FLAUTEN TANKERAKO HOTS JOSTAILUAK

TXULUBITE MALABITE ETA JOALDIAK

Lizar, gaztainondo edo makal adar makiltxoekin egin izan diren txulubitak haurrek asko erabili dituzten hots jostailuak izan dira. Flautatxoa egiteko prozesua, azala ateratzeko makilatxoa jotzearekin batera egiten den kantutxoarekin hasten da.

Kantuarekin eta txulubiten joaldiekin osatu dugu pieza hau. Hasieran, 1973an Juan Bautista Lasarteri grabatutako Txulubite malabite kantutxoa entzuten da. Segidan bi txulubita joalditxo, bat zulorik gabekoarekin eta bestea zulo batekoarekin.

Ondoren Juan Bautistari grabatutako kantutxoaren beste bertsio bat entzuten da eta bukatzeko pistoidun flautarekin egindako joaldiak.

Kantua: Juan Bautista Lasarte.

Txulubitak: Juan Mari Beltran.

Juan Mari Beltranek 1973, 1976 eta 1999an Iribasen egindako grabazioak.

BESTELAKO TXULUBITAK

JMBA Bildumako txulubita ezberdinen joaldiekin osatu da pieza hau.

Hau da hurrenez hurren joaldien ordena:

  1. abrikot hezurrezko txulubita (JMBA Bilduma, 0036 zk.)
  2. latorrizko txulubita (JMBA Bilduma, 1050 zk.)
  3. Usurbilgo kanaberazko txilibituak (JMBA Bilduma, 1081 zk. eta 0681 zk.)
  4. txoritxoa (ur-flauta. JMBA Bilduma, 1410 zk.)
  5. Oiartzungo banbuzko txilibituak (JMBA Bilduma, 0751 zk. eta 0782 zk.)
 

Musika-sormena garatzeko eta jolas egiteko tresnak dira hots-jostailuak. Soinu-tresnek baina baliabide urriagoak eskaini arren, denbora-pasan zein heziketa arloan funtzio garrantzitsua bete dute. Haur eta gazteek ez ezik, helduek ere erabili dituzte, adibidez, lan orduak arintzeko.

Haur denboran hots-jostailuak egiten jakintza desberdinak bereganatzen ditugu. Herri-kulturan tresna hauek urtearen sasoi jakin batean egin izan dira, urtaro bakoitzeko landare edo fruituekin. Ilargiak landareengan duen eragina kontuan hartu behar izaten da hauek ongi egin ahal izateko. Urtearen zikloa ulertzeko bide bat da, beraz, tresna hauen eraikuntza.

Eraiki ondoren tresna hauekin jolas egitean, berriz, psikomotrizitatea lantzen dugu, modu sortzailean gainera. Gorputz atalak koordinatzen ikasten dugu, aldi berean gorputz-adierazpena landuz.

Kasu askotan, hots-jostailuak soinu-tresnen aldaera sinpleagoak dira. Hauekin jolasteak, oharkabean, soinu-tresna konplexuagoekin musika egiteko prestatzen gaitu.

Aerofonoen taldean, flauten azpitaldeko hots-jostailuak aurkeztuko ditugu segidan. Hauetako askok txulubita izena hartzen dute, tresna ezberdinak izanagatik.

AHOKODUN FLAUTA ZUZENEN TANKERAKO HOTS JOSTAILUAK

Flauta sinple hauei txulubita esaten zaie, eta itxura desberdinak har ditzakete.

Zuhaitz-adarrez egindakoak edo kanaberazkoak ezagutu ditugu gure inguruan.

ZUHAITZ-ADARREZ EGINAK

Herrialde askotan udaberrian (arbolen izerdi garaian) haurrei halako hots-jostailuak egin zaizkie. Hainbat material erabili izan dira: lizarra, gaztainondoa, makala, hurritza, sahatsa, intxaurrondoa, pikondoa eta beste (Manterola, 1993, 687 or.). Ahokoa prestatu eta gero, adarraren izerdiari esker makila ateratzean, azalak flautaren tutua osatzen du.

Jarraian, notak emateko zuloak egin dakizkioke, ala ez. Ateratako makila azpiko zulotik irristan sartuaz eta atereaz, ostera, pistoi flauta (enboloa) egin daiteke. Tresna hauek hondatu egiten dira, eta beraz, egin eta denbora batera jada ez dute hotsik ematen. Horregatik, erabili nahi direnean egitea komeni da. Arestian aipatu bezala, udaberria izaten da nagusiki hauek egiteko eta jotzeko garaia.

Lizar makilez egindako txulubita JMBA Bilduma 178 zk. (Arg: O. Zapirain – Soinuenea)

Lizar makilez egindako txulubita JMBA Bilduma 178 zk. (Arg.: O. Zapirain – Soinuenea)

Makala makilez egindako txulubita JMBA Bilduma 0037 zk. (Arg: O. Zapirain – Soinuenea)

Makala makilez egindako txulubita JMBA Bilduma 0037 zk. (Arg.: O. Zapirain – Soinuenea)

Nafarroako Leitzaldeko Arano herrian ere egiten ziren, haurrak erabil zezaten, gaztainondo adar makilez egindako halako txulubitak1.

Gaztainondo makilez egindako txulubita JMBA Bilduma 0511 zk. (Arg: O. Zapirain – Soinuenea)

Gaztainondo makilez egindako txulubita JMBA Bilduma 0511 zk. (Arg.: O. Zapirain – Soinuenea)

Gazte bat gaztainondo makilarekin egindako txulubita jotzen. (Arg: JMBA)

Gazte bat gaztainondo makilarekin egindako txulubita jotzen. (Arg.: JMBA)

Lizar makilarekin egindako zulo bateko txulubita. JMBA Bilduma 0770 zk. (Arg: O. Zapirain - Soinuenea)

Lizar makilarekin egindako zulo bateko txulubita. JMBA Bilduma 0770 zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)

Haur bat lizar makilarekin egindako zulo bateko txulubita jotzen. (Arg: JMBA)

Haur bat lizar makilarekin egindako zulo bateko txulubita jotzen. (Arg.: JMBA)

Lizar makilarekin egindako pistoidun txulubita JMBA Bilduma 0771 zk. (Arg: O. Zapirain – Soinuenea)

Lizar makilarekin egindako pistoidun txulubita. JMBA Bilduma 0771 zk. (Arg.: O. Zapirain – Soinuenea)

Gazte bat lizar makilarekin egindako pistoidun txulubita jotzen. (Arg: JMBA)

Gazte bat lizar makilarekin egindako pistoidun txulubita jotzen. (Arg.: JMBA)

TAILERRA: ZUHAITZ ADARREZ EGINDAKO TXULUBITAK

KANABERAZ EGINAK

Kanaberaz egindako zulodun txulubita edo txilibitu sinpleak Euskal Herriko hainbat bazterretan erabili izan dira. Lekeition haurrek jotzen omen zituzten 1920ko hamarkadan (Bilboko Euskal Museoa, 1998, 107 or.). Donostiako (Gipuzkoa) San Telmo Museoan kanaberazko bi txilibitu zahar daude, 1918an Usurbildik ekarriak (Beltran, 1997, 141-142 or.).

San Telmo Museoko Usurbilgo bi txilibituak. San Telmoko erref: 34 eta 35. (Arg: JMBA)

San Telmo Museoko Usurbilgo bi txilibituak. San Telmoko erref: 34 eta 35. (Arg.: JMBA)

Jostailu hauek ez ziren beti etxean egiten; J. M. Beltranek gogoan duenez, XX. mendearen erdialdean herrietako festetara joaten ziren ferietako saltzaileek halako tresnak eta bestelakoak saldu ohi zituzten.

Herriko festetan etortzen ziren ferianteek haurrentzako ekartzen zituztenak bezalako txulubita. JMBA Bilduma 569 zk. (Arg: O. Zapirain - Soinuenea)

Herriko festetan etortzen ziren ferianteek haurrentzako ekartzen zituztenak bezalako txulubita. JMBA Bilduma 569 zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)

XX. mende hasieran haurrek jolas zezaten kanaberazko eta banbuzko txulubitak egiten ziren Oiartzunen (Gipuzkoa), batzuetan zulorik gabe, eta besteetan bi, hiru edo lau zuloekin. Egindako zulo kopuruaren arabera txulubita esku batekin edo biekin jotzen zen2.

Oiartzungo Ergoien auzoko Iriberri baserriko Lino Zapirainek egindako txilibitu eta txulubitak. JMBA Bilduma 749-750-751-781-782. (Arg: O. Zapirain – Soinuenea)

Oiartzungo Ergoien auzoko Iriberri baserriko Lino Zapirainek egindako txilibitu eta txulubitak. JMBA Bilduma 749-750-751-781-782. (Arg.: O. Zapirain – Soinuenea)

Haur bat kanaberazko txulubita jotzen. JMBA bilduma, 681 zk. (Arg: JMBA)

Haur bat kanaberazko txulubita jotzen. JMBA bilduma, 681 zk. (Arg.: JMBA)

TAILERRA: KANABERAZKO TXULUBITAK

Ahokodun flauta zuzenen gisako hots jostailuak

Burgiko (Nafarroa) Karlos Zabaltzak kontatu zigunez (1988an eta 1999an izandako elkarrizketetan), bere haurtzaroan kanaberaz egindako pan flauta ezagutu zuen. Flauta izena ematen zioten eta Erronkariko herrietan haurrek asko erabiltzen omen zuten. Jostailu hauek ez zuten hodi kopuru jakin bat izaten; lau, bost edo zortzi hodi izan zitzaketen.

Haur bat Erronkariko kanaberaz egindako pan flauta motako flauta bat jotzen. (Arg: JMBA)

Haur bat Erronkariko kanaberaz egindako pan flauta motako flauta bat jotzen. (Arg.: JMBA)

Haurrentzako plastikozko pan flauta itsura duten flautatxoak ere ikusi izan ditugu jostailu dendetan eta herrietako festetara joaten ziren saltzaileen postuetan.

JMBA Bilduma 1577 zk. (Arg: O. Zapirain - Soinuenea)

JMBA Bilduma 1577 zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)

TXISTU EGITEKO HOTS JOSTAILUAK

Bada jendea ahoarekin soilik edota hatzak ahoan modu ezberdinetan sartuta txistu egiten dakiena.

Nafarroan txistu egiteko hainbat tresna aurkitu dira Historiaurreko aztarnategi arkeologikoetan, esaterako, hezurrez edo azabatxez eginak3.

Landa lanaren bidez jakin dugu, XX. mendean herri-kulturan hots-jostailuak egin izan direla, adibidez, fruta ezberdinen hezurrak zulatuta: abrikota, mertxika, okarana, almendra heldugabea...

Modu honetan jo izan dira, baita ere, barraskilo edo karrakelen oskolak, baita ezkurren txapelak ere (Manterola, 1993, 694-695 or.).

Haurra karrakela jotzen. (Arg: JMBA)

Haurra karrakela jotzen. (Arg.: JMBA)

Nafarroako Larraun bailaran eta Sakanaldean ohikoak ziren abrikot hezurrekin zein latorri zatiekin egindako txulubitak (Beltran, 1996, 78 or.).

Ziraukiko (Nafarroa) Aizibita trikuharrian aurkitutako ustezko txulubitetako bat (Arg: Museo de Navarra)

Ziraukiko (Nafarroa) Aizibita trikuharrian aurkitutako ustezko txulubitetako bat. (Arg.: Museo de Navarra)

Haur bat abrikot hezurrez egindako txulubita jotzen. (Arg: JMBA)

Haur bat abrikot hezurrez egindako txulubita jotzen. (Arg.: JMBA)

TAILERRA: ABRIKOT HEZURREZKO TXULUBITAK

Jose Mari Lopez de Elorriagak kontatu zigunez, Agurainen haur-denboran halako txulubitak egiteko modu xelebrea zuen: kalez kale ibiltzen zen eskuan abrikot hezurra harturik, etxe pareten kontra hezurra arraspatuz, hezurra zulatu arte.

Aguraingo kaleetan ohikoa den harlandua oso egokia omen abrikot hezurrak higatzeko!

TAILERRA: LATORRIZKO TXULUBITA

OKARINEN GISAKO HOTS JOSTAILUAK

Ontzi egoki baten faltan, eskuekin okarinen moduko flauta egiten ikas daiteke.

Eskuen arteko espazioa aldatuz, doinuak ere eman daitezke.

Okarinen taldekoa dugu ur flauta ere. Buztinezko pegar txiki baten itxura izan ohi du. Barruan ura duela, ahokaduran putz egin eta txorien txioen antzeko hotsa ematen du. Izatez, ez da haurrentzako jostailua bakarrik. Esaterako, Tafallako (Nafarroa) auroro delakoen Gabonetako errondetan beti izaten da pajarico (txoritxo edo ur flauta) joleren bat.

Txulubita hauek Bestelako txulubitak tituludun pistan entzun daitezke.

Burgosko artisau azoka batean erositako ur flauta. JMBA Bilduma, 86 zk. (Arg: O. Zapirain – Soinuenea)

Burgosko artisau azoka batean erositako ur flauta. JMBA Bilduma, 86 zk. (Arg.: O. Zapirain – Soinuenea)

Agustin Caballero Tafallako auroroen taldeko kidea ur flauta jotzen (1999). (Arg: JMBA)

Agustin Caballero Tafallako auroroen taldeko kidea ur flauta jotzen (1999). (Arg.: JMBA)

OHARRAK

1 Aranon Jose Mari Legarretari 2000ko urtarrilak 16an Juan Mari Beltranek egindako elkarrizketa.

2 Oiartzungo Ergoien auzoko Iriberri baserriko Lino Zapirainek bere haurtzaroan ezagutu zituen halako hainbat txulubita eta txilibitu egin zizkigun 1999an. Hauek Soinuenearen erakusketan eta biltegian daude: Zulorik gabe (781 zk.), bi zulorekin (751 eta 782 zk.), lau zulorekin (749 eta 750 zk.).

3 Gembero-Ustárroz, 2016, 15. or.

ITURRIAK

BIBLIOGRAFIA

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1978). Azal doiñuak: Sunpriñu eta Txulubite. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. (29. zk. 349-362). Institución Principe de Viana.

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Orain.

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1997). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Jentilbaratz 6. Eusko Ikaskuntza.

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1998). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Lankidetzan bilduma. Eusko Ikaskuntza. [aurrekoaren berrargitalpena]

BELTRAN, J. M. (2002). Los juguetes sonoros. In Beltran, J. M., Díaz, J., Pelegrín, A., y Zamora, A. Folklore musical infantil (61-143). Akal.

BILBOKO EUSKAL MUSEOA. (1998). Haur-jolasak eta jostailuak / Juegos y Juguetes del Museo Vasco de Bilbao. Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco-Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa.

DONOSTIA, A. (1947). Instrumentos de Música Popular Española. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 113-179). Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

DONOSTIA, A. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309).

GEMBERO-USTÁRROZ, M. (2016). Navarra. Música. Nafarroako Gobernua.

LOPEZ DE ARANA ARRIETA, I. (2004). Rudolf Trebitsch-en 1913ko Euskal grabazio musikalak. Sancho el Sabio. (21), 49-89.

MANTEROLA, A. (Zuz.). (1993). Juegos infantiles en Vasconia. Etniker Euskalerria-Eusko Jaurlaritza.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.