Ezkila, joareak, txintxarriak

JOALDUNAK

Zubietako eta Iturengo joaldunak

Zubieta, 1998/01/27 

Zubietako eta Iturengo joaldunak. Zubieta, 1998/01/27.

Dunba-Truku (JMBA bilduma, 0415)

Kuartizo-Cuartizo (JMBA bilduma, 0416)

Kuartizo-Cuartizo (JMBA bilduma, 0417)

Truketa (JMBA bilduma, 0418)

Eskila-Txakla (JMBA bilduma, 0420)

Eskila-Txakla (JMBA bilduma, 0421)

Bitarte (JMBA bilduma, 0423)

Joaldunak. Zubieta, 1998/01/27.

Joaldunak. Zubieta, 1998/01/27.

Euskalerriaren Yakintza. 1. liburukian ageri den Arranotsak irudia (279. or.)

 

Ezkilak-joareak ez-zuzenki kolpaturiko idiofonoak dira.

Egitura

Itxura ezberdinetako metalezko ontziak dira. Hotsa emateko ahoz behera jartzen dira. Barnealdean zintzilikaturik mihi bat izaten dute.

Joera

Animaliek zein pertsonek lotuta eramaten dituzte eta ibiltzerakoan edo mugitzerakoan astintzen dituzte. Mihiak joarearen metalezko paretan jotzerakoan hotsa ematen dute.

Historia

Euskal Herriko ardiek eta bestelako abereek lepotik zintzilikaturik eramaten dituzte. Hotsen bidez identifikatzen dute abereak zeinenak diren eta non dauden jakiten da. Mota askotako ezkilak daude, bakoitza bere izen eta funtzio bereziarekin. Baina kasu hauez gain, beste funtzio batzuekin ere erabili izan dira.

Munduko beste toki askotan bezala, gure herriko folklorean ere askotan agertzen dira hotsa eta erritmoa emateko urtean zehar egiten diren festa eta ospakizunetan:

  • Oso erabiliak dira inauterietako dantza eta desfileetan.
  • Besteak beste, Nafarroako toki askotan Eguberrietan, haurrek zarata handia eginez herrian zehar buelta egiten dute, Erregeen etorreraren aurretik honen hurbiltasunaren berri emateko.
  • Zuberoako Maskaradako Txerrero pertsonaiarena egiten duen dantzariak ere bere gerrikoan dozena erdi ezkila txiki eramaten ditu eta berdintsu Lapurdiko Inauteriko Kotillun-gorri deitutako pertsonaiek. Ezkilek, dantzariaren saltoen eraginez, hotsa ematen dute dantzaren erritmoan.

Ziur aski famatuenak, Nafarroako  Ituren eta Zubieta herrietan inauterietan tresna hauek joaz egiten diren martxak dira. Joareak daramatzaten pertsonei joaldun esaten diete bertan, baina hauek izendatzeko ttuntturro (buruan eramaten duten txano luze eta konikoagatik) eta zapantzar (Saint Pansard) hitzak ere erabiltzen dira (Urbeltz, 1978, 203. or.).

Joaldunen martxako partehartzaileek, bi lerrotan jarririk, bakoitzak bi ezkila handi daramate gerrian (bizkar aldean) loturik, dunbak edo pulunpak. Iturengoek bizkarrean beste bi ezkila txiki ere eramaten dituzte. Guztiek batera ematen duten urrats bakoitzarekin joareak astintzen dituzte. Urrutitik entzuten da joaldun talde honek ematen duen martxa erritmo iraunkorra.

R. M. Azkuek (1959) zera dio:

“Arranotsak (tututak, toberak Lapurdin, txintxarri-otsak G-Alkizan). Alargunen bat ezkontzen danean, Euskalerriko alderik geienetan, eztegu-gabean, arran ta arratz ta arrazko, txistu ta txirula ta txilibitu, ots ta zarataka ateraten izan dira. Gura egun onetan, ezkonbarri geienak uri andiren batera egun batzuk igarotera yoaten diralako, gitxiagotan entzuten dira arranots edo zentzerrada onek. Calahorrako gotzain Agiriano yaunak 1797-garren urteko irailean arranots- oitura zar au gaitzetsita itxi euskun” (279-280 orr.).

Euskalerriaren Yakintza. 1. liburukian ageri den Arranotsak irudia (279. or.)

Juan Mari Beltranen ama zenak, Luisa Argiñenak, bere haurtzaroan (XX. mendearen hogeigarren hamarkadan) ezagutu zuen halako ekintza bat bere herrian (Nafarroako Larraun bailarako Alli), Ameriketan aberastutako agure bat, handik etorri eta bailarako neska gazte eta polit batekin ezkondu zenean. Zarata ateratzeko ezkilak eta metalezko eltze zaharrak erabiltzen zituzten. Gau hartan zaratarekin batera “Artillero dale fuego.... eiten zieten tarrapatatan, zergatik neskatxa zakarra zan” burlako kantua ere abestu omen zieten (Beltran, 1996. 41. or.).

ITURRIAK

Bibliografia

AZKUE, R.M. (1959). Euskalerriaren Yakintza. (1. liburukia). Madrid: Espasa Calpe.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

URBELTZ, Juan Antonio. (1978). Dantzak. Bilbo: Lankide Aurrezkia-Caja Laboral Popular.

Bideoak

BASTERRECHEA-LARRUQUERT. (1968). Ama lur. Euskadiko Filmategia-Filmoteca Vasca.

BELTRAN, Juan Mari. (2019). Irasko. Maya-Aguirre, un siglo de pastoreo en Falces. Soinuenea. HMB-2019-01151-DVD

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.