Xirula

BARRIKADA HAUSTIA (Zuberoako maskarada)

Soinulariak: Mixel Etxekopar (xirula) eta Oihenart (tabala)

Gotein, 1999.

Barrikada haustia. Mixel Etxekopar (xirula) eta Oihenart (tabala). Gotein, 1999.

Xirula (JMBA bilduma, 0199)

Xirula (JMBA bilduma, 0200)

Xirula (JMBA bilduma, 0259)

Xirula (JMBA bilduma, 0260)

Xirula (JMBA bilduma, 0262)

Xirula (JMBA bilduma, 0506)

Lexarduat xirula eta ttun-ttuna jotzen. (Arg. Txistu. Tratado de flauta vasca. P. Olazaran de Estella.1963?)

 

Xirula ahokodun flauta da, eta beraz, aerofonoa.

Egitura

Xirula, txistua bezala, hiru zuloko flauta zuzena da. Hiru zuloak tutuaren behealdean ditu, bi aurrealdean eta bat atzealdean. Txistua baino motzagoa da eta afinazio agudoagoa ematen du, hiru tonu eta erdi agudoagoa (Do tonuan afinatua dago gutxi gorabehera). Afinazio agudotasun honek berezitasun eta bizitasun handia ematen dio (askotan nota batean bi harmoniko batera entzuten dira) eta urrutitik beste soinu-tresnen gainetik bere hotsa entzun ahal izaten da.

Itxura eta egitura aldetik ere badira txistuarekiko desberdintasunak. Dirudienez, txirulak aldaketa edo eboluzio gutxi izan du. Ezpel egurrez egiten da, dena puska batean (ahoko takoa izan ezik). Askotan goiko eta beheko muturrak adarrez sendotzen dira, hauek baitira kolpez puskatzeko arriskurik handiena duten zatiak.

Joera

Xirulariak esku batekin xirula eta bestearekin besoarekin heldurik daraman ttun-ttuna jotzen ditu. Horrela jole bakar batek musikaren doinua, azpiko nota pedalak eta erritmoa aldi berean eskain ditzake.

Digitazio naturalaz ia bi zortziduneko eskala diatonikoa ematen du.

Historia

Bere erabilera mantendu da gaur egun arte Euskal Herriko Ipar-Ekialdean, bereziki Zuberoako herri dantzetan. Zuberoan ez da festarik eta dantzarik xirularik gabe.

Gaur egun, txistu eta xirularen arteko ezberdintasunak oso nabarmenak dira eta zehaztuta daude. Bakoitzak bere itxura, hotsa eta neurriak ditu. Baina ezberdintasun hauek (neurria, itxura, danbolina-danburia), dokumentu zaharretan ikusten dugunez, garai batean ez ziren hain garbiak izango.

Xirula normalean danburiarekin jo izan da, jole berak txirula eta danburia joaz. Musikariak txirula jotzen duen beso berarekin heltzen du danburia bere gorputzaren kontra. Batzuetan bi txirularik batera ere jo izan dute, bakoitzak bere danburiarekin. 1930. hamarkadatik aurrera Zuberoan danburia gero eta gutxiago erabili izan da eta talde arruntena txirula eta atabalak osatu dute. Azken garaietan, XX. mendearen amaieratik aurrera, berriro berreskuratu da Zuberoan danburiaren erabilera.

Txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, xirulariek ere beste soinu-tresna joleekin elkarturik bestelako herri taldeak osatu dituzte, hala nola, biolinarekin edo akordeoi diatonikoarekin.

Xirula eta danburia bezalako soinu-tresnak jotzen zuten soinulariak XIX. mendera arte oso zabalduak zeunden Euskal Herrian, baina atzerakada handia izan zuten mende horren bukaeratik aurrera. Antzinako idazlanei begiratzen badiegu ia Nafarroa osoan (XVI. mendean Tuteraraino) azaltzen dira, eta Iparralde osoan ere bai, kostaldetik Zuberoaraino.

Non eta nolako taldeak osaturik jo izan den jakiteko oso garrantzizkoa da Jesus Ramosen lana (1990). Idazlan honetan, XVIII. mendean urtez urte Iruñeko Sanferminetara jotzera etorritako soinularien artean halako joleak azaltzen zaizkigu, Iparraldetik (gehienak) eta Nafarroatik etorriak, baina baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorritakoak ere.

1970ko hamarkadatik aurrera xirularen erabilera Euskal Herri osora zabaltzen da. Ordutik aurrera euskal herri musika eta “folk” taldeetan sartzen dela ikusten dugu, baita musika bandako soinu-tresnekin osatutako “fanfarre-txaranga” moduko taldeen barruan ere,.

ITURRIAK

Bibliografia

BEDAXAGAR, Jean-Michel. (2018). Aitzina pika. Ozaze: Suazia.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

RAMOS, Jesus. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII.Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (55. zk., 91-138). Iruñea: Institución Principe de Viana.

Diskografia

BEDAXAGAR, Jean Mixel. (1983). Xiberoa. Elkar. ELK-59.

(1995). BEDASAGAR. Fonti Musicali. Traditions du Monde. fmd 208.

BEDAXAGAR, Jean-Michel. (2018). Aitzina pika. Ozaze: Suazia.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

ETXEKOPAR, Mixel. (1988). Xiberoko dantza jauziak. Uhaitza.

(1992). Xiberoko dantza jauziak - 2. Euskal Dantzarien Biltzarra.

Ikus-entzunezkoak

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

LARRUKERT, Fernando. (1968). Ama lur / Tierra madre. Euskadiko Filmategia.

(1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.