Aurkezpena
Soinuenea Fundazioak hasiera eman dio euskal herri musikan erabili diren soinu-tresnen entziklopedia eguneratzeari.
Halako proiektu bat, noski, ez da hutsetik sortzen. Entziklopediaren egitasmoa makina bat musikari, musikologo, etnografo, historialari eta ikertzailek aurretik egindako lan kontaezinetan oinarritzen da. Iturri ezberdinetatik informazioa bilduz, antolatuz eta modu egokian interpretatuz, orain arteko ikerketak bildu nahi izan ditugu, soinu-tresnak eta haien inguruko xehetasunak banan-banan, argi eta zabal aurkezteko.
Soinu-tresnei buruzko dokumentazioa euskarri, formatu eta tankera ezberdinetan jaso da, eta ekarpen horiek guztiak baliagarri zaizkigu gaiari buruzko azterketa osatua egin ahal izateko.
Entziklopediaren barne antolaketa
Entziklopedia honek argitalpen fisikoa izango du batetik, eta Soinuenearen web orrialdean kontsultagarri egongo den online bertsioa, bestetik.
Argitalpen fisikoa pixkanaka ateratzen joango garen liburukiek osatuko dute. Egiturari dagokionez, Soinu-tresnen sailkapena atalean aurkeztuko duguna jarraituko dugu, Hornbostel-Sachsen sistematikan oinarritua, baina gure errealitatera egokitua. Izan ere, Hornbostel-Sachsen soinu-tresna taldeen ordena eta azpitaldeen banaketa moldatzeko askatasuna hartu dugu. Soinuenearen egoitzan erakusketa antolatu genuenean, espazioak eskaintzen zizkigun aukeren arabera antolatu genituen taldeak. Hala, museoan aerofonoek lehenengo taldea osatzen dute, baita mardulena ere. Logika berari jarraiki, aerofonoekin hasiko dugu paperezko publikazio hau ere. Lehenengo liburukia eta bigarrena, beraz, aerofonoei eskainiko zaizkie, hirugarrena menbranofonoei, laugarrena idiofonoei eta bosgarrenean kordofonoak eta bestelako tresnak aurkeztuko ditugu.
Liburuki guztiek CD bana izango dute, iruzkin musikalen atal batekin. Interneteko bertsioan, paperezkoa osatzeko, ikus-entzunezko material zabalagoa eta testu eguneratuak jarriko ditugu.
Aerofonoak bi liburukitan aurkezteko, ondorengo banaketa egin dugu: aire zutabea ontzi edo hodiren batean duten tresnekin hasiko gara, alaka edo ertz zorrotza dutenak zehazki: flautak. Gainontzekoak bigarren liburukian bilduko ditugu: mihi bakuna eta bikoitza duten tresnak (klarineteak eta oboeak), xirolarruak (gaita-kornamusak), mihi librea duten tresnak, ezpainen bibraziozkoak (tronpetak) eta aerofono libreak (bibratzen duen airea libre dutenak, ez hodi edo gorputz itxi batean).
Herri musikaren inguruan
Herri kultura da herri bakoitzaren berezitasuna argien adierazten duen elementuetako bat, eta honen atal garrantzitsuenetakoa da musika. Baina zer da eta nola osatu da herriarekin hain lotua dagoen kultura ondare hori?
Zenbaitzuk uste dute musika herrikoia fenomeno aldagaitza dela eta tradizioa beti berdin mantendu dela. Haien arabera, musika herrikoiak erreprodukzioa bakarrik onartzen du, sormenari aukerarik eman gabe. Izatez, badira egiazko edo jatorrizko bertsioaren benetakotasuna eta jatortasuna aldarrikatzen duten musikariak eta ikerlariak.
Zorionez baina, askoz ere gehiago dira herri musika historiaren une batean sortua izan ondoren, aldiro aldatuz birsortzen dela pentsatzen dutenak. Ikuspegi honen arabera, herri musika zuzenean belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da komunitate baten baitan edo familian bertan. Belaunaldi bakoitzak hartu du parte herri musika horren osaketan; areago, berau erabili duen pertsona bakoitzak bere ekarpena egin diola esan genezake. Honenbestez, kantutegi herrikoiak denboran zehar joan dira osatzen, norbanakoen nahiz talde lanaren fruitu, eta denen artean izaera berezia eman zaie.
Biltzaileek ikusi dute nola doinu edo abesti bera aldatua ageri den leku batean edo bestean jasota, edota leku berean gazte bati edo heldu bati jasota. Halaber, musikak oso tankera ezberdina hartuko du abestuta edota soinu-tresna batekin edo bestearekin jota.
Idatziz zein ikus-entzunezko euskarrietan jaso diren errepertorioetan, doinu beraren hainbat aldaera aurki ditzakegu. Are gehiago, pentsa pertsona berak saio batean buelta batetik bestera modu naturalean etengabe aldaerak sortzen dituela! Horregatik diogu musika herrikoia gertaera bizia eta aldakorra dela. Notazio musikalaren eta grabazioen aurretik, bariazioak ohikoagoak eta nabarmenagoak izango ziren noski; musika irudikatzeko edota erreproduzitzeko tresnarik gabe, ezinbestean memoriara jo behar izaten baitute musikariek, eta giza memoriak sormenerako joera du, berez.
Era berean, ez dugu ahaztu behar kultura herrikoiak fenomeno irekiak izan direla beti, eta beste herriekin eta musikekin harremanetan egon direla, elkarri eraginez. Ez da kanpoko eraginik gabeko herririk. Areago, gure egungo jendartean aniztasuna da nagusi: etxean, auzoan, eskolan eta lanean jatorri askotako pertsonak elkarrekin bizi gara. Egun, herri kulturaz ari garela, purutasunaren ideiak inoiz baino zentzu gutxiago du.
Garai hauen beste bereizgarri bat ere bada, mendebaldeko herrialdeetan batez ere, kulturaren bizipena eta transmisioa mediatu egiten dela, hau da, medioen bidez ematen dela (idatzia, ikus-entzunezkoa,…), eta hau gero eta maizago modu indibidualizatuan gertatzen dela, zuzenean eta pertsonen artean (kolektiboan) eman beharrean. Mundu digitalak eta sareek herrialdeen mugak gainditu dituzte, eta hainbeste adierazpide ezberdin hain eskura izateak asko eragin dio gure izaerari, norbanako nahiz giza talde gisa. Masa kulturak eta kontsumitzaileen joerak bideratzeko mekanismoek gugan eragina dute, ezinbestean.
Ekonomia, gizartea eta bizimodua aldatu diren bezala, herri kultura ere aldatu da. Festetan, adibidez, ikuskizunak eskaintzeko joera indartu da, sormenezko parte hartzearen kaltetan (dantza, kantua, musika jotzea, jolasa). Musika grabatua ere nonahi aurki dezakegu, lehen isiltasuna (musikarik eza) edo zuzeneko musika egoten ziren lekuan.
Funtsean, jendartea sakonki aldatzen ari dela onartu behar dugu, aurreko mendeetan pentsaezina zen abiaduran. Nostalgiari aterik zabaldu gabe, Euskal Herrian errotuta egon diren musiken aniztasuna jaso eta ezagutzeko saiakera duzue hau.
Argi izan behar dugu ez direla egoera eta funtzio zaharrak berriro emango (ezta beharrik ere): aitzitik, gaurko herri musikak gure egungo nahiei eta beharrei erantzun behar die. Egokitze horretan, baina, bizirik iritsi zaiguna ulertzen eta beronen alderdirik baliagarrienak biltzen saiatu nahi genuke, herri kulturaren eta sormenaren ongarri izan daitezen.
Entziklopedia hau memoria berridazteko saiakera da: XX. mendean landa lanean jaso ditugun musikarien eta ikerlarien testigantzak jaso eta era askotako dokumentazioarekin osatu nahi izan ditugu, ahalik eta modu zientifikoenean, gaurko eta biharko musikariei oinarri bat eskaintzeko.
Horrela, historia hau kontatzeko objektuak hartuko ditugu hizpide, soinu-tresnak objektu hutsak baino askoz gehiago direla jakinik: gizakiak hotsarekin jolasteko sortu dituen lanabesak dira, eta oinarri materiala badute ere, adierazpide immaterialtzat dugun soinua edo musika sortzeko bitartekoak dira. Honez gain, sinbolo gisa ere funtzionatzen dute hainbatetan, eta gizarte baten baitan garaiaren arabera prestigio eta esanahi ezberdina izan dute eta eman diete joleei. Objektuez hitz egitean, beraz, historiaz, kulturaz eta gizarteaz hizketan ariko gara, ezinbestean.
Soinu-tresnak herri musikan
Munduko kultura bakoitzean, musikariek herri musikari forma eman diote soinu-tresnen bitartez. Hala, soinu-tresnek musikaren nolakotasunari eragiten diote, baina aldi berean komunitatearen eta musikarien gustuek, ahalak eta irudimenak ere tresnak moldatu dituzte, egin nahi zuten musika hori gauzatu ahal izateko.
Soinu-tresna batzuk milaka urtetan jo izan dira eremu batean, eta beste batzuk ibilbide laburragoa egin dute gizarte berean. Nola esan zeintzuk diren bertakoak, eta zein kanpokoak? Zein irizpideren arabera? Erantzuna sinplea bezain konplexua da. Atzerritik iritsi bada ere, herri batean denbora tarte esanguratsu batean erabili den tresna batek, material eta eraikuntza aldetik, itxuran, joeran, hotsean, sortzen duen musikan edo funtzioetan berezitasunak garatu dituenean, esan dezakegu tresna hori jada bertako bihurtu dela. Areago, herriak ezagutzen duen eta bertakotzat onartzen duen hori ere, zalantzarik gabe, autoktonoa da, antzinatasuna gora-behera.
Kontuan izan behar dugu ezagutzen ditugun soinu-tresna gehienak ez zirela gaur egun duten itxura eta ezaugarriekin sortu. Aldatzen joan dira, unean uneko beharrei erantzuteko. Soinu-tresna batek irauten badu, gaur egunean funtzioren bat betetzen duelako da. Zergatirik ez duten gauzek, inor haiekin identifikatzen ez denean, desagertzeko joera dute.
Era berean, munduko toki ezberdinetan antzeko soinu-tresnak topa ditzakegu: ahaideak dirudite. Honek ez du derrigorrean esan nahi bata bestea baino zaharragoa denik, edo tresna hori bidaiariren batek munduan zehar zabaldu zuenik. Besterik gabe, printzipio beraren arabera eraikiak egon litezke: suaren aurkikuntza giza talde eta leku bakar batean baino, une eta toki ezberdinetan gizaki ezberdinen eskutik eman zela pentsa daitekeen bezala.