Tobera zuzenki kolpaturiko idiofonoa da.
Egitura
Itxura aldetik aldaera batzuk agertzen badira ere, arruntena gutxi behera metro eta erdiko altzairuzko palanka izaten da. Bi muturretatik zintzilik dago, bi pertsonak sokekin helduta. Jotzeko 30 zentimetro inguruko luzera duten lau burdina-ziri erabiltzen dira.
Joera
Bi jotzailek jotzen dute. Bina burdina ziri dute, bat esku banatan. Bien artean txalapartarekin egiten denaren moduko jokoa egiten dute. Lesaka aldean, erritmoa markatzen dionari "bia" deitzen diote, eta besteari "pikatzailea" edo "errepikia" (bigarren honi Oiartzun aldean “bata” esaten zaio). Koplaria, bertsolaria ere haiekin doa. Honek, palanka joaldiarekin tartekatuz kantatzen ditu Toberaren bertso propio zaharrak, saio horretarako prestatutakoak eta baita bat-batean jarritako bertso berriak ere.
Historia
Txalapartaren "aldaera" hau (askotan nahastu egiten dira txalaparta eta tobera izenak ere) ez da soinu-tresna bakarrik, baizik eta festa giroan egiten den ekintza bat.
Toberak saioak txalaparta bezalako ekintzetan azaltzen ziren, baina azken denboraldietan, XX. mendearen hasiera arte, izan zuen funtzio nagusiena, bai Lesaka eta Oiartzun inguruan, ezteiekin lotua dago. Lesakan Pregoi egunean eta Oiartzun aldean eztei egunetako batean jotzen ziren.
Gazte koadrila, gehienetan palanka bizkarrean harturik, andregaiaren edo ezteia ospatzen ari den etxera inguratzen zen. Han, atari aurrean palanka lurrean sartzen zuten, askotan zinta eta lorez apaindurik. Jotzeko garaian, lurretik atera, alderik alde bi muturretatik zintzilikaturik jotzen zuten.
Ezkontzetako joaldietan, joaldiekin tartekatuz, koplak kantatu izan dira. Hauek hiru motatakoak izaten ziren: zaharrak, egun horretarako jarriak eta bat-batean egindakoak. Horretarako trebea zen norbait aukeratzen zen eta tarteka koadrilak halako leloa kantatzen zuen:
San Martin de la Moja
Moja de San Martin.
Toberak jo ditzagun
Ordu onarekin;
Ordu onarekin ta
Birjin Amarekin.
Edo beste modu honetan:
San Martin de la Monje
Monje de San Martin
Toberak jo ditzagun
Ordu on batekin
Ordu on batekin da
Birjina amarekin
Bitarteko bat hartu
Dezagun San Juakin.
Bukatzen zutenean, ezkongaiekin etxean sartu eta afaldu edo zerbait jan eta edaten zuten.
Karobien inguruan ere askotan agertzen ziren halako ekintza edo ospakizunak. Karea egiteko elkartzen ziren eta gauez, karobien inguruan suak pizturik, “karobi eztaia” izeneko festa ospatzen zen. Hau, afari, bertsolari, irrintzi eta musikaz osatzen zen eta txalaparta jotzen zuten.
Gaur egungo egoera
Gaur egun, txalapartarekin batera edo nahasturik erabiltzen da, eta gero eta jole gehiago, iraunkorragoak eta trebeagoak aurki daitezke Euskal Herriko bazter desberdinetan.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
(2004). Txalaparta eta beste aldaera zaharrak. La txalaparta. Antecedentes y variantes. La txalaparta, origines et variantes. The txalaparta. Forerunners and variants. Oiartzun: Herri Musika Bilduma, 3. HM Txokoa.
(2005). El misterio de la txalaparta. Lur. arte, gastronomía, guía. nº 5. Udazkena. 21.or.
(2007). Hernaniko txalaparta eskolaren 11 ikasturte. Jentilbaratz 9. Cuadernos de Folklore, 9. Donostia: Eusko Ikaskuntza.
(2009). Txalaparta. (liburua+CD+DVD). Donostia-San Sebastián: Editorial Nerea/NO-CD Rekords.
DONOSTIA, Aita. (1924). Toberak. Obras Completas del P. Donosti. (I. liburukia, 71-90). Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca.
(1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.
LEKUONA, Manuel. (1920). El Epitalamio Vasco- Las toberas. Idaz-lan Guztiak, 365-378. Tolosa: Kardaberaz Bilduma - 23. 1978.
(1978). Toberak eta Txalaparta. Idaz-lan Guztiak, 359-363. Tolosa: Kardaberaz Bilduma - 23. 1978.
Diskografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
ZUAZNABARTARRAK. (1975). Antología de instrumentos vascos. Columbia BC 3896.
HAINBAT. (1972). Lesaka. Herrikoi-musika sorta, 10. Donostia: Edigsa-Herri Gogoa. HG-48.
Bideoak
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.