Tronpa, mosugitarra, mosumusika

JOALDIA

Soinularia: Juan Mari Beltran Argiñena

Soinuenea, 1999/04/11

TRONPA-MOSUGITARRA. Joaldia. Soinularia: Juan Mari Beltran Argiñena. Oiartzun, 1998.

San Telmo Museoan zeuzkaten Ikaztegietako tronpak (bat desagertua).

Tronpa-mosugitarra (JMBA bilduma, 0119)

Tronpa-mosugitarra (JMBA bilduma, 0120)

Tronpa-mosugitarra. Aresokoa (JMBA bilduma, 0856)

 

Tronpa edo musugitarra idiofono punteatua eta malgua da.

Egitura

Euskal Herrian jo izan den tronpak metalezko giltza zahar baten itxura du. Itxi gabeko uztai sasi zirkularra da. Muturretan, paraleloki bi beso ateratzen zaizkio kanpoaldera. Bi beso horien erdian, hatzarekin eraginez bibratzen duen altzairuzko mihi bat du.

Joera

Tronparen bi “beso” horiek ezpainen artean, hortzen kontra jartzen dira. Soinu-tresnaren mihiari eragitean, ahoa erresonantzia kaxa gisa erabilita eta beronen barruko espazioa aldatuz, tonu desberdinak lortzen dira.

Historia

Tronpa, mosugitarra edota mosumusika deiturekin izendatzen da Euskal Herrian, mundu osoan oso zabaldurik dagoen soinu-tresna hau.

Toki batzuetan metalezkoa da eta besteetan banbu kanaberazkoa. Galizian birimbao, Italian scacciapensieri, Errusian truba, Katalunian zanfonya eta beste zenbait izendapen ezagutzen baditugu ere, Europan guimbarda eta mundu zabalean jew´s harp (juduen arpa) izenekin ezagutzen da nagusiki.

Soinu-tresna txiki eta sinple hau Euskal Herrian asko jotzen omen zen XX. mendera arte. Mende honen hasieran jotzaile batzuk geratzen ziren Gipuzkoan eta Bizkaiko Durangaldean.

Aita Donostiak (1952) zenbait xehetasun ematen du: Durangokoei “tronperriko” deitzen zieten goitizenez, bertan tronpak egiten baitziren, eta jo ere bai. Durangoko dendetan 1890-1895. urte inguruan tronpak saltzen ziren eta 1906-1910. inguruan jotzen omen zuten, baita oso ongi jo ere.

XIX. mende hasieran, Hernaniko plazan “tronpa dantza” izeneko dantza egiten omen zen. Dantza honek, izena, bere musika emailearen soinu-tresnengandik hartzen zuen, tronpekin (guimbardes) jotzen ziren eta.

Aita Barandiaranek esaten zuenez, mende honen hasieran Ataungo plazan jendeak Tronpa musikarekin dantzatzen zuen (288-289. orri.).

Donostiako San Telmo Museoan soinu-tresna honi buruzko informazio gehiago aurkitu dugu. Horretan, Durangoko tronpari buruzko berri asko agertzen dira, baita Gipuzkoako Ataun eta Ikaztegietari buruzkoa ere. Azken herri honetatik 1916. urtean sartu ziren bi tronpetatik bat kontserbatzen dute (Beltran, 1997, 37-38, 81-85 orr.).

San Telmo Museoan zeuzkaten Ikaztegietako tronpak (bat desagertua).

J. Caro Barojak (1971) beste bitxikeria bat kontatzen digu soinu-tresna honi buruz:

Durangaldean, XV. mendean, inguruko familia ospetsu bateko Fray Alonso Mella erlijiosoak mugimendu heretiko bat antolatu eta burutu zuen. Mugimendu haren partaideek tronpa jotzen omen zuten kale izkinetan jarririk, haien bileretako dei gisa. Historia hori dela eta Durangokoei burla egiten omen zieten 400 urte beranduago eta hauek ez zuten gogoko “tronperriko” goitizen hori (287-289. orri).

 

Guk zuzenean bildutako informazioan (Beltran, 1996), ostatuetan, sagardotegietan eta etxeetako sukaldeetan jotzen zela ikusten da:

Bedaioko J. A. Sarasola txistulari zenaren amak, ilunabarretan, etxeko sukaldean jotzen zuen tronpa txiki bat besteek kanta eta dantza zezaten.

Idiazabalgo Felix Izagirrek (1916-1995) hau esan zigun: bera haurra zelarik, neguan, iluntzean etxeko haurrekin sukaldean elkarturik zeudenean, hauek esaten zutela; “Aita, jo musika!” eta tronpa jotzen zuela.

Ezagutu dugun azken tronpa joleari buruzko berriak, Orioko San Martin auzoko Sarobe baserrian bildu ditugu bertako Jose Peñak emanak. Mutiko zenean bere etxera etortzen omen zen Aretxabaletako gizon handi bat, Nikolas Garmendia. Kontrabandoan, eskopetak konpondu, pistolak saldu eta horrela ibiltzen omen zen. Sarobe baserrian egon eta lo egiten zuen. Sukaldean bertan asko jotzen omen zuen eta oso ondo gainera, era guztietako kantu eta dantzak. Tronpa handi bat zuen, hori kolorekoa. “Ateratzen zuen buila!”. Bukatutakoan, kortxozko funda edo kaxa batean gordetzen zuen.

Inguru hartan toki askotan saltzen zen sagardoa eta leku haietan ibiltzen zen Nikolas tronpa jotzen, dantzarako fandangoa, porrusalda eta martxea, eta jendeak kantatzen zuen bitartean laguntzeko ere jotzen omen zuen (49-56. orr.).

Josek kantatuz eman zizkigun ondo gogoan hartuak zituen Nikolasek jotako doinuak (Ikusteko eta entzuteko: Beltran, 2017).

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

(1997). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Cuadernos de Sección. Folklore.- 6. Zk. Donostia: Eusko Ikaskuntza.

CARO BAROJA, Julio. (1971). Los vascos. Madrid: Ediciones Istmo.

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1983.

Diskografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

(1998). J. Goikoetxea - J.M. Beltran. Beti ttun ttun. NO-CD. CDNO21.

Bideoak

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.