FLAUTA ZEIHARRAK

ISTURITZEKO FLAUTAREKIN JOALDIA

Isturitzeko leizean (Nafarroa Beherea) aurkitu ziren flautetako baten kopiarekin Juan Mari Beltranek 2021eko abuztuaren 5ean Soinuenean egindako joaldi librea da hau. Historiaurrean egingo zen musikaz ezer gutxi dakigun arren, soinu-tresna honen digitazio zuloen kokapenak eskala zehatz bat ematen digu, eta honi esker garai hartako hotsetara hurbil gaitezke.

 

Flauta hauetan joleak airea tutuaren ertzera bideratzen du, baina tutua erdi zeharka helduaz. Zelanda berriko albatros hezurrekin egindako pōrutu izeneko flauta, Balkanetako kaval-a eta Ekialde hurbileko ney/nay izeneko flauta gehienak talde honetan sailka daitezke, adibidez.

Euskal Herrian ezagutzen diren soinu-tresna zaharrenak Izturitzeko harpeetan XX. mendearen hasieran topatu ziren aerofonoak dira. Hezurrezko hodi zatiak izanik, soinu-tresnen zatiak direla onartuta dago. Gaur arte soinu-tresna horiek flautak direla pentsatu da, zehazki, arestian aipatutako tresnen moduko erdi zeharkako flautak. Isturitzeko flauten erreprodukzioak dituzten musikariek ere erdi zeiharka jotzen dituzte.

Dena den, ikerlari batzuek ez dute guztiz baztertu bestelako aerofonoak izan litezkeenik ere (mihidunak edota ezpain bibrazioz jotzekoak). Haien esanetan, baliteke material galkorrez egindako ahokoa eduki eta galdu izana1.

Nafarroa Beherean kokatutako herria dugu Izturitze. Bertan XIX. mendearen bukaeran fosfato ustiaketa egiten ari zirela azaldu ziren lehen aztarna arkeologikoak (Normand et al., 2012, 162 or.). Aurkikuntza horren ondoren bi indusketa aldi garrantzitsu izan ziren. Emmanuel Passemard arkeologoak zuzendu zuen lehena, 1912 eta 1923 artean. Bigarrena, aldiz, René eta Suzanne Saint-Périer senar-emazteek gidatu zuten, 1928 eta 1959 artean.

Ikerlariek diotenez (Mazo et al., 2015, 66. or.), Izturitzeko aztarnategia bakarra da, bertan aurkitutako hodi zulodunen ugaritasunagatik (hogeitik gora) eta Goi Paleolitoko garai guztietako laginak gorde direlako bertan (Aurignac, Gravette, Solutre eta Madeleine aldikoak, alegia).

Tamaina ezberdinetako hegazti hezurrez eginak dira guztiak; putreen hezurrez eginak asko, eta bat behintzat abizuri hezurrez egina (Gypaetus barbatus, “quebrantahuesos”).

Zuloak egiteko erabilitako teknika ez da konstantea, baina hezurraren horma arraspatuz egin zirela diote adituek, zulatuz baina gehiago (Ibid., 75. or.).

Azterketa akustikoek eskala pentatonikora garamatzate. Eskala musikal hau ez da oso ohikoa egungo euskal herri-musikan.

Etorkizunean garatuko diren ikerketek ziur aski soinu-tresna hauei buruzko datu gehiago argitara emango dituzte.

Mixel Etxekopar Izturitzeko flauten erreprodukzio bat jotzen (Arg.: M. Etxekopar)

Mixel Etxekopar Izturitzeko flauten erreprodukzio bat jotzen. (Arg.: M. Etxekopar)

Juan Mari Beltran Izturitzeko flauten erreprodukzioa bat jotzen (Arg.: Soinuenea)

Juan Mari Beltran Izturitzeko flautetako baten erreprodukzio bat jotzen. (Arg.: Soinuenea)

OHARRAK

1 Izturitzeko aerofono hauen erreplikak egin dituztenek mota ezberdinetako ahokadurak erabili dituzte probak egiteko (Mazo Pérez et al., 2015, 81-86. or.), alaka terminalaz, flauta zeihar (oblikuo) modura joaz; kanaberazko mihi bakuna jarriz; ezpainak bibraraziz, tronpeta modura.

ITURRIAK

BIBLIOGRAFIA

BUISSON, D. (1990). Les flûtes paléolithiques d’Isturitz (Pyrénées-Atlantiques). Bulletin de la Société préhistorique française, Tome 87 (10-12), 420-433.

FLINTOFF, B. (2004). Taonga Puoro; Singing treasures; The musical instruments of the Maori. Craig Potton Publishing.

MAZO PÉREZ, C., GARCÍA BENITO, C., ALCOLEA GRACIA, M. (2015). Un caso de Arqueología Experimental aplicado a la Arqueología Musical. SALDVIE, (15), 65-91.

NORMAND, C., GOUTAS, N., LACARRIÈRE, J., SIMONET, A. (2012). El Gravetiense de la cueva de Isturitz: nuevas investigaciones, nuevos datos. In De las Heras Martín, C., Lasheras Corruchaga, J. A., Arrizabalaga Valbuena, A., De la Rasilla Vives, M. (Ed.), Pensando el Gravetiense: nuevos datos para la región cantábrica en su contexto peninsular y pirenaico (161-183). Ministerio de Educación, Cultura y Deporte.

DISKOGRAFIA

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (zuz.) (2014). Hots larretan [CD]. CDNO 37 NO-CD Records. L.G.: SS 1402-2014.

ETXEKOPAR, M. & ROSSÉ, F. (2013). Aspaldian [CD+DVD]. KD1302 ZTK diskak.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.