Trikitixa, akordeoi sasi-diatonikoa den mihi libreko aerofonoen familiako soinu-tresna da.
Egitura
Soinu txikia eta trikitixa deritzona akordeoi sasi-diatonikoa da. Zurezko bi kaxa ditu: bat melodia emateko botoiekin (eskuin eskuarekin jotzen dena) eta bestea laguntzeko nota eta akordeak ematen dituena (ezkerrarekin jotzen dena). Bien artean hauspoa dute. Bere sistemak ez du kromatikoen kasuan bezala eskala kromatiko osoa ematen irekitzen eta ixten. Doinua jotzeko botoiek, aho-soinuak bezala, ixterakoan tonu bat eta irekitzerakoan bestea ematen dute.
Joera
Besoen eraginez biltzen eta zabaltzen den hauspoak eragiten du mihiek bibratzeko behar duten haizea.
Historia
Euskal herri soinu-tresnetan berriena da. Akordeoi diatoniko hau XIX. mendearen bukaeran indartsu sartu zen gure Herriko musikaren bazter guztietan, kaletar eta baserritar inguruetan. Baina azkeneko honetan lortzen du herrikoitasunaren kategoria edo plaza.
Txistu, alboka eta dultzaina bezalako soinu-tresna zaharren munduan sartu zen, neurri handi batean hauen errepertorioa bereganatuz.
Soinu-tresna zaharren errepertorioaren eta soinu berri honen errekurtso handiagoaren nahasketatik eta baturatik musika estilo berri eta berezkoa sortu zen euskal herri musikaren barruan. Hau da gaur egun, trikitixa estilo bezala ezagutzen duguna.
Jotzaileek ikasteko erabiltzen duten modua ez da batere akademikoa. Alderantziz, baserritar inguruko txistulari, dultzainero eta albokariek ikasten duten modu berean ikasten dute, hau da, ezagutu duten musika eta estilo hori beren kasa eta belarriz ikasten saiatzen dira.
Alde batetik, estilo zaharraren ezaugarri funtsezkoenak mantentzen dituzte eta bestetik polifoniko-harmoniko izate horrek aukera ematen die musika hori aberasteko.
Kasu askotan, aurreko soinu-tresnekin aritzen ziren familiak berak izaten ziren akordeoi hau hartu zutenak eta zenbait alditan pertsona berak ziren soinu-tresna zaharretik berrira pasatu zirenak.
XX. mende hasieran azaltzen da txirula eta atabalarekin taldea osatuz, baita dultzaina eta panderoz lagundua ere bai. Azken modu honetan mantendu da egun arte toki gutxi batzuetan. Baina ospe eta arrakasta handiena (bereziki Gipuzkoa eta Bizkaia aldean) lortu du pandero eta koplaz lagundurik. Hau da trikitixa talde tradizional ezagunena.
Gaur egun ezin gara euskal herri musikaz mintzatu trikitixa aipatu gabe. Honek gordetzen baititu gure herri musikaren altxorrik garrantzitsuenetakoak, inguruko aurreko musikariei hartutakoak.
Izen desberdinez ezaguna da soinu-tresna hau. Akordeoia, soinua, soinu txikia eta trikitixa deiturez ezaguna da. Trikitixa izen onomatopeikoa laguntzaile duen panderoaren metalezko txindek ematen duten “triki triki” hotsetik etor liteke. Beste izen kurioso bat ere izan du soinu-tresna honek, infernuko hauspoa. Herritarren artean azkar onartu izan bazen ere izen honek garbi adierazten digu hasiera batean Elizarekin arazoak izan zituela, beste arrazoien artean dantza “suelto”-an jotzeaz gain, plaza eta erromerietan garaiko “helduta”-ko dantzak jotzen zituztelako eta azken hauek ez ziren elizako arduradunen gustukoak.
Nahiz eta berria izan, historia handia du trikitixak Euskal Herrian. Eskola eta estiloa sortu duten izen handi asko agertzen dira tresna honek egin duen ibileran.
Hasiera batean akordeoi hauek Europako beste herrietatik ekartzen baziren ere, mende hasieran bertan egiteari ekin zioten. Marka ezagunenak Bilbon “Zengotita” eta Donostian “M. Larrinaga” eta “Larrinaga-Guerrini” izan dira. Azken honetan egindakoak izan dira zalantzarik gabe preziatuenak gure aurreko soinujoleen artean. Pena da gaur egun bertan egilerik ez edukitzea eta horrenbeste zaletasun eta jole izanik, jotzeko euskal era berezkoa dugun bezala, gure hotsa ez edukitzea (Beltran, 1996, 88-90. orr.).
Gaur egungo egoera
Urte batzuetan beheraka zihoala ematen bazuen ere, azken garaietan, bereziki 1980 hamarkadatik aurrera, zabalkunde eta gorakada handia izan du. Bazter guztietan entzuten da, bai baserritar bai kale inguruan, ehunka ikasle biltzen dituzten eskola asko sortu dira. Arrakastatsuak izaten dira elkarte ezberdinek antolatzen dituzten Trikitixa egunak, trikitilari zaharrei egiten zaizkien omenaldiak eta Trikitixa txapelketak.
ITURRIAK
Bibliografia
AGUIRRE, Rafael. (1992). Trikitixa. Donostia: Kutxa.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. Soinuaren Liburutegia.
Diskografia
AUNTXA TA ITURBIDE. (1979). Urrestillako Trikitixa. IZ-100.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
EUSKADIKO TRIKITIXA TXAPELKETA. (1971). Euskadiko Trikitixa Txapelketa. Edigsa-Herri Gogoa. HG-43.
(1979). Euskadiko Trikitixa Txapelketa. IZ. IZ-118-119.
(1980). Euskadiko Trikitixa Txapelketa. IZ. IZ-129-130.
(1982). Euskadiko Trikitixa Txapelketa. IZ. IZ-167-168-169-170.
(1985). Euskal Herriko XIII. Trikitixa Txapelketa. 1985. IZ. IZ-220-221.
(1986). Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa. 1986. IZ. IZ-258-259.
(1988). Euskal Herriko XV. Trikitixa Txapelketa. 1988. IZ. IZ-300-301.
(1991). Euskal Herriko XVI. Trikitixa Txapelketa. 1991. IZ. IZ-354-355.
IÑAKI eta RAMON. (1984). Albisturko trikitixa. IZ. IZ-198.
KEPA, ZABALETA eta MOTRIKU. (1987). Kepa, Zabaleta eta Motriku. Elkar. Elk-152.
LAJA ETA LANDAKANDA. (1979). Laja eta Landakanda. IZ. IZ-107.
(1981). Laja eta Landakanda. IZ. IZ-141.
MAIXA eta ITZIAR / IKER eta LARRAITZ. (1993). Maixa eta Itziar / Iker eta Larraitz. Elkar. ELK-346.
MALTZETA AITA-ALABAK. (1981). Maltzeta aita-alabak. IZ. IZ-139.
MARTIN eta ITURBIDE. (1979). Martin eta Iturbide. IZ. IZ-124.
SAKABI - EGAÑAZPI. (1975). Trikitilariak. Edigsa-Herri Gogoa. HG-125.
TAPIA eta LETURIA. (1987). Jo eta hautsi. Elkar. ELK-147.
Ikus-entzunezkoak
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.