Panderoa menbranofonoen familiako soinu-tresna da.
Egitura
20 eta 40 zentimetro arteko diametro eta bost zentimetro inguruko zabalera duen egurrezko uztai borobila du,. Honen bueltan, ilara batean edo bitan jarririk, dozena erdi txinda pare izaten ditu. Uztaiak alde batean, ondo tinkaturik, larruzko mintza izaten du.
Joera
Euskal pandero jole gehienek, jotzerakoan, oso gutxi mugitzen dute panderoa heltzeko erabiltzen duten eskua, eta bestearekin eragiten diote larruari, bi modu desberdinetan: kolpeak emanez eta igurtziz.
Historia
Esku eta hatzekin jotzen den menbranofono hau oso ezaguna eta erabilia izan da Euskal Herrian.
A. Donostiak jaso zuenez (1952), XVI. mendeko berri batek esaten digu Carlos IX. Donibane Lohitzunera etorri zenean, neska gazteak dantzatzen ikusiz entretenitzen zela. Neska dantzari guzti hauek, eskuetan zintzarri asko dituen bahe-zurdabahe gisako “tamborcillo” bat zeramaten. Panderoari buruzko XVII. mendeko beste berri batek zera esaten digu: Madame d’Aulnoyk egin zuen bidaian, Pasaiara iristerakoan, «salió una batelera a su encuentro con cincuenta compañeras, cada una de las cuales tenía un remo en el hombro; caminaban en dos filas largas, y de ellas había tres bateleras que precedían al cortejo tocando muy bien la pandereta. Después de saludada Madame d’Aulnoy, las panderetas comenzaron a tocar más fuertemente, dieron grandes gritos e hicieron el ejercicio del remo saltando y bailando con muy buena gracia. Despidieron a la viajera bailando y cantando con sus panderetas» (289. or.).
Jesus Ramosen artikuluan (1990), XVIII. mendean Iruñeako festetara joandako musikarien zerrendan bederatzi pandero-jole agertzen dira, zortzi bakarka eta bat gitarrari lagunduz. Horietatik sei Iruñekoak omen ziren, bi Aoizkoak eta bat Biasteri-La Guardiakoa.
XIX. mendean, Charles Davilier baroiak 1862. urtean idatzitako “Viaje por España” liburuan irakur daiteke: «Además del pandero, los vascos bailan al son de la gaita, lo mismo que los asturianos y los gallegos, y con acompañamiento del tamboril y la flauta» (68. or.).
“Erregiñetan, o las fiestas de las Mayas” idatzitako artikuluan, A. Donostiak zera dio: «Las compañeras cantan al son de un pandero». (Donostia, 1916, 4. or.)
Dokumentu hauetan garbi ikusten da panderoa aspaldidanik eta asko erabili izan dela gure artean; oraindik dantzatzen dira panderoen laguntzaz garai hartako moduko dantzak. Ezin dugu ahaztu gainera, atzerriko toki batzuetan, soinu-tresna hau “tambour de basque” izenarekin ezagutzen dutela (ikus GROVE Dictionary of Musical Instruments).
Segidan ikusiko dugun bezala, panderoa era askotako musika taldeetako partaidea izan da, baina erabili izan den modu sinpleena, bakarrik eta ahotsarekin batera izan da. Pertsona bakar batek kantatu eta panderoarekin erritmoa markatu izan du.
Herri txiki askotan, igandeetako dantzaldi saioak horrelakoak izaten ziren eta adibide gisa hona hemen Juan Mari Beltranen ama zenak kontatzen zuena. Mende honen hasieran, beste toki askotan bezala, Nafarroako Larraungo bailarako Alli herri txikian, igande arratsaldeko “Bezperak” elizkizunen ondoren, gazteak, neska-mutilak, eliza atzealdean elkartzen ziren, besteak beste dantza egiteko. Urteko festa nagusietarako (batzuetan inauterietarako ere bai) txistulari eta atabalaria ekarriko zuten (garai hartan Nafarroako Zubietako Xalbador txistularia bere seme atabalariarekin), baina iganderoko dantza saio horietan, panderoa eta kantua izaten ziren. Argañeako Juan Mari Beltranen amaren ahizpa zaharrena, Franziska Argiñena, aritzen zen horretan eta horregatik, gazteek dantzarako egiten zituzten bilera haietan arduradun bezala hartzen zutelako eta han bekatuaren bidean egoten zirelako, apaizak ez zuen ondo ikusten neska hura.
Beste adibidea, Oñatiko Araoz auzoko Primi Erostarbe pandero-jole famatuarena dugu. Bere gurasoek taberna zeukaten auzo hartan eta bezeroak erakartzeko eta entretenitzeko, txiki-txikitatik, igandeetan han jartzen zuten neskatila, aulki batean eseri eta panderoa jo eta kantatzen.
Trikitixa eta porrusalda, beste soinu-tresnekin jotzerakoan izaten den bezala jotzen zuen panderoarekin. Hau da, kopla eta pandero hutsez emandako tartekoak, segidan txandakatuz. Trebetasun handiz jotzen zituen tarteko horiek, batetik bestera aldaketak eginez.
Baina lehenago esan dugun bezala, beste soinu-tresnekin, panderoak mota askotako taldeak osatu ditu.
XIX. mende bukaeran, Bizkaiko eztei bateko ezteietako arreoa garraiatzeko segizio baten aurretik agertzen zaigu panderoa, txistulari bati (danbolinik gabe) lagunduz.
“Boda a la antigua usanza”
(Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Diccionario Auñamendi. An-Artazu. Arreo. 587 or.)
Errondaila edo estudiantina moduko taldeetan, gitarra, lautea, bandurria, biolina, flauta eta klarineteekin batera jotzen da.
Bizkaiko argazki zaharretan, arrabita-biolinarekin batera agertzen zaigu erromeri inguruan.
Bizkaia eta Gipuzkoan, dultzainarekin ere askotan agertzen da. Horrela ikusi izan dira Bizkaian orain dela gutxi arte eta dultzaina-gaitaren atalean ikus dezakegun bezala, horrela agertzen da Azpeitian ere, A. Donostiak esaten digun bezala (Donostia, 1952, 281. or.).
Albokarekin osatutako taldea dugu beste talde arrunta. Kasu honetan ere, pandero joleak betebehar bikoitza izaten du: erritmoa markatu eta koplak kantatu.
Akordeoi diatonikoa edo trikitixa gure artera iritsi zenetik, panderoa izan du lagun, gaur egun trikitixa talde bezala ezagutzen duguna osatuz.
Beste soinu-tresnetan, joleen artean emakumezko gutxi agertzen badira, panderoaren kasuan emakumezko pandero jole asko daukagu.
Gaur egun ere, panderoa asko erabiltzen da euskal herri musikan eta esan dezakegu bertako joleek sortu eta mantentzen dutela kalitate eta barietate handiko berezkoa den joera.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
DAVILLIER, Barón Charles. (1862). Viaje por España. Tomo III. (Capítulo XX – Danzas Españolas). Colección: “Viajeros por España”. Madrid. 1991.
DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.
(1916). Erregiñetan, o las fiestas de las Mayas. Obras Completas del P. Donostia. (I. liburukia, 1-11). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.
RAMOS, Jesus. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII.Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (55. zk., 91-138). Iruñea: Institución Principe de Viana.
Diskografia
ALDEITURRIAGA, Maurizia. (1979). LEON, MAURIZIA, FAXIO. Alboka eta trikitixa. Xoxoa. X-11.115.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
Bideoak
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.