Kriskitinak ez-zuzenki kolpaturiko idiofonoen familiako soinu-tresnak dira.
Egitura
Zurez egindako sasi zirkularrak eta ahurrak diren bi pieza dira, parea osatzen dutenak. Goiko aldetik sokatxo batekin loturik daude, parea elkartzeko eta jotzerakoan heltzeko.
Joera
Bi neurri eta jotzeko eratakoak daude: batzuk esku barnean hartzen dira, erdiko hatzetan loturik. Besteak txikiagoak dira eta hatz lodian lotzen dira; hauetako batzuk oso tailatuak egoten dira.
Historia
Gaur egun oso erabiliak ez badira ere, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zenbait eskualdetan dantzariek jotzen dituzte beren herri dantzak dantzatzerakoan. Bi motatakoak daude, bi joera desberdinekin. Batzuk, taldeka, herrietako dantza erritual eta ingurutxo moduko dantzetan erabiltzen dira; adibidez, Korpus Eguneko Oñatiko Dantzak, Otsagiko Dantzak, Eltziegoko Dantzak, Lesakako Inauterietako Goitarren konpartsa eta Iribasko Ingurutxoa. Kasu hauetan, esku osoarekin Iberiar Penintsula osoan jotzen diren kriskitin arruntak erabiltzen dituzte. Besteak, fandangoa eta arin-arina (jota, porrusalda,..) dantzatzeko erabilitakoak dira. Azken hauek, kasu askotan aurrekoak bezalakoak badira ere, besteetan, txikiagoak izaten dira eta hatz lodian loturik, beste hatzekin klasketa egiterakoan jotzen dira.
Garai batean gehiago erabiltzen ziren eta idatzitako dokumentazioan ikus dezakegunez, Euskal Herrian antzina toki askotan jo izan dira.
Aita Donostiak (1952) hau dio:
“En las “Fiestas gremiales”, que en San Sebastián se celebraron en 1732 para festejar la toma de Orán, se dice “salieron los oficiales de dicho arte (sastres) ... con una danza de troqueados con 8 pares y un capitán ... con diferentes toques de tamboriles que diestramente entonaban con igual compás el acompañamiento de 6 mudanzas y paseos de que se componía la danza, castañuelas, como para paloteos y broquelillos ...” (302. or.).
Jesus Ramosek (1990) idatzitakoan, Iruñeako festetara inguratutako soinu-joleen artean ere agertzen dira. Hemen “pulgarillas” izenarekin agertzen dira (F. Pedrell, “Diccionario Técnico de la Música”, Pulgarillas.- Nombre de las castañuelas en algunas provincias de España):
Pedro Joseph de Castillo - Pulgarillas - Cuenca de Pamplona – 1792 (104. or.).
Francisco Antonio Echeverría - Pulgarillas - Sagüés – 1793 (106. or.).
Ramón de Echeverría - Pulgarillas - Pamplona - 1792-93 (107. or.).
Francisco Antonio Martinez - Pulgarillas - Sagüés - 1792-93, 1795-96 (116. or.).
J. A. Urbeltzek (1987) honakoa dio:
“Sarrera orokor honetan, “kaskañuelak” gizon eta emakumeen dantzekin lotu ditugu. Baina egia da, bestalde, tresna hau gizonezkoek bakarrik egiten dituzten dantzetan erabiltzen dela ere. Adibidez, Otsagiko dantzetan, [...] Baita ere, Oñatin Gorputz Egunez egiten dituzten dantzetan, hala nola Biasterin egiten dituzten Eguberriko dantzetan. [...]
Beren erabilerari buruzko datuak ugariak dira. Ez bakarrik Nafarroa eta Arabako alderdi mediterraneoan, baita Nafarroako alderdi atlantikoan eta Gipuzkoa eta Bizkaian ere. Nafarroako alderdi atlantikoan, hain zuzen ere, badugu Lesakako herriko Nabaz auzoa adibide bezala. Hemen gazteek -mutikoek bakarrik- oraindik ere erabiltzen dituzte bikoteen dantzetan: “jota” eta “orripeko”etan alegia.” (15. or.).
Guk, bestalde, ezagutu ditugu kriskitin jole zahar batzuk: Oiartzunen, Irunen... Herri hauetan gizonezkoek bakarrik jotzen zuten, trebezia haundiarekin, dantza bileretan sueltoan dantzatzerakoan. Lakuntzan (Nafarroa) esate baterako, herriko festetan eta Korpus Egunean dantzatzen den “Alkate Dantza”-n (neska-mutilen inguruko dantza), garai batean mutilek “kastainetak” jotzen zituzten eta jota-porrusaldak dantzatzerakoan ere bai.
Horrela esan digu eta ondo joaz erakutsi digu, Emilio Andueza Olasagarre (1902-1992) Lakuntzako gure informatzaile zaharrak. Bizkaian, halako soinu-tresnak oraindik erabiltzen dituzte fandangoa eta arin-arina dantzatzerakoan. Bizkaiko jole trebe horien artean Ibarruriko Basilio Undagoitia (Basilio txiki) eta Igorreko Silbestre Elezkano “Txilibrin” albokari ospetsua ditugu, biak dantzari oso onak.
ITURRIAK
Bibliografia
DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1983.
RAMOS, Jesus. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 55. zk. 91-138. orr. Iruñea: Institución Principe de Viana.
URBELTZ, Juan Antonio. (1987). Euskal Herriko Folklorea - Beterri -1. (disko barruko liburuxka) Ikerfolk. Donostia: Elkar. Elk-142.