Arrabita, rabela

BARATZEKO PIKUAK

Soinularia: Juan Mari Beltran

Soinuenea, 1999

Baratzeko pikuak (zatia). Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.

 

Arrabita edo rabela igurtzitako kordofonoen familiako soinu-tresna da. Izendapen hau kordofono honi ez ezik, biolinari erreferentzia egiteko ere erabili izan da. Segur aski antzina arrabitak betetzen zuen funtzioa biolinak hartuko zuen gerora, eta hortik etor liteke izenen nahasmena.

Egitura

Arrabitak zurezko erresonantzia kaxa eta giderra izan ohi ditu. Kaxaren estalkia zurezkoa zein larruzkoa izan daiteke. Larakotik zubira zurdazko, tripazko edo metalezko bizpahiru hari izan ditzake tenkaturik.

Joera

Esku batekin giderra heldu eta hatzekin hariak zanpatuz notak ematen dira. Beste eskuarekin arkua hartu eta honen hariarekin arrabitaren hariak igurzten dira, hotsa emanez. Bularraren kontra eta besoaren gainean eutsita (toki batzuetan belaunaren gainean zutik jarrita) jo daiteke.

Soinu-tresnari parez pare begiratuta, ezkerreko hariak azpiko nota (pedala edo pordoia) eman ohi du eta arkuaren eraginez erritmoa markatu ohi du. Eskuineko hariak kantuaren doinua ematen du. Arrabitarekin jotzen diren doinuek hedadura txikia izaten dute. Soinu-tresna honek kantuari lagundu izan dio maiz.

Ikonografia

Arrabita joleen presentzia handia da Euskal Herriko ikonografian. Besteak beste, halako tokietan ageri dira:

Araban, Gasteizko katedral zaharrean, Guardiako Santa Marian eta Tuestako parrokian.

Bizkaian, Lekeitioko parrokian eta Ondarroako Andra Mari elizan.

Gipuzkoan, Debako Santa Maria parrokian.

Lapurdin, Baionako katedralean.

Nafarroan, Artaizko elizan, Eunateko Santa Maria elizan, Iruñeko katedralean,  Irurtzungo San Migel elizan, Leireko monastegian, Lizarrako San Migel elizan, Erriberri-Oliteko Santa Maria elizan, San Martin de Unxeko San Martin de Tours elizan, Baldorbako San Pedro de Etxanoko elizan, Zangotzako Santa Maria elizan eta Zarrakazteluko Olibako Monasterioan.

Zuberoan, Santa Graziko elizan.

Historia

Igurtzitako halako kordofonoen izendapenari buruz A. Donostiak (1952) zenbait xehetasun ematen ditu: “Arrabit=violón, rebec; arrabitari = biolina jotzen duena; arrabit-egile= luthier, sokazko soinutresna egilea; xirribita=violín, rabel; xirribitari = jotzen duena. /  / Baita ere “soinu”, “soñu” (son) izenarekin ezagutzen da. Hitz bera erabiltzen da ttunttuna eta “musika” orokorrean izendatzeko ere. “Sunü”, “sonülari” = herri biolin jolea” (283. or.).

Gaur egun, arrabita biolinaren sinonimo bezala ia erabat onartua dago, baina dokumentazio zaharra ikusiz, garbi dago izendapen honekin nahasturik agertzen direla antzekoak diren bi soinu-tresna desberdin (erdaraz, rabel eta violín liratekeenak).

Gure ustez, inguruko beste kulturetan gertatu den bezala, gure herrietan ere, antzina “rabel” (rabete) motakoak erabili ziren eta zenbait tokitan, geroago, biolinak (violín) hartuko zuen soinu-tresna zaharrak zeukan funtzioa. Hortik etor liteke geroago sortutako izen nahasketa. Gu hemen “arrabita” esatean rabet-rabela diren horietara mugatzen saiatuko gara.

Aita Donostiaren (1952) Idazlanarekin jarraituz, garai bateko erabilpenari buruzko berriak aurki ditzakegu:

“1507. urtean, Tuteran: «a Sancho el rabetero.... dos reales.» 1529. «3 florines de oro a tamborines y un rabiquete.» 1532. «a dos salterios y un rabiquete... 3 sueldos.» 1566. Hernaniko Sanjoanetan, «tamborin e Rebete y atabalero...» egon ziren sei egunetan. Hernanin ere, 1569. Aszensio egunean, «sirbieron Pedro de Hecheverria y Miquele el ciego, tamborín y rabete». Lequeitio, 1571, «se dieron a dos hombres tañedores de intrumentos, tamboril e rabel de arco».” (284. or.)

“Balmasedan, 1571, «se dieron a dos hombres tañedores de instrumentos tamboril e rabel de arco, por dos días que se ocuparon en tañer en los regocijos del Nacimiento del Príncipe Nuestro Señor, 470 maravedises».” (268. or.)

“Hondarribiko sorgiñak. XVII. mendeko Epaiketa. 1611. Maiatzak 6. Hondarribian, lekuko batek zera dio: vió muchos ynstrumentos de tanbolines y Rabeles que tocaban en el dho Puesto” (Mª de Alzuetaren deklarazioa). (306. or.)

Iruñea, 1643an, etorri ziren / / … “Anton Gorri y compañeros vascofranceses con dos salterios, un rabel y dos danzantes. 1697an / / Pedro de Echeverria, jular, y seis compañeros julares y salterios, cobraron 150 reales por la ocupación y trabajo de tañer los julares, salterio y rabel”. (275-276. orr.)

Hona hemen, Jesus Ramosen (1990) idazlanean, XVIII. mendean, Iruñeko festetara inguratutako halako joleen zerrenda. Bertan, soinulariaren izena, zer jotzen duen, nondik datorren, ze urtean eta batzuetan ze talde motatan jo zuen aipatzen da (102 - 118. orr.):

  • Pedro Arizpe - Rabel, salterio y violín - San Juan de Pie de Puerto - 1708, 1716 ac(5r).
  • Beltrán de Aróstegui - Rabel - San Juan de Pie de Puerto - 1708.
  • Pedro de Bidagain - Rabel - San Juan de Pie de Puerto - 1701, 1704, 1708 - ac(r+4salterios, 3r)
  • Fernando Cildoz - Flautas y rabel, chirimía, trompetilla - Aizoáin - 1770-74-75.
  • Bernardo Echeverría - Rabel - Baigorri - 1702,1707.
  • Domingo Hermendi - Rabel - San Juan de Pie de Puerto - 1708.
  • Juanes de Recarte - Rabel - San Juan de Pie de Puerto - 1707-08.

Arrabita-jole hauek XIX. mende arteko dokumentu zahar askotan agertzen dira ia gure lurralde guztietan.

Iñaki Irigoienek ere (1994), soinu-tresna hauei buruzko informazioa bildu du: «(XVIII.) Zarate’rengandik hartuta, euren sakrifizioak egiten ebezan Gipuzkoako mendi goi batez egiten dau berba, eta han dino: “tambien a usanza antigua sus biguirias, danzando al son de rabeles, albokas, y tamboriles” (53. or.).

1997an, halako soinu-tresna bat ikusi eta entzun ondoren, Baionako Euskal Museoko zuzendari ordea den Manex Pagola abeslari ospetsuak esana da honakoa: “Nere herriko gizon zahar batek erran zidan bere haurtzaroan herriko ihauterietako musika soka batekin jotzen zela”.

Garbi dago soinu-tresna hauek gure lurralde guztietan oso erabiliak izan direla; bakarka, panderoarekin edo askotan agertzen den bezala, “tamborin”, “salterio”-arekin (xirula-txistu/danburia) taldea osaturik.

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Donostia: Orain.

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

IRIGOIEN, Iñaki. (1994). Dultzaina-gaita Bizkaian. Bizkaiko Dultzaina-La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.

RAMOS, Jesus. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. (55. zk. 91-138). Iruñea: Institución Principe de Viana.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.