Zarrabetea igurtzitako kordofonoen familiako soinu-tresna da.
Harien artean doinua ematen dutenak (kantariak) eta nota pedala ematen dutenak (bordoiak) bereizten dira; hauen kopuruak tresnatik tresnara alda daitezke. Zarrabete batzuetan “zakurra” izeneko beste hari bat ere izaten da, erritmoa markatzeko zubi moduko mekanismoa duena. Bestalde, zarrabete modernoagoek sinpatiaz, zuzenean ukituak izan gabe, hotsa ematen duten hariak ere izan ditzakete.
Forma ezberdinetako erresonantzia kaxa eta leihoak izan ditzake.
Joera
Esku batekin biradera bati eraginez martxan jartzen den gurpilak hariak igurzten ditu; bitartean, beste eskuarekin teklatu batean notak pultsatzen dira. Eserita jo izan da, magalean harturik.
Historia
Europan aski zabaldua egon da eta X. mendeko organistrum-aren ondorengoa dela esan izan da. Itsu kontalariekin eta “literatura de cordel” deritzon generoarekin lotu izan da. Erromantze eta errezitatuak akonpainatzeko ere jotzen zen.
Europako ia herri guztietan aspaldidanik erabili izan dira halako soinu-tresnak. Euskal Herrian ere, XIX. mendera arte agertzen da dokumentu zaharretan. XX. mende hasieran erabat galdua zegoen gure artean, baina asko ez bada ere, oraindik erabiltzen da gure gaurko mugetatik gertu dauden herrialdeetan.
Dokumentazio zaharretatik aterako dugu Euskal Herrian izan duen erabilpenari buruzko informazioa. Aurkitutako aipamen zahar horietan soinu-tresna hau hainbat izendapenekin agertzen da, besteak beste: zarrabete, zerrebetea, sarrabete, charrabetero, gayta zamorana, sinfonia...
Felipe Pedrell-ek egindako “Diccionario Técnico de la Música” lanean (1894) ere agertzen zaigu hitz hau:
“Zarrabete. V. Chinfonía. // Chinfonía. Especie de viola que suena volteando una cigüeña. // Hay una porción de nombres que se aplican, indistintamente, produciendo gran confusión, al instrumento de viento Cornamusa ó Gaita gallega y al mencinado, de cuerda, Rota, Viola, Sinfonía, Samsonia, Synfonía ó Chinfoxía, encontrándose citados unos y otros con los nombres de Zamphonia, Cinfonía, Samsonia, Sampsonia, Symphonia, Faufogna, Sanfogna, Sinfonía, Zampoña, Zambougna, Zanfonía, Zarrabete y otros muchos, entre los cuales se cuenta el vulgar burlesco Música Ratonera.” (516 eta 80 orr.)
Jesus Ramosen (1990) Iruñeako Festetara agertutako musika joleei buruzko lanean, mota honetako soinu-tresnaren erreferentzia hau agertzen da, jolearen izena, soinu-tresna, musikaria nondik datorren eta urtea adieraziz:
- “Pedro Inchauspe - Sinfonía - Laguinza – 1788” (111. or.)
A. Donostiak (1952) informazio hau ematen digu:
“Zarrabete / ... / vemos citada en “La célebre década de Bilbao, / o sea / Memoria de los festejos con que su muy / ilustre Ayuntamiento / ha procurado obsequiar a SS. MM. / Los Reyes Nuestros Señores / D. Fernando Séptimo / y Doña Josefa María Amalia / durante su permanencia en esta M. N. / y M. L. Villa de regreso para la corte” (1828) (306. or.): ..., y ver bailar al son de los tamboriles y las gaitas o zarrabetes a los inocentes artesanos”. (283. or.)
“Iztueta lamenta que, en algún pueblo (Gipuzkoa), el día del Santo Patrón salen los jóvenes a la plaza pública como si fuera Carnaval, sin chistulari, tocando trompetas, zarrabetes y otros instrumentos de este tipo, simulando turcos por su traje y juegos.” (418 or.)
Iñaki Irigoienek (1994) zarrabeteari buruzko berri ugari ematen digu.
Hark jasotzen du Emilio de Arriagaren “Lexicon bilbaíno” idazlana: “antes se veía en las romerías mucho sarrabete tañido por ciegos gallegos o asturianos, pero casi ha desaparecido el tipo de sarrabetero. Ha venido a sustituirlo el tocador de piano mecánico, ¡Ambos son peores!”. (54. or.)
Gitarraren atalean, I. Irigoienen (1994) lan honetako informazioan, Markinan 1880. urtean, silbo, tamboril, guitarras, eta panderas gain, erromeri hartan zarrabete ere entzuten zela ikusi dugu (31.or).
Ikonografia
Tentuz ikertuz gero, gure musika eta soinu-tresnei buruzko garai bateko informazio ugari aurki dezakegu ikonografian. Euskal Herriko elizetan hainbat zarrabete jole ageri dira. Gure herri-musikako beste soinu-tresnekin batera azaldu ohi dira.
Lapurdin, Baionako katedralean, sakristiako atarian danbolintero, arrabita jole, pandero jole, xirolarru-gaita jole eta bestelako musikarien artean zarrabete jole bat ere agertzen da.
XIV. mendeko Baionako zarrabete jolea.
Nafarroan, Iruñeko katedraleko klaustroan ere zarrabete jolea ikus dezakegu.
XII-XIV mende arteko Iruñeko zarrabete jolea.
Lizarran, XII. mendeko San Migel elizaren atarian organistrum-zarrabete joleak ageri dira, bi bikote.
Atariko ezker aldeko zarrabete-organistrum.
Atariko eskuin aldeko zarrabete-organistrum.
Los Arcos-Uranziako Santa Maria elizaren atarian ere hainbat musikari daude, tartean zarrabete jolea:
XVI. mendeko Los Arcoseko zarrabete jolea.
Araban, Guardiako Santa Maria elizaren atarian ikus dezakegu.
XIV. mendeko Guardiako zarrabete jolea.
Bizkaian, Lekeitioko XVI. mendeko Andra Mariaren Zeruratzea basilikako fatxadan ikus daitezke hainbat musikari, haien artean zarrabete jole hau.
XVI. mendeko Lekeitioko zarrabete jolea.
ITURRIAK
Bibliografia
ARRIAGA, Emiliano de. (1896). Lexicón bilbaíno. Madrid: Minotauro, 1960.
BARAIBAR Y ZUMÁRRAGA, Federico. (1903). Vocabulario de palabras usadas en Álava. Madrid: Establecimiento Tipográfico de Jaime Ratés.
BARRUTIA, Pedro Ignacio. (1682-1759). Gabonetako ikuskizuna- Acto para la Nochebuena. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1983.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1983.
GOROSTIAGA, Eulogio de. (1930). Cantares populares recogidos en Zeanuri. Anuario de Eusko Folklore. Tomo X.
IRIGOIEN, Iñaki. (1994). Dultzaina-gaita Bizkaian. Bizkaiko Dultzaina-La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.
IZTUETA, Juan Ignacio de. (1824). Viejas Danzas de Guipúzcoa- Gipuzkoa'ko Dantza Gogoangarriak. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
JIMENO JURIO, Jose María. (1987). Tamborines y gaiteros en Estella (Siglos XVI y XVII). Dantzariak, 40.
PEDRELL, Felipe. (1894). Diccionario Técnico de la Música. Serv. rep. de libros, Librerías Paris-Valencia. Facsimil. Valentzia, 1992.
RAMOS, Jesus. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 55 zk. 91-138 orr. Iruñea: Institución Principe de Viana.
URBELTZ, Juan Antonio. (1978). Dantzak. Bilbao: Ed.. Lankide Aurrezkia-Caja Laboral Popular.
Besteak
CARPINTERO, Pablo. (2010). Zanfona. Os instrumentos musicais na tradición galega [online]. http://www.consellodacultura.gal/asg/instrumentos/os-cordofonos/zanfona-zanfona/.