Kirikoketa, txalapartaren modura, zuzenki kolpaturiko idiofonoen familian koka dezakegu.
Egitura
Txalapartaren antzera, euskarririk gabe, baina bi aldeetan material bigungarriz lurretik isolaturik ohol bat jartzen da. Ohizkoena larraineko pareta gainean jartzea izaten zen. Hau kolpatzeko, sagarra jotzeko erabiltzen diren bi maza, gutxi gorabehera metro eta erdikoak, eta zurezko bi mailu erabiltzen dira.
Joera
Bi jotzailek, zutik, bakoitzak maza bana harturik, bertikalki ohola kolpatzen dute. Hirugarren batek, mailuekin jotzen du. Hiruen artean “konpas” moduko buelta edo hirutar erritmo bat osatzen dute kolpe bana emanez (ko-ke-ta).
Historia
Nafarroan sagardoa egitearen bueltan jaso zuen orain dela urte asko Aita Donostiak (1951) “Kirikoketa” izenarekin ezagutzen den joera, oraindik zenbait herritan, zaharrek gogoratzen dutena. Han ezagutu da jotzearekin batera lelo bat kantatzea (119. or.).
Kolpe bakoitzeko silaba bat sarturik honela dio lelo horrek:
Alakiketa alakiketa
Alakiketa kiketa kiketa
Sagarra jo dela sagarra jo dela
Sagarra jo dela jo dela jo dela.
Joaldi honek garbi adierazten du baduela mezu baten kutsua. Mezu bikoitza, beharbada: alde batetik, sagarra jotzearen lana bukatu dela, eta bestetik, festarako deia.
Gaur egungo egoera
Gaur egun, txalapartarekin batera edo nahasturik erabiltzen da, eta gero eta jole gehiago, iraunkorragoak eta trebeagoak aurki daitezke Euskal Herriko bazter desberdinetan.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
(2009). Txalaparta. (liburua+CD+DVD). Donostia-San Sebastián: Editorial Nerea / NO-CD Rekords.
DONOSTIA, Aita. (1924). Toberak. Obras Completas del P. Donostia. (I. liburukia, 71-90). Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca.
DONOSTIA, Aita. (1951). Música y Músicos en el País Vasco. Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. San Sebastián. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 5-112) Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.
(1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1983.