Kanabera ez-zuzenki kolpaturiko idiofonoa da.
Egitura
Laban batekin goitik behera erdi-erditik irekitako kanabera arrunta da, behealdean kirten gisako puska bat osorik utzirik. Astintzen den zati batean leiho bat egina du, zati horri malgutasuna emateko eta bestea zurruna utzirik.
Joera
Begitik beherako osoa dagoen zatia eusteko kirten gisa erabiltzen da. Esku batekin kirtenetik heldurik, beste esku-azpiarekin kanaberaren beheko muturra jotzen da. Horrela, libre gelditu diren bi kanabera erdiek elkarren kontra jotzen dute, kalaka edo kriskitinek ematen duten antzeko hotsa emanez.
Historia
Inguruko beste lurraldeetan bezala, Euskal Herrian ere erabili izan da, bereziki Bizkaia eta Gipuzkoa aldeetan fandango, arin-arin, martxa eta halako doinuetan erritmoa jotzeko.
Guk Urdulizko Joseba Uribe Intxaurtieta kanabera-jole aparta ezagutu genuen (elkarrizketa, 1997).
Joseba 1929-07-04an Urdulizen jaio zen (Uribe-kosta). Bilboko 'zazpi-kale'ko Somera kalean Zamakona izeneko taberna zeukan eta bertan elkarrizketatu genuen, informazioa eta bere kanabera jotzeko trebezia grabatzen.
Joseba Uribek 8 urterekin ikasi zuen kanabera jotzen. Garai hartan eskale bat aritzen zen Urduliz aldean etxez etxe bere kanabera jotzen. Josebak esaten du ingurukoa izan beharko zuela, hitz egiten zuen euskaragatik. Kanabera-jotzaile hori tarteka bere baserrira ere joaten zen eta bisita guztietan, beti kanabera jotzen zuen. Berari ikasi zion jotzen dakiena.
Urdulizko Joseba Uribe Intxaurtieta kanabera jotzen. Bilbo, 1997-01-02.
Josebak gehienbat trikitilariekin jotzen zuen eta askotan bera bakarrik kantua eta kanabera batera emanez. Besteen artean Josebarekin ikasi zuen Txilibrin albokari ospetsuarekin eta beste soinulari batzuekin jotzen zuen Berangoko Jaime Bilbaok.
TAILERRA
Kanabera zati bat prestatzen da.
Laban batekin goitik behera kanabera bitan zatitzen da, behealdean kirten gisako puska bat osorik utzirik.
Astintzen den zati batean leiho bat egin behar zaio, malgutasuna emateko.
Kanabera bukatuta dago.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
Bideoak
Filmazio saioa Joseba Uribe Intxaurtietarekin. Bilbo, 1997-01-02. Filmazioa: Soinueneako Irudi Artxiboan.