Karraka

Karraka joaldia. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.

 

Karraka idiofonoen familiako soinu-tresna da.

Egitura

Karraka arruntek zurezko mihi bat izaten dute. Mihi hori U forma duen zurezko euskarri baten erdian helduta dago. Irekia dagoen mutur aldean makila bat sarturik dauka alde batetik bestera. Kirtenerako, makila alde batetik luze uzten da eta barrualdean hortzak dituen ardatza jartzen zaio.

Badira beste itxura eta mihi gehiago dituzten karrakak ere. Hauek, noski, zarata handiagoa egiten dute. Herri batzuetan elizak berak bere zerbitzurako izan ditu bere jabegoko karrakak.

Joera

Kirtenetik tinko harturik, karraka jirarazten da eta mihiak ardatzaren kontra jotzen du, ardatzaren hortz batetik bestera saltatzerakoan hots handia eraginez.

Historia

Euskal Herri osoan erabili izan dira halako tresnak, Aste Santuko egunetan orduak jotzeko eta elizkizunetara deitzeko, eta Eguberritako zenbait ekintzen abisuetarako. Larraungo bailaran (Nafarroa), Aste Santuan, “hamabiak” jotzeko erabiltzen zituzten. Urte osoan, egunero, kanpaiak ematen zuen eguerdiko ordua, baina egun horietan, hamabietan, herriko haurrak bakoitza bere karraka eskuan harturik, korrika joaten ziren etxez etxe karrakak joaz eta etxe inguruetatik pasatzerakoan “hamabiiiiik, hamabiiiik!” oihukatzen zuten (Beltran, 1996. 48. or.).

Tresna honek beste funtzio bat ere izan du. Abereak soroetatik mendian gora bidaltzeko, debekaturik jotzea zegoen eltzegorraren ordez erabili izan da toki askotan, bere zaratarekin animaliak uxatuz.

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1983.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.