak eta, batez ere, Burlatako luzuriagatarrak. Martin eta Francisco Luzuriaga anaiak eta aurrenekoaren seme Casimiro eta Francisco bi gaita eta danborraz ibili ziren XVIII. mendearen bigarren erdian eta XIX.aren hasieran eta, maiz azaltzeaz gainera, besteei baino hobeto ordaintzen zitzaiela ikusita, ospe ona zutela agerikoa da. Badirudi Iruñeko festetan zezenketak, alboradak eta dantzak ez ziren gainerako eginkizunak burlatarrek bakarrik jotzen zituztela (Iruñeko Gaiteroak, 1993).
XIX. mendea giro nahasian iritsi zen Europa osora, eta hego Euskal Herria ia etengabeko krisialdian murgilduko zen, hiru gerra bata bestearen atzetik bizitzeko. Lehenengo biek gehienbat, 1808-1814 bitarteko frantsesteak eta 1833-1840ko lehen karlistadak, jipoi izugarria eragin zieten ekonomiari eta kultur bizitzaren garapenari. Musika eta festarako giro petrala, aldi honetan gutxitu egiten dira, berriz ere, gaitero eta dultzaineroen aipamenak dokumentazioan. Oro har, esan daiteke 1870eko hamarkada arte ordura arteko bidetik jarraituko dutela jotzen, baina gorabehera handiekin.
Batzuetan, desagertu egingo da gaiteroen jarduera. Zangozan, adibidez, ordura arte gaiteroak kontratatzen zituen kofradia nagusia pixkanaka jarduera mugatuz joango da eta kontratuak laburtuz, 1829an nobilladak kentzeraino; une hartan gaiteroak kontratatzeari utzi zioten eta, beste kofradia batek ekartzen jarraitu bazuen ere, 1833an eten zuen honek ere 1855 arte. 1856tik 1861era sansebastianetarako udalak Garesko gaiteroak etorrarazi zituen, baina 1865erako erabat desagertuak ziren Zangozatik, gero musika banda bihurtuko ziren orkestrek haien lekua hartuta (Labeaga, 1990).
Beste batzuetan, ordea, gerrateek eragindako hondamen ekonomikoak dultzaina indartzea ekarriko zuen, kontraesana badirudi ere. Guardian, esate baterako, 1841ean Santa Mariako kapera desegin zen, eta elizako organoa ere oso egoera txarrean zegoen; horren ordainetan, gaiteroek bete zituzten herriaren musika behar asko, baita elizan bertan ere, urte guztiko festa egutegian finkatuaz (Moreno, 2014).
Mendearen erdi aldera, karlistalditik bueltan burua altxatzen hasitakoan, Euskal Herriko musika jarduera irauliko duen gertakari berria hasiko da forma hartu eta indartzen: musika bandak. Horrek zenbait herritan apurka zokoratu egingo ditu gaiteroak, baina beste batzuetan bien arteko sinbiosia gertatuko da eta gaitaren bigarren loraldia gauzatzen lagunduko du. Vianan, adibidez, bi musika banda sortzea bat dator gaiteroen musika festa guztietan ezinbesteko bihurtzearekin, dantzak jotze hutsetik ospakizun erlijioso eta zibilak janztera igarotzearekin (Labeaga, 1988). Lizarran ere, jada mende hasieratik ari ziren gaiteroak prozesioetan agintariei laguntzen, eta 1840ko hamarkadan lanak ugaritu eta festen egutegia zabaltzen hasiko zen, 1843tik egutegi hori gero musika banda izango zen orkestrarekin partekatuaz (Villafranca, 1999). Batean eta bestean, gainera, gaiteroa eta danborreroak osatutako bikotea beharrean, gero eta maizago bi gaita eta danborra kontratatzen ari ziren, 1870eko hamarkadarako esan daitekeelarik hau zela taldekatze nagusia Nafarroako hegoaldean behintzat.
Lizarran gaudelarik, 1858ko Puyko Andre Maria eta San Andres jaien egitaraua hartzen badugu, ongi ikusten da hurrengo mendean iraungo zuen festaren bizkarrezurra musika banda eta, bereziki, gaiteroen inguruan antolatua zela jada47. Festak hasteko, ostiralean, uztailak 30,
(…) a las cuatro de la tarde saldrán los gigantes del almudí y al son de la gaita bajarán por la calle del hospital, plaza de la Constitución, Calderería, plaza de Santiago, Calle Mayor, Zapatería y pasando el puente de la Cárcel y la calle de Larrua, se apostarán a las puertas del Ayuntamiento.
(Villafranca, 1999, 110. or.)
Seietan udal korporazioa bezperetara gidatuko zuten, orkestra atzetik zutela, eta haiek amaitutakoan ostera udaletxera lagundu. Gaueko bederatzietan berriz, “se dará principio al baile con la gaita hasta la hora que el Sr. Alcalde tenga por conveniente”. Biharamunean, uztailaren 31an, goizeko zazpietan Puyra igotzen lagunduko zuten korporazioa eta, meza amaitutakoan, erraldoiekin kaleetan barrena ibiliko. Arratsaldeko hiruetan, berriz ere bezperetara segizio osoa (gaiteroak, erraldoiak, korporazioa eta orkestra), San Pedrora oraingoan. Igandean ere, goizeko hamarretan abiatuko zen segizioa mezetara eta, ondoren, prozesioa burutuko zuten San Andresen erlikiarekin. Arratsaldeko hiruak eta erdietan nobilladara joango ziren denak eta, han, zezenketaren aurretik, ordu erdiz dantzatuko ziren erraldoiak. Astelehenean amaituko ziren festak, jaikoaren antzeko nobilladarekin. Egitarauan aipatzen zen, halaber, udalak ontzat emanez gero egunero gaita izanen zela 21:00etatik aurrera (dantzaldia alegia).
1800-1870 tarte honetan, ez dugu kostaldean gertatzen ari zenaren berri handirik: Bizkaian dultzaineroen aipamen bakan batzuk, jotzen ari zirela aditzera eman baino asko gehiago egiten ez dutenak48, eta Gipuzkoan, Monttek entzuna zuenez, Urola bailaran dultzaineroak izan bazirela lehen karlistadaren garaian.
Nafarroan aldiz, gaitero sonatuak ageri zaizkigu, ondorengo urteetan etorriko zen loraldiaren oinarritzat jo daitezkeenak. Burlatako Luzuriaga sendiak abiatu zuen mendea, Iruñean 1833 arte ordainketetan nagusi zirela eta, 1816tik, lehenengoz, aparteko ordainagiria eginda, beste musikariengandik berezita: udal gaiteroak izatera iritsi gabe, irudi honen aurrekaritzat har daiteke luzuriagatarrek lortu zuten estatusa. Iruñetik kanpo, Lizarran ere agertzen zaigu kontratatua Casimiro Luzuriaga 1828an, eta 1830ean beste lagun batzuekin49, eta pentsatzekoa da beste herri askotan ibiliko zirela.
Garesko Gaskue sendia da XIX. mendearen lehen erdiko beste gaitero familia entzutetsua. XVIII. mendearen azken laurdenetik ari ziren jotzen Iruñean, eta ohikoena dultzaina (Jose Maria Gaskue) eta danborrak (Pedro Izurzu) osatutako bikotean agertzea bazen ere, 1817an jada bi dultzaina eta danborraz ere ari ziren. Hauek ere erroldatik kanpo kobratzen zuten 1831rako, nahiz eta luzuriagatarrek baino gutxiago izan, eta 1842 arte eutsiko zioten Iruñeko udalaren lehentasunezko gaitero izateari. Jose Maria Gaskue hau ere agertzen da Lizarran, 1827an.
1843tik aurrera, Cenon Iribarren iruinxemea da aipatu beharreko gaiteroa. Teodoro anaiarekin aurrena eta Fidel Barasoain eta Facundo Iturmendirekin ondoren, 1843an Luzuriaga eta gaskuetarren tokia hartu eta, 1868 arte, Iruñeko Udalaren lehentasunezko gaiteroak izango dira. Aurrerantzean Nafarroako gaiteroak izango direnaren eredutzat har daitezke: musikan eskolatuak dira eta bikotean jotzen dute. 1860an Tadeo Amorenaren erraldoiekin Iruñeko konpartsa sortzen denean, Iribarren da hauei musika jartzen diena (Iruñeko Gaiteroak, 1993). Vianan, Baltasar Abadia Piudo ere aipagarria da, gaiteroa izatez gainera bertako musika bandaren zuzendari izango zena, bi instituzioen arteko harreman estuaren beste argigarri bat.
Eta 1870eko hamarkadara iritsirik, bi gertakariz hitz egin beharra dago: bigarren karlistada batetik (1872-1876), eta Julian Romano bestetik. Lehenak berriro hego Euskal Herri osoa asaldatuko bazuen, gaitak Nafarroan bizi zuen garapenean ez zuen koska txiki batena baino eragin handiagorik izango. Lizarran bertan, karlisten hiriburuan, Julian Romano eta Nemesio Bidaurre ari ziren gaita jotzen gerra sortu zenerako, eta 1873an, Carlos erregegaia Lizarran zela, egin zen festarik biak jotzen ari zirela. Baina 1876an Alfonso XII. errege jarririk, Lizarraren setioa amaitu eta bi hilabetera ere, berriro festak ospatu ziren erraldoi eta gaiteroekin eta, nor izango gaita jotzen… Romano eta Bidaurre berriz ere.
Bigarren gertakari horrek, beraz, izen eta abizenak zituen: Julian Romano jo dezakegu gaitak Nafarroan eta, haren eraginez, Euskal Herri osoan izan zuen bigarren loraldiaren eragile nagusitzat (baldin eta aurreko mendean bizitutakoa lehenengo loralditzat jo baliteke behintzat), nahiz ez bakarra izan.
Julian Romano Ugarte (Lizarra, 1831 – 1899)50 ardi moztailea zen ofizioz eta ia hil zen arte, hori agertzen da paperetan haren lanbidetzat. Gaitero lanetan gaztetan hasita, ibilbide luzea egin zuen ordea, ogibide hau ofizialdu eta erdiprofesionalizatzea lortzeraino. Musika eta gaitaren munduan autodidakta gisa hasi zela uste da51 eta, ohi zenez, familia barruan osatu zuen taldea, XX. mendean Lizarrako gaiteroak izango zirenen “eskola” abiatuz.
23 urte zituela lehenengoz Micaela Bidaurrerekin ezkondu eta hiru urtera, aitaginarreba hilda, bion kargu hartu zituzten artean haurrak ziren andrearen anai-arrebak. Horietako bat, Nemesio Bidaurre koinatu gaztetxoa, danborra jotzen hasi zen Julian eta haren aurreneko bikote zen Ciriaco Ziaurritzekin: 1856an agertzen dira lehenengoz Lizarran kontratatuak Romano eta Ziaurritz eta, 1864tik aurrera, Romano-Bidaurre izango da ezinbesteko gaitero bikotea 1892an Nemesio Bidaurre hil arte. Julianek Micaelarekin izandako bost seme-alabetatik bakarra iritsi zen helduarora, Demetrio Romano, eta honi ere aurrena danborra eta ondoren gaita jotzen irakatsita, romanotarren leinuaren testigua eman zion. Alargundurik, 1870ean berriro ezkondu zen Julian Rosa Elizagarekin, eta harekin izandako seme-alaba gehienak ere hilda, 1882an emaztearen iloba umezurtza hartu zuten semetzat Iruñeko inklusatik: jada 14 urte beteak zituen Anselmo Elizaga izan zen leinuaren bigarren jarraitzailea.
Alfonso XII. eta Maria de las Mercedes-en ezkontza 1878/01/23an. Ziur aski Palacio de la Trinidad delakoan (Madril). Ospakizunetan agertutako Nafarren konpartsan gaiteroak eta ttunttuneroak.
Argazkiaren hainbat alderdi aztertuta (janzkera besteak beste), Lizarrako Gaiteroen ustez ezker-ezkerrean agertzen diren biak dira Julian Romano eta Nemesio Bidaurre. Romano bufanda edo manta lepoan duela eta, ondoan, Bidaurre. Eskuin aldean danborrarekin agertzen dena Demetrio Romano da beraz, zalantzarik gabe. (Arg.: J. Laurent y Cía. Iturria: Museo Arqueológico Nacional - Navarros - 1894/29/FF071)
Lizarrako Gaiteroak Tausteko dantzariekin. Zaragoza, 1911. Atzean, erdian Demetrio Romano, bere ondoan bere seme Godofredo gaitarekin eta Julian danborrarekin (Iturria: Doñabeitia, 2017, 15. or. Arg.: Archivo Barboza-Grasa)
Julian Romanok ondorengo urteetan Nafarroako gaitero gailenek izango zituzten ezaugarriak betetzen zituen, aurreko belaunaldietako Luzuriaga edo Iribarrenen ildotik, eredu bihurtzeraino. Gaitaz gainera, beste soinu-tresna asko jotzen zituen eta gaitaren musika eskolatzen lan handia egin zuen: San Migel parrokian kaperako musika lanak bete zituen, organoa ere joz; musika eskolak eman zituen (solfeoa eta pianoa) eta 1893an, Lizarrako udal musika bandaren zuzendaritza hartzearekin, musika akademia ere bere gain hartu zuen; gaitarako konposatu eta idatzitako obra zabalaz gainera, biolina, bandurria, akordeoia eta gitarrarako metodoak ere idatziz; eta gaita jotzen ere irakatsi zuen familia barruko transmisio sistema gaindituz. Eta, bereziki, gaitero lanetan jauzi handia eman zuen alor gehienetan: hasteko, gaiteroekin doan erraldoien konpartsa festetako protagonista ukaezin bihurtu zen Lizarran, gaur den bezala, eta gaiteroen egitekoak zabaldu eta finkatu zituen52. Errepertorioak eta jotzeko moldeak aldatu eta zabaldu zituen, aurrenekoz gaitarako musika idatzia agertuz, eta azkeneko urteetan musika bandarekin batera jotzeko lehen partitura eta saioak gauzatu. Eta Lizarrako gaiteroen famari hasiera emanik, hauen jotzeko eremua zabaldu53 eta ordainsariak hirukoiztea lortu zuten, ordura arte gaiteroek izan ez zuten begirunea lortuta.
Julian Romanoren eskolak jarraipena izango zuen XX. mendean, Lizarrako Gaiteroak deitura ia marka bihurtzeraino. Julian beraren azkeneko urteetan Demetrio eta Anselmok hartu zuten testigua, aurrerantzean Iruñean bertan lizarratarren presentzia eta sona sustraituz: Tolosa, Donostia, Tutera, Irun, eta beste leku askotara zabaldu zuten Julianen gaita eta musika bandarako lana. Aita hil baino urte bete lehenago, ordea, bikote hau banatu egin zen: Demetriok bere seme Godofredo eta Julianekin jarraitu zuen romanotarren leinua (hor amaituko zena), eta Anselmok elizagatarrena abiatuko. Familiakoez gain Julian Romanok izan zituen gaita ikasleen artean Evaristo Perez de Lazarraga aipatu behar da une honetan, Elizaga eta Perez de Lazarraga leinuak izango baitziren XX. mendean Romanoren ondareari bizirik eutsiko ziotenak.54
Gaitaren bigarren loraldi honek Lizarran izan bazuen gune esanguratsuena, ez zen bakarra izan. 1936 arte bikoteak ugaritu egin ziren Nafarroan, eta gaitero on asko ezagutu dira garai horretan: Etxeberria familia Deikaztelun, Teofilo Apestegia Ziraukin, Karasatorre aita-semeak Etxarri-Aranatzen… Zalantzarik gabe, Iruñea izan zen gaitaren loraldi honen bigarren gune nagusia, baina hiriburuarekin, Viana eta Guardia aipatu behar dira berriro ere. Julian Matute Greño (Viana, 1857 – 1941)55 1881ean hasi zen Vianan gaita jotzen eta 1883tik behintzat herriko musika bandan saxofoia. Errioxa osoan ibili zen gaita jotzen, eta Viana inguruan batik bat, baina Iruñea, Logroño, Donostia, Gasteiz eta Bilbon ere jo izan zuen, besteak beste. Gaitero laguna, ia beti, Nicolas Garcia Ruiz de Ozana (Guardia, 1871 – Nafarruri, 1941) izan zuen, komeni zenean Vianako gaiterotzat edo Guardiako gaiterotzat azaltzen zutelarik beren burua. Nicolas Garciaren irudia, Romanorena bezala, ia ezezaguna izan zaigu oraintsu arte56, baina ez hala haren obra: lizarratarraren ondoren, Guardiako gaiteroarena da seguru aski egiledun errepertorio zabalduena gaur egun, bereziki Jesus Martinezek gorde zuen errepertorioagatik, baina beste askok ere bizirik mantendu eta zabaldu zutelako ere bai57. Oso gaztetan hasi zen gaita jotzen, musika ikasketak nola egin zituen gauza jakina ez bada ere, XIX. mendean jada gaitero lanetan ari baitzen. Berrehundik gora partitura ezagutzen dira gaitarako hark prestatuta, garaiko behar musikalak osatzeko, oso estilo berezkoa dutenak. Organista lanetan ere aritua, musika banda ezberdinak zuzentzen ibili zen, Guardiakoa aurrena, eta Miranda de Ebrokoa gero, azken urteetan Angucianakoa zuzendu zuelarik58.
Anselmo Elizaga, bere bi semeen artean: ezkerrean Daniel eta eskuinean Moises danborrarekin. (Arg.: Lizarrako Gaiteroen Artxiboa)
Iruñean gauzatu zen, nolanahi ere, gaitaren gorakada, inoiz ez bezala ugaritu baitziren bertako gaiteroak, eta ordura arte bezala, Nafarroako beste lekuetakoek han aurkitu zuten plaza nagusia59. 1870eko hamarkadan Pio Las Navas eta honen semeak izan ziren Iruñeko gaitero ofizialak, eta laster Nicolas Virto eta honen lagunak ere agertuko ziren beste askorekin batera (Facundo eta Luis Iturmendi, Lazaro Virto, Julian Artieda, Etxarri anaiak, Valeriano Velaz, Narciso Moreno…). Mendea amaitzerako, ordea, Lizarrako gaiteroek hartuko zuten lehentasunezko tokia eta, 1896-1902 bitartean Demetrio Romano eta Nicolas Virto izango ziren Iruñeko bi gaitero bikote ofizialen arduradunak. 1903tik berriz, Vianakoek (Garcia eta Matute) hartu zuten Demetrioren tokia, Evaristo Elizagaren semeak (Moises, Edilberto eta Fermin) 1923an agertu ziren arte. Beste bikotea iruindarrek osatuko zuten: Virto Jesus Lumbrerasekin aritu zen 1914 arte, eta hurrengo hamar urteetan Lumbreras anaiak ariko ziren alde batetik eta Venancio Salanueva eta Jose Moreno bestetik, 1907tik jada bikote ofizialak hiru baitziren. Eta haiekin denekin, Iruñeko gaiteroez arituta, ezin aipatu gabe utzi Jesus Mondejar, gehienean bakarka jotzen jarraitu zuena, danborreroa lagun.
Guardiako gaiteroak Portugaleten, 1910-1920 inguruan. Eserita, ezkerretik lehenengoa Julian Matute vianarra; hirugarrena, Nicolas Garcia. Ziriak eskuetan dituen gaztetxoa Julian Matuteren semea da. (Iturria: Moreno, 2014. 127. or.)
Garai hartan Iruñean antolatu ziren gaiteroen lehiaketek, sonatuak izateaz gainera, gaitaren mugimendua zertan zen adierazten dute hein batean. 1889ko lehiaketara 3 gaitero aurkeztu omen ziren, N. Virto garaile eta D. Romano bigarren geldituz: 1.636 sarrera saldu omen ziren (arrakasta itzela garai hartarako). 1890ean berriz, sei, emaitza bertsuekin. Hurrengo lehiaketan, 1924an, belaunaldi berria zebilen dagoeneko: bakarlarien artean J. Matutek irabazi zuen, eta J. Mondejarrek aipamen berezia; bikoteetan berriz, lau aurkezturik, Iruñeko Lumbreras eta Lizarrako Perez de Lazarraga sendiek eraman zuten 1. saria ex-aequo, eta elizagatarrek bigarrena. Nicolas Garciari ez zioten parte hartzen utzi, nafarra ez zela aitzakia jarrita; ordura arte nafartzat kamuflatzen zen sanferminetan jo ahal izateko, Matuteren ondoan, baina oraingoan ez zioten utzi. Han izan zen haren lana nolanahi ere, Matutek batetik eta Karasatorrek bestetik, Garciaren obra bana jo zituzten eta.
Nafarroako Gaiteroen Lehiaketa. Iruñea, 1924/04/20. Ezkerretik eskuinera, zutik: Iruñeako Felipe Indurain (1909), Jesus Mundejar (1889-1958) eta Jesus Lumbreras (1879-1925), Cesareo Lumbreras (1874-1940) eta Alfredo Lumbreras (1904-1979), Agoizko Martin Zalba (1852-1936, honek ez zuen parte hartu lehiaketan), Vianako Julian Matute (1857-1941) eta Teofilo Chasco (1894-1969), Etxarri Aranazko Fermin Carasatorre (1906-1952), Rafael Carasatorre (1871-1952) eta Daniel Carasatorre (1911-1978). Eserita: Lizarrako Jose Perez de Lazarraga (1900-1979), Evaristo Perez de Lazarraga (1863-1931) eta Eugenio Perez de Lazarraga (1908-1979), eta Fermin Elizaga (1905-1969), Moises Elizaga (1895-1979) eta Edilberto Elizaga (1900-1956). (Arg.: Lizarrako Gaiteroen Artxiboa)
Gaitaren urrezko arotzat hartu izan den epealdi honetan Nafarroa, Arabako Errioxako eta Gipuzkoako zenbait gaiteroren ezaugarriak, oro har, honela labur ditzakegu:
- Eskolatze maila beti altua ez izanda ere, musika maila nabarmen hobetu zuten.
- Gaita jotzen nagusiki familia barneko transmisio ereduaren arabera ikasten zuten (haurretan danborra jotzen hasi eta, gerora, gaita hartzeko), baina solfeoa eta musika ikasketei zegokien garrantzia aitortuz60.
- Musika ezagutzei dagokienez, gehienek jotzen zuten beste soinutresnaren bat ere61.
- Bakar batzuek musika taldekatze berriak bilatu zituzten, musika bandarekin jotzeraino.
- Herri askotan gaiteroaren festetako eginkizunak finkatu eta aberastu zituzten: dianak, erraldoi eta buruhandien konpartsak, kontzertuak, zezenketak, kalejirak, dantzaldiak…
- Dantzarako musika tradizionala jotzen jarraitu bazuten ere, errepertorio berri eta zabalak osatu zituzten, garaiko dantza eta estilo berriak jasotzen zituztenak: rigodoiak, habanerak, tangoak, txotisak, mazurkak, polkak, jotak, pasodobleak, kalejirak…
- Gaitari ezagutu zaion maila tekniko altuena lortu zuten. Gaur egungo gaiteroentzat ere, Romano eta Garciaren partiturek adibidez, lanketa handia eskatzen dute.
- Udal gaiteroak izatera iritsi gabe, aldaketa handia eman zen gaiteroak eta udalen arteko kontratuak ofizialtzeko bidean, Lizarran eta Iruñean bereziki.
- Jotzeko eremuak asko zabaldu zituzten, norbere bailaratik harago, beste probintzietara eta, inoiz, atzerrira ere eramanaz gaitaren musika eta izena.
- Gizonen ofizioa izaten jarraitu zuen, ez emakumeena.
Kostaldean, Bizkaian eta Gipuzkoan, Nafarroako gaitero belaunaldi berrien eragina ere nabarituko zen, haiek izango baitziren berehala lurralde horietako festa nagusietarako kontratatuak, Lizarrakoak bereziki. Anselmo Elizaga 1917an hildakoan, haren hiru semeek osatu zuten elizagatarren taldea, eta ondoren Moises zaharrenaren semeek jarraituko, 1977an Miguel Angel Elizaga zelarik leinuaren jarraitzailea62.
Perez de Lazarraga taldea ere Evaristoren semeek jarraitu zuten, Jose eta Eugeniok bereziki. Hauek, zapatari eta musikari ofizioak aitarengandik jasota, gerra zibila amaitutakoan Donostiara joan ziren bizitzera eta handik jarraituko zuten Euskal Herriko geografia osoan eta atzerrian gaitaren soinua zabaltzen, Jose eta Eugenio biak, 1979an hil ziren arte; gero Eugenioren semeek jarraitzeko, Pablok gehienbat.
Moises Elizaga Carlos, Edilberto Elizaga Carlos, Fermin Elizaga Carlos. Tafalla, 1934ko ekainaren 19a. (Arg.: Lizarrako Gaiteroen Artxiboa)
Eugenio, Jose eta Pablo Perez de Lazarraga Zangozako erraldoi eta buruhandien konpartsarekin, 1953ko Zangozako festetan. (Arg.: Lizarrako Gaiteroen Artxiboa)
Manuel Montero Lopez, Jesus Montero Petit, Corpus Montero Petit. Zaragoza, 1949. (Arg.: Lizarrako Gaiteroen Artxiboa)
Corpus eta Jesus Monterok hasi zuten hirugarren Lizarrako Gaiteroen sendia, 1917an Zurukuainen egindako lehen joaldian; gero gehituko zitzaizkien Joaquin anaia eta Manuel, Antonio eta Prudencio, bigarren belaunaldian (Manuelen semeek ere jarraituko zuten gerora, noizean behin joaz).
Hiru familia hauetakoren bat ezaguna zen, gerra ostean, Gipuzkoako herri handi samar gehienetan, baita Bizkaiko askotan ere. Bitartean, herri horietan, bertako eta inguruko auzoetan geratzen ziren dultzainero bakanen berririk ez zuten gehienek 1970eko hamarkadarako63.
Bizkaitar eta gipuzkoar dultzainero haiek garai hobeak biziak izango zituzten, XX. mendean jada ez baitziren asko, eta plazak ere gutxituta zituzten, asko soinu-joleek bereganatuta. Bizkaian gertatua honela laburtzen du Iñaki Zorrillak:
Gure kasuan, 40 edo 50. hamarkadak igaro eta gero tresna ez da gehiago jo, behin eta berriz esan deuskuen legez. Tresna galtzeko arriskua handia izan zan. 70. hamarkadan gutxi gora behera, geratzen ziran eta jotzen ekien gutxi batzuren eskutik dultzaina berreskuratzeko ahaleginak egin ziran, gutxienez, Juan Bilbao bere dultzainaz ikustea ohizkoa zan Urkiolako San Antonio bezalako erromerietan.
(Artal, 1994, 12. or.)
Hala aipatzen digu Irigoienek ere (1994), Lanestosako azken dultzaineroa Manuel Quintana Taranina izan zela, eta 1941etik aurrera Burgos aldetik ekartzen zituztela festetarako. Enkarterriak osorik hartuta, Domingo Arza (Okendo, 1897 – Gordexola, 1981) izan zen, berriz, azkeneko dultzaineroa64. Haren bizitza eta ibilerek erakusten dute nolakoak izan zitezkeen XIX. mendetik XX. mendearen erdi alderaino, Bizkaia eta Gipuzkoako dultzainero askorenak. Nekazari, ikazkin eta gurdizain lanetan ibilia, dultzaina jotzen ere asko, horrekin osatzen zituen irabazpide urriak. Gaztetan, Arabako Okendon bizi zela, bertara jotzera joan ohi ziren “euskaldunei” entzunda ikasi omen zuen dultzaina jotzen, bere kabuz, 15 urte zituela lortu zuen metalezko dultzaina batekin; erromeria eta jaietan beste musikariei entzundako doinuak ere, belarriz atera eta gehitzen omen zituen errepertoriora: jotak, porrusaldak, martxak eta pasodobleak gehienbat, txotisen bat ere bai. Jada Gordexolara ezkondu eta danborreroa eta kobratzailearekin taldea osatuta65, plaza mordoska izaten omen zuten jotzeko, gehienak Enkarterrietan (Gordexola bera, Gueñes, Zalla, Galdames, Sopuerta, Karrantza…), baina baita Okendon eta Laudion, Aiara bailara eta Artziniega inguruan, eta Burgoseko iparraldean ere (Espinosa, Losa bailara, Siones,…), inoiz Oroko santutegira (Murgia) edo Burgoseko Sasamoneraino iritsiz. Udan jotzen zuten gehiena, erromeria eta festak izaten ziren garaian, eta negu parteko igandeetan Gordexolan bertan ere bai. Uda haietan bolada luzeak egin zitzaketen etxetik kanpo dultzainaz lanean, askotan herri bat edo besteko alkate edo jai batzordeko kideren batek kontratatuta joaten baitziren, aldez aurretik erabakitako kopuru baten truke, gutunez, etxera bila etorrita edo festaren batean zuzenean egindako tratuan. Baina ohikoena erromerian norbere lekua bilatu beharra izaten zen: batzuetan, beste musikarien aurrean, enkantean atera behar izaten zen plaza, zegokion udalari ordaindu eta dantzan ari zirenei kobratzeko eskubidea izateko; beste batzuetan, besterik gabe jotzen hasi eta dantzariei txartela jarrita, zuzenean kobratzen zitzaien mutilei. Erromeria edo dantzaldia zen, beraz, hauen lan nagusia, baina herriren batean kontratuz aritzen zirenean, beste egiteko batzuk ere betetzen zituzten: festaren hasierako kalejira, alboradak herrira heldutakoan edo bazkalostean, eta inoiz herriko plazako dantzaldian jotzea, musika bandaren atsedenaldian.
XX. mendeko Bizkaia eta Gipuzkoako dultzainero gehienek, ezagutu direnek behintzat, Gordexolako dultzaineroaren antzera funtzionatu zuten, eta haien ezaugarriak honela labur daitezke:
- Musika akademikotik eta ofizialetik urrun aritu behar izaten zuten.
- Gehienek ez zuten eskolarik eta belarriz ikasten zuten dultzaina jotzen. Askotan familian transmititzen zen jakinduria, baina beste askotan nork bere kabuz aritu behar izaten zuten.
- Auzo eta herrietako festetan jo ohi zuten, oilasko eta puska biltzeetan, ezkontza eta antzeko ospakizun pribatuetan, inoiz zezenketetan, sagardotegi eta bentetan eta, bereziki erromerietan (ermiten inguruan, mendian edo auzo eta herri txikietako frontoi eta plazetan ospatzen zirenak).
- Gutxitan izaten zituzten kontratuak eta, ohikoena, erromerian tokia hartu, jotzen hasi eta korroa osatzean, saioko bikote bakoitzeko mutilari kobratzea izaten zen66. Beste dultzainero, txistulari, trikitilari, albokari eta abarrekin konpetentzian jardun behar izaten zuten halakoetan.
- Erromeria giroan garai horretan dantzatzen ziren generoek osatzen zuten gehienbat haien errepertorioa: fandango edo jotak, arin-arin edo porrusaldak, martxa edo kalejirak, eta bestelako dantza erritmoren bat ere bai: bals, habanera edo pasodobleren bat edo beste, txotisen bat nahiz foxtroten bat… baita herri-kantuak ere.
- Eskasia ekonomikoak eraginda, dultzainero bakarra aritzea izaten zuten ohikoena, danborrero edo pandero joleak lagunduta, eta gehienean familian antolatuta; hartara, irabazpide urriak banatzen aritu beharrik ez67.
Tankera honetara ibili ei ziren ezagutu diren Bizkaiko XX. mendeko dultzaineroak: Galdakaoko Simeon Iragorri, Markinako Bekolabako Zelaia, Demetrio Artetxe, Manuel Bilbao, Trapagarango Ibarretxe, eta bereziki Javier Santamariari esker haien errepertorio eta joerak utzi dizkiguten hiru handiak: Juan Bilbao Ortouste (Mañaria, 1905 – 1991), Patxi Bilbao Etxebarria (Dima, 1911 – Lemoa, 1992) eta Juan Aiesta Urkiri (Bedia, 1893 – 1988). Azken hau 40 urte bete artean ibili zen jotzen, baina 1978an, Iurretako Trikitilari Egunerako berriro hartu eta jotzen jarraitu zuen hil zen arte.
Dultzaineroak Mañarian, 1920ko hamarkada hasieran. Eskuin aldean Mañariako Juan Bilbao dultzaineroa. (Arg.: J.J. Abasolo Tiliñoren bilduma)
Simeon Iragorri Galdakaoko dultzaineroa eta Agustin Alonso danbor-jolea. Iurreta, 1986. (Arg.: E.X. Dueñas)
Juan Bilbao eta bere seme Karmelo. Mañaria, 1972. (Arg.: I. Irigoien. Iturria: Artal, 1994, 73. or.)
Patxi Bilbao Etxebarria (Dima, 1911 – Lemoa, 1992). (Arg.: E.X. Dueñas)
Nolanahi ere, ez da pentsatu behar ahitzen ari zen kostaldeko dultzaineroen mundu hori hain mugatua zenik ere. Batetik, kontuan izatekoa da funtzionatzeko era hori bera edo tankeratsua Nafarroa eta Araban ere ezagutu zela, eta garai hartan oraindik aurki zitekeela, Lizarra, Iruñea edo Guardia-Vianako gaiteroen lanaren parean. Vianan bertan, esaterako, Juan Cruz Labeagak jaso zien bertako zaharrei mende hasieran kofradiek plazan berbenak antolatzen zituztela gaiteroaz, patroiaren bezperan, edo herritarrek beraiek San Migel portalean edo Trinitatearenean, gaiteroari eskotean ordainduta (Labeaga, 1988). Bestetik, bazirela edo izan zirela bi lurraldeetan eskola gehiago edo gutxiago izan zezaketen dultzaineroak, eta beste funtzio batzuk ere betetzen zituztela. Gipuzkoan bereziki, Sebastian Errasti Xaxurrak68 edo Antzuolako Lamariano anaiek bazuten musika ikasketarik, zeresanik ez Errezilgo agirretxetarrek edo Arrasateko Altube anaiek69.
Sebero eta Benigno Altube anaiak. Erdian Kristobal Bedia haurra danbor-jole. 1900 urte ingurua. (Iturria: Velez de Mendizabal, 1979, 51. or.)
Urrestillan 1910. urte inguruan ospatutako ezkontza. Erdian musikariak: Urrestillako Juan Inazio Errasti Xaxurra eta Sebastián Errasti Xaxurra dultzainarekin; danborrarekin Eizmendiko Julian. (Arg.: Maria Guadalupe Errasti bilduma)
Monttetarrak Zestoako bainuetxean, 1950 hamarkadaren amaieran. Ezkerretik eskuinera: Jose Mari Sudupe, Jose Sudupe, Jose Mari Arrizabalaga (akordeoi jolea) eta Xanti Sudupe. (Arg.: Montte-Soinuenea)
Dultzainero taldea Azpeitiko erraldoi eta buruhandien konpartsarekin (1930ko hamarkadan). Ezkerretik eskuinera: Sebastian Errasti Xaxurra, Inaxio Goenaga Arbe eta Jabier Goenaga Arbe. (Arg.: Maria Guadalupe Errasti bilduma)
Azkeneko bi familia hauek edo Azkoitiko Monttekoak beren buruak musikari eta, bereziki dultzainari ia bete-betean eskaintzera iritsi ziren, ohiko lanak utzi eta horietarako ordezkoak hartzera irits zitezkeelarik urrunagoko tokietara jotzera joateko. Ia profesionalen mailan jardun ziren lanean, horiez gain, Lasarteko Ramon Garagarza, Usurbilgo Paulo Sagarna, Azkoitiko Kuende anaiak edo Urrestillako Xaxurra eta Arbe ere.
Hala, noizean behin herri nagusietako festetan ere ikusi izan ziren jotzen, inoiz udalak kontratatuta, erraldoi eta buruhandiekin edo, batik bat, XIX. mende bukaeratik han-hemenka ospatzen ziren Euskal Jai eta ekitaldi folklorikoetan. Horien denen artean gehien nabarmendu ziren Gipuzkoako dultzaineroak, altubetarrekin batera, agirretxetarrak izan ziren noski70. Errezilen Joxe Mari Agirretxek bultzatu zituen Alejandro eta Joxe Manuel anaiak dultzaina eta danborra hartzera eta gaztetatik hasi ziren inguruetako festa eta erromerietan jotzen, bi ahotsetara. Gero solfeoa ere ikasi zuten, eta errepertorio zabala osatu, euren estilo eta joerara egokitua. Nafarroako gaiteroekiko mira eta harreman estua izan zuten eta, haien moduan, saioen eremua asko zabaldu zuten, gehienbat Irun eta Donostiara bizitzera aldatu zirenetik: Azkoitia, Azpeitia, Irun, Hondarribia, Lesaka, Sara, Donibane Garazi, Hernani, Donostia… ohiko plaza izan zituzten. Gero, Alejandroren semeek, Konstantino eta Eugenio Agirretxek eman zioten segida leinuari, Dulzaineros Uranzu izenpean Bidasoa, Lapurdi eta beste hainbat lekutan dultzainaren musika XXI. mendearen atariraino luzatuz.
Errezilgo Agirretxetarrak Saran 1940ko hamarkadan. Ezkerretik eskuinera: Jose Mari, Jose Manuel eta Alejandro anaiak. (Arg.: Agirretxe familiaren bilduma)
XX. mendean dultzainak edo gaitak ia erabateko gainbehera bizi izan zuen, eta ez Bizkaia eta Gipuzkoan bakarrik, baita Nafarroa eta Araban ere. Gizartean gertatzen ari ziren aldaketa bizkorrak izan zitezkeen horren eragile, eta hala aipatzen du egile askok, musika bandek, akordeoiek eta gero etorri ziren beste musika joerek tokia kendu ote zieten gaitero edo dultzaineroei. Iruñeko Gaiteroek honela laburbiltzen zuten egoera tamalgarria:
No obstante, la Banda acaba con los gaiteros y ya para el año 20 quedan en Navarra una docena de bandas de gaiteros aproximadamente, cifra que queda reducida a 4 ó 5 al llegar los 40 y en el año 60 quedan en Navarra 2 parejas de gaiteros, en Estella, más una de estelleses que viven en San Sebastián. En 30 años hay un hundimiento total de la estructura de producción y consumo de música de gaita.
(Iruñeko Gaiteroak, 1983, 150. or.)
Beste faktore asko ere izango ziren noski, baina ukatzerik ez dagoena da galera azkarra izan zela eta, toki askotan, ia erabatekoa. Batzuetan eutsi zitzaion nolabait, Gipuzkoan agirretxetarrek egin bezala. Guardian esaterako, Nicolas Garciaren ondoren gaitero belaunaldi berria agertu zen, Gregorio Lopez, Antonio Enrique Martinez de Treviño eta, batez ere, Jesus Martinezek osatua: Jesus Martinezek Nicolas Garciarekin hasi zituen solfeo ikasketak eta musika bandan klarinetea eta saxofoia jo, eta dultzainarekin 1936an hasi zen herrian jotzen, Treviñok utzi zuenean. Gerra ostean eta 1970eko hamarkada arte inguruko herri askotan aritu zen gaitero lanetan Jose Ignacio Bezares lagun zuela, baina orduan, Martinezek jotzeari utzi zionean, Guardian ere desagertzeko zorian geratu zen gaita.
Iruñean, 1936-1939ko gerraren etenarekin Lumbreras-Salanueva bikotea desagertu zen eta Moreno-Mondejar bikotearekin bi Lizarrako familiak, Elizaga eta Perez de Lazarraga izango ziren aurrerantzean gaiteroak. 1942an Iruñeko Udalak Academia de gaita y chistu deitua sortu nahi izan zuen, eta horrekin bi gaitero banda ofizial, baina jada ez zen gaitero asko gelditzen eta zebiltzanen maila ere badirudi asko jaitsia zela: Jose Balaguer eta Joaquin Osesek osatu zuten lehena, Jose Zumalde danbor-jole, eta Jesus Mondejar eta Jose Morenok bigarrena, aurrenekoaren seme Jesus Maria Mondejar danborrean. Denbora gutxirako ordea: Osesek ez zuen urtebete egin eta Balaguerrek, Morenorekin elkarturik, gorabehera handiz jarraitu zuen 1958an utzi zioten arte. Ez zuten funtzionatu, ez akademiak, ez 1942ko lehiaketak, ezta Iruñeko gaitero banda ofizialek ere. 1963rako Lizarrako Gaiteroak ziren gaitari eusten zioten bakarrak, baita Nafarroako hiriburuan ere.
Guardiako dultzaineroak erraldoien konpartsarekin. Ezkerretik eskuinera: Jose Ignacio Bezares, Jesus Martinez Jimeleo eta Fernando Martinez de Treviño. (Arg.: J.M. L. de Elorriaga Artxiboa)
1960ko hamarkadaren bukaeran hasiko zen egoera aldatzen eta, gainbehera bezain bizkor, gaita edo dultzainaren hirugarren loraldia etorri. XIX. mendeak Romano eta beste izen bereziak eman bazituen, XX. mende amaiera honetan Iruñeko Gaiteroak izango ziren gaitaren mundua berreskuratu eta sustatzearen protagonista, ezbairik gabe. Javier eta Fernando Lakuntza anaiak, artaxoar jatorrizko familikoak, Bilbon bizi ziren, eta handik hasi ziren Iruñea, Lizarra eta behar zen tokira mugitzen gaitak eta pitak lortu, jotzen ikasi eta materialak biltzeko. Ikasketa, bilketa eta ikerketa lan haren hasiera, hala deskribatzen digu Unai Lakok:
Mientras los gaiteros de Estella se escudaban en el secreto y no desvelaban nada en torno a este instrumento, los hermanos Lakuntza, Fraile y algún joven más tuvieron que realizar un complejo trabajo de "espionaje industrial", basándose en grabaciones que hacían durante fiestas para conseguir sacar partituras y unas gaitas antiguas que pudieron conseguir para poder reconstruir boquillas y gaitas, para poder comenzar su andadura en el mundo de la gaita.
(Lako, 2002, 29. or.)
Lakuntza anaiak 1966an agertu ziren lehenengoz sanferminetan gaita jotzen Lizarrakoen ondoan eta, oso denbora gutxian, gaitaren egoerari buelta ematen hasi. 1968an Método de Gaita Navarra publikatu zuten eta 1969an Labrit frontoian, Oberena elkartearen laguntzaz, gaita akademia abiatu71, hurrengo urtetik Agrupación Deportiva San Juan elkarteak sustatuko zuena.
Javier Lakuntza, Fernando Lakuntza eta Guillermo Sotes, 1966 inguruan. (Iturria: Iruñeko Gaiteroak, 1993, 110. or.)
Gaitaren musikaren transmisioa ordura arte izan zena irauli zuen metodo hura argitaratzeak: batetik, historian lehenengo aldiz publiko egin zituen gaitaren errepertorioko partiturak eta, bestetik, ikasketa prozesu autodidakta eta familia barnekoa gainditzen zituen gaita eskolei atea zabaldu. 1974rako Iruñean hiruzpalau gaitero bikote berri ari ziren jotzen, Lakuntza anaiez gainera Fraile anai-arrebak, Mikel, Jose Luis eta Elena, horien artean72. Elena Fraile da gaitero taldeetan aurrenekoetako emakume ezaguna, gaitarekiko jarrera tradizionalei arnas berria ematen ari zitzaizkienaren seinale.
Lakuntza anaien Metodo de Gaita Navarra liburuaren azala.
1975ean Iruñeko gaiteroen banda ofiziala berreskuratu zuen udalak, eta Javier Lakuntza eta Fraile anai-arreben taldeak Iruñeko Gaiteroak – Gaiteros de Pamplona izena hartu. Honela, gaitaren hedapena bizkortu egin zen: 1976-1980 bitartean Cuadernos de etnología y etnografia de Navarra aldizkarian gaiteroen errepertorioko partiturak argitaratzen jarraitu zuten eta, berehala, Iruñeako gaita eskolaz gainera, beste leku batzuetan ere eskolak ematen hasi ziren: 1975 eta 1976an bertan Lizarran, beste batzuen artean Juan Carlos Doñabeitia eta Carlos Ruiz izan zituen ikasle, gero Salvador Martinezi irakatsi eta Lizarrako Gaiteroak – Gaiteros de Estella taldea osatuko zutenak73; 1979an berriz, Tuteran. Erriberako dantza taldeak gaitero eske zebiltzan nonbait, hango makil dantzak jo eta berreskuratzen lagun zezaten, eta Iruñekoak agertu orduko Anaiak eta Tutera dantza taldeetako jendea hasi zitzaien gerturatzen, haien artean Macario Huguet, Ribaforadako gaiteroa izango zena, eta Javier Perez de Obanos, Fernando Leonekin Tuterako Gaiteroak – Gaiteros de Tudela taldearen alma materra74. Urte gutxiren buruan horietan eta Fustiñanan ere, gaiteroak izango ziren, eta gerora tuterarrek irakaskuntza eta hedapen lanak beren gain hartuta, Cascante, Cintruénigo, Ablitas, Buñuel eta beste askotan. Geroztik, Nafarroako merindade guztietan luzea da gaiteroak dituzten herrien zerrenda: Agoitz, Irunberri, Zangoza, Burlata, Barañain, Berriozar, Huarte, Elizondo, Lesaka, Bera, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Altsasu, Lodosa, Andosilla, San Adrian, Faltzes, Viana, Tafalla, Erriberri, Gares, Artaxoa, Larraga, Martzilla…
Lakuntza anaiak Bilbon bizi zirela, Bizkaia eta Gipuzkoatik ere gerturatu zitzaizkien ikasleak, laster haietan hedatuko ziren gaitero eta dultzainero taldeen ernamuin; haiekin edo haien ikasle nahiz lankideekin abiatuko ziren hainbat gaitero eta dultzainero talde: Bizkaiko Gaiteroak, Bilboko Gaiteroak, Elgoibarko Gaiteroak, Arrasateko Gaiteroak, Tolosako Dultzaineroak, Kostaldeko Dultzaineroak…
Araban, Guardiako dultzaineroak desagertzearekin, Eltziegon hasi ziren 1980ko hamarkadan Juan Carlos eta Juantxu Gomez anaiak, Jose Luis Gallego Karakol-ekin. Eltziegoko Gaiteroak erreferente bilakatu dira Euskal Herri osoan eta Araban bereziki, Gasteizko Udal Folklore Akademiatik lurralde osoan bultzatu baitute gaita. Gaur badira gaiteroak Eltziegon ez ezik, Guardian, Gasteizen, Laudion eta beste askotan. Aipagarria da 1975etik Guardian ospatzen den Gaitaren Eguna ere (Día del Gaitero-Dulzainero): Jesus Martinez Jimeleo-ri urte hartan egin zitzaion omenaldiarekin abiatu eta urtero ospatu da, koronabirusaren pandemiaren etena salbu, ezinbesteko topaleku bihurtuta Euskal Herriko nahiz atzerriko gaitero eta dultzaineroentzat.
Iparraldean dultzaina edo gaita ez zen ezagutzen XIX. mendean, baina hegoaldeko gaiteroak Lapurdi eta Nafarroa Beherean barrena nahikotxo ibiliak ziren XX.ean, soinu-tresna ezagutzera emateko adina behintzat. Dakigula, 1891ean Iruñeko Nicolas Virtok Donibane Lohizunen egindako saioa izan zen horietako lehena: “1891an Donibane Lohizuneko Udalak Abesbatza, Koru eta Musika Banda Lehiaketa bat antolatu zuenean, Iruñeko Gaiteroak Iruneko atabalariekin batera deitu zituzten karrikak alaitzeko”75. Geroztik, esana denez, ohikoak izan ziren agirretxetarrak Saran edo Donibane Garazin eta pereztarrak Biarritzen edo Baionan. Baina 1970eko hamarkadan, lehenengoz, gaitero lapurtar eta baxenabartarrak agertuko ziren. Uztaritzeko Pierre Haira eta Baigorriko Betti Bidart izanen ziren lehenbizikoetakoak Fernando Lakuntzaren ezagutzen eta Iruñeko Gaiteroekin ikasten hasiak: haiekin abiatu ziren Uztaritzeko Gaiteroak eta Baigorriko Gaiteroak. Gaur badira gaiteroak Baionan, Donibane Lohizunen eta Hendaian ere, besteak beste.
1980ko hamarkadan dultzaina edo gaita musika eskoletan txertatzen ere hasi zen, apurka, beste soinu-tresnen pare. Hala, Gipuzkoan 1985ean abiatu zen Hernaniko musika eskola publikoan dultzaina eskola, Juan Mari Beltranekin. Nafarroan, 1983an Lizarran sortutako gaita akademiak, 1993ko LOGSE legearekin egin zuen bat udal musika eskolarekin. Gaur egun badira dultzaina edo gaita eskolak ia Euskal Herri osoan, bitez musika eskoletan, akademietan edo talde ezberdinen ikastaro partikularretan.
XXI. mendea ehundaka gaitero eta dultzaineroz abiatu da. Otsagabia edo Cortesen bezala dantza saio tradizionalei musika jarriaz, dantza talde eta antzekoen folklore emanaldietan76, herriz herriko festetako ohiko egitarauetan (dianak, zezenketak, kalejirak, prozesioak, dantzaldiak…), kontzertuetan, eta ugaritzen ari diren erraldoi eta buruhandien konpartsetan, gaiteroek berriro bilatu dute beraien lekua. Bakarreko dultzaina eta danborraren taldea ia galduta, dultzainero bikotea ezarri da talde nagusi, baina beste soinu-tresnekin gero eta taldekatze ezberdinagoetan entzuten da: 1979an Javier Lakuntzak Oskorrirekin grabatu zuen diskotik hasi eta 2019an Eltziegoko Gaiteroek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin emandako kontzertuetaraino.
EREDUAK
Ikusi Mihi bikoitzeko aerofonoen ereduak.
OHARRAK
“(…) el nombre de gaita aparece continuamente dentro del área del Valle del Ebro que es el lugar en donde el instrumento ha conservado hasta nuestros días una mayor escucha y difusión. También es cierto que durante esta época en viejos papeles de gaiteros aparece simultáneamente el nombre de dulzainero o de dulzaina para esta región a que nos referimos. (...)
Esto lo interpretamos como una manifestación que probablemente ha existido entre la forma popular de llamar al instrumento y un cierto cultismo por parte de los músicos que intentaban dejar de lado la palabra gaita. En esta situación, nosotros nos hemos limitado a continuar la tradición popular por una razón muy elemental, porque esta tradición popular, ese consumo de gaita es el que ha posibilitado la existencia de gaita y gaiteros hasta nuestros días.
Correlativamente a esto, solemos diferenciar entre gaita y dulzaina, dejando este segundo término para la doble lengüeta, que con otro repertorio y distinta identificación social se ha utilizado extensamente en gran parte del País.” (Gaiteros de Pamplona, 1983, 148-149. or.)
2 Larramendiren hiztegiaz gainera (Larramendi, 1745), Real Academia Españolaren Diccionario de Autoridades delakoa hartu da erreferentzia gisa, azken hau 1726-1739 bitartean argitaratutako Diccionario de la lengua castellana bera da, akademiaren web orrian kontsultagarri (https://apps2.rae.es/DA.html). Gaur eguneko hiztegietan ere, batera edo bestera, jasotzen da polisemia hori.
3 Adiera hau Larramendirenean bakarrik aurkitu dugu, baina jakina da gaur egun ere Salamanca aldean gaita esaten zaiola danbolinteroek jotzen duten esku bakarreko flautari. Ohartzekoa da Larramendik berak urteak eman zituela hiri hartako unibertsitatean, teologia ikasten lehenengo eta gramatika irakasten ondoren.
4 Adiera hau berriz, hemen dagokiguna hain zuzen ere, ez dakar Larramendiren hiztegiak.
“A lo largo de este trabajo mantendremos la diferenciación de términos dulzaina y gaita, transcribiendo en todos los casos la denominación que aparezca en los textos originales. No descartamos, en absoluto, la posibilidad de que en algún caso se haya usado en el pasado -como se hace en la actualidad- la voz gaita para llamar a una dulzaina, pero lo que es evidente es que si siempre que encontremos la palabra gaita la vamos a interpretar como dulzaina, sin plantearnos otra posibilidad, lo que conseguiríamos sería hacer desaparecer de la instrumentación del pasado en nuestra geografía a la gaita (instrumento de doble lengüeta no aplicada a los labios y con reservorio de cuero para el aire) y esto sería algo completamente erróneo. Pero es que además, ocurre que en las series documentales manejadas existen pasajes que nos muestran que se distinguía un instrumento de otro, y pondremos como ejemplo la cita referida a Gregorio Arrieta, cuando en 1778 se dice que tocó «dulzaina y gaita» (es decir, que tocó dos instrumentos, diferenciados cada uno de ellos con su respectivo nombre) (A.M.P. Diversiones Públicas, año 1778); a nuestro juicio, ejemplos como éste hacen perder validez a las posturas que sostienen que, por norma, tanto al decir dulzaina como gaita se está llamando a un mismo instrumento, sin pensar en la posibilidad de que existieran diferencias, siquiera en la conformación de instrumentos que podrían incluso ser parecidos (como lo son una dulzaina valenciana y una navarra).” (Ramos, 1990, 95. or.)
6 Ramosek berak dioen eran, pertsona bera dultzaina eta gaita jotzen agertzen bada erroldan, bi soinutresna ezberdinetaz ari dela pentsatzekoa da: hori da Gregorio Arrieta (1773-1794) eta Pedro Aguaron-en kasua (1780). Miguel de la Huerta (1768), Manuel de Bilbao (1768) eta Juan Martin Iriartek (1780) jotzen duten gaita berriz, ez dago jakiterik zein tresna mota den. Baina bestelako kasuak badira. Joseph de Lizaso (1771) gaita eta txistua jotzen agertzen da, baina haren anaia Fernando dultzainarekin dator hurrengo urteetan, eta Zangozan ere agertzen zaigu (Labeaga, 1990); ziurtasunik ez badago ere, zalantza sortzen du honek txirimia tankerakoaren alde. Fernando Cildoz (1779-1775) berriz, “gaita o chirimía” jotzen agertzen da eta, hau bai, mihi bikoitzeko aerofonoa da. Eta azkenik, baina ez azkenak, Burlatako Luzuriaga, Agoizko Redin eta Huarteko Oloriz sendiak daude gaita joleen artean: urte batzuetan gaita eta besteetan dultzaina jotzen agertzen badira ere, gaur egun jakina da XVIII. mendean Nafarroan dultzainero edo gaitero sonatuak izan zirela, Luzuriaga eta Redindarrak bereziki, eta horietan ere gaita txirimiaren familiakotzat hartzea nahiko ziurtzat jo daiteke.
7 Kultismoaren hipotesi honen alde badira hainbat datu: XVIII. mendearen bigarren hamarkadan aldaketak ari ziren gertatzen txirimien erabileran, eta horrek gaita edo dultzainaren funtzioetan eta zitzaion begirunean ere eragina izan zezakeen. Hiztegigintzak eta gazteleraren arauak finkatzeko ahaleginak ere indar handia izan zuten garai hartan, eta Aita Manuel Larramendiren hiztegia (1745) horren adibide bikaina izan daiteke. Bestalde, eta Iruñeko datuei erreparatuta, badirudi Valentzia aldeko dantza eta dantzariekin harreman aipagarria izan zela, eta hauen ospearekin batera hasten dela agertzen dulzaina hitza hiriburuko erroldetan, Jesus Ramosek agertzen duen eran: “añadamos que a Pamplona llegan con frecuencia dulzaineros profesionales de la región valenciana (en muchos casos acompañando a danzantes), con todo lo cual, parece claro que en el tema de la dulzaina hubo alguna relación entre instrumentistas valencianos y navarros.” (Ramos, 1990, 97. or.)
8 Iparraldean soinu-tresna honen erabilera berria izaki, frantsesez ere hala gertatzen da. Hartan, gaïta jasotzen duten hiztegiek gazteleraren mailegu aitortzen dute eta ez da dultzainaren parekorik ageri.
9 Euskal hitzen erabilerari buruzko XX eta XXI. mendeetako datuak Euskaltzaindiaren web orrian kontsulta daitezke: XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa eta Lexikoaren Behatokian. XX. mendekoak eta aurrekoak, orri berean Orotariko Euskal Hiztegian eta Euskal Herriko Unibertsitatearen orriko Euskal Klasikoen Corpusean.
10 Hala dio hirugarren agerraldia zabaltzerakoan, adibidez: “Kale-artean atabalotsa ta onen ondoren dultzainasoiñua entzungo dira. (38) Lastertšo, atabalari bat eta bi dultzaiñari aurretik dituztela, iri-erdia betor baselizarontz: (…) Orkesta ta atabalari-dultzaiñariak ezpitez isildu, laguntze guzti au elizpe-aurrera elduarte.” R.M. Azkue (1911). Ortzuri. Revista Internacional de los Estudios Vascos, 5, 140. Paris: Eusko Ikaskuntza. Gerora Arrese-beitia, Urruzuno edo Sebastian Salaberriaren testuetan ere agertzen da, baina ohartzekoa da egile gutxi izatez gainera, ez dagoela haien artean Nafarroako testigantzarik.
11 Ezaguna da errezildarrek 1920ko hamarkadan grabatu zituzten diskoetan Gaiteros de Regil izena erabili zutela, baina gerora Banda de Dulzaineros Iru-Anayak gisa ere agertu ziren (Beltran, 2017). Gipuzkoako dultzaineroen artean onentxoenetakoak izan ziren hauek, agirretxetarrek, alor askotan hartu zituzten eredutzat Nafarroako gaiteroak.
12 Besteak beste Iruñeko Gaiteroek (1993) eta Iñaki Irigoienek (1994) aipatzen dute hori.
13 Artal, 2006, 69. or.
14 Juan Mari Beltranek 1984an Bedian Aztegieta baserrian Juan Aiestari egindako elkarrizketan jasoa.
15 Irigoienek Martin de los Herosen Historia de Balmaseda aipatzen duela, 1673ko Balmasedako jaietarako “trajera un tamboril o gayta zamorana” agindu omen zen eta danbolinterorik ezean, “acordó el regimiento que fuese uno de sus individuos al Puente de San Miguel a buscar un gaytero, que vino ajustado en 40 ducados” (Irigoien, 1994, 24. or.). Lehen aipamen horretan gaiteroa zarrabete jolea zen beraz, eta eskalea ez bazen, ez zebilen urruti, zubian, herriko sarrera nagusian alegia, bilatuko zutela gauza jakina bazen. Kanpotarra zela ere badirudi, ez baitu itxurarik bertako herritarra izanda bila etxera joan ez izanak.
16 “Allí disfrutaron a un mismo tiempo del placer de apagar su sed con fresca limonada, y ver bailar al son de los tamboriles y las gaitas, o zarrabetes, a los inocentes artesanos que olvidaban su costumbre de recogerse al sol” (Irigoien, 1994, 28. or.). Jarraian zalantzan jartzen du Irigoienek berak pasarte horretan aipatzen diren gaita horiek zarrabeteak diren, bestelako tresnak izan daitezkeela adieraziz, baina ez dugu uste zalantza hori zentzuzkoa denik pasartea ongi irakurtzen bada.
17 Emiliano de Arriagaren 1896ko Lexicón bilbaíno delakoan zarrabete hitza aurkezten digu Irigoienek, XX. mendearen atarian hitza Bilbon ongi sustraitua zegoenaren seinale, eta areago, soinu-tresna bera ere bai, Arriagak hala idatzi omen zuen eta: “antes se veía en las romerías mucho sarrabete tañido por ciegos gallegos o asturianos, pero ya casi ha desaparecido el tipo de sarrabetero. Ha venido a sustituirlo el tocador de piano mecánico. ¡Ambos son peores!” (Irigoien, 1994, 30. or.).
18 “Dulzayna, instrumento musico, bolin-gozoa. Lat. Instrumentum musicum dulcius.” (Larramendi, 1745, 302. or.)
19 Iztuetak bazuen ohitura, Larramendiren hitz berri hauek erabiltzerakoan, berau eta erdal ordaintzat har zitekeena ematekoa. Halakoetan badirudi berak ere zalantzan zuela hitz horiek, bere horretan, irakurleari ulergarri ote zitzaizkion. Bolin-gozoa eta dultzaina dira pare horietako bat. Honela aipatzen ditu han-hemenka: “Dambolin oec izan oizidaren, araco, errota-etaco zacu-biltzalle, eche-etako abel zain, baso-etaco icazquin, mendi-etaco artzain mutil beren eder-etsiz maisuric gabe icasitaco chilibitulari, eta bolin gozo edo Dulzaina jotzalle aietacoac.” (Iztueta, 1824, 2-3. or.)
20 “Gaitari (AN-b, G), gaitero; cornemuseux; joueur de cornemuse. (??) = Astarloa trae esta palabra en su vocabulario, pero sin significación, como todas las demás de su colección.” (Azkue, 1906, 316. or.)
22 Gordexolako Domingo Arza zen horietako bat (Artal, 2006). Errezilgo Joxe Mari Agirretxeri buruz ilobek kontatutako pasarte honek erakusten du egile batzuek zenbaterainoko trebezia zuten: “Behin, ez dugu ondo gogoratzen non jotzen ari zirela, arratsean, bere anaia Alejandrori, nahi gabe norbaitek pita hautsi zion eta beste berririk ez zeukanez Jose Marik pitaren tudelari hautsitako kanabera kendu, erratza baten kanaberazko kirten puska bat hartu eta poltsikoan zeraman labanarekin pita berria prestatu zuen, hurrengo goizerako diana jo ahal izateko” (Beltran, 2004, 83. or.)
23 Badirudi metalezko dultzainak egiten hasi zirenak Pradere anaiak izan zirela. Okzitaniako Arguenos herritik Arrasatera etorritako Beltran de Pradere galdaragilearen semeetako bat, Jose Beltran Pradere Uribesalgo (Arrasate, 1827-1898) izan zitekeen Pradere-Mondragon markako dultzainak egiten zituena, eta bestea, Juan Pradere (Durango, 1844-1908) Pradere-Durango markakoen egilea (Irigoien, 1994 eta Artal, 2006). Letoizko dultzainak egiten zituzten, batzuetan zilarreztatuak, garaiko zurezko dultzainen antzeko neurri eta tonalitateetan. Bizkaia eta Gipuzkoan asko zabaldu ziren hauek egindako dultzainak. Gero beste egile batzuk ere izan ziren, horien artean gehien egin zituena seguru asko Azkoitiko Jose Sudupe Montte izango delarik, eta honen seme Manuel haren jarraitzailea.
24 Joxe Mari Agirretxe bera, dultzaina egile ona izateaz gainera, ezkerra zen, eta beretzat ez ezik, besterentzat ere egin zituen halako bat baino gehiago (Beltran, 2017).
25 Dultzainero bat baino gehiagok erabili izan zituen txanponak topeko zirrindola hori egiteko. Gordexolako Domingo Arza eta Montte zaharrari, adibidez, ezagutu zaizkie errealeko txanponez egindakoak.
26 "Aunque la teoría de Martinez Gárate sobre la escala natural de la gaita afirma que está afinada en doM, mis estudios sobre el instrumento me permiten aclarar que el sistema de digitación de la gaita navarra se basa en la escala natural de sol de ocho agujeros, de modo que cuando todos los agujeros están destapados suena sol4. Sin embargo, cuando están tapados la nota más baja del instrumento suena fa#3." (Sanchez, 2015, 26. or.)
27 Hatz lodia kako forman tolestuta zulo erdia estaltzea; gazteleraz tranquillo edo trunquillo esan izan zaio.
28 Iruñeko Gaiteroek definitzen dute ongi zer den soinu-tresna baten askatasun esparrua, eta gaitaren kasuan bereziki, zein diren honen muga eta aukerak:
Askatasun gunea deituko ditugu negurri batzu, hala nola soinua frekuentziaz, tinbrez eta soinu mailez aldatzen ahal dugun gunea. Aldapen eremu hori zabalago edo hertsiago izan daiteke tresna batetik bestera. Gaitaren kasuan, zabalago da frekuentzian, mugatuagoa tinbrean, eta arras hertsia indar mailean. (Iruñeko Gaiteroak, 1995, 34. or.)
29 Dultzaineroek askotan familia barnean funtzionatzen zutela kontuan izanda, danbor jolea etxeko haur edo gaztetxoa izatea arrunta izaten zen eta, beraz, kontratuetan ezta azaldu ere, ez egitea. Azaltzen zen bakanetan, batari eta besteari ordaintzen zitzaion kopuruaren aldeak erakusten du estimu hori zenbatekoa zen. XVII. mendeko Iruñean, Rebeca Madurgak ematen digu honen adibide bat:
El gaitero cobraba mucho más que los demás miembros del grupo, según una referencia en la que un gaitero cobra 50 reales por una actuación, (ver anexo, 4), considerando que como media el maestro de danzas recibe 200 reales por acto para repartir entre todos los miembros, el gaitero cobra una cuarta parte del ingreso. El tamborilero sería el que menos ganancias recibiría, según una referencia en la que se le paga a un muchacho que toca el tambor en un acto, ocho reales [“(…) pague a Pedro Ramírez muchacho hijo de Pedro Ramírez gaitero vezino de Tafalla la suma de ocho reales que sele an librado por la ciudad por haver regocijado con un tambor la fiesta del santísimo sacramento (…)”].
(Madurga, 2004)
30 Artal, Zunzunegi eta Zorrillak badakarte horren adibide ederra Bizkaiko Dultzaina liburuaren 80. orrialdeko argazkian.
31 HARANA, Mielanjel, J. Tapia, A. Bergizes (1998): Gelatxo. Ongarri A.C. / Haritz E.D.T. / E. H. Trikitixa Elkartea.
32 Hauetako aipamenik zaharrena Guardian aurkitu du Eduardo Morenok (2014), 1427an Diago izeneko gaitero batek 25 soldata kobratu zituela dioena.
33 Jose Maria Jimenok (1987) jasotzen du Lizarran 1549an prozesioen adibide bat (“A mose Pedro Esmolador por tañer huna gayta en la dicha proçesion, nuebe tarjas”), eta Aita Donostiak (1952) Tafallan 1587ko beste aipu bat (“se pagaron […] por danças diferentes […]diez reales de la gayta que les hizo son”).
35 Labeaga, 1988, 304. or.
36 Gaiteros de Pamplona, 1983.
37 Iruñean 1650eko hamarkadan dantza horiek zortzi gizonek egindakoak dira eta, batzuk behintzat, makil dantzak (Madurga, 2004).
38 Madurga, 2004.
39 Guardian 1677an: “primer contrato con un gaitero, Juan Molinos Sánchez, de Trebao (Ágreda). Contratado dos años por las festividades del Corpus y San Juan. Se le pagó 10 ducados más las costas, y si hubiera toro, se le pagarían 12.” (Moreno, 2014, 107. or.).
40 Guardian bertan, 1680an Ausejoko Crisostomo de Azoz gaiteroari 6 urtetarako kontratua egin zitzaion, ahalik eta festa gehienetan jo zezan (Moreno, 2014).
41 Zangozako Nuestra Señora del Socorro y de San Lamberto kofradiaren liburua da horren adibideetako bat (Labeaga, 1990).
42 Labeaga, 1990.
43 Bestelako talde bitxiren baten berri ere jaso da garai honetan. 1777 inguruan, Gasteizen, sei dultzaina eta danborra aipatzen dira: “Le viatique est précédé de porteurs de cierges, de six hautbois maures, appelé (sic) Donzainas, et quelquefois d’un petit tambour qui s’accorde très bien avec cet instrument. [Nouveau Voyage en Espagne fait en 1777 et 1778. T.II, pág.155 Vide Foulché-Delbosc]” (Aita Donostia, 1952, 80-81. or.)
44 “Dambolin oec izan oicidaren, araco errota-etaco zacu biltzalle, eche-etaco abel zain, baso-etaco icazquin, mendi-etaco artzain mutil beren eder-etsiz maisuric gabe icasitaco chilibitulari, eta bolin gozo edo Dulzaina jotzalle aietacoac.” (Iztueta, 1824, 2. or.)
45 1745eko apirilaren 30eko erregearen zedulak, iheslariak atxilotzeko eman zenak, eta 1775ean 615 nafar errekrutatzeko erabiliko zenak, sail honetan sartzen omen ditu, besteak beste, honako hauek: “Los que se mantienen a costa de la sociedad sin oficio ni beneficio, renta ni hacienda ... los que sólo se emplean en las casas de juego, los entregados al amancebamiento, juego o a la embriaguez ... los que insultan a la Justicia y faltando a su debido respeto disponen rondas, músicas o bailes en los tiempos y modo que la costumbre permitida no autoriza ... los que llevan armas prohibidas ... los casados, que sin visible motivo tratan con dureza a la mujer ... los que andan de pueblo en pueblo con máquinas reales, linternas mágicas, perros y otros animales adiestrados ... los peregrinos y romeros que no llevan el correspondiente pasaporte... los pordioseros que llevan niños agenos para excitar la caridad ... los que no tienen otro exercicio que el de Gaiteros, Bolicheros y Saltimbancos.” (Labeaga, 1988, 308. or.)
46 Bernardo Laguna eta Juan Etxagoien batzuetan Vianako jatorriz agertzen dira Iruñeko festetako erroldetan, baina beste batzuetan Castellongo Segorbeko herritartzat, hango dantzariei lagunduaz. Laguna dantza maisu ere bazelarik, herriz herri zebiltzan dantzari valentziar profesional haietakoa zela pentsatzekoa da, eta Nafarroara Vianan barrena iristen direla dirudi, vianarrekin harreman berezia eginda edo. Etxagoienek berriz, Lagunaren ondoan, alderantzizko bidea egin zuela dirudi.
47 Rosa Villafrancak egindako ikerketa sakonetik jaso ditugun datu hauen guztien artean, aipatzekoa da Julian Romano bi urte lehenago, 1856an agertzen dela lehenengoz gaita jotzeko kontratatua. Ikusiko denez, gizon honen itzala goiz-goizetik hasia zen hedatzen. Bestalde, urte bete eskasaren buruan, 1857, lau erraldoi egin ziren Egako hirian, erraldoi konpartsa izango zena abiatuz, hau ere Romano azaltzearekin bat.
48 Durangon 1828an Gipuzkoako dultzainero “banda” bat agertzen da, errege-erreginen bisita ospatzen. Deigarria da bat baino gehiago zirela, ordainagirietan ere “dulzainistas” baitio. 1854an Lekeitioko sanantolinetan dultzainero bakarra ageri da (Irigoien, 1994).
49 Hau da, itxuraz, gaitero bikotea eta tanborra Lizarran dokumentatuak izan daitezkeen lehen aldia (Villafranca, 1999).
50 Julian Romanoren lana ezaguna izan da geroztik gaiteroen artean (gaur egun, oraindik, hark osatutako rigodoi eta balsek osatzen dute erraldoi eta buruhandien konpartsetan jotzen den errepertorioaren atal nabarmena), baina bere irudia ahaztuxea zegoen gaur erreferentziazko bilakatu diren bi lan argitaratu ziren arte: Iruñeko Gaiteroek (1990) ekarri zuten aurrena Julián Romano Ugarte. Aproximación a su vida y obra musical, lizarratarraren partiturak eta hauen azterketa sakon eta preziatuaz. Gero etorri zen Rosa Villafrancaren (1999) Estella y la música. Siglo XIX. Julián Romano Ugarte, Romanoren irudi bizia bere testuinguruan ezin hobe jarri zuena. Haiei zor zaie nagusiki Romanoren ezagutza eta, horrekin, Lizarra eta Nafarroako gaitaren oinarriena.
51 Ez da zalantza handirik Julian Romano musikarako sen handiko gizona izan zela; haren lanak eta izan duen oihartzunak ongi erakusten du.
52 1870ean dianak jotzen agertzen dira, lehenengoz, Lizarrako gaiteroak (Villafranca, 1999, 152. or.).
53 Julian Romano eta Nemesio Bidaurre, Lizarran ez ezik, inguruko herri eta bailaratan ari ziren jotzen lehenago ere noski, baina gerra ostean eremu hori hedatu zutela nabarmena da: Estellerrian jotzen jarraitu zuten (Viana, Arroitz, Allo…), baina 1877 eta 1879an Iruñean azaltzen da Julian bera, Zumarragara joateko eskaerarik izan zuela ere jakina da eta, aipatuena, 1878an Madrilen jo zuten Alfonso XII.aren ezkontzaren ospakizunetan, Nafarroako Diputazioaren ordezkari. Horrek fama handiagoa ekarriko bazien, bidaia hartarako lizarratarrak aukeratu izanak adierazten du ordurako ospea irabazia zutela.
54 Martinez, 2011.
55 Labeaga, 1988.
56 Eduardo Moreno ari da azken urteotan Guardiako musikaren historia ikertzen, eta hari zor zaio Nicolas Garcíaren irudia berreskuratzeko ahalegin serioena (Moreno, 2014).
57 Trevianako gaiteroak ezagutu dira Garciaren errepertorioa jotzen, baita Errezilgo agirretxetarrak ere; azken urteetan Eltziegoko Gaiteroek egin dute lan handia doinutegi hori ezagutzera ematen.
58 Guardian bazen beste gaiterorik garai haietan, eta ez txarrak haiek ere: Enrique Treviñok Carrelorekin bikotea osatuta aurreneko urteetan, eta ondoren Villabuenako Gil anaiekin edo Naiarako Garcia Castresanarekin, konpetentzia latza egin zieten Matute eta Garciari Arabako plaza garrantzitsuenean: Gasteizko festetan alegia. (Moreno, 2014, 111. or.).
59 Iruñeko Gaiteroak, 1993.
60 Izar Martinezek hala dio Lizarrako hiru gaitero familiei buruz: “Ni los Elizaga, ni los Pérez, ni los Montero consideraban que la gaita fuera un instrumento fácil de aprender: los miembros de las diferentes familias tienen claro que para aprender a tocar la gaita hay que “saber música”. En este sentido, la gaita no se considera un instrumento de tradición oral total, ya que la escritura y lectura musical tenían un papel muy importante en el aprendizaje del nuevo alumno. El caso del tambor, sin embargo, es diferente. Todos los gaiteros que ya tocaban la gaita habían aprendido antes a tocar el tambor, un instrumento siempre ha precedido al otro en aprendizaje y transmisión” (Martinez, 2011, 55. or.).
61 Garai hauetako gaitero nafar asko biolin joleak ere baziren, festetara joaten zirenean egunez bi gaita eta danborra jotzen eta gauez, taberna edo leku itxietan, bi biolin eta gitarraz ibil zitezkeelarik. Besteak beste, hala ibiltzen omen ziren 1940 inguruan Jose Moreno eta Jesus Mondejar iruindarrak, Felipe Indurain danborreroak gitarraz laguntzen zituela (Iruñeko Gaiteroak, 1993, 87. or.).
62 Martinez, 2011.
63 Beltran, 2004. Gipuzkoan Altube eta Agirretxe sendiak dira salbuespen nabarmenena, Lizarrakoen antzera herriz herri eremu zabaletan ibili zirenak.
64 Artal, 2004.
65 Gerra aurretik Silvano Vadillo zuen danborrero laguna eta Donato Beraza kobratzailea. Gerra ostean Luis Saiz Matxakito gehienean danborraz, Luis eta Iñaki semeak ere bai, eta Ignacio Allende Txitxarro eta Fika kobratzaile (Artal, 2004).
66 Juan Mari Beltranek honela deskribatzen du erromerian antolatzeko era: “Erromeriatan, baita ermita, mendi eta auzotan egingo ziren jaietan ere, ez zen dultzainerorik falta izaten, hala nola nekazal giroko herri txikietako jai nagusietan. Gehientsuenetara azaltzen ziren inork kontratatu gabe. Bertan agertu, toki bat hartu eta jotzen hasten ziren, inguruan korro bat biltzen ahaleginduz. Horretarako martxak (6/8 konpaseko biribilketak) jotzen zituzten inguruko jendeari korroan dantza egiteko konbitea eginez, eta dantzari korroa osatu zutenean “saioa” deitzen ziotena jotzen zuten (“saioa” orohar jota edo fandangoak eta porrusalda edo arin-arinak osatzen zuten dantza multzoa zen, “helduta”ko dantzaren bat ere sar zitekeelarik, baltsa, pasodoblea, habanera, ...). Saioa amaitutakoan hainbesteko bat kobratuko zioten dantzan aritu zen bikote bakoitzari (beti mutilak ordaintzen zutela esaten dute elkarrizketatutako dultzainero zaharrek)” (Beltran, 2004, 26. or.).
67 Adibide polita Jose Sudupe Monttek emana da, Abadinoko Julian Azurmendiri buruz: “Julian Azurmendi Abadinoko dultzaineroa emaztea, alaba eta semea lagun zituela etortzen omen zen. Berak dultzaina jo, semeak danborra, eta “martxa”-ren bat jotzen zuten bitartean, alaba jendea erakartzen ahalegintzen omen zen korroa osatzeko aitaren inguruan, eta ama izango zen saioaren amaieran dantzari bikoteei kobratuko ziena. Ez zeukan ez gaizki antolatua negozioa dultzainero bizkaitar honek, dena etxerako” (Beltran, 2004, 39. or.).
68 Rudolf Trebitsch etnologo austriarrak 1913an Azpeitian grabatu zituen gaur artean ezagutzen ditugun dultzaina grabaziorik zaharrenak: Sebastian Errasti Xaxurra eta Jose Mari Gurrutxaga dultzaineroek jotako 4 pieza, Gregorio Sarralde danborreroak lagunduta.
69 Xaxurrak klarinetea eta pianoa jotzen zituen, eta Seber Altube, besteak beste, Gernikako musika bandaren zuzendaria izan zen 15 urtean (Beltran, 2004).
70 Gipuzkoako bailara guztietan eta herri gehienetan ezagutu dira dultzaineroak. XX. mendeko ospetsuenak hauek izan daitezke: Arrasaten Benigno eta Seber Altube, Kristobal Bedia danborrero zutela; Antzuolan Augusto eta Benito Lamariano; Usurbil eta Lasarten Paulo Sagarna eta Jose Sagardia; Urrestillan Sebastian Errasti Xaxurra eta Jabier Goenaga Arbe, honen seme Inaxio eta Bixente danborrero zituztela; Azkoitian berriz, andana: Angel eta Pedro Epelde, Kortako Soraluze familia, Maltzeta-Etxetxoko Garate familia, Kuende anaiak (Frantzisko, Juan Mari eta Diego), Olango Alberdi familia eta, aipagarrienak, Montteko Sudupe familia. (Beltran, 2004)
71 Iruñeko Gaiteroak, 1993.
72 Ibañez eta Agirre anaiak ere aipatzekoak dira Iruñeko Gaiteroen hasiera hauetan. Baita Tomas Diaz Txino ere, ibilbidea hauekin hasi zuena, nahiz eta urte batzuren buruan haustura eta liskarra gertatu. Tomas Diazek, Peio Setoain eta beste batzuekin batera, Ezpelur Dultzaineroak taldea sortuko zuen gerora, besteak beste.
73 Sanchez, 2015.
74 Belio, 2019 eta Perez de Obanos, 2021.
75 Iruñeko Gaiteroak, 1993, 54. or.
76 Euskal Dantzarien Biltzarrak 1978an Iruñean ospatu zuen Dantzari Egunerako Euskal Herri osoko dantza taldeen errepertorioan sartu zen Lizarrako Larrain Dantza, eta handik bazter guztietara zabaldu zen hura dantzatzeko ohitura. Gertaeratxo honek berak bakarrik ere, izan zuen zerikusia gaiteroen eskaria ugaltzearekin.
ITURRIAK
Bibliografia
ARTAL, Alberto / ZUNZUNEGI, Iñaki / ZORRILLA, Iñaki. (1994). Bizkaiko Dultzaina - La Dulzaina en Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Kultur Saila.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1991). Gipuzkoako Dultzaina-La Dulzaina en Gipuzkoa. Cuadernos de Sección. Folklore. (N.4. 185-232). Donostia: Eusko Ikaskuntza.
(1994). Festei Buruzko Inkesta-lana Gipuzkoako Kostaldea. Cuadernos de Sección. Folklore.- (N. 5. 9-85). Donostia: Eusko Ikaskuntza.
(1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
(2004). DULTZAINA GIPUZKOAN. 1950. hamarkada arte. Oiartzun-Donostia: HMT-Erviti.
(2015). DULTZAINA GIPUZKOAN. XX. mende hasierako Gipuzkoako dultzaineroen musika. Oiartzun: Soinuenea.
BILBAO, Juan. (1977). Herriko Musika. Movieplay-Kardantxa. 17.0912/2.
BILBAO ETXEBERRIA, Patxi. (1976). (Leon Bilbao, Maurizia Aldeiturriaga, Benanzio Bernaola, Ramon Orue, Leonardo Zuloaga) Arratia. Edigsa/ Herri Gogoa. HG 129.
BIZKAIKO DULTZAINA. (1994). La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.
DONOSTIA, Aita. (1951). Música y Músicos en el País Vasco. Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. San Sebastián. Obras Completas del P. Donostia. Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.
(1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.
IRIGOIEN, Iñaki. (1994). Dultzaina-gaita Bizkaian. Bizkaiko Dultzaina-La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.
Diskografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari; ASTIASARAN, Luis; ASTIASARAN, Jose Mari. (2007). Amasatik Arratera. Herri Musika Zaleak. HMZ-SS-430-2007.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari; ANTZIZAR, Andoitz; BELDA, Errege. (2014). Ernikoko magalean. Soinuenea. HMB-2014-1556-CD.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari (Ed.); (2015). DULTZAINA GIPUZKOAN. XX. mende hasierako Gipuzkoako dultzaineroen musika. Oiartzun: Soinuenea.
(2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
(2017). Agirretxetarrak. Soinuenea. HMB-2017-1172-CD.
BILBAO, Juan. (1977). Herriko Musika. Movieplay-Kardantxa. 17.0912/2.
BILBAO ETXEBERRIA, Patxi. (1976). (Leon Bilbao, Maurizia Aldeiturriaga, Benanzio Bernaola, Ramon Orue, Leonardo Zuloaga) Arratia. Edigsa/ Herri Gogoa. HG 129.
BIZKAIKO DULTZAINA. (1994). La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.
Ikus-entzunezkoak
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
CARO BAROJA, Julio eta Pio. (1979). Gipuzkoa. Gipuzkoa-Donostia Kutxa.