Eltzegorra

Eltzegor joaldia. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.

 

Eltzegorra igurtzitako menbranofonoen familiako soinu-tresna da.

Egitura

Neurri desberdinetako altuera (30-60 zentimetro) duen eltze bat izaten da. Ezagutzen ditugunen artean, Baigorriko herrian aurkitutakoa izan ezik, beste guztiak buztinezkoak dira. Eltzeari ipurdia kentzen zaio eta tenkatutako larruzko mintzarekin ixten da. Larruaren erditik bikeztatutako soka pasatzen zaio.

Joera

Leon Telleriari ikasi genion eltzegorra nola jotzen den. Ontziak ahoa aurrealdera duela, besopean hartu, eskua eltze barruan sartu eta bi hatzekin (lodia eta erakuslea), soka barrutik kanpoaldera igurzten da. Joera honek ez du uzten erritmo eta hots iraunkorra markatzen, sokaren luzerak mugatzen baitu.

Baigorriko kasuan, eltzegorra triparen kontra lepotik zintzilikatuta harturik, soka bi muturretatik heldu eta alde batera eta bestera pasatzen da larru erdian egindako zuloetatik. Eltzegor honekin posible da hots iraunkorra eta erritmoak ematea.

Poliki igurtziz gero tonu grabea ematen du eta azkar egin ezkero agudoagoa. Estutzen denaren arabera hotsa handiagoa edo txikiagoa izango da (Beltran, 1996).

Historia

Igurtzitako menbranofono hau, batzuetan eltzabor, eltzaor eta eltzagor izenekin azaltzen da.

Tresna honi buruz, dokumentazio gutxi badugu ere, zahar askok ondo gordeta dituzte bere gogoan honen inguruan gertatutakoak eta kontatzen ziren istorioak. Batzuek zuzenean ezagutu eta erabili izan dute. Gure inguruan izan duen funtzioa ez da izan batere musikala, zalaparta egiteko eta ikaratzeko edo beldurtzekoa baizik.

A. Donostiak (1952) zera esaten digu: “Existe este tambor de fricción en el País Vasco. Se le denomina eltzabor, eltzagor. Como en otros lugares, este instrumento se compone de un pote vacío (de barro) redondo, en cuyo borde superior se aplica una piel tensa. Se introduce en el centro de ésta una espiga, que, subiendo y bajando, produce un sonido ronco. De ahí que en lengua vasca se dice eltzagortu = timpanizar, ponerle sordo a uno. A diferencia de otras regiones en que se toca este tambor de fricción en Navidad, en el País Vasco se le utiliza en las cencerradas, charivaris. Eltzegor significa también cuerno, que se toca de noche para ahuyentar fieras y alimañas” (295. or.).

Soinutresnak euskal herri musikan lanean (Beltran, 1996) informazio zabala ageri da. Ez dakigu garai batean non erabiliko zen, baina guk jaso dugun informazioak garbi uzten du azken garaietan tresna hau Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin eta Baxe Nafarroan jo eta erabili izan dela.

Han eta hemen bildutako informazioan garbi ikusten da eltzegorrak zein funtzio berezi zituen edo zertarako erabiltzen zuten: zarata ateratzea eta helburu desberdinekin animaliak edo pertsonak izutzea eta uxatzea.

Baigorrin esate baterako, sozialki gaizki ikusia zegoen gertakizun bat salatzeko, adibidez, gizon zahar eta neska gazte baten arteko ezkontza batean edota inguruko norbaitek egindako beste edozein zentzugabekeriaren aurrean (izan zitekeen gazteek ezkontza zela eta eskatutako ardoa ez emateagatik ere). Alde batetik, broma eta burlaz (trufatzeko) eta bestetik serio, mingarri eta salagarriak ziren “toberak” izeneko antzezpen moduko ekintza publikoak antolatzen zituzten. Hauek, salatutakoak bizi ziren inguruan egiten ziren.

“Toberak” saioetara joateko, dei gisa, “zirtzilak” deitutako pertsonaia batzuek (Zuberoako Maskaradetako Buhamien antzekoak), eltzegorra jotzen zuten inguru osoan.

Baigorriko Peio Gurrutxarrik esan zigunez, garai batean mendian ere, zaldi-behorrak izutzeko eltzegorra jotzen omen zuten.

Lapurdiko Itsasu herrian animaliak (zaldi-behorrak) izutzeko erabiltzen zuten eta bertako berri emaile batek Baigorrin otsoak beldurrarazteko eta urruntzeko eltzegorra jotzen zutela entzuna zeukan.

Aralar mendiaren inguruko Nafarroako Larraungo bailarako herrietakoek, mendian, “komunalak” ziren belar lurretan eduki izan dituzte libre, artaldeak, ahuntzak, zaldi-behorrak eta bestelako etxaldeko abereak. Abere hauek, gaueko iluntasun eta bakardadearen babesean, mendiko belarretatik herri inguruetako soroetara jaisteko joera dute eta hauetara etortzen badira, kalte handiak egiten dituzte, bertan aurkitzen dutena janez eta zapalduz. Soroetako jabeak, animaliak bertan zebiltzala konturatzen zirenean, abere hauek soroetatik kanporatzeko eta berriz ere mendian gora bidaltzeko, eltzegorra hartu eta haiengana inguratuz, jotzen hasten ziren. Abereak, jasangaitz egiten zitzaien hots zakar hori entzuten zutenean, berehala, ikaraturik, eroturik eta itsuturik, ziztu bizian urruntzen ziren mendirako bideetatik.

Bertakoek esaten dutenez, ihesaldi itsu eta ero horietan, askotan, abere batzuek espantuz beterik, aurrean aurkitzen zuten zuhaitz eta edozein gauzaren kontra jotzen omen zuten, edo leize-zuloan behera erortzen ziren, eta bertan zauriturik edo hilda geratzen ziren. Besteetan ihesaldi horietan abere batzuk galdu egiten ziren.

Garbi dago pertsonen belarrietarako eltzegorraren hots zakar hori higuingarri eta beldurgarria dela, baina animalien belarrietarako hori baino gehiago da, nonbait. Hauek mina hartzen dute eta dirudienez, ezin dute jasan hots honek sortzen dituen disonantzia eta frekuentziak, horregatik itsutu eta eroturik jartzen dira eltzegorra entzuterakoan. Lehenago ikusi dugun bezala honi buruz, A. Donostiak (1952) zera esaten du: “De ahí que en lengua vasca se dice eltzagortu=timpanizar, ponerle sordo a uno”.

Eltzegorrak izan duen erabilera, funtzio eta eragin itsusia ikusiz, ez da harritzekoa jende askok, agintariek barne, honen aurkako jarrera izatea eta ondorioz, toki guztietan debekaturik egotea eta jotzaileak ezkutuan, gauez eta kladestinitate osoz aritzea.

Eltzegorra jotzeagatik abereak galdu, zauritu edo hiltzen zirenean, hauen jabeek salaketa asko jartzen zituzten eta ustezko eltzegor jotzaile ziren soroetako jabeekin liskar eta borroka asko izaten zituzten.

Baina mendian zebiltzan abereak jaitsi egiten ziren eta horri aurre egin behar zitzaion. Ez zen nahikoa makilekin eta oihuka izutzearekin, momentuan metro batzuetara alde egingo bazuten ere, berriz bakarrik geratzen zirenean, berehala itzuliko baitziren gogoko soro horietara.

Eltzegorra debekaturik zegoela, askotan bateko, lauko edo zortzi mihiko karrakak erabiltzen ziren, baina badirudi hauek ez zutela eltzegorraren funtzioa behar bezala betetzen. Horrela, Baraibarren ikusi genuen funtzio hori beteko lukeen honen ordezkapenerako asmatutako mihi askotako karraka, zintzarri eta bestelako hotsak nahasturik ematen zituen beste tramankulu bat (Beltran, 1996).

Eltzegorrari buruzko informazio gehien eman diguna, Idiazabalgo Leon Telleria Oiarbide, “Leon Txiki” izan da. Seguran jaio zen, 1914ko ekainaren 14an.

Aitarengandik ikasi zuen tresna egiten eta jotzen, eta esan zigunez, Idiazabalgo Lopategiko bere osabak ere jotzen zuen. Berak erakutsi zigun nola egiten den eta nola jotzen den, gure aurrean eginez eta joaz.

“Leon Txiki”-k, bere gaztaroan, inguruko herri eta auzoetan eltzagorra jo izan zuen. Eltzagorra koadrilan jotzen omen zuten eta berarekin ibili ohi zirenak Segurakoak ziren. “Ganberro” eta traste xamarra izatearen fama zuen koadrila honek ezkutuan eta gauez jotzen zuen.

Leon Txiki-k kontatzen zigunarekin jarraituko dugu (Beltran, 1996):

“Eltzegorra egin eta etxean bertan probatu genuen, koadrilako baten “panaderian”. Han gertu zegoen batek eltzegorraren hotsa entzun zuenean, beldurturik alde egin zuen eta ez zen atrebitzen berriz ere etortzea, ikuluan “nobedade” ba zela esanez. Hots hura guk egin genuela oraindik sinistu gabe egongo dela uste dut.

Behin batean, afaria egiten ari zen koadrila baten zai jarri ginen etxerako bidean. Bazetoztela ikusi genuenean, gu izkutatu ginen bide ondoan eta gerturatu zirenean “katxarro” honekin jo genuen. -Hi! zer dek hori! idi bat akaatzen edo zer ziok hor? -Zer dek hori? ..... batzuek; -Ikusi egin behar diagu! Besteak ; -Ni ez nijok! -Iluntasun honetan..... Makila hartu behar dut, hemen langa badek eta ikusi behar diagu zer dagoen! Bai “letxes”! Afrikako gerran “bolontario” ibilitako mutilak, hamar edo hamaikako koadrila, ezta lagun bakarra ere ez zuen balorerik izan karreteratik hanka ateratzeko ere. Jesus eta biok isilisilik, hua hua... parrez, hots handirik ezin egin da. 

Gau batean, “kinto despedida”ko afaria ospatzen ari zirela, baserrietara eltzegorra jotzera joan behar zuela bururatu zitzaien. Bidean, belarra jaten zegoen asto batengana inguratu ziren. Hau, soka luze batekin lurrean sartutako makila bati lotuta zegoen. “Eltzegorra jo eta astoak belarriak tente jarri zituen, buztana gora, puuurruuuut egin eta abiatu zen korrikan makila lurretik aterata. Geroztik ez da azaldu asto hura.

Gero Iturri-berri aldean gizon bat ikusi genuen eta jotzen hasi ginen. Bestea ikaratuta, aurrekaldean gizona lurrean zeukala irudituz, eta harriak hartu eta tiratzen... eta gu halare bertan. “Kaballeriak” sentidu denak galduta gelditzen zirela, ba, gizonak ere igual ere hartara ailegatu ezkero”.

Gero baserri batera inguratu ziren, eta atari aurrean ezkutuan jarri eta jotzen hasi ziren. “Gu jotzen hasi ginenean, txahalak maaa... egin zuen eta nik kanpotik, estilo xamar hartan kontestatu nion eta laister ziren behiak eta txahalak, denak muuu, muuuuu ikaratuta eta haiek hala hasi zirenean etxekoak ere bai ikaratuta. Argiak piztu eta laister ziren etxekoak ikuluan eta baserriko gizona atarian eskuan eskopeta harturik”. Kalte handi xamarra egin omen zuten gau hartan, abereek min handiak  hartu omen zituzten, ikaraturik alde egin nahian, lepoko kateei tiraka.

Halako bihurrikeria asko egiten zuten inguruetako pertsonak eta abereak ikaratuz.

Gure “Leon Txiki”-k bi edo hiru urtetan jo zuen. Beldurragatik utzi zuten, eta aspertu zirelako; hasieran inork ez zekien zein ziren, baina gero eta susmo gehiago zegoen hauek zirela eltzegorra jotzen zutenak. Debekaturik egotearekin bera konforme zegoen, jendeak osasuna galtzeko moduko sustoak hartzen baitzituen. Esaten zuenez, lehen “kaballeriak” zelaietatik eta soroetatik bidaltzeko erabiltzen zen.

Guk ere (nahi gabe) probatu izan dugu eltzegorraren boterea. Behin batean Pasai Antxoko plazan jotzen geundelarik, ikus-entzuleen artean, aulkien lehenengo lerroan bazegoen mutil bat bere zakurrarekin. Ez genuen horretan erreparatu eltzegorra jo genuen arte. Emanaldiaren momentu batean eltzegorra jo behar genuela eta zakurrak honen hotsa entzun zuenean hanka egin zuen zaunka baino oihu edo negar gehiago eginez bere jabearen aginduei inongo jaramonik egin gabe. Biak, zakurra eta jabea desagertu ziren eta ez genituen berriz han ikusi (117-123. orr.).

TAILERRA

Idiazabalgo “Leon Txiki”-k erakutsi zigunez, eltzegorra egiteko, lehenik, eltze bati ipurdia kentzen zaio eta egindako zuloa ongi tenkaturiko larru batekin ixten da. Larru horren erditik, kanpotik barrura soka bat pasatzen dugu eta tope gisa, eragiterakoan soka atera ez dadin, larruaren kontra gelditzen den korapilo bat egiten zaio. Sartu aurretik, igurtzitakoan ondo bibratu dezan, soka bikeztatu egiten da.

Honela kontatzen zigun Leonek nola egiten zen eltzegor bat:

Eltzea etxeko ganbaratik hartu genuen.

Eltzeari, kontu handiz, borobil borobila eta ertze ondotik zulo ahal den eta handiena eginez, ipurdia kendu egiten zaio.

Egindako zuloan larrua jarri. Katunarrue berriz, han beste koadrila batek afaria egiteko katu bat hil zuten eta haiei eskatu nian eta gero lau iltzekin josi eta sekatzen euki, sekatutako garaian, bizarra mozteko makinilarekin ile kendu nion. Eltzegorra egiteko larru onena katuarena da (Nafarraldean gauza bera entzun dugu), finagoa dela esaten dute, beharbada konejuarenak ere balio du, konejuarena ere fina eta mehea, oso mehea da. Hori askok esaten dute. Panderoan katunarrue jartzen izaten ziren lehen, orain ez dakit. Larrua “tirante” jarri behar da eta hortarako uretan sartu eta jarri soka batekin loturik. “Sekatzen” denean “tirante” jartzen da.

Gero larruaren erdian zulo bat egin eta handik soka pasatzen da.

Sokari “pikie” (bikea) ematen zaio.

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.