Gaita (nafar), dultzaina

Diana de Leiza

Soinulariak: Gaiteros de Estella - Lizarrako Gaiteroak

Lizarra, 1999

Diana. Lizarrako Gaiteroak (Salvador Martínez, Juan Carlos Duñabeitia, Aitor Gil). Lizarra, 1999.

 

Gaita nafarra aerofonoen familiako mihi bikoitzeko soinu-tresna da.

Egitura

Gaita mihi bikoitzeko eta kono formako hodia duen aerofonoa da. Osagaiei dagokionez, pita, tutua eta notak emateko zuloak ditu, dultzainak bezala. Horrez gain, Nafarroako gaitarien artean ohitura zaharra da ere katea + txapaz osatutako beste osagai hau.

Musikari hauek kasu askotan, hodia (behealdetik) eta pita lotzen dituen mutur batean txapadun katea izaten dute. Gaur egun estetikoa besterik ez bada ere, gure ustez lehen beste bi arrazoirengatik erabiliko zen:

  • Bata, pita babesteko. Kontuan hartu behar dugu garai batean tudela eta tutuaren arteko lotura ez zela gaur egun bezain sendoa, eta pita atera, lurrera erori eta puskatzeko arrisku handia zegoen. Katearekin pita zintzilikaturik geratzen da lurrera erori gabe.
  • Bestea, pita-tudela heltzen duen txapa. Gure ustez, garai batean txapa honek munduko beste tokietan gaur egun halako soinu-tresna jotzaileek ematen dioten funtzio bera izango zuen, hau da, ezpainetako tope eta euspena.

Joera

Orokorrean, digitazioa, haize emisioa eta gainontzeko jotzeko teknikak dultzainarenak bezalakoak dira.

Bere errepertorioa zabala jotzeko behar delako, “zejilazko” ala zulo-erdiko digitazioen bidez, eskala kromatikoa lor daiteke. Honela jotzen dute modu maior eta minorrean edo tonu desberdinetan.

Talde mota desberdinak osatuz agertzen da: gaita-dultzaina bat eta danborra izan da toki eta urte askotan gehien ikusten zena. Gaur egun, talde arruntena bi dultzaina-gaita (bi ahotsetan joaz) eta danborrak osaturikoa da.

Historia

Dokumentu zaharretan ikus dezakegun bezala, gaita-dultzaina aspaldidanik Euskal Herri osoan erabili izan da. Idatzitako dokumentu horietan, ez da beti garbi agertzen “gaita” hitzaren azpian zein soinu-tresna dagoen; dultzaina ala xirolarrua. Horregatik, hemen argi dagoen dokumentazioa erabiliko dugu soilik.

XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako musikarien zerrendan, dultzaina eta gaita askotan agertzen dira (Ramos, 1990).

Gipuzkoan eta Bizkaian, salbuespen batzuk izan ezik, baserritar inguruko dultzaineroak musika akademiko eta ofizialetatik urruti aritu badira. Araban eta Nafarroan gehienetan eskoladun musikariak izan dira, kasu askotan banda edo orkestrako beste soinu-tresnaren bat ere jo izan dutenak.

Inguru hauetako herri eta hirietan entzuten da soinu-tresna honen hotsa festetako goiz-soinua ematen, erraldoi eta buruhandien konpartsak gidatzen eta alaitzen, plazetan kontzertuak eta dantzarako musika eskaintzen.... Antzinako erritual edo ospakizunetako dantza askotan erabiltzen dela ere aipatu behar da.

Nafarroako gaiteroak aspaldidanik ezagunak dira haien lurretatik kanpo. Gipuzkoako eta Bizkaiko kaletar inguruetan esate baterako, nahiz eta inguruan bertako “herri-dultzaineroak” eduki, festa handi eta nagusietarako Nafarroakoak (askotan, Lizarrakoak) ekartzen zituzten.

Musikari hauen errepertorioa txistulari kaletarren kasuan bezala oso bariatua eta garaiko estiloei lotua da. Ikusten da gaiteroek kanpotik etorritako eta modan zeuden doinu eta dantzak azkar asko bere egiten zituztela. Horrela, bertako musika eta erritmoez gain, sonatak, polkak, mazurkak, habanerak, rigodoiak, pasodobleak, schotisak etabar dira beraien errepertorioa osatzen dutenak.

Jotzeko maila tekniko altuena XIX. mendean lortu omen zen, Lizarrako Julian Romano (1831-1899) gaiteroaren partiturek erakusten dutenez. Gaur egun ez dira gaitero-dultzainero asko partitura horiek ondo jotzeko gai direnak.

Gaitero-dultzainero haien artean baziren Musika Eskolako formakuntza zabala zeukatenak eta beste soinu-tresnak jotzen zituztenak. Biolinaren atalean azaldu dugun bezala, XIX. mende bukaeratik 1950. hamarkada arte Nafarroako dultzainero asko biolin joleak ziren eta horietako batzuk herrietako festetara jotzera joaten zirenean bi eratan ibiltzen ziren; egunez bi dultzainero danbor jolearekin, eta gauez bi biolin jole gitarraz lagundurik, tabernaz taberna eta bestelako leku itxietan. Horrela ibiltzen zirela ikus dezakegu besteak beste 1940 inguruan, Iruñeko gaitero taldea osatzen zuten Moreno eta Jesus Mondejar gaiteroak, biolina jotzen, Felipe Indurain danbor-jolearekin, honek gitarra jotzen zuelarik (Iruñeko Gaiteroak, 1993, 87. or.)

XX. mendearen hasieran soinu-tresna eta musikari hauen presentziaren atzerakada hasi zen eta mende erdialderako oso gaitero gutxi geratzen ziren; Lizarra aldean besterik ez ia-ia. Hirurogeigarren hamarkadan nafar familiako Bilbon bizi diren Javier eta Fernando Lakunza anaiek hasi zuten gero gaitaren berreskuratzea izango dena. Urte luzeetan soinu-tresna honi buruz ikasi eta bildutakoarekin, irakasten hasi ziren, talde berriak bultzatuz eta 1968. urtean lehen ikas-liburua argitaratuz. Ondoren, han eta hemen, talde berriak sortu dira. Horietarik batzuk talde on, sendo eta autonomoak dira, jotzen, ikerketan, hobekuntzen bila, irakasten... Talde hauek dira tresnari bultzada berria ematen ari zaizkionak.

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

(1994). Festei Buruzko Inkesta-lana Gipuzkoako Kostaldea. Cuadernos de Sección. Folklore.- N. 5. (9-85. orr.). Donostia: Eusko Ikaskuntza.

DIAZ PEÑALBA, Tomás. (1989). Legado Musical de Julián Romano (Repertorio de música para dulzaina). Cuadernos de Sección. Folklore, 2. Donostia: Eusko Ikaskuntza.

IRUÑEKO GAITEROAK. (1976-1980). Aportaciones para un repertorio de música de gaita navarra. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. 22, 24, 25, 26, 28, 29, 30, 33, 34, 35-36. zk. Iruñea.

(1990). Julian Romano Ugarte. Aproximación a su vida y obra musical. Iruñea: Fondo de Publicaciones del Gobierno de Navarra.

(1993). Gaiteroak Iruñean & Iruñeko gaiteroak / Gaiteros en Pamplona & Gaiteros de Pamplona. Labur Bilduma . Iruñeko Gaiak. Colección Breve. Temas Pamploneses Nº 23.

(1995). Método Elemental de Gaita-Gaita Oinarrizko Ikasbidea (1-2-3). Iruñea: Ed. Haizea.

LACUNZA, Hermanos. (1968). Método de Gaita Navarra. Iruñea: D.F.N. Dirección de Turismo, Bibliotecas y Cultura Popular.

OLAZARAN DE ESTELLA, P. (1972). Tratado de Txistu y Gaita. Iruñea: D. F. N. Dirección de Turismo, Bibliotecas y Cultura Popular.

RAMOS, Jesus. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 55. zk. (91-138. orr.). Iruñea: Institución Principe de Viana.

Diskografia

DEIERRI, Lizarrako gaiteroak. (1990). Lizarrako Dantzak. Elkar. EKL-256.

EZPELUR, Iruñeko Dultzaineroak. (1990). dultzainero, istorio-misterio?. Elkar. ELK-230.

(1994). Musika Erraldoia. GOR. G-518.

FALTZESKO GAITEROAK. (1995). Paseos por el Do. Etxe-ondo. ETX 001.

GAITEROS DE ESTELLA. (1996). Registros Históricos I. Etxe-ondo. ETX 010.

(1998). Registros Históricos II. Etxe-ondo. ETX 022.

IRUÑEKO GAITEROAK. (1980). 1924. Xoxoa. Z-11.124.

(1981). Otsagiko Dantzak. Xoxoa. A-10.155.

(1983). Julian Romano (1831-1899). Elkar. ELK-55-56.

(1990). Iruñeko Udaleko Musikariak. Elkar. ELK-248.

LIZARRAKO GAITEROAK. (1985). Gaiteros de Estella. IZ. IZ-224.

(1989). Tonada General para dos Gaitas. IZ. IZ-289.

(1990). Estella-Lizarra 900 aviversario. IZ. IZ-324.

(1996). Lizarrako Larrain Dantza. Etxe-ondo. ETX 013.

NAPAR GAITEROAK. (1986). 1924-1986K. Elkar. ELK-119.

PEREZ DE LAZARRAGA. Lizarrako Dultzaineroak. (1972). Lizarrako Dultzaineroak. Herrikoi-Musika Sorta, 5. Edigsa/ Herri Gogoa. HG 30.

(1973). San Fermin - Iruña. Edigsa/ Herri Gogoa. HG 63.

TOLOSAKO DULTZAINEROAK. (1996). 1996. SEA. KD 667.

TUTERAKO GAITEROAK. (1992). Cortes eta Monteagudoko Dantzak. Elkar- ELK-309.

ZIEKOKO GAITEROAK. (1993). Arabako Dantzak. Elkar. KD-345.

Ikus-entzunezkoak

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

CARO BAROJA, Julio eta Pio. (1971). Navarra. Las cuatro estaciones. Gobierno de Navarra.

LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.