Txulubita (zuloduna) ahokodun flauta da, eta beraz aerofonoa.
Egitura
Adar makilatxo bat da. Mutur batean, begi ondoan, ahokoaren muturra egiten zaio. Makila atereaz, azalak flautaren tutuaren funtzioa betetzen du. Beheko muturretik sartzen zaio lehenago ateratako makila. Tonu aldaketarako zulo bat egiten zaio.
Joera
Txulubitaren goiko muturra ahoan sartu, putz egin eta txio moduko doinu luzeak ematen ditu. Zuloa hatzarekin itxiaz eta irekiaz, bi notako doinua jotzen da (nota gehiago nahi badira, zulo gehiago egin behar zaizkio).
Historia
Herrialde askotan, udaberrian, izerdi garaian, haurrei egiten zitzaizkien halako hots-jostailuak. Leku batzuetan lizar adartxoekin eta besteetan gaztainondoarekin egiten dira. Tresna hauek ez dute hotsa denbora luzez ematen. Horregatik, erabili nahi direnean egitea izaten zen onena. Lehenago ikusi dugunez, udaberria izaten da egiteko eta jotzeko garai nagusia.
TAILERRA
(Beltran, 1996, 61-63. orr.)
Txulubita bat egiteko adar makilatxo bat mozten da. Adarraren begi ondoan, ahoko muturra izango dena garbi-garbi ebakitzen da.
Gero, erdialdean, azalaren buelta osoan, paraleloki bi ebaketa egiten dira bata bestearen ondoan, bien erdian gelditu den azal eraztun hori atereaz. Horrela, makilaren azala bitan banaturik gelditzen da.
Segidan, ahokoa izango den muturrean, honen prestakuntza hasten da. Lehendabizi muturrean aurrealdeko zuloa irekitzen da, ebaketa egin eta azal puska hori kenduz, eta gero ezpainetan heltzeko atzealdeko errebajea makila osoan.
Orain goialdeko azal tutu osoa makilatik atera behar da. Horretarako, izerdia mugiarazteko eta azala pixka bat arrotzeko, makila izter gainean jarririk, labana aldrebes hartu eta kirtenarekin kolpetxo batzuk jotzen dira azalean makila jiratuz. Askotan, hau egiterakoan, egileek kantutxo edo lelo bat errezitatzen zuten makilaren kontra ematen ziren kolpetxoekin erritmoa markatuz. Hona hemen Nafarroako Iribasen jasotakoa:
Txulubite malabite
Frantzin sartu, Españin atera.
Txulubite malabite
Frantzin sartu, Españin atera.
Izeeerdi, izeeerdi, izeeerdi, izeeerdi.
Txulubite biribille tronpeta,
Frantzin sartu, Españin atera.
Txulubite biribille tronpeta,
Frantzin sartu, Españin atera.
Izeeerdi, izeeerdi, izeeerdi, izeeerdi.
Lau aldiz errepikatutako azken hitza esaterakoan, erritmoa mantsotu eta kolperik eman gabe, labanaren kirtenarekin makila igurtzi egiten da erdialdetik muturrerantz.
Hau egin eta gero, makila esku batekin alde batetik eta bestearekin bestetik heldu eta bi zati kontrako zentzuan jirarazi eta kanpoaldera tiratuz, ahoaldeko azal tutu osoa makilatik ateratzen da.
Segidan, makila hartu eta ahokoaren takoa mozten da, mozketa garbi eginez eta airea pasa ahal izateko kanalerako hozkadura eginez.
Bukatzeko, takoa bere tokian jarri, eta azalik gabe dagoen makilaren zati bat azalezko tutuan sartu. Ahokoaren takoa eta sartutako makilaren tartean, azalezko tutuan zulo bat edo gehiago egin eta txulubita erabiltzeko prest dago.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1978). Azal doiñuak: Sunpriñu eta Txulubite. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. (29 zk. 349-362). Iruñea: Institución Principe de Viana.
(1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
ETNIKER. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. Etniker Euskalerria. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.