Txanbela

Bortian ahuzki

Soinularia: Pierre Caubet

Lakarri, 1985/03/03

Nigarrez sorthu nintzan kanthoriaren ahaidia. Pierre Caubet. Lakarri, 1985. (Euskal Herriko Soinu-Tresnak. IZ 217. 2017, Elkar KD DVD-E 968)

 

Txanbela aerofonoen familiako mihi bikoitzeko soinu-tresna da.

Egitura

Mihi bikoitzeko aerofonoa da, denok ezagutzen dugun dultzaina-gaitaren antzekoa, baina pixka bat txikiagoa. Mihiak kanaberaz, adarrez eta azkenean Caubetek egiten zituen bezala plastikoz egiten ziren.

Tutua, konikoa da eta ezpelez egina dago. Luzera aldetik dultzaina baino motzagoa da, gutxi gorabehera dultzainak belarriak deitutako zuloetaraino (txanbelak ez du horrelakorik). Tonu aldaketarako, dultzainak bezala zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean (azkena pixka bat alboratua behatz txikirako) eta bat goiko atzealdean.

Joera

Txanbelak dituen zulo guzti horiekin posible da dultzainak ematen dituen notak ematea, baina J. Pierre Caubet Lakarriko txanbelariak beste modura egiten zuen, halako digitazio eta eskala erabiliz:

  • Behetik hasita; dena itxita.- La
  • 2. eta 3. zuloak irekita.- Si (baju xamar)
  • 2., 3. eta 4. zuloak irekita.- Do-Do# artekoa
  • 2., 3., 4., eta 5. zuloak irekita.- Re
  • 2., 3., 4., 5. eta 6. zuloak irekita.- Mi
  • 2., 3., 4., 5., 6. eta 7. zuloak irekita.- Fa#

Behatz txikiko zuloa eta atzekoa beti itxiak mantentzen ditu.

Ikusten dugunez, eskala honek bai bitarte eta hedadura aldetik antza handia du albokaren eskala zaharrarekin.

Historia

Askorentzat Zuberoako jatorrizko soinujole bakarra txirularia da, bera baita gaur egun ekintza gehienetan azaltzen dena. Baina oso jende gutxik ezagutzen du beste soinu-tresna bat, antzinatik Zuberoan, Pirinioetako magalean erabili izan dena eta gaur egun ia galdua dagoena: txanbela. Hango artzainak izaten omen ziren jole nagusiak.

Gaur egun, txanbela eta bere musika zahar askoren oroimenean daude, baina guk dakigunez jotzaile zaharrik ez da geratzen Zuberoan. Guk ezagutu genuen txanbela jotzen zuen azken txanbelaria, 75 urte zituelarik 1988. urtean hildako lehen aipatu dugun Lakarriko J. Pierre Caubet izan da. Honek erakutsi zigun txanbela zer izan den eta nola jotzen den, eta hark eman zigun soinu-tresna honen errepertorioaren eta bere musika estilo zaharraren berri.

Txanbelak antzinako euskal musikaren estilo eta joera berezi bat mantendu du, gaur egun gure herri kantutegian dugun musika era zaharrenetariko bat, zaharrena ez bada. Horregatik guretzat txanbela ez da soinu-tresna bat bakarrik, musika egiteko era bat ere bada. Estilo honi buruz, Zuberoan bada esaera bat; “txanbela bezala ari da kantatzen”.

Garai batean Euskal Herriko herri musikak, beste herrietakoak bezala, erritmo, eskala, modu eta estilo ugari erabiltzen zituen. Askotan ez zeuden tonalitate edo modu baten barruan, ez zituzten betetzen musika “ofizialaren” arauak, ez eskema melodikoak ez eta metrikoak. Horregatik doinu herrikoiak jasotzen aritu direnek arazo handiak izan dituzte magnetofoiak sortu arte, ezin baitzuten entzundako musika paperean idatzi. Geroago, pixkanaka-pixkanaka, hori galtzen joan da eta gero eta “akademikoago”, estandarrago egin da. Txanbelak (J. Pierre Caubetek) mantendu du bere txokoan antzinako forma bat.

Caubetek ondo bereizten zituen bi mundu horiek eta behin baino gehiagotan erakutsi zigun kantu bera bi estilo eta formetan kantatzeko gai zela.

Txanbelaren errepertorio tradizionaleko doinu guztiak kantuak dira eta Caubetek kantu bakoitzeko bi bertsio desberdin ematen zituen: bata kantaturik eta bestea txanbelarekin. Biak antzeko ematen zituen, era librean, baina kantatua silabikoagoa eta instrumentala zen, nota apaingarri gehiagorekin. Nabarmena da, baita ere, doinu hauen esaldi musikal guztiak nota luze batekin bukatzen direla eta nota hori askotan ez dela geldirik geratzen, baizik eta tonuz behera doala. Hau eta beste nota berezi horiek txanbelarekin egitea posible da hatzak mugitu gabe, haizearen eta muturraren presioa aldatuz.

Caubeten kantu baten bi bertsioen partiturak: ezkerrean bertsio instrumentala eta eskuinean kantatutakoarena (Iruñeko Gaiteroak, 1977)

 

Guzti hau ikusirik, beste edozein soinu-tresna zahar berreskuratzea zaila bada, txanbelaren kasuan zailagoa dela esan dezakegu. Ez baita nahikoa jotzea, bere berezitasun hori galtzen bada. Hori da txanbelaren arima eta euskal musikari egin dion ekarpenik garrantzitsuena.

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

IRUÑEKO GAITEROAK. (1977). Caubet Chubuko Arhan: txanbela eta khantoriak (I). Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 27. zk. (483-507 orr.). Iruñea.

(1978). Caubet Chubuko Arhan: Txanbela eta khantoriak (II). Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 28. zk. (117-182 orr.). Iruñea: Institución Principe de Viana.

Diskografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

CAUBET CHUBUKO ARHAN. (1978). Txanbela bezala ari da khantatzen. Lekuko. H.M. 02.

Ikus-entzunezkoak

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

(2019). PIERRE CAUBET: "Pethi Xubuko Arhane". Soinuenea. HMB-2018-1329-CD-DVD.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.