Xirolarrua, bota, gaita de bota

Txulo. Juan Mari Beltran-txanbela taldea. 1997. txanbela-arinarinketan. IZ 488.

Xirolarrua-bota (JMBA bilduma, 1352)

Xirolarrua-bota (JMBA bilduma, 0243)

Lekeitioko Santa Maria elizako XV. mendeko xirolarru joleetako bat.

Xirolarrua-bota jotzen. 1999.

Sustraiak taldeko Juan Mari Beltran eta Kepa Oses. Donostia, 1971 (Arg.: Diario Unidad. 1971-09-06).

 

Xirolarrua-bota aerofonoen familiako soinu-tresna da.

Egitura

Xirolarru-botak honako zatiak ditu: xirola melodikoa, pordoia, airerako zahagia eta hodi puzkailua.

  • Xirola melodikoa dultzaina modukoa da, ezpelezkoa eta pita kanaberazko mihi bikoitzekoa.
  • Pordoia (ronkoia), hiru zatitan egindako ezpelezko hodi zilindrikoa da, eta kanpotik diametro desberdinekin torneatua dago. Albokaren moduko fita du, mihi bakarrekoa, eta modu iraunkorrean azpiko nota ematen du. Apaingarritzat, harizko borlak eta zintzilikarioak izan ditzake.
  • Airerako zahagia. Bota (zahato) soinu-tresnari izena ematen diona antxume edo antzekoaren larruz egina dago eta kanpotik oihalezko funda batekin forraturik dago.
  • Hodi puzkailua. Hezurrezkoa edo adarrezkoa izaten den punta ezik ezpelezkoa izaten da. Zahagian sartzen den muturrean larruzko balbula txiki bat du. Hau putz egiterakoan ireki egiten da airea pasatzen utziz eta puzten ez denean hodi puzkailua hermetikoki itxi egiten da.

Joera

Airerako zagia besopean, pordoia (ronkoia) bizkar gainetik eta punteroa eskuekin harturik, aire puzkailua ahoan sarturik jotzen da. Hodi puzkailuetatik zagira sartutako airea besoaren presioz kontrolatu eta xirola eta pordoi hodietara bideratzen da. Airea hau dultzaina motako xirolaren hodi melodikora eta pordoiaren hodietara iristen denean, hauek melodia eta azpiko nota pedala ematen dute, hurrenez hurren.

Historia

Xirularrua-bota Euskal Herrian aspaldidanik jotzen ez bada ere, alboka motako Boha-Xirolarruaren atalean ikus daiteke, aire zahagia duten halako soinu-tresnak lehenago erabili izan direla gure herrian.

Orain beste xirolarru mota hau aipatu nahi dugu. Xirolarru-bota honek hodi konikoa den xirolan mihi bikoitzeko (oboe) pita du eta hodi zilindrikoa den pordoian mihi bakuneko (klarinete) fita du.

Ez dago garbi zenbateraino erabiliko ziren, zeren, dokumentu zaharretan, askotan ezin dugu argitu “gaita” hitzaren atzetik “dultzaina” ala “xirolarru” motako soinu-tresna dagoen.

Badakigu Arabako Errioxaldean halako soinu-tresnak erabiltzen zirela. Oion herriko 1662. urteko dokumentu zahar batek hala dio: “Sortze Garbiaren festetako “bota” jotzea lanagatik gaiteroari hirurogeita hamazazpi ogerleko ordaindu zitzaizkion”. (Jiménez, 1972, 6. or.). Gure ustez, “Bota” izena zahato gisako haize-zagiarengatik hartuko zuen.

Hona hemen zer dion A. Donostiak (1952): “Badirudi XIII. mende bukaeran eta XIX. hasieran, Arabako herri batzuetan ez da danbolina jotzen. “Arabako egoaldean horren ordez gaita galiziarra jotzen da” (300. or.).

Inguru horretako Errioxako zenbait herritan XX. mendearen hirurogeigarren hamarkadan oraindik ere entzuten zen soinu-tresna hau. Bertako Entresaque ikertzaile taldeak azken urte hauetan egindako ikerketa sakon eta berreraiketa lan baten ondoren, gaur egun berriz ere ikusi, jo eta entzun dezakegu soinu-tresna hau.

Gaita-dultzainaren atalean ikusi dugun bezala, XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako musikarien artean halakoak izango zirela pentsa dezakegu. Hona hemen adibideetako bat (J. Ramos, 1990):

Gregorio Arrieta - Gaita, dulzaina , guitarra - Torres del Rio, Sansol - 1763-73, 75-86, 88, 90-92, 94 - (toca en 1769 gaita con trompetilla, en 1778 dulzaina y gaita, guitarra en 1791, dulzaina en 1763, 79, 82, 83, 92; y gaita en el resto de los años, destacándose el año 1771 que toca acompañado (6g+t)” (102. or.). Dokumentu honetan garbi agertzen da gaita eta dultzaina soinulari berak jotzen dituen bi soinu-tresna desberdinak direla.

Antzina, halako soinu-tresnak Nafarroan erabiliko zirelakoan gaude. Beste dokumentuen artean, hor dago A. Donostiak (1952) aipatzen duena: “Iruñeko Udal Artxibategian kontserbatzen den “Privilegio de la Unión” delako kopia batean, XV. mendeko marrazki bat agertzen da, halako soinu-tresna jolea zaldiz mozorroturik (haize zagia, hodi puzkailua, hodi melodikoa eta pordoia dituen gaita)” (283. or.).

Euskal Herriko toki askotan agertzen diren dokumentu ikonografikoek garbi uzten dute, inguruko herrietan bezala, gure artean ere halako soinu-tresnak erabili izan direla. Gasteizko Santa Maria elizan, Eltziegoko San Andresen, Iruñeko katedralean eta Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen basilikan ikus ditzakegu xirolarru joleak, besteak beste (Beltran, 2012).

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2004). Xirolarru - Gaita. La cornamusa en el País Vasco. Anuario da Gaita. (19.zk, 69-84). Escola Provincial de Gaitas. Deputación de Ourense.

BELTRAN, Juan Mari; JALON, Fernando. (2012). Xirolarrua. Oiartzun: Soinuenea-Syntorama. HMB-2012-534-KD

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

JIMÉNEZ, Joaquín. (1972). Danzas en Alava. Revista Dantzariak, nº 3. pág. 3-12.

RAMOS, Jesus. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (55. zk., 91-138). Iruñea: Institución Principe de Viana.

URBELTZ, Juan Antonio. (1983). Notas sobre el 'Xirolarru' en el País Vasco. Cuadernos de Sección. Folklore 5. zk. Donostia: Eusko Ikaskuntza.

Diskografia

BELTRAN, Juan Mari; JALON, Fernando. (2012). Xirolarrua. Oiartzun: Soinuenea-Syntorama. HMB-2012-534-KD.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.