Sunprinua, sunpriñua

SUNPRINU JOALDIA

Durunbele

Soinularia: Juan Mari Beltran

Iribas, 1992/05/30

Durunbele. Juan Mari Beltran. Iribas, 1984. (Euskal Herriko Soinu-Tresnak. IZ 217. 2017, Elkar KD DVD-E 968)

Sunprinua (JMBA bilduma, 0768)

Sunprinua (JMBA bilduma, 0612)

Sunpriñua jotzen. 1974.

 

Sunprinua aerofonoen familiako mihi-bikoitzeko soinu-tresna da.

Egitura

Hurritzaren azalarekin egindako tutu konikoa da. Goiko muturra zanpatua du, mihi bikoitzeko pita osatuz. Tonu aldaketarako bi zulo ditu.

Joera

Pita ahoan sartu, haizea eman eta doinuak osatzeko dituen bi zuloak itxi eta irekitzen dira, bi eskuetako hatz erakusleekin.

Historia

Mihi bikoitzeko soinu-tresna sinpleak eta “oboe” motako tresnen bilakaera prozesuaren hasiera erakusten digutenak, landare edo zuhaitz adarren azalarekin egin izan dira. Batzuetan pita eta gorputza, dena azal puska berarekin egiten da, besteetan pita aparte delarik; batzuetan zulorik gabe, besteetan doinuak jotzeko zuloak dituzte. Tresna mota hau munduan zehar ezaguna da eta Europan esate baterako punta batetik bestera egin eta jotzen dira edo erabiliak izan dira. Horretarako tokian tokiko honako landare hauek erabiltzen dira: lizarra, intxaurrondoa, sahatsa, urkia, gaztainondoa, hurritza... Pirineoetako beste muturrean, Katalunia aldean, asko erabili izan dira (R. Violant y Simorra 1953, 1954).

Euskal Herrian baditugu mota honetako bi soinu-tresna: horietako bat hurritzaren azalarekin egiten da eta sunpriñua izena ematen zaio (Beltran, 1996).

Ez da batere ezaguna gaur egun, erabat galdua dago-eta. Nafarroako Larraungo bailaran, Aralar mendian ibiltzen ziren artzainak izan dira azkeneko sunprinu joleak. 1936ko gerra bitartean normaltasun osoz jo izan dute, geroago ere baten batek jo izan du noizbait.

Bi zulo dituenez, hiru notako doinuak eman ditzake. Sunprinuarekin jotzen den doinu nagusiari “Durunbele” deitzen zaio, eta jotzaile bakoitzak libertate handiz bere gustora jotzen zuen: batzuek azkar eta trino asko eginez, beste batzuek polikiago eta nota luzeak emanez.

Entzuleek entzuterakoan berehala ezagutzen zuten zein zen jotzen ari zena.

Sunprinua jotzeko moduan kontserbatzeko, uretan sarturik gorde behar da, erreka putzuetan, ur asketan edo horrelakoetan. Bestela lehortu egiten da eta ez du hotsik ematen. Hala ere, uretan denbora luzea daramanean usteldu egiten da eta hiru edo lau hilabetetan hotsik ematen ez duela geratzen da. Hurrengo udaberrian berriro berriak egin beharra dago. Horregatik, udaberrian egiten zenetik “San Ferminak” arte jotzen zen sunprinua. Dena dela bakarren batek lortu izan du “San Martinak” arte jotzea.

Larraungo bailara bi zonaldetan banatzen da: “Urrizti herri” eta “Ote herri”. Urrizti herrialdean jotzen zen sunprinua. Inguru horretako artzainak goizero igotzen ziren arditara. Gehienetan txakur eta ardiak zituzten lagun bakarrak eta entretenimenduetako bat sunprinu jotzea zen. Artzain bati bururatu eta sunprinua jotzen hasten zenean (bere sasoian, egoera egokian honen hotsa handia da eta urrundik entzuten da mendian), inguruko artzainek entzundakoan bat edo beste animatzen zen eta elkarrekin txandakatuz “elkarrizketa” musikal bat mantentzen zuten aspertu arte.

Arratsaldeetan, ardiak jetzi ondoren, ilunabarrerako, gutxi gorabehera ordu berean, denak beren etxeetara jaisten ziren, gazta mendiko bordan egiten zutenak esku hutsik eta gazta etxean egiten zutenak (normalean etxeko beste norbaitek egingo zuen) esne marmita bizkarrean harturik. Herrira iritsi baino lehen sunprinua hartu eta eguneroko saioa hasten zuten. Herritar guztiek entzuten zuten, nahiz ukuilutik, sukaldetik edo baratzetik... Hau izaten zen sunprinu saio garrantzitsuena. Beti, sunprinu-jole bakoitzak bere usadiozko leku jakinetatik jotzen zuen, herritik bat edo bi kilometrotara zeuden lekuetatik. Hauek, sunprinuak gordetzen ziren askak edo ur putzuak izaten ziren.

Han aritzen ziren sunprinua jotzen, bertako jendearen gozamenerako, ordu erdi inguruan, txandakatuz, ingurua “durunbele” musikaz betetzen (92-95. orr.).

Hona hemen pentagraman idatzita, Juan Bautista Lasartek kantatutakoaren grabazioan oinarriturik, “durunbele” joaldi baten transkripzioa:

TAILERRA

Sunprinua, lehen esan dugun bezala hurritz makila bati kentzen zaion azalez egiten da. Metro t’erditik bi metro arteko makila luze, garbi eta begirik gabekoa behar da.

Labanarekin bueltan, sei bat zentimetroko zabaleraz, espiralean markatzen da, azalean ebaketa bat eginez. Gero mutur batetik hasita, markatutako azal tira luze bat makilatik askatzen da. Hau egin ahal izateko, hurritz makilak izerdiz beterik egon behar du. Horregatik soinu-tresna hau sasoi zehatz batean egin behar da.

Sunprinua udaberri hasieran egin behar da, udaberriaren lehen “ilgoran”, izerdiak gora jotzen duenean, bestela, hori gertatu baino lehen egiten bada, azala makilari erantsita dago eta osorik edo puska luzez kentzea ezinezkoa da. Hori gutxi balitz, izerdiz betetzen denean begi berriak sortzen dira makilaren azalean eta kentzerakoan erraz hausten da edo zuloz beterik geratzen da kentzerakoan. Beraz, hiru bat astetako epea dugu sunprinu onak egiteko.

Tira luze hori karakol antzera estu-estu biltzen da, kukurutxo luze eta estu bat eginez, dultzaina luze baten itxura emanez. Kontu handia izan behar da hasieran, hori izango baita “pipitte” (pita) eta ongi jarri behar da bi ezpala (mihi) horiek bibratu dezaten.

Bildu eta gero beheko mutur zabala askatu ez dadin, hau “errena” deitzen zaion elorri arantza batekin lotzen da.

Bukatzeko tonu aldaketarako bi zulo egiten zaizkio. Hauek non egin behar diren jakiteko, sunprinua jotzeko jarreran eskuetan hartu eta behatzak (bi erakusleak) jartzen diren tokietan zuloak egiten dira. Sunprinua, neurriaren arabera eskuetan hartzen da eta zuloak ere neurri horrekin erlazionaturik egiten dira, doinuetarako notak eman ahal izateko.

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1978). Azal doiñuak: Sunpriñu eta Txulubite. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. (29. zk. 349-362). Iruñea: Institución Principe de Viana.

(1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

VIOLANT I SIMORRA, Ramon. (1953). Els pastors i la música. 10. Zk. Bartzelona: Biblioteca Folklórica Barcino.

(1954). Instrumentos músicos de construcción infantil y pastoril en Cataluña. Revista de Dialectología y Tradiciones Populares (t. X, 3. Eta 4. Koadernoak). Madril.

Diskografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

Ikus-entzunezkoak

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.