Joaquín Díaz musikologoak Instrumentos Musicales en los Museos de Urueña idatzian honela aurkezten du soinu-tresna hau, eskuko organo izenpean:
Hauspo batek kutxa itxi bat airez hornitzen du, eta hodi diseinu konplexu bati esker, aire hori bera hodi edo txirula batzuetara bidaltzen du. Aire bidalketa hori teklatu baten bidez egiten da, nahieran. Jotzailearen esku batek hauspoa maneiatzen du, eta besteak teklak sakatzen ditu. Birika-hausporik ez dagoenez, hau da, airearen jario konstantea erregulatzen duen depositurik ez dagoenez, soinu-tresnak arnasa hartu behar du, abeslari batek egingo lukeen bezala, eta hots emisioa eten behar du airea hartzeko. Organo eramangarri ere esaten zaion tresna honen neurriak oso aldakorrak ziren, sorbaldatik uhal baten bidez zintzilik eraman zitezkeen tamaina txikikoetatik, mahai gainean jartzen ziren tesitura handiko tresnetaraino. “Portatibo” izendapenak organoaren mugikortasun erraz samarrari egiten dio erreferentzia, eta “positiboa” deiturak, berriz, tresna leku desberdinetan jartzeko edo kokatzeko aukerari, organo handiak ez bezala, azken hauek mugiezinak baitira.1
Gaur arte iritsi zaizkigun organo portatiboen hodiak ahokodun biselezko flauten gisakoak diren arren, Adolfo Salazar musikologoak zioen mihidunak ere izan zitezkeela (1989, 167-168. or.).
Organo portatiboa. JMBA Bilduma, 1574 zk. (Arg.: O. Zapirain – Soinuenea)
ORGANO ERAMANGARRIA EUSKAL HERRIAN
Higinio Anglés musikari eta historialariaren Historia de la música medieval en Navarra (1970) liburuan organo eramangarriaren aipamenak ageri dira, Nafarroako errege gorteetan, Karlos II.a Gaiztoa-ren garaian (1332-1387) eta Karlos III.a Noblea-renean (1361-1425), hala nola Aragoiko gortean2. Idatzi horretan XIV. eta XV. mendeetako organo egile eta organo eramangarri joleen hainbat izen ere azaltzen dira.
Clara Fernández-Ladredaren Iconografía Musical de la Catedral de Pamplona (2004) lanak tamaina eta funtzio ezberdinetako organoen inguruan dihardu. Iruñeko katedraleko ikonografian aurki ditzakegun bi organoak (ikus jarraian datorren Ikonografia atala) nabarmenki portatiboak direla dio. Hala ere, Nafarroako dokumentazioan dirudienez bi tipologiak aipatzen dira: batetik organo portatibo txikiak, gorteetan ez ezik ospakizun profanoetan ere erabiltzen zirenak, eta bestetik, organo positiboak, handixeagoak baina ez karolingiarrak bezain handiak, Erriberriko errege kaperakoak eta Santa Maria elizakoak, kasu (19-21. or.).
IKONOGRAFIA
Euskal Herriko elizetako ikonografian aurkitu ditugun organo eramangarrien irudiak nagusiki XIV. eta XV. mendeetakoak dira.
Araba
GASTEIZ
SANTA MARIA KATEDRALA
XIV-XV. mendeetako Gasteizko Santa Maria Katedraleko portikoan ikonografia musikalaren lagin aberatsa dago. Musikari horien artean, elizpearen ezkerreko portadaren lehen arkiboltan organo eramangarri jole bat ageri da beste soinulari batzuekin batera.
Organo eramangarri jolea Gasteizko Santa Maria katedralaren elizpeko ezkerreko portadan. (Arg.: JMBA)
GUARDIA
ERREGEEN ANDRE MARIAREN ELIZA
Eliza honek XIV. mendeko portada ikusgarria du. Arkiboltetan errege eta aingeru musikari asko agertzen dira; haien soinu-tresnak xehetasun handiz eginak dira. Irudikatutako soinularien artean, organo eramangarri jole hau dago. Soinu-tresnaren ezaugarri guztiak eta joleak lepotik zintzilik duen uhala bera ere oso argi ageri dira.
Organo eramangarri jolea Guardiako Erregeen Andre Mariaren portadan. (Arg.: JMBA)
Bizkaia
LEKEITIO
ANDRE MARIAREN JASOKUNDEAREN ELIZA
LEKEITIOKO BASILIKA
XV. mendeko Lekeitioko Andra Mariaren Jasokundearen basilikan garai hartako ikonografia musikal aberatsa dago. XIX. mendeko beirateetan ere musikari ugari daude. Horien artean, organo eramangarri jole bat dago.
Organo eramangarri jolea Lekeitioko Basilikako beirateetan. (Arg.: JMBA)
SANTECILLA (Karrantza Harana)
SANTA ZEZILIA PARROKIA
Santecillako XVI. mendeko Santa Zezilia parrokian, portadaren gainean dagoen horma-hobian, Santa Zezilia musikarien zaindariaren irudia agertzen da, organo eramangarri txiki bat eskuetan duela3.
Santecillako Santa Zezilia organo eramangarriarekin. (Arg.: E.X. Dueñas)
Gipuzkoa
DEBA
ANDRA MARI ELIZA
Debako Santa Maria elizako arkupe polikromatuan (XV. mendekoa) musikari talde zabal eta askotarikoa agertzen da, hainbat aingerurekin. Bertan ikus ditzakegu hari pultsatu eta igurtzizko soinulariak, txirimia eta xirolarru moduko haizezko tresnen joleak, eta baita organo eramangarria daraman aingeru musikari hau ere.
Organo eramangarri jolea Debako Andra Mari elizako portadan. (Arg.: JMBA)
GETARIA (Askizu auzoa)
SAN MARTIN ELIZA
Askizuko XVI. mendeko San Martin elizako erretaulan aingeru organo eramangarri jole bat agertzen da, Ama Birjinaren eta Hirutasun Santuaren Koroatzearen eszenan4. Eszenaren beste aldean arrabita-jole bat agertzen da.
San Martin elizako organo eramangarri jolea. (Arg.: JMBA)
OÑATI
SANCTI SPIRITUS UNIBERTSITATEA
Oñatiko Unibertsitateko XVI. mendeko Sancti Spiritus kaperako erretaula nagusiko lehen gorputzeko kale-artean putto baten irudia ageri da, organo eramangarri bat jotzen5.
Oñatiko Unibertsitateko Sancti Spiritus kaperako organo eramangarri jolea. (Arg.: E.X. Dueñas)
Lapurdi
BAIONA
SANTA MARIA KATEDRALA
Baionako katedralaren ikonografia oparoan musikari asko daude irudikatuta, baina barrualdean, sakristiaren elizpean, klaustrorako sarbidea ematen zuen gotiko estiloko portada bikoitzean bakarrik kontserbatzen dira XIII. mendeko eskulturak. Ezkerreko portadako bi arkiboltetan hamalau aingeru musikarik talde instrumental anitza osatzen dute.
Kanpoko arkiboltan zortzi musikari daude, ezkerretik eskuinera: perkusionista zinbal txikiekin, xirolarru jolea, zarrabete jolea, esku bateko flauta eta kriskitin jolea, pandero karratu jolea, hemen aurkezten dugun organo eramangarri jolea, laute jolea eta zitara6 jolea.
Barruko arkiboltan sei musikari daude, ezkerretik eskuinera: rabel jolea, mandolina jolea, esku bateko flauta eta danbor jotzailea, harpista, rabel7 jolea eta hiru hodi dituen haizezko soinu-tresna jolea.
Organo portatibo jolea Baionako sakristiaren elizpeko kanpoko arkiboltan. (Arg.: JMBA)
MIARRITZE
SANTA EUGENIA ELIZA
Miarritzeko Eugenia Santuaren eliza neogotikoko bi beirateetan aingeru musikari talde bana ageri da, eta talde bakoitzean organo eramangarria jotzen duen musikari bat. Elizako Jaiotzaren beiratearen azpian, paretan dagoen frisoan, emakume santu eta birjinen talde baten prozesioa agertzen da Faz Santua eramaten eta taldeko emakume horien artean organo eramangarri jole bat ageri da.
Eugenia Santuaren elizako Jaiotzaren beiratearen goiko aldean aingerua organo eramangarria jotzen. (Arg.: JMBA)
Eugenia Santuaren elizako Jesus haurrak bedeinkatzen beiratearen goiko aldean aingerua organo eramangarria jotzen. (Arg.: JMBA)
Eugenia Santuaren elizako Jaiotzaren beiratearen azpian, paretan dagoen frisoan, emakume santu eta birjinen taldean agertzen den organo eramangarri jolea. (Arg.: JMBA)
Nafarroa
IRUÑEA
ANDRE MARIA ERREGINAREN KATEDRALA
Iruñeko katedrala XIV. mendeko eraikin gotikoa da. Katedralak ikonografia musikal ugari eta askotarikoa du: gaitak, rabelak, zarrabeteak, danbolinteroak8 eta sokadantza ezaguna, bi organo eramangarri jole ahaztu gabe.
Amparo Atearen ezkerreko janbaren oinarrian, organo eramangarri jole bat ageri da, xirolarru jole eta rabelista batekin osatutako musikari hirukote batean.
Iruñeko katedralaren Epifania koroatzen duen arkiboltan beste aingeru musikariekin batera organo eramangarri jole hau ere agertzen da.
Aingeru organo portatibo jolea Iruñeko Katedralean, Epifania koroatzen duen arkiboltan. (Arg.: JMBA – J. I. Larraioz)
Organo eramangarri jolea Iruñeko Katedralaren Amparo Atearen ezkerreko janbaren oinarrian. (Arg.: JMBA)
OHARRAK
1 Jatorrizko testua jarraian (ikus bibliografian Díaz, J., datarik gabe):
Órgano de Mano. Un fuelle alimenta de aire una cámara cerrada, que, merced a un complejo diseño de conductos, envía ese mismo aire a unos tubos o flautas. Este envío se realiza selectivamente a través de un teclado. Una mano del intérprete maneja el fuelle, y la otra pulsa las teclas. Debido a la ausencia de un fuelle–pulmón, es decir, de un depósito que regule el flujo constante de aire, el instrumento tiene que respirar, como lo haría un cantante, interrumpiendo la emisión para tomar aire.
Las dimensiones de estos órganos, llamados también portativos, era muy variable y abarcaba desde los de menor tamaño, que se colgaba del hombro por medio de una correa, hasta los más amplios de tesitura, que se colocaban sobre una mesa. El término portativo se refiere a la movilidad relativamente fácil del órgano, frente al de positivo, que hace referencia a la posibilidad de emplazar o posicionar el instrumento en diferentes lugares, a diferencia de los grandes órganos, que son inmóviles.
2 Anglés, 1970, 259-260, 268-269, 298, 325. or.
3 Ríos Álvaro, 2019, 308. or.
4 Ríos Álvaro, 2019, 75. or.
5 Ríos Álvaro, 2019, 283. or.
6 Zitara izendatzeko psalterium hitza ere erabiltzen da.
7 Bandurria ere deitzen zaio soinu-tresna honi.
8 Danbolinteroari gaur egun nagusiki txistularia deitzen zaio.
ITURRIAK
BIBLIOGRAFIA
ANGLÉS, H. (1970). Historia de la música medieval en Navarra. Institución Principe de Viana.
DÍAZ, J. (d. g). Instrumentos Musicales en los Museos de Urueña. Órgano de mano. https://funjdiaz.net/museo/ficha.php?id=43. (2021/10/20an kontsultatua)
FERNÁNDEZ-LADREDA, C. (2004). Iconografía musical de la Catedral de Pamplona. Música en la Catedral de Pamplona Nº 4. Capilla de Música Catedral de Pamplona.
RÍOS ÁLVARO, K. (2019). Iconografía musical en el País Vasco hasta 1600: Catalogación y estudio Tomo I. [Argitaratu gabeko doktoretza tesia].
SALAZAR, A. (1989). La música en la sociedad europea. II. Hasta fines del siglo XVIII. Alianza Editorial.