Tulurtea menbranofonoen familiako soinu-tresna da (mirlitoi).
Egitura
Hustutako makila edo kanabera tutu bat izaten da. Mutur batean tinkatutako mintza edo papertxo bat du. Mutur horren ondoan tutua zulatuta dago, tarareatuz haizea botatzeko.
Joera
Jotzeko, eskuarekin hartu eta mutur ondoan tutuan egindako zuloa ahoaren kontra jartzen da eta jotzaileak, “tururu” eginez, eman nahi duen doinua tarareatu behar du. Ahoarekin ematen duen doinuaren hotsa, mintza edo papertxoaren bibrazioz aldatu eta handitu egiten da.
Historia
Jostailu gisa erabiltzen dira. Euskal Herrian halako haurrentzako soinu-tresna edo jostailu hauek txoko gehienetan erabili direlakoan gaude.
Gehienetan kanaberazkoak izaten dira eta turuta izenez ezagutzen dira.
“Elosuan (Gipuzkoa) intsusez egiten zuten eta “flota” izena ematen zioten. Karranzan (Bizkaia) “kanaberazko flauta” esaten zioten” (Etniker, 1993, 695. or.).
Larraun bailaran (Nafarroa) intsusazko makilez egiten zuten eta “tulurtea” izena ematen zioten.
TAILERRA
Bi materialak izan dira erabilenak: kanabera eta intsusa.
Intsusa makilez egindakoak, honela egiten dira:
20 zentimetro inguruko makila mozten da eta azala zuritzen da.
Barruan duen muina burdin ziri batekin ateratzen zaio tutua garbi utzirik.
Mutur batetik 5 zentimetrotara gutxi gorabehera zulo bat egiten zaio.
Zulo ondoko muturra, ondo tinkaturik dagoen papertxo batekin ixten da, haritxo batekin lotuta
Kanabera erabiliz gero:
Bi zentimetro inguruko diametroa duen kanabera tutu bat hartzen da eta 10-15 zentimetro inguruko luzerakoa mozten da, bi muturretatik irekita utzirik.
Neurriaren arabera mutur batetik 3 zentimetrora gutxi gorabehera zulo bat egiten da.
Bukatzeko, alde horretako muturreko ahoa, erretzeko (zigarroetako) papertxo batekin ixten da.
Gaur egun, zigarroetako paperaren ordez, plastiko finezko paperak erabiltzen dira ere, eta hau ondo tinkaturik lotzeko gomazko eraztunak.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
ETNIKER. (1993) Juegos infantiles en Vasconia. Etniker Euskalerria. Eusko Jaurlaritza.