Euskal Herrian korneta, turuta eta tronpeta deiturak jaso ditugu mihi bakuneko soinu-tresna hauek izendatzeko.
Gurean nagusiki bi motatakoak aurki ditzakegu. Tradizionalena behi adarrez egina da, ahokoan kanaberazko fita sartuta. Gaur egun baina, arruntagoa da adar itxurako letoizko korneta, ahokoan metalezko fita duena. Badira adarrez eginak direnak eta ahokoan metalezko edo plastikozko fita dutenak.
Hiru kasuetan, fitaren muturra ahoan sartu eta haizea botatzen du joleak. Nota luze eta ozenak ematen dira normalean.
Soinu-tresna hauek adarraren (ikus Ezpain bibraziozko aerofonoak atala) funtzioa hartu izan dute. Funtzio musikal garbirik ez badute ere, halako tresnak honelako egoeretan erabili dira:
- Ehizarako (basurdetarako, usotarako…)
- Abisuetarako (pregoiak, harrobietan, saltzaileak, dula-ko abeltzainak…)
- Herri-festa eta ospakizunetan (Eguberrietako santa-eskeak, inauterietako puska biltzeak, joaldunak, maskaradak…)
Ehizarako
Etxalarko usategian (Nafarroa Garaia) halako korneta jotzen zuten uso talde bat zeruan agertzen zenean abisatzeko.
Etxalarko ehiztari bat korneta jotzen, usoaren harrapaketan. (Iturria: www.etxalar.eus/harrapaketa)
Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) dendetan 1990eko hamarkadan halako ehizarako kornetak saltzen ziren. Fitak metalezko mihia du.
Donibane Garazin 1996an erositako korneta. Soinueneako JMBA Bilduma, 0475 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)
Aranoko (Nafarroa Garaia) Suro auzoko Beltsoko borda baserriko Jose Antonio Ansak tresna hau ezagutu zuen, tronpeta eta korneta izenekin. Basurde ehizan jotzen zen, ehiztari taldeko partaideen artean informazioa emateko1. Ansak berak egin zigun Soinueneako erakusketa iraunkorrean ikus daiteken tronpeta-korneta.
Aranoko Jose Antonio Ansa tronpeta/korneta egiten eta jotzen. (Arg.: JMBA)
J. A. Ansak egindako tronpeta-korneta. JMBA Bilduma, 808 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)
Oiartzungo (Gipuzkoa) Iturriotz auzoko Paraditxoko baserriko Jose Billaluze Arbelaitz Legatza-k esandakoaren arabera, basurdetara joaten ziren taldeek erabiltzen zituzten korneta hauek. Abisuak emateko sistema kodifikatuta zeukaten, eta honakoa esan nahi zuten2:
“Tuu” bateko joaldiak: basurdearen arrastoa ikusia
(tuu, tuu, tuu…)
Biko joaldiak: zakurrak arrastoa jarraitzen
(tuu-tuu, tuu-tuu, tuu-tuu…)
Hirukoa: basurdea ikusia
(tuu-tuu-tuu, tuu-tuu-tuu, tuu-tuu-tuu…)
Laukoa: basurdea inguratua(tuu-tuu-tuu-tuu, tuu-tuu-tuu-tuu, tuu-tuu-tuu-tuu…)
Bostekoa: basurdea hila eta taldea berriz elkartzekoa(tuu-tuu-tuu-tuu- tuu, tuu-tuu-tuu-tuu- tuu, tuu-tuu-tuu-tuu- tuu…)
ABISUETARAKO
Pregoilariek, herrietan berriak emateko edo iragarpen publikoak egiteko (bandoak) korneta jotzen zuten.
Harrobietan eztandak egin aurretik ingurukoei abisua emateko kornetak jo izan dira.
Harrobietako metalezko korneta. JMBA Bilduma, 246 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)
Saltzaile ibiltariek ere leku berriren batera iristerakoan halako kornetak jotzen zituzten bertan zirela abisatzeko.
Abeltzainek dula sisteman3 herrietako abereak biltzeko ere korneta zerabilten, Juan Gorritiri Huarte Arakilen (Nafarroa Garaia) esan ziotenez4. Argazkiko korneta hau bertan aurkitu zuen, eta egun Soinueneako bilduman dago.
Juan Gorritik Huarte Arakilen jasotako korneta. JMBA Bilduma, 848 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)
HERRI-FESTA ETA OSPAKIZUNETAN
Inauteri garaian, Zuberoako maskaradetako pertsonaien artean badira kauterak izeneko pertsonaia batzuk, beltzen taldekoak. Haien eginkizuna lapikoak konpontzea da, eta korneta jotzen dute. Donostiako San Telmo Museoko bilduman (Gipuzkoa) badute halako korneta bat, maskaradetako pertsonaia hauetako bat irudikatzen duen manikiaren eskuetan5.
Donostiako San Telmo Museoko Zuberoako Maskaradako korneta. (Arg.: JMBA)
Halako korneta jotzen du Ituren eta Zubietako (Nafarroa Garaia) joaldunen konpartsako zuzendariak, taldearen koreografia aldaketak zuzentzeko.
Korneta-jolea Zubietako Joaldunen konpartsan 1990eko hamarkadan. (Arg.: Kepa Ugarte)
Batzuetan konpartsaren aurrealdean doazen joaldunek ere jotzen dituzte halako kornetak.
Korneta-joleak Zubietako Joaldunen konpartsan, 1990eko hamarkadan. (Arg.: Kepa Ugarte)
Iturengo Joaldunak. Ituren, 2015/01/29. (Arg.: E. X. Dueñas)
Korneta-jolea Eguberrietako santa-eskean. Oiartzun, 1997. (Arg.: JMBA)
Neguko zikloan (Eguberri, Urtezahar, Inauteri) puska biltzen doazen koadrilek ere haien etorreraren berri emateko korneta erabili dute. Adibidez, Oiartzungo (Gipuzkoa) auzoetan Eguberrietako santa-eskean ibiltzen diren gazte taldeek halako korneta jotzen dute haien presentziaren eta ibilbidearen nondik norakoak adierazteko.
Antzuolan ere erabiltzen ziren fita-adarra izeneko korneta hauek, gazte taldeak etxez etxeko santa-eskean ibiltzen zirenean6.
Jose Arruek margotutako festa giroko eszena honetan7 ere argi ikusten da adineko gizonak fita-adarraren gisako soinu-tresna jotzen duela.
Jose Arrueren Romería en la ermita de San Vitor de Gauna lana. (Arg.: Juan Mari Beltranek Bilboko Café Bar Bilbao tabernan egina)
OHARRAK
1 Juan Mari Beltranek, 2000/01/08an Oiartzunen, Aranoko Jose Antonio Ansarekin egindako elkarrizketa.2 Juan Mari Beltranek 1996an Oiartzungo Jose Billaluze Arbelaitz Legatza-ri egindako elkarrizketa.3 Dula lursail komunala izaten zen. Abeltzainak bizilagunen abereak bildu eta hara eramaten zituen bazkatzera.4 Juan Mari Beltranek 1999/12/08an Arriben Juan Gorritirekin egindako elkarrizketa.
5 Beltran, 1997, 202. or.6 Juan Mari Beltranek Benito Lamarianorekin egindako elkarrizketa, Antzuolan 1998/10/30an.7 Margolanaren izena Romería en la ermita de San Vitor de Gauna de Álava da. Agurainen aurkitzen da, kale nagusiko 32. zenbakian, eta jatorriz Dimas Ugarterena zen, Cerámica Alavesaren bultzatzaile zena.
ITURRIAK
Bibliografia
FELIU CORCUERA, A. (1987). Gure Herria. Tradiciones y costumbres del País Vasco. Kriseilu. [tomo 1]
BELTRAN, J.M. (1997). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Jentilbaratz 6, Cuadernos de Folklore. Eusko Ikaskuntza.