Dultzaina

JOTA

Soinularia: Juan Aiesta (dultzaina) eta Agustin Alonso (danborra)

Bedia, 1984

Arin-arin, porrusalda. Juan Aiesta. Bedia, 1984. (Euskal Herriko Soinu-Tresnak. IZ 217. 2017, Elkar KD DVD-E 968)

Dultzaina. Montte (JMBA bilduma, 0126)

Dultzaina metalikoa (JMBA bilduma, 0125)

Dultzaina. Mendaroko Susteta baserriko Juan Agustin Iriondo Lazarobasterrenak jotzen zuena (JMBA bilduma, 0239)

Dultzaina. Montte (JMBA bilduma, 0127)

Dultzaina metalikoa. Alberto Artalek egina (JMBA bilduma, 0146)

Juan Aiesta dultzaina jotzen. Bedia, 1984.

 

Dultzaina aerofonoen familiako mihi bikoitzeko soinu-tresna da.

Egitura

Dultzaina mihi bikoitzeko eta kono formako hodia duen aerofonoa da. Honako osagaiak ditu:

  • Mihi bikoitzeko pita. Kanaberazko bi mihi dira, metalezko tudel bati lotuak. Tudela tutuan sartzen da, mihiak eta hodia lotuz eta hauen hots bibrazioak hodira bideratuz.
  • Hodia. Kono forma irregularra du; zenbat eta beherago, forma konikoagoa du. Gehienetan zurezkoak izaten dira eta ezpela izan da zur erabiliena. Joan den mendearen bukaeran Bizkaian eta Gipuzkoan metalezkoak egiten hasi ziren. Hauek arrakasta handia izan zuten, bereziki Bizkaian; horregatik gaur egun jende askorentzat metalezko dultzaina, “Bizkaiko dultzaina”-ren sinonimoa da.

Notak emateko zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean eta bat goian atzealdean. Hatz txikiarekin ixten dena, behealdean lehena, erosotasunagatik pixka bat alboratua dago. Dultzaina zahar batzuek ez dute zulo hau eta horregatik nota bat gutxiago ematen dute.

Dultzaina guztiek behealdean beste bi zulo dituzte alboetan, biak parean, hots-tutuaren luzera finkatzen dutenak. Hauetatik bukaerara dagoen tutu zatiak bozgorailu funtzioa betetzen du.

Joera

Soinu-tresna honek bi zortzidun oso eman ditzake, baina bere errepertorioan, gehienez zortzidun gehi bostun bateko hedadurako doinuak aurki ditzakegu. Berez, digitazioaren posizio naturalarekin eskala diatonikoa ematen du, baina haize-mutur presioaren aldaketaren bidez tonu erdiko aldaketak lor daitezke eta horretaz baliatzen ziren nagusiki dultzainero zaharrak modu minorrean jotzeko edo eskala atenperatuarekin jotzeko (“zejilazko” eta zuloerdiko digitazioak erabiliz, gehi haize-mutur presioaren modulazioa egokituz eskala kromatikoa ematea lor daiteke).

Gehienetan danborraren laguntzaz jo izan bada ere, panderoa ere agertzen da taldean (A. Donostia, 1952, 281. or.). Soinu txikia hasi zenetik, honen laguntzarekin ere osatu du taldea.

Historia

Euskal Herrian mihi bikoitzeko (oboe) soinu-tresnen artean garatuena eta ezagunena da. Soinu-tresna mota honen taldean, lau bariante aurkitzen ditugu gure herrian: tutubi-tronpeta-sunprinu, txanbela, dultzaina eta Nafarroako gaita, bere bilakabidearen aurrerapenak ekarri duen ordenean. Azkeneko biek itxuraz ez dute ia diferentziarik, eta izenez ere bereizketa ez dago batere garbi, Nafarroan nahasten baitira gaita eta dultzaina izenak, baina erabileraren eta ematen duten musikaren aldetik desberdintasun nabarmenak dituzte. Ezin dugu ahaztu XVIII. mendean Larramendik soinu-tresna hau euskaraz izendatzeko erabiltzen duen bolingozo hitza: “Dulzayna , instrumento musico , bolin-gozoa. Lat. Instrumentum musicum dulcius”.

Aipatzeko beste bariantea, Arabako Errioxan mende honen hasieratik hirurogeita hamargarren (1970) hamarkada bitartean jole batzuek erabili dutena da: giltza mekanismoa duen dultzaina. Hauek Gaztelatik ekarritakoak ziren, eta gure ustez hango dulzaineroen influentziagatik garai horretan Errioxan ere erabili izan dira. Jose Mari L. de Elorriagak egin zituen kopiak izan ezik, ez dugu ezagutzen ez Arabako Errioxan ez Euskal Herriko beste inon halako tresnarik egin denik. Gaur egun, inguru horretan berriz giltza gabekoa nagusitu da.

Noizkoa den ez badakigu ere, txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, honetan ere gutxienez azkeneko ehun urteetan bi motako musikariak aurkitzen ditugu: Baserritar-eskola musikal gabekoak eta kaletarrak-musika eskoladunak.

Lehenengo dultzaina hori ikusiko dugu oraingoan.

Baserritar ingurukoek belarriz ikasten eta jotzen zuten erromeria eta herri txikietan. Errepertorioa, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, dantzarako fandango-jota, arin-arin-porrusalda, martxaz, “agarrau”-ko dantza batzuk eta herri kantuz osaturik dago.

Soinulari hauek etxeko edo inguruko dultzaineroak entzunez ikasten zuten. Geroago ere, jotzen aritzen zirenean, belarriz ikasten zituzten pieza berriak.

Azkoitiako Jose Sodupe “Montte”-k esaten zigun bezala, erromerian beste dultzainero bati pieza berria entzun eta erromeria bukatu ondoren etxerako bidean ikasten saiatzen ziren eta etxera iristerako ikasia zeukaten pieza berri hori, hurrengo erromerian jotzeko prest.

Erromerietara musikari asko azaltzen ziren, inork deitu gabe. Ez zeukaten kontraturik: azaldu, toki bat hartu eta jotzen hasten ziren. Ohikoa izaten zen “martxa” batekin hastea, jendea berengana hurbildu zedin. Korroa biltzen zutenean “saioa”ri ekiten zioten, fandangoa eta buelta (arin-arin) joaz. “Saioa”gatik bikote bakoitzeko mutilak ordaintzen zuen.

Kobratzen zuten diru kontuari buruz, Juan Aiesta Bediako dultzainero zaharrak esaten zigunez, “hasieran (mende honen hasieran) txakur txikerra (pezetaren bost zentimo) eta gero txakur handie (hamar zentimo), orduan zerbait ateratzen zen”. Hala ere, erromeria eta festa batzuetan musikariek ordaindu egin behar zuten ferietako salerosleek bezala, han jo ahal izateko. Ateratzen zuten dirua ez zen etekin garbia izaten beraz. Saio asko jo behar ziren eta jende asko bildu arratsalde edo egun batean “jornala” ateratzeko, eta han izaten zen konpetentziarekin ez zen erraza izaten.

“Montte”-k zioenez, garai batean dultzaineroak binaka ibiltzen ziren, atabalari batekin, baita soinujole batekin ere. Baina dirua gehiagoren artean banatu behar zela eta, gero eta ugariago ikusten ziren dultzaineroa-danborralari bikoteak.

“Montte”-k berak kontatu zigun ondoko hau: Abadinotik Urolaldeko erromerietara, dultzainero oso on eta ospetsu bat, Julian Azurmendi, etortzen omen zen, bere emazte, seme eta alabarekin. Talde honek honela funtzionatzen omen zuen: aitak dultzaina jo, semeak atabala, alaba beste aldetik jendea aitaren korrora ekartzen saiatzen zen eta emaztea berriz diruzain, saio bakoitza bukatutakoan kobratzen. Ikusten denez, ondo antolatua zuen hark negozioa.

Honelakoa izan da musikari hauen ingurua. Gero eta gutxiago bada ere, bereziki Gipuzkoa eta Bizkaiko baserritar inguruko mota guztietako festetan aritu dira azken garaietan.

ITURRIAK

Bibliografia

ARTAL, Alberto / ZUNZUNEGI, Iñaki / ZORRILLA, Iñaki. (1994). Bizkaiko Dultzaina - La Dulzaina en Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Kultur Saila.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1991). Gipuzkoako Dultzaina-La Dulzaina en Gipuzkoa. Cuadernos de Sección. Folklore. (N.4. 185-232). Donostia: Eusko Ikaskuntza.

(1994). Festei Buruzko Inkesta-lana Gipuzkoako Kostaldea. Cuadernos de Sección. Folklore.- (N. 5. 9-85). Donostia: Eusko Ikaskuntza.

(1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

(2004). DULTZAINA GIPUZKOAN. 1950. hamarkada arte. Oiartzun-Donostia: HMT-Erviti.

(2015). DULTZAINA GIPUZKOAN. XX. mende hasierako Gipuzkoako dultzaineroen musika. Oiartzun: Soinuenea.

BILBAO, Juan. (1977). Herriko Musika. Movieplay-Kardantxa. 17.0912/2.

BILBAO ETXEBERRIA, Patxi. (1976). (Leon Bilbao, Maurizia Aldeiturriaga, Benanzio Bernaola, Ramon Orue, Leonardo Zuloaga) Arratia. Edigsa/ Herri Gogoa. HG 129.

BIZKAIKO DULTZAINA. (1994). La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.

DONOSTIA, Aita. (1951). Música y Músicos en el País Vasco. Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. San Sebastián. Obras Completas del P. Donostia. Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

(1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

IRIGOIEN, Iñaki. (1994). Dultzaina-gaita Bizkaian. Bizkaiko Dultzaina-La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.

Diskografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari; ASTIASARAN, Luis; ASTIASARAN, Jose Mari. (2007). Amasatik Arratera. Herri Musika Zaleak. HMZ-SS-430-2007.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari; ANTZIZAR, Andoitz; BELDA, Errege. (2014). Ernikoko magalean. Soinuenea. HMB-2014-1556-CD.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari (Ed.); (2015). DULTZAINA GIPUZKOAN. XX. mende hasierako Gipuzkoako dultzaineroen musika. Oiartzun: Soinuenea.

(2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

(2017). Agirretxetarrak. Soinuenea. HMB-2017-1172-CD.

BILBAO, Juan. (1977). Herriko Musika. Movieplay-Kardantxa. 17.0912/2.

BILBAO ETXEBERRIA, Patxi. (1976). (Leon Bilbao, Maurizia Aldeiturriaga, Benanzio Bernaola, Ramon Orue, Leonardo Zuloaga) Arratia. Edigsa/ Herri Gogoa. HG 129.

BIZKAIKO DULTZAINA. (1994). La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.

Ikus-entzunezkoak

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

CARO BAROJA, Julio eta Pio. (1979). Gipuzkoa. Gipuzkoa-Donostia Kutxa.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.