PAN FLAUTAK

ZIKIRATZAILE TXILIBITU JOALDIA

XX. mende hasierako zikiratzaileen flauta joaldiak ezagutu ez baditugu ere, mendearen 2. erditik aurrera herrietara etortzen ziren zorrotzaileen joaldien antzekoak zirela jaso dugu landa-lanean. Informazio honetan oinarrituta osatu dugu joaldi hau. Juan Mari Beltranek Soinuenean grabatu zuen 2021eko abuztuaren 5ean.

Juan Mari Beltran zikiratzaileen txilibitua jotzen. Oiartzun, 2020. (Arg: Soinuenea)

Juan Mari Beltran zikiratzaileen txilibitua jotzen. Oiartzun, 2020. (Arg.: Soinuenea)

XORI ERRESINULA

2012/01/14an, Soinuenean egindako HM Neguko kontzertuan Mixel Etxekoparrek bere saioan emandako musika piezen artean Pirinio aldeko Xori erresinula herri kantu ederraren bere bertsio hau eskaini zigun txistuka eta Zuberoako kerestuen xirularekin joaz.

Mixel Etxekopar, Oiartzunen, 2012/07/14an, HM neguko kontzertuan kerestuen xirula jotzen. (Arg: Soinuenea)

Mixel Etxekopar, Oiartzunen, 2012/01/14an, HM neguko kontzertuan kerestuen xirula jotzen. (Arg.: Soinuenea)

BAT TXARDINA. R. M. Azkue CPV, 482 (Izaba, Erronkari)1

Erronkariko Burgi herrian jaso genuen halako flauten erabilerari buruzko informazioa. Bertako Karlos Zabalzak2 kontatu zigun nola bere gaztaroan halako kanaberazko pan flautak egiten ziren haurrentzako hots-jostailu gisa.

Haurrentzako flautatxo bat zenez, egokia iruditu zaigu flauta honen erakusgarri gisa disko honetan Erronkariko haur kantutxo tradizional hau jotzea.

Flauta joaldiaren grabazioa Iruñean egin zen eta haur kantarien saioa Oiartzunen 2021ean.

Erronkariko pan flauta: Javier Ignacio Larrayoz Larri.

Kantua: Oiartzungo Ibargain Musika Eskolako haur kantari taldea.

1 Azkue, R.M. (1990). Cancionero Popular Vasco. Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca. (3. Ed.) Euskaltzaindia.

2 J. M. Beltranek Karlos Zabaltzari egindako elkarrizketak Burgin, 1988 urtean eta 1999/10/17an.

Javier Ignacio Larrayoz Larri Erronkariko pan flauta jotzen. Iruñea, 2021. (Arg: JMBA)

Javier Ignacio Larrayoz Larri Erronkariko pan flauta jotzen. Iruñea, 2021. (Arg.: JMBA)

Azkueren CPV kantutegian agertzen den Bat txardina kantuaren partitura, hitzak eta informazioa.

Azkueren CPV kantutegian agertzen den Bat txardina kantuaren partitura, hitzak eta informazioa.

Zikiratzaile txilibitu joaldia. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.

 

Pan flauta deritzen aerofonoek luzera ezberdinetako tutuak izaten dituzte, elkarren segidan jarriak. Euskal Herrian bi motako pan flautak ezagutu ditugu batez ere, XIX. mendean eta XX. mende hasieran: ezpelez egindakoak eta kanabera tutuekin egindakoak.

Ezpelezkoa edo kanaberazkoa izan, flauta hau esku batekin (edo birekin) hartzen da eta goialdeko ertza edo hodi ahoak ezpainen kontra jarririk, haizea botatzen da, zulo bakoitzeko ertzera zuzendua. Hodi bakoitzak bere luzeraren araberako nota ematen du.

 

EZPELEZKO PAN FLAUTA

Ezpelezko taulatxo sasi-trapezoidala izaten da, bertikalki luzera ezberdinetako zuloak dituena. Beheko muturrean txori buru forma izan ohi du.

San Telmo Museoko bilduman mota honetako flauta bat dago, Silbato de cabreros y “txikizalles” vascos izenarekin. Hau da museoko fitxategian agertzen den flauta horri buruzko deskribapena (Beltran, 1997, 54-55. or.): “Goiko erdialdea angelu zuzendun eta behekoa sasi-trapezoidal, ezpelezko pieza da, beheko muturrean, helduleku moduan, txori baten buru gisako bukaeraz. Bere goialdean, goitik behera, luzera desberdinetako hamaika zulo ditu. Hamaika nota ematen ditu, behetik gora, Re# 2.tik Fa# 3.ra”.

Esanguratsua da flauta hauek helduleku gisa duten txori buru forma. Flauten heldulekuek forma hau izan dute askotan, Pirinioen iparraldean eta hegoaldean, Euskal Herritik Mediterraneoraino. Kantauri aldean, Kantabriatik Portugaleraino, kasu gehienetan heldulekuak zaldi buru baten itxura izan du.

San Telmo Museoren bildumako Silbato de cabreros y de “txikizalles” vascos. (Arg: JMBA)

San Telmo Museoaren bildumako Silbato de cabreros y de “txikizalles” vascos. (Arg.: JMBA)

San Telmo Museoren bildumako Silbato de cabreros y de “txikizalles” vascos. (Arg: JMBA)

San Telmo Museoaren bildumako Silbato de cabreros y de “txikizalles” vascos. (Arg.: JMBA)

HISTORIA

Gaur egun gure herri-musikan ez da halako pan flautarik erabiltzen, baina antzina, XX. mendearen hasierara arte, euskal ahuntzain eta zikiratzaileek ezpelez egindakoak erabili izan dituzte, eta zonalde batzuetako haurrek kanaberazkoak.

Richard Karutz etnologo alemaniarrak Die Völker Europas (1926) liburuan, euskaldunei eskainitako atalean, euskal soinu-tresna batzuk aipatu zituen. Horien artean pan flauta hau agertzen da, panflöte izenarekin. Doinuak egiteko 8 zulo ditu eta halako besteak bezala kirten gisako zatiak txori buru baten itxura du. R. Karutzek honako aipamena egiten du: “beste musika tresnak hauek dira: pan flauta trinkoa (9. pan flauta), hodi-ahokadura duen flauta (2. flauta), hodi ildaskatua eta letoizko mihi bibratzailea dituen oboea (3. oboea)1” .

R. Karutzen liburuan agertzen den euskal pan flauta. (Iturria: Karutz, 2016, 125. or.)

R. Karutzen liburuan agertzen den euskal pan flauta. (Iturria: Karutz, 2016, 125. or.)

Halako flauta-joleen ofizioei buruzko informazioa jaso ahal izan dugu dokumentu idatzietan, baita bereziki guk egindako landa laneko bilketetan ere2 : flauta honen erabilera garai bateko ahuntzain eta zikiratzaile ofizioekin lotua dago.

Ahuntzainek dula izeneko sistema erabiltzen zuten herriko etxeetatik zaintzeko uzten zizkieten ahuntzak herri inguruko larreetara eramateko. Haien lanaldiaren bi momentutan jotzen zuten halako flauta, edo bestelako soinu edo hots tresnaren bat, jendeari abisu bat edo beste helarazteko: batetik, larreetara zihoazela, zeramaten ahuntz taldea biltzeko, eta bestetik herrira itzultzerakoan, etxekoek bakoitzak bere ahuntz taldea jaso zezaten.

Zikiratzaileek herrira iristen zirenean ere halako flauta jotzen zuten herriko jendeari beren etorreraren berri emateko. Horrela, zikiratzailearentzako lana prest izaten zuen jendeak.

Aipatu ditugun soinu-tresna hauen oso antzekoak dira gaur egun oraindik entzun daitezkeen Galiziako zorrotzaileen flautak, beraien etorrera adierazteko erabiltzen dituztenak. Desberdintasunik nabarmenena arestian aipatu dugun heldulekuaren forman datza: txori-burua Pirinioen inguruan, zaldi-burua Santanderretik (Kantabria) Portugalera. Galizian izen desberdinez esaten diete flauta hauei: Flauta de afiadores, flauta de paragueiro eta flauta de capadores.

ALE HISTORIKOAK

EUSKAL HERRIAN

Guk han eta hemen gorde diren Euskal Herrian erabilitako halako flauta zahar batzuk ezagutu ditugu:

DONOSTIAKO SAN TELMO MUSEOKO AHUNTZAINEN TXILIBITUA

Donostiako (Gipuzkoa) San Telmo Museoko bilduman bada mota honetako flauta bat. Interesgarria da haren katalogazio fitxan agertzen den informazioa (Beltran, 1997, 54. or.): “Silbato de cabrero. Nº inv. E.000843. 1920. urtean D. Telesforo Aranzadik emana halako oharrarekin: Ahuntzainen txulubita (Silbato de cabrero). Ezpelezko zurez, Oloronen egina. Frantzia aldeko euskal ahuntzainek erabiltzen dute eta zikiratzaileek Euskal Herriko herri eta toki askotan. Nº de orden: zz 3205 tz. 843. Fecha de ingreso: 15-Junio-1920”.

San Telmo Museoko ahuntzainen txilibitua. (Iturria: EMSIME)3

San Telmo Museoko ahuntzainen txilibitua. (Iturria: EMSIME)3

Azalean honako hau idatzia du: “12 de octubre de 1885. Piola”. 11 zulo ditu. Egindako frogazko joaldian, 1. zuloarekin (luzeena) Re#2 +10 lortu genuen, flauta honek ematen duen nota baxuena eta azken zuloarekin (motzena) Fa#3.

Flautaren planoa, neurriak, tonuak. (Egilea: JMBA)

Flautaren planoa, neurriak, tonuak. (Egilea: JMBA)

GOTAINEKO KERESTUEN TXULULA ZAHARRA

Gotaineko Mixel Etxekopar musikariak badu horrelako pan flauta zahar bat. Zuberoako Maskaradetan kerestuek (zikiratzaileak) jotzen zituzten horrelakoak, herriko jendea haien etorreraz ohar zedin. Zuberoako Maskaradetan kerestuek Zamaltzaina izeneko pertsonaia zikiratzen dute.

Hau da Mixel berak flauta honi buruz emandako informazioa4:

Kestuen Xirula (hala izendatua ikusi bainuen lehen aldiz maskaradetan, Kestuen lepotik zintzilik), Julien Lougarotek eman zidan. Hau da Nicole Lougarot ene emaztearen aitona, Arnaud Lougarot Gotaineko kantari ohiaren aita (Zantxo Azkarra egin zuena Gotaineko pastoralean 1963ean). Julien Lougarot Arrokiaga herrikoa zen, 1901ean han sortua, Hegiluz izeneko etxean... Ez dakit nontik eskuratu zuen berak... Maskaradetan gaztetxo nintzanetik ikusi eta entzuten nuen, Kestuek plaza hartzean erabiltzen zuten, Espainian Xorrotxek bezalako funtzioan. Gero utzi zuten erabiltzen eta desagertu zen, dakidanaz. Biarnon Chioulet deu Crabèr izena entzun nuen (Ahuntzainaren xirula). Entzun dut ere marrazki eder hori Ossau ibarrean agertzen dela ategain batetan harrian zizelkaturik, baina ez dakit non zuzen.

5,2 mmko diametroa duten 14 zulo ditu.

Honako neurri eta tonu hauekin, ezkerretik eskuinera ordenatuta:

 

LUZERA

(mm)

TONUA

1. 77.7 DO2 -15 cent
2. 70.8 RE2 -50 cent
3. 65.2 RE#2 -20 cent
4. 60.1 MI2 -15 cent
5. 54.9 FA2 +25 cent
6. 50.5 SOL2 -30 cent
7. 46.0 SOL#2 +20 cent
8. 41.3 LA2 +50 cent
9. 37.3 SI2 +-00 cent
10. 34.9 DO#3 -20 cent
11. 31.2 RE3 +50 cent
12. 27.8 MI3 +20 cent
13. 24.2 FA#3 -10 cent
14. 20.5 SOL3 -20 cent

Gotaineko ezpelezko kerestuen txulula (pan flauta). (Arg: JMBA)

Gotaineko ezpelezko kerestuen txulula (pan flauta). (Arg.: JMBA)

Altuera 11,5 cm

Luzera 9,3 cm

Lodiera 1,0 cm

BAIONAKO EUSKAL MUSEOKO PAN FLAUTA (FLÛTE DE PAN - “SYRINX”)

Baionako Euskal Museoko bilduman ere bada pan flauta bat. Zurez egina da eta 11 zulo ditu.

Baionako Euskal Museoko pan flauta. (© Musée Basque et de l’histoire de Bayonne)

Baionako Euskal Museoko pan flauta5. (© Musée Basque et de l’histoire de Bayonne)

EUSKAL HERRITIK KANPO

Euskal Herritik kanpo, badira hemendik eramandako soinu-tresnen artean mota honetako flautak. Guk honako hauek aurkitu ditugu.

PARISEKO “MUSÉE DE L’HOMME”EKO MUSIKA ARETOAN ZEGOEN PAN FLAUTA

Pariseko (Frantzia) Musée de l’Homme-aren Le salon de musique-ko erakusketan bazen euskal pan-flauta bat. 1986an egindako bisitan, argazkiak egitea baimendurik ez zegoenez, flautaren marrazkiak egin genituen eta agertzen zen informazioa kopiatu genuen6.

Gaur egun ez dakigu flauta hori non aurki daitekeen; agian, Parisko Musée de la Musique-ko bilduman egon liteke.

Flautak 9 zulo ditu baina, marrazkian ikus daitekeenez, flauta haren egitura berezia zen. Nota grabeen aldean, hodi luzearen aldean, zulo batetik, flauta goitik behera moztuta zegoen. Pentsatzen dugu mozketa hori azken zulotik egina zegoela eta jatorriz 10 zulo izango zituela, baina ezin dugu hori ziurtatu. Agian bi zulo kenduko zizkioten.

Pariseko Le salon de musique du Musée de l’homme-n 1986an J. M. Beltranek hartutako euskal pan flauta eta Estoniako beste soinu-tresna baten informazioa.

Pariseko Le salon de musique du Musée de l’homme-n 1986an J. M. Beltranek hartutako euskal pan flauta eta Estoniako beste soinu-tresna baten informazioa.

LONDRESKO HORNIMAN MUSEOKO PAN FLAUTAK

Londresko (Ingalaterra) Horniman Museoan Euskal Herritik eramandako halako bi edo hiru flauta dituzte. 1997an museoa bisitatu genuenean horietako flauta bat neurtzen utzi ziguten, kopia bat egin ahal izateko. Hori egiteko Horniman Museoko erregistroan “US / 233” erreferentzia duena aukeratu genuen. Soinu-tresna hau XIX. mendekoa zen7. Zerri-zikiratzaile eta zorrotzaileek erabili ohi zituzten, Horniman museoko erregistroen arabera.

Arg.: © Horniman Museum and Gardens.

Arg: © Horniman Museum and Gardens.

Paperean jasotako flautaren neurriak eta bestelako informazioa. (Egilea: JMBA)

Paperean jasotako flautaren neurriak (goitik behera eginak dituen 5,4 mm-ko 9 zulo bakoitzaren luzera) eta bestelako informazioa. (Egilea: JMBA)

NEURRI OROKORRAK

Altuera 10,10 cm

Luzera 6,6 cm

Lodiera 0,85 cm

 

Flauta horren neurriekin egindako erreprodukzioa (JMBA 672 zk.). (Arg.: Soinuenea)

Flauta horren neurriekin egindako erreprodukzioa. JMBA bilduma, 672 zk. (Arg.: Soinuenea)

OXFORDEKO PITT RIVERS MUSEOKO ZUREZKO ETA METALEZKO PAN FLAUTAK

Oxfordeko (Ingalaterra) Pitt Rivers museoan pan flauten beira-arasan euskal jatorriko bi flauta aurkitu genituen, Pirinio aldekoak (Ipar Euskal Herria).

Oxfordeko Pitt Rivers museoko beira-arasan zeuden ezpelezko8 eta latorrizko euskal pan-flauta9. (Arg.: JMBA)

(Arg.: Pitt Rivers Museum)

(Arg.: Pitt Rivers Museum)

VIENAKO VOLKSKUNDEMUSEUM-EKO TREBITSCHEN BILDUMAKO PAN FLAUTA

Vienako (Austria) Volkskundemuseum-ean (arte herrikoiaren museoa) dago Rudolf Trebitsch doktoreak 1913an Euskal Herritik eramandako piezen bilduma. Bilduma horretan, beste tresnen artean, pan flauta bat dago, zurezko zati bakarrean egina. Tonu aldaketarako 12 zulo ditu. Ahuntzainek, zikiratzaileek eta guraize-zorrotzaileek jotzen omen zituzten halakoak, haien etorreraren berri emateko.

Museoko fitxaren arabera, hauek dira flauta honen ezaugarriak:

Noiz jasoa 1914

Noiz egina XIX. mendekoa da

Non egina Euskal Herria

Non erabilia Donibane Lohitzune (Lapurdi). Basses Pyrén.

Luzera 9.1 cm

Altuera 12 cm

Rudolf Trebitsch doktorearen euskal bildumako pan-flauta. (Arg: JMBA)

Rudolf Trebitsch doktorearen euskal bildumako pan flauta. (Arg.: JMBA)

BOSTONEKO ARTE EDERREN MUSEOKO PAN FLAUTA

Bostoneko (AEB) Museum of Fine Arts-en badute halako flauta bat. Museoaren fitxan dio barnizatu gabeko ezpelez egina dagoela, 11 zulo dituela, eta eskala diatonikoa ematen duela (C-F). Antza denez, saltzaile ibiltari euskaldunek erabiltzen zuten, eta 1916an sartu zen museoko bildumara10.

(Arg: 2021 © Museum of Fine Arts, Boston)

(Arg.: 2021 © Museum of Fine Arts, Boston)

KANABERAZKO TUTUEKIN EGINDAKO FLAUTAK

Erronkariko (Nafarroa) bailarako herrietan, XX. mendearen hasieran, oraindik ere haurrentzat horrelako flautak egiten ziren. Flauta horiek ez zuten hodi kopuru jakin bat izaten, eta prestatutako luzera desberdineko kanaberazko tutuak lerroan jarririk, sokatxo batekin lotzen ziren11.

Burgiko Karlos Zabaltzak esandakoan oinarriturik egindako haurrentzako flauta. JMBA Bilduma,1544 zk. (Arg: Emovere – Soinuenea)

Burgiko Karlos Zabaltzak esandakoan oinarrituta egindako haurrentzako flauta. JMBA bilduma,1544 zk. (Arg.: Emovere – Soinuenea)

(Orri honetan Zikiratzaile txilibitu joaldia izenarekin ageri den joaldian piezari buruzko iruzkina ikusteaz gain flauta hau entzun daiteke)

IKONOGRAFIA

Nafarroa

OLORITZ – ETXANO, ORBAIBAR-VALDORBA

SAN PEDRO ETXANO BASELIZA

Nafarroako Oloritz udalerriko Etxano herri hustuan XII. mendeko San Pedro baseliza erromanikoa dago. Bere ikonografian soinulari asko daude. Atari nagusiko erdiko arkiboltan jole batzuk daude eta horien artean, bada pertsonaia bat, erabat identifikatu ezin den soinu-tresna bat jotzen ari dena: dirudienez, flauta hori siringa edo pan flauta bat izan liteke.

Oloritz-Etxanoko flauta pan-jolea. (Arg: JMBA)

Oloritz-Etxanoko flauta pan-jolea. (Arg: JMBA)

Oloritz-Etxanoko pan flauta-jolea. (Arg.: JMBA)

OHARRAK

1 “Andere Musikinstrumente sind die massive Panflöte, die Flöte mit Röhrenmundstück (2. flöte), die Oboe mit geschlitztem Rohr und vibrierender Messingzunge (3. oboe).” (Karutz, 2016, 125. or.).

2 Gotainen, Urdinarben, Faltzesen, Alberite de Ireguan eta Lizarraldean, esaterako. Fernando Jalon eta Juan Mari Beltranek Fernandoren osaba Jose Jalón eta izeba Marina Jalónengandik entzun zuten (biak 1925 inguruan jaioak, eta 1998/05/20an elkarrizketatuak), zaldi-zikiratzaileak etortzen zirela Santo Domingo de la Calzadatik, eta halako zikiratzaile-txilibituak jotzen zituztela, ezpelez eginak eta txori buruarekin. Alberite de Iregua Errioxan dagoen arren, Nafarroako mugatik gertu dago eta bertara zihoazen zikiratzaileak Vianara eta Mendabiara ere joaten ziren.

3 Iturria: https://apps.euskadi.eus/emsime/katalogoa/museoa-museo-san-telmo-/izenburua-ahuntzainentxilibitua/objektua-silbato-/ciuVerFicha/museo-43/ninv-E-000843 (2021/08/20an kontsultatua).

4 2019an Juan Mari Beltranek Mixel Etxekoparrekin izandako elkarrizketa.

5 Iturria: https://basenationale.philharmoniedeparis.fr/doc/BASENATIONALE/0871943/flute-de-pan-syrinx (2021/08/18an kontsultatua).

6 Honela zioen: “Niveau D- Milhaud. Neuf tuyaux forés dans une plaque de bois / Pays Basque / 35.31.1 (don Belthus)”

7 Londresko Horniman Museora 1997an J. M. Beltran eta F. Jalón musikariek egindako bisitan hartutako informazioa.

8 Museoaren fitxa ikusteko: http://objects.prm.ox.ac.uk/pages/PRMUID22114.html.

9 Museoaren fitxa ikusteko: http://objects.prm.ox.ac.uk/pages/PRMUID22113.html.

10 Iturria: https://collections.mfa.org/objects/50383/panpipes-fieould?ctx=6 3194fe-5e6b-4e54-bde5258517e15cd2&idx=6.

11 J. M. Beltranek Karlos Zabaltzari egindako elkarrizketak Burgin, 1988 urtean eta 1999/10/17an.

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Orain.

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1997). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Cuadernos de Sección. Folklore. 6 zk. Eusko Ikaskuntza.

KARUTZ, R. (1926). Die Völker Europas. Salzwasser Verlag, Faksimila, 2016.

 

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.