Alboka

Porrusalda

Soinulariak: Leon Bilbao (alboka), Maurizia Aldeiturriaga (panderoa) eta Basilio Undagoitia (kriskitinak)

Dantzariak: Basilio Undagoitia eta Kontxi Bilbao

Arteako Presalde baserrian, 1984

Martxa. Leon Bilbao (alboka) Maurizia Aldeiturriaga (panderoa). Donostia, 1984 (Euskal Herriko Soinu-Tresnak. IZ 217. 2017, Elkar KD DVD-E 968)

 

AlbokaIZENDAPENAK

Soinu-tresna honi hainbat izen eman zaizkio1, baina alboka (albokea, albokie) dugu zabalduena. Alboka joleei, berriz, albokaria zein albokerue esan izan zaie.Alboka aerofonoen familiako soinu-tresna da, klarineteen azpitaldekoa.


EGIKERA

Alboka mihi bakarreko bi fita dituen aerofonoa da; eta horregatik, inoiz klarinete bikoitz deitura generikoa ere eman izan zaio.

Honakoak dira alboka klasikoen zatiak eta bakoitzaren zereginak:

Fitak

Bi fita ditu albokak, bat tutu bakoitzeko. Fitak kanabera zatiak izaten ziren; 6 cm-ko luzera eta 7,5 mm-ko lodiera izaten zuten bataz beste. Kanaberak moztean, mutur bat itxita uzten zen (begiaren kanpoaldetik moztuta), eta beste muturra irekita. Mutur itxitik 6 mm-tara mozketa bat egiten zen, kontu handiz, dardar egin behar duen kanabera xaflatxoa (mihia) altxatzeko.

Mihi honen dardararen eraginez sortzen da hotsa. Fita bakoitza albokaren tutuetako batean sartzen zen, haren luzapen modura.

Tutuak

Gutxi gorabehera 13 cm-ko luzera eta cm 1eko lodierako bi tutu ditu albokak. Fitak bezala, alboka zaharretan tutuak kanaberazkoak izan ohi ziren. Ahokoaren aldetik begiratuta ezkerraldean geratzen den tutuak 4-5 mm-ko diametroko bost zulo ditu, eta eskuin aldeko tutuak hiru zulo.

Alboka zahar batzuetan tutuak ezker-eskuin alderantziz jarriak ikusi ditugu, ustez albokari ezkertientzat erosoago izan zitezen.

Ahokoa (adar txikia)

Barruan fitak izan ohi ditu (babestuta). Ahokoa tutuekin eta uztarriaren mutur batekin lotua egoten da; lotura honetan egon litezkeen tarteak eta zuloak argizariz estaltzen ziren, haizerik gal ez zedin. Gipuzkoa hegoaldean eta Nafarroako Urbasa aldean, ahokoa zurez osatzen zen, uztarriaren zur zati berarekin.

Adar handia

Haizezko beste soinu-tresna askok hotsa handitzeko kanpaia duten moduan, albokak adar handi bat du. Adar honek goiko muturrean alboetan belarri gisako zuloak izaten ditu maiz. Ohikoa da ere adarraren ertz hau koskaduna izatea. Alboka zahar batzuetan adar txikia eta handia grabatutako marrazkiekin apaindurik daude.

Uztarria

Zurezko pieza erdizirkularra da. Albokari heltzeko eta zati guztiak lotzeko balio du. Uztarria taila eta forma desberdinekin zein letoizko burua duten iltzeekin apaindu izan da.

Katea

Alboka zaharretan adar handia ez zen uztarriari itsatsia egoten; jotzerakoan uztarriaren muturrean estu-estu sartzen zen, eta bukatzerakoan soinu-tresna gordetzeko askatu egiten zen.

Ustekabean adarra askatu eta lurrera erorita hautsi ez zedin, uztarria eta adar handia lotzeko katea ipintzen zen.

Albokaren zatiak. (Planoa: Fernando Jalon)

Albokaren zatiak. (Planoa: Fernando Jalon)


MATERIALAK

Azken hamarkadetan albokagintzan material berriekin probak egin dira, bereziki afinazioa egonkortzeko eta eskalaren hedadura zabaltzeko.

Alboka zaharretan mihiak kanaberazkoak izaten ziren; ondorioz, hezetasuna eta tenperatura aldaketak zirela medio, afinazioari eustea zaila izaten zen. 2000ko lehen hamarkadan klarineteenak bezalako fibracell mihi sintetikoekin saiakera egin zen, arrakasta handiz. Gaur egun hauen erabilera orokortu dela esan dezakegu.

Fiten tutuak egiteko ere, gaur egun plastikoa zein metala erabiltzen dira.

Fita eredu desberdinak. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Fita eredu desberdinak. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Albokaren tutuak egiteko ere, kanaberaren ordez ebanoaren moduko zur trinkoak nagusitu dira.

J. A. Martinez Ossesek egindako alboka arrunta ebanozko tutuekin. JMBA Bilduma, 1689 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

J. A. Martinez Ossesek egindako alboka arrunta ebanozko tutuekin. JMBA Bilduma, 1689 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

2013an Maruri Albokak izenpean plastikozko alboka ere sortu zuten.

Gaizka Maruriren plastikozko alboka. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Gaizka Maruriren plastikozko alboka. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)


JOTZEKO ERA

Albokariak ahoa albokaren ahokoan jarri eta putz egin behar du hotsa emateko.

Arnasari buelta ematea

Alboka jotzeko arnasketa zirkularraren teknika erabiltzen da, albokari tradizionalek arnasari buelta ematea esaten ziotena. Albokariak haize erreserba gordetzen du masailetan, eta sudurretik haizea hartzen du ahotik botatzen duen bitartean. Teknika honen bidez soinu iraunkorra ematen da, piezaren hasieratik bukaeraraino.

Arnasari buelta ematen ikasteko honako ariketa proba daiteke: lasto-muturra urez betetako edalontzi batean sartu, lastoaren beste muturretik putz egin, eta uretan etengabe burbuilak egiten saiatzea. Gehiago izan dira baina sistema hau da gehien erabili izan dena.

Hatz - jokoa

Tutuei dagokionean, albokari zaharrek jotzerakoan hatz-joko itxia erabili dute. Beste era batera esanda, albokan oinarrizko nota zulo guztiak itxita lortzen da, eta doinuak osatzeko zuloak irekitzen dira.

Oinarrizko hatz-jokoa. (Planoa: Fernando Jalon)

Oinarrizko hatz-jokoa. (Planoa: Fernando Jalon)

Oro har, bost zuloko tutuak doinu nagusia ematen du. Batzuetan, tutu honetako V. gradua eta VI.a pordoi nota gisa ere erabil daitezke2.

Hiru zuloko tutuak, berriz, doinu nagusia lagundu ohi du. Gehienetan I, II eta III. zuloak elkarrekin ireki edo ixten dira, bi tutuek soinubakarra emanez. Gainontzean, tutu honek I. gradua ematen du pordoi nota modura.

Batzuetan II. graduarekin tentsioa sortzen du, edo III. eta IV. graduekin doinuak osatzen ditu, bereziki bost zuloko tutuko V. eta VI. graduei duoa eginez. Beraz, tutu laguntzaileak kasu batzuetan joko harmonikoa egiten du, eta besteetan bigarren doinu bat, joko polifonikoa dei genezakeena osatuz.

Ezagutu ditugun albokari zaharrek afinazio eta eskala ezberdinak erabili dituzte; horiek Ereduak atalean landuko ditugu sakonago.

HISTORIA

Herri kulturan maiz gertatzen den bezala, albokaren kasuan ere zaila da zehazten soinu-tresna hau Euskal Herrian noiz eta nola agertu eta garatu zen.

Lehen aipamenak dokumentazio idatzian

Erdi Arotik aurrera erdarazko hainbat idazlanetan albogue hitza azaltzen zaigu, gehienetan haize-instrumentu bati erreferentzia eginez. Hala ere, kasu guztietan ez dago argi mihi bakuna edo bikoitzeko aerofonoak diren.


Cantigas de Santa Maria (XIII. mendea)

Gaztelako errege Alfontso X.a Jakintsuaren enkarguz galaikoportugesez osatutako kantu bilduma honek Erdi Aroko gorteko musikaren berri ematen digu. Musikarien Kodexa delakoan soinu-tresna ugari aurki ditzakegu, testuetan zein irudietan.

Ondorengo irudietan, ezkerretik hasita lehen jolearen masail puztuek, hala nola beste aerofonoen egikerak alboka gogorarazten digute.M. García Matosek (1956, 152-153. or.) eta J. M. Barrenetxeak (1986, 17. or.) ere antzekotasun hauek ikusi zituzten.

Ezkerraldean, Euskal Herriko albokaren antza duen aerofono bat. Jolearen masail puztuek soinu-tresna jotzeko arnasketa zirkularraren teknika iradokitzen digute. (Iturria: Cántigas de Santa María, 340. kantiga, b12 kodexa = E1, fol. 304v)

Ezkerraldean, Euskal Herriko albokaren antza duen aerofono bat. Jolearen masail puztuek soinu-tresna jotzeko arnasketa zirkularraren teknika iradokitzen digute.

(Iturria: Cántigas de Santa María, 340. kantiga, b12 kodexa = E1, fol. 304v)

Bi tutu dituzten tankerako beste bi haize-instrumentu. (Iturria: Cántigas de Santa María, 220. kantiga, b12 kodexa = E1, fol. 201v)

Bi tutu dituzten tankerako beste bi haize-instrumentu.

(Iturria: Cántigas de Santa María, 220. kantiga, b12 kodexa = E1, fol. 201v)

Halaber, Juan Ruiz Hitako Artziprestea-ren Libro del buen amor (1330/1967) poema liburuan, 1213. koplak honakoa dio:

El pastor lo atyende por fuera de carrera,

Taniendo su çanpoña é los albogues, espera;

Su moço el caramiello, fecho de cañavera;

Tanía el rabadán la çítola trotera.

(Arcipreste de Hita, 1330/1967, 125. or.)

XIII. mendeko Libro de Alexandre lanean ere honako bertsoa irakur daiteke:

El pleyto de ioglares era fiera nota,

Aues simfonía, arpa, giga e rota,

Albogues e salterio, cítola que más trota,

Çedra e viola que las coytas enbota.

(Varela de Vega, 1981, 25. or.)

Lope de Vega idazle gaztelarraren Arcadia lanean ere bada aipamen bat: “con unos roncos albogues de mal juntadas cañas”3.


Bitxikeri modura, Miguel de Cervantesen Don Quijote de la Mancha (1605) idazlan ospetsuan, On Kixotek Santxori albogue izeneko soinu-tresna deskribatzen dionean, txinda edo platertxo pareaz ari da; ezin jakin polisemia, nahasmena edo umorea den.

—¿Qué son albogues —preguntó Sancho—, que ni los he oído nombrar, ni los he visto en toda mi vida?

Albogues son —respondió don Quijote— unas chapas a modo de candeleros de azófar, que dando una con otra por lo vacío y hueco hace un son, que, si no muy agradable ni armónico, no descontenta y viene bien con la rusticidad de la gaita y del tamborín. Y este nombre albogues es morisco, como lo son todos aquellos que en nuestra lengua castellana comienzan en al, conviene a saber: almohaza, almorzar, alhombra, alguacil […].

(Cervantes, 1605, LXVII Kapitulua)

Euskal lurretan, Aita Donostiak bildu zituen albokaren aipamen batzuk. Iturri zehatzik aipatzen ez duen arren, Garibayren bidez jaso omen zuen 1443an Mondragoen dantza eta kantetan erabili zirela “el tamboril, las albocas y panderos”4.

Aro Modernoa

1588koa da Ibarguen-Cachopín Kronika izeneko idatzia. Julen Arriolabengoa Unzuetak testu honi buruz egindako tesian biltzen ditu alboca aipatzen duten hainbat pasarte5:

“con grande fiesta y regozijos y solenidad y música de albocas, que en morisco se llaman ‘xabebas’ y en romançe ‘cornetillas” (I:309)

“les hizieron creçidos regozijos de cantares y danças y músicas de flautas, atanboresos, cuernos y albocas y de otros instrumentos que usaban” (I:536)

“solenizaban las fiestas festibidades deste bienabenturado santo con munchas misas, sacrifiçios y ofrendas, cantares y danças, e músicas de tanborines y flautas, salterios y rabeles y albocas y otros modos de instrumentos al uso del tienpo” (II:167)

Ikerlan berean, beste aipu bat ere jasotzen du, non Aramaio (Araba) aipatzen den:

«Y le llebaron de allí a Aramayona, donde los deste balle, sus henemigos, que por plazer de su acabamiento le salieron a reçibir con tanbolín, albocas y panderos, y cantando a su son cantares conpuestos en copla que llaman ereçiac, con fiestas y regozijos» (II:366).

(Arriolabengoa, 2006, 177. or.)

1658. urtean, Kristobal Harizmendi Sarako (Lapurdi) bikarioak Ama Birjinaren Ofizioa6 lanean, Laudeak ataleko bertso batean alboka aipatzen du beste soinu-tresnak zerrendatu ondoren:

“Lauda zinbalez, albokaz

Edo berzez Iainkoa:

Hats harzen duten guztiez,

Hau da laudatzekoa.“

Carmen Rodriguezek Los Txistularis de la Villa de Bilbao liburuan 1708. urteko albokeroen aipamen hau jaso zuen:

“Alguien denunció en 1708 ante el corregidor que en el barrio de Mena –entre Bilbao la Vieja, San Francisco, Zabálburu y San Adrián– «las tardes de los días festivos acude un tamborilero, a cuyo motivo asisten diferentes personas». El tal músico conminado a no tocar por los regidores de Abando, se trasladó «al campo que está frente a la ermita de Nuestra Señora de la Peña». […] Cuando este tamborilero se vió forzado finalmente a marcharse también de La Peña, su lugar fue ocupado por «dos alboqueros, prosiguiendo en los mismos escándalos y pecados públicos».”

(Rodríguez, 1999, 29-30. or.)

Manuel Larramendik 1745ean argitaratutako Diccionario trilingue del castellano, bascuence, y latin hiztegian, albokari buruzko aipamen hauek agertzen dira: “Albogue, albogon, alboquea. Lat. Fiftula, æ; tibia æ.” eta “Alboguero, alboqueroa. Lat. Auledus, i.”7.

Juan Olaechearen Villafranca de Ordizia (1970) liburuan 1747ko urriaren 13an udaletxean egindako batzarrean albokari buruz esandako hau jasotzen da:

La danza constituía el otro número Importante de las fiestas. Los hijos de Villafranca se adiestraban desde niños en ejecutar con gracia y precisión la espatadantza. Según el P. Larramendi este baile puede ser ejecutado hasta por sesenta dantzaris, pero parece que en Villafranca lo bailaban veinticuatro. En una sesión del 13 de octubre de 1747, celebrada con la presencia del famoso predicador Sebastián de Mendiburu, el Ayuntamiento tomó unas medidas de cierto espiritu jansenista en torno a los bailes entre los que merecen mencionarse el cese del tamboril al toque de las Ave-Marias, lo cual estaba mandado por los decretos de la Provincia, que no se tocase dicho Instrumento en las bodas, que se dance en la plaza y no en los arcos del Ayuntamiento, que entre baile y baile las mujeres y los hombres se aparten a paraje diferente, que los solteros no dancen sin pañuelos y que no se toque en ninguna danza el son que llaman tapatan, alboca o Unzurrunzaquetan y que al final las mozas se retiren sin acompañamiento de manera que lleguen a casa para las oraciones.

(Olaechea, 1970, 71. or.)

XVII. mendetik aurrera Bizkaiko hainbat herritan festen harira egindako ordainketak jasotzen dituzten dokumentuetan albokariak azaltzen zaizkigu; besteetan, zarataren ondorioz sortutako liskar eta auzien bidez dugu albokarien berri (Irigoien, 1994).

Dokumentazio honek XV eta XVIII. mendeen artean albokarien presentziaren berri ematen digu, euskal lurretan behinik behin.

Entziklopedia honetan hainbatetan aipatuko dugun Jesus Ramosen (1990) XVIII. mendeko Iruñeko sanferminetako musikarien zerrendak ez du albokaririk jasotzen; bai danbolinteroak, arrabita eta biolin joleak, dultzaineroak, gaiteroak… Honek ez du esan nahi garai hartan Nafarroan albokaririk egongo ez zenik, baina beharbada ez zuten izango beste musikariek zuten entzutea, edo inguru zehatz batzuetan ariko ziren.

XIX. mendea

1826an egile ezezagun batek idatzitako Bizkaiko gabon kanta batek honela dio:

Agur, Yose eta Mari

Yesus Seintxuagaz,

aingeru ta artzañak

an euskeratuaz;

osastearen osastez,

bibolin albokiaz,

txilibitu eta txirolaz,

neurriko osankidiaz.

(Zavala, 2012, 145. or.)

1887ko Ramon de Montaner i Vilaren eta Francesc Simon i Fonten hiztegian, Francisco Asenjo Barbierik osatu zuen Instrumentos de música populares en España atala. Bertan albogue izenpean euskal alboka arrunta aurkezten zaigu, argazki eta guzti8.


Bilboko Mamerto Segui margolari ospetsuak 1889an Bizkaiko euskal eztei ospakizun baten eszena margotu zuen. Bertan albokaria eta pandero-jolea ikus daitezke.

Mamerto Segui, 1889, Cortejo de boda. (Iturria: Labayru Fundazioa)

 

Mamerto Segui, 1889, Cortejo de boda. (Iturria: Labayru Fundazioa)

Mamerto Segui, 1889, Cortejo de boda. (Iturria: Labayru Fundazioa)

1894an argitaratutako Felipe Pedrell musikari kataluniarraren Diccionario Técnico de la Música (1894) hiztegiak ez zituen alboka edo alboca hitzak jaso, baina bai albogue aldaera:

Albogue. Instrumento pastoril, especie de flauta rústica muy usada antiguamente para acompañar canciones y bailes campestres. El nombre de este instrumento se halla en todas las poesías y novelas bucólicas antiguas. La embocadura y la campana, según descripción de algunos autores, eran de cuerno, con dos cañas de madera de tres agujeros cada uno para formar la escala. –Llamábase también ALBOGUE á un instrumento antiguo compuesto de dos chapas de azófar en forma de platillos.

Alboguear. Verbo neutro anticuado: tocar el ALBOGUE.

Alboguero. El que toca el ALBOGUE, y también el que vende ó fabrica esta especie de instrumentos.

(Pedrell, 1894, 11-12. or.)

 


XIX. mendearen azkenetan Bilboko Ibaigane Jauregiko beirateak diseinatu zituen Anselmo Guinea margolariak. Hiru herri-eszena ageri dira bertan, eta denetan musikariak daude. Hirugarrenean albokari bat ikus daiteke, danbor-jole batek lagundua.

Anselmo Guinea. Boceto para las vidrieras del palacio Ibaigane (1900). (Iturria: Iberdrola)

Anselmo Guinea. Boceto para las vidrieras del palacio Ibaigane (1900). (Iturria: Iberdrola)

 

Anselmo Guinearen Ibaigane jauregiko beiratearen hirugarren eszena. (Iturria: Aristegui, 1993, 33. or.)

Anselmo Guinearen Ibaigane jauregiko beiratearen hirugarren eszena. (Iturria: Aristegui, 1993, 33. or.)

Bestalde, R. M. Azkuek bere hiztegian (1905) definizio hauek jaso zituen:

ALBOKA (Bc, Oih. Ms, Harizm. L’Office, 46), albogue, instrumento músico que se hace de dos cuernos unidos por el vértice, comunicados entre sí por dos cañitas horadadas de trecho en trecho; musette, instrument de musique qui se compose de deux cornes jointes pqr le haut, communiquant entre elles par deux boules percées de distance en distance. (Oih. ms) […]

Albokari, músico que toca el albogue, musicien qui joue de la musette.

(Azkue, 1905, 181. or.)

XIX. mendetik aurrera ere, Manu Gojenolak (2004) eta Jose Mariano Barrenetxeak (1986) beste hainbat aipamen jakingarri bildu zituzten.

Euskal Jaiak eta gerraurrea

XIX. eta XX. mende hasierako Euskal Jaien egitarauetan albokariak aurki ditzakegu, baina ez danbolintero, dantzari edo bertsolarien neurrian.

Esaterako, 1886ko Durangoko Fiestas euskaras delakoetan albokari lehiaketa egin zela dakigu: “Al alboguero D. Manuel San Sebastian se le adjudicó el premio de un albogue con incrustaciones de oro y plata”9.

1894. urteko uztailaren 14an eta 15ean, Bilboko batzokiaren irekiera festan zein biharamunean albokariek jo zuten: “Después de izada la bandera comenzó dentro del local la fiesta, amenizada por los albokaris, los txistularis y el piano; cantáronse multitud de cantos genuinte euzkadianos.”10

1897. urtean Areatzan ospatutako Lore Jokoen egitarauaren barnean albokarien lehiaketa antolatu zen. Zeanuriko Jose Iturbek irabazi zuen11.

1899ko irailaren 27an Euskalzale astekariak12 Aramaioko Euskal jaien berri ematen zuen. Antolatutako lehiaketen artean albokariena agertzen da, eta irabazle modura Martin Larrañaga. Ez dugu albokari honen beste berririk, baina baliteke Aramaio ingurukoa izatea.

1911an berriz, Gipuzkoako Aldundiak bultzatuta Seguran Euskal Jaiak ospatu ziren. Bertan, beste musikari batzuen artean, Idiazabalgo Jose Mari Amundarain albokaria aipatzen da garaiko aldizkarietan: “Alboke-jotzaile bat ere agertu zitzaigun: Idiazabal´go Jose María Amundarain. Berak egindako alboke batez jo zituan soñu batzuek, eta baita indarrez irrintzi batzuek egin ere”13. Hala ere aipagarria da aldizkari berean agertzen direla musikari bakoitzari emandako ordain sariak eta danbolinteroekin konparazioan, askoz sari apalagoa eman zitzaiola albokari honi14.

1930an Eusko Ikaskuntzak Bergaran egindako V. Congreso de Estudios Vascos topaketetan, albokariek protagonismo berezia izan zuten.

A las siete de la tarde, con extraordinaria asistencia de público, tuvo lugar el concurso de albokaris en la plaza de San Martín de la Ascensión de Aguirre.

Los albokaris habían llegado por la mañana y eran: Alejo Echezarreta, de Dima (Vizcaya); José Amundarain, de Ceánuri (Vizcaya), y José Manuel (sic, berez J. Miguel) Gorrochategui y su hijo Antonio, de Cegama (Guipúzcoa). Con ellos venía la panderetera Francisca Larrínaga, de Dima.

Por la mañana hicieron un recorrido, tocando alboradas. La primera fué ante el domicilio del alcalde, dirigiéndose después a las casas de los señores de Monzón y Ubillos. Tocaron también en diversos puntos de la villa, siendo muy celebrado el espectáculo.

Estos albokaris habían sido reunidos para estos actos por D. Jesús Larrea, quien tiene publicados estudios acerca de este instrumento.

(Eusko Ikaskuntza, 1934, XXXIV. or.)

Alejo Etxezarraga, J.J. Amundarain, Pantxika Larrinaga, Antonio eta Migel Gorrotxategi. V. Congreso de Estudios Vascos, Bergara, 1930. (Iturria: Eusko Ikaskuntzaren Argazki Artxiboa)

Alejo Etxezarraga, J.J. Amundarain, Pantxika Larrinaga, Antonio eta Migel Gorrotxategi. V. Congreso de Estudios Vascos, Bergara, 1930. (Iturria: Eusko Ikaskuntzaren Argazki Artxiboa)

Agintari abertzaleek herri-kultura eta herri-musika bultzatu izanaren adibide dugu, Eleuterio Goikoetxea Zeanuriko alkate nazionalistak haren seme Andoni Goikoetxea eta Emilio Sagarna alboka ikastera bultzatu izana, hauek haurrak zirela15. Albokari hauek giro abertzale haren semeak ziren, eta ez zuten albokarekin familia bidezko loturarik. Zeanuriko Juan Jose Amundarain albokariak tresnak egin zizkien eta baita jotzen irakatsi ere. Andoni eta Emilio bezala, beste albokari batzuk ere euskal kulturaren aldeko ekintzetan maiz agertu ziren.

“Albokaris y pandereteras”. Zeanuri. Inb. zk. AGG-GAO_OA03289. Ezkerretik eskuinera albokekin ageri direnak honakoak dira: Gonzalo Urretxa, Alejo Etxezarraga, Jose Mari eta Leon Bilbao aita-semeak. Manu Gojenolak esan digunez, Urretxa ez zen arratiarra, udatiar gipuzkoarra baizik, eta ez zen benetako albokaria; alta, argazkirako jarria zen. (Arg.: Indalecio Ojanguren. Iturria: GureGipuzkoa)

“Albokaris y pandereteras”. Zeanuri. Inb. zk. AGG-GAO_OA03289.Ezkerretik eskuinera albokekin ageri direnak honakoak dira: Gonzalo Urretxa, Alejo Etxezarraga, Jose Mari eta Leon Bilbao aita-semeak. Manu Gojenolak esan digunez, Urretxa ez zen arratiarra, udatiar gipuzkoarra baizik, eta ez zen benetako albokaria; alta, argazkirako jarria zen. (Arg.: Indalecio Ojanguren. Iturria: GureGipuzkoa)

Zeanuriko dantzariak, abeslariak, pandero jotzaileak, txistulariak, txilibitu jotzaileak eta albokariak (Andoni eta Emilio). Gernikan 1930. urtean. (Arg.: E. Sagarna familia)

Zeanuriko dantzariak, abeslariak, pandero jotzaileak, txistulariak, txilibitu jotzaileak eta albokariak (Andoni eta Emilio). Gernikan 1930. urtean. (Arg.: E. Sagarna familia)

Frankismoa eta XX. mende amaierako suspertzea

Abertzaletasunetik bultzadatxoa eman nahi izan bazitzaion ere, albokak ez zuen presentzia handirik XX. mende hasierarako; aski bazterreko soinu-tresna zela esan genezake. 1936eko altxamendu militarrak eta ondoren ezarri zen Francoren diktadurak euskal kulturaren bazterketan sakondu zuen. Elkarte kultural eta politiko andana debekatu zen, eta euskal adierazpen kolektiboek eta erakustaldiek autoritate frankisten kontrola jasan zuten.

Salbuespen modura, 1949. urtean Eibarko Astelena pilotalekuan zeanuritarrei egindako argazki hau dugu. Albokariak: ezkerrean Juan Jose Amundarain Muñegi-koa eta eskuinean Andoni Goikoetxea. Erdian pandero jotzaileen artean, Arantza Goikoetxea. (Arg.: A. Goikoetxea)

Salbuespen modura, 1949. urtean Eibarko Astelena pilotalekuan zeanuritarrei egindako argazki hau dugu. Albokariak: ezkerrean Juan Jose Amundarain Muñegi-koa eta eskuinean Andoni Goikoetxea. Erdian pandero jotzaileen artean, Arantza Goikoetxea. (Arg.: A. Goikoetxea)

1960ko hamarkadan aktibo zeuden albokari beteranoek nagusiki dantza-taldeen emanaldietan eta euskal folklorearekin lotutako erakustaldietan parte hartzen zuten. Gehienez ordu laurden inguruko saioak eskaintzen zituzten, eta normalean jota, porrusalda eta martxaz osatutako errepertorioa jotzen zuten16. Plazako jole hauen artean bereziki lau nabarmendu ditzakegu: Antonio Aiesta Jitano, Eugenio Etxebarria, Silbestre Elezkano Txilibrin eta Leon Bilbao. Azken biak albokagileak izan ziren, eta belaunaldi berrientzat erreferente bilakatu ziren. Guztiak eskola zaharreko albokariak ziren: belarriz eta gertuko batengandik ikasi zuten soinu-tresna jotzen.

Frankismoaren azken hamarkadetako euskal kulturaren aldeko susperraldiak beste bultzada bat eman zion albokari. Lehen albokari kaletarrak azaldu ziren, bereziki dantza-taldeen inguruan. Askok solfeo ikasketak zituzten, edota beste soinu-tresnak ere menperatzen zituzten (txistua, dultzaina, eta abar): Jose Mariano Barrenetxea, Jose Mari López de Elorriaga, Luis Mari Bandres, Kepa Pérez Urraza, Jon Alfonso García Arizmendi eta Juan Mari Beltran aipa ditzakegu, besteak beste.

1980ko hamarkadatik aurrera, albokariek euskal folklorearen eta dantza-taldeen inguruan aurrera egin zuten eta pixkanaka eremu berriak ere hartu zituzten. Soinu-tresna jendartean ezagunago egin ahala, ikastaroen eskariak ere apurka gora egin zuen. Esaterako, 1985ean Hernaniko Musika Eskolan (Gipuzkoa) alboka txertatu zen. Urtean zehar herrietan antolatzen ziren ospakizun ezberdinetan albokak presentzia irabazi zuen. Oskorri eta Exkixu bezalako taldeen arrakastari esker ere, soinu-tresna publiko berriarengana iritsi zen.

IKERLANAK

Richard Karutz etnologo alemanak Zur Ethnographie der Basken II (1898) izeneko artikuluan Udana (Gipuzkoa) inguruan bildutako albóquea deskribatu zuen, marrazki eta guzti.

(Iturria: Karutz, 1898, 357. or.)

(Iturria: Karutz, 1898, 357. or.)

Ikerlari berak Die Völker Europas (1926/2016) liburuko Die Euskaldunak oder Basken atalean soinu-tresna bera deskribatu zuen, beste batzuekin batera:

Musika-tresna oso zaharra da 8. eta 1. irudietako albokea; erdiko pieza bat du, ilargi erdi formakoa, eskuarentzat kalatua, eta bi hodi daramatza, breaz kolatuak, hatzentzako zuloekin, aurrealdean eutsitako idi-adar batean amaitzen direnak, eta atzeko aldean kono huts batean, eta azken horren barruan bi tutu [fitak] meheago egokitzen dira, zeinen estalkitik zati estu bat askatu eta berriro lotu zaien, putz egitean dardar egin eta hotsa emanez. [Itzulpena gurea da]17.

Karutz-en lanean agertzen den albokariaren irudia. (Iturria: Karutz, 1926/2016, 125. or.)

Karutz-en lanean agertzen den albokariaren irudia. (Iturria: Karutz, 1926/2016, 125. or.)

Jose Oiarbideren argazkia, marrazkiaren oinarria. (Iturria: Xabier Elorzak San Telmo Museotik lortua)

Jose Oiarbideren argazkia, marrazkiaren oinarria. (Iturria: Xabier Elorzak San Telmo Museotik lortua)

Marrazturiko alboka hau egun Museum für Volkerkunde zu Hamburg-en Lübeck hiriko Völkerkundesammlung museoan dago; Ereduak: Ale historiko batzuk atalean komentatuko dugu zabalago.

Euskal Herrian Telesforo Aranzadik idatzi zuen albokari buruz ezagutzen dugun lehen artikulua, 1916. urtean18; soinu-tresnaren jatorriari eta izendapenari buruzko hipotesiak eta deskribapen txiki bat bildu zituen. R. Karutzen lana ere aipatzen zuen.

Telesforo Aranzadi (makilarekin) eta Jesus Larrea, albokari eta panderojolearekin. V. Congreso de Estudios Vascos, Bergara, 1930. (Iturria: Bernardo Estornés Lasa fondoa, Eusko Ikaskuntza)

Telesforo Aranzadi (makilarekin) eta Jesus Larrea, albokari eta panderojolearekin. V. Congreso de Estudios Vascos, Bergara, 1930. (Iturria: Bernardo Estornés Lasa fondoa, Eusko Ikaskuntza)

1918. urtean R. M. Azkuek albokari buruz hitzaldietan esandakoak bere kantutegian (1925/1990) bilduta daude, El alboguero arratiano en París, Creencia popular acerca del origen del albogue y órgano eta Gama reducida del albogue pasarteetan, besteak beste. Kantutegiko hainbat pieza albokarekin jotzen zirela ere adierazi zuen.

Jesus de Larrea y Recaldek 1930ean Euskalerriaren alde aldizkarian albokaren deskribapen bat eta jotzeko erari buruzko informazioa bildu zituen La Alboka artikuluan.

Aita Donostiak osatu zuen albokari buruzko lehen testu mardul samarra, Instrumentos musicales del pueblo vasco (1952/1983) lanean. Soinu-tresnaren zatiak, jotzeko era, afinazioa eta aipamen historiko batzuk bildu zituen, besteak beste; baita Azkuek ere aipatzen zuen zinburruna izendapen bitxia ere.

1956an Manuel García Matos folklorista espainiarrak Instrumentos folklóricos de España idazlanean La “gaita” de la sierra de Madrid eta La “alboka” vasca atalak jaso zituen. Albokari dagokionean, Igorreko Silbestre Elezkano Txilibrin albokaria aipatzen du informatzaile gisa. Soinu-tresnaren egikera, eskala, hatz-jokoa, errepertorioa, albogue izendapena azaltzen den iturriak eta ikonografia adibide batzuk aurkezten ditu.

Jose Mariano Barrenetxea ikerlari bizkaitarrari zor diogu albokari osoki eskainitako lehen liburua: Alboka. Entorno folklórico (1976). Aita Jorge Riezuk idatzi zuen lan honen hitzaurrea. Albokaren alderdi ezberdinei buruzko datuak jasotzeaz gain, dantzarekin lotutakoak ere jaso zituen; baita panderoa jotzearekin loturikoak eta kopla zahar sail interesgarri bat.

J. M. Barrenetxeak gerora albokari buruzko beste lanak ere utzi zizkigun, besteak beste, La alboka y su música popular vasca (1986) eta Aclaraciones sobre la alboka (2000). Barrenetxearen artxiboa19 Soinuenean dago 2019. urteaz geroztik, eta boluntario talde batek inbentariatze lanetan dihardu. Artxibo honetan era guztietako dokumentuak daude, besteak beste, liburuxkak, ikerlanak, partiturak eta audio grabazioak.

Bestalde, Bizkaiko Dultzaina. La dulzaina en Bizkaia (1984) lanean Iñaki Irigoienek idatzitako Dultzaina-gaita Bizkaian hitzaurreak (15-64. or.) albokari buruzko datu asko jasotzen ditu.

Manu Gojenolak egindako dokumentazio lan nabarmena Albokaren alde batzuk (2004) liburuan kontsulta daiteke. Hark nahiz J. M. Beltranek (2013) egindako ikerlanek aurrez J. M. Barrenetxeak egindakoak osatu dituzte.

ALBOKARI NABARMENAK ETA ESKOLAK

J. M. Barrenetxearen lehen liburuko (1976) eranskinean (106-107. or.) albokari, koplari eta pandero-joleen zerrenda ekarpen garrantzitsua izan zen; informazio hori gerora Manu Gojenolak (2004) eta Juan Mari Beltranek (2013, 29-31. or.) osatu dute.

Alboka jole guztiek ez zuten noski maila edo abilezia bera izango; batzuk bereziki trebeak ziren eta eskola edo ildoa sortu zutela esan liteke. Ikus-entzunezko grabazioak, bizirik ezagutu ditugun albokarien ahozko testigantzak eta Mariano Barrenetxeak bildutako informazioa oinarri hartuta, figura garrantzitsuenak zein izan ziren jakin dezakegu.

Manu Gojenolak honela laburbildu ditu eskola ezberdinei eta albokari nabarmenei buruzkoak:

Bereziki XIX. mendeko azkenetako Igorreko Anbrosio Gorostiaga Anbrus Inderra eta haren aita Juan Bautista aipatu izan dizkigute euren garaiko onenak bezala.

XIX. mendearen hondarretan XX.aren hastapenetan bi albokari handi nabarmendu dituzte: Dimako Migel Larrinaga Txuskoa eta Zeberioko Graziano Lekue Txisperue. Bakoitzak bere jarraitzaileak edo taldekideak zituen. Hala, Txuskoa-ren taldekide ziren Jose Mari Bilbao, Alejo Etxezarraga eta Jose Amundarain Muñegi, eta hauen ondorengoak ziren Leon Bilbao, Emilio Sagarna, Andoni Goikoetxea, Leon Artabe eta Eugenio Etxebarria, beste batzuen artean.

Txisperue-k bere ildokoak zituen Gitano Aiesta, Manu Barandika, Alejo Gurtubai, Inazio Uribarri Andaluze eta Juan Kruz Valle, eta hauek baino gazteagoak Tiburtzio eta Txilibrin Elezkano anaiak eta Pontxo Orue.

Bi ildo hauetatik apartekoak ere baziren albokari abilak, hala nola Benito Iragorri.

Upomendin batzen ziren urtero albokariak, Arratia, Galdakao, Zaratamoren tartean baitzegoen. Batez ere, Txisperueren ildokoak biltzen ziren -Aite esaten zioten Txisperueri-, baina bestekoak ere joaten ziren inoiz eta baita beste talderen batekoak zirenak edo inongo ildorik ez zeukatenak.

Gipuzkoan, aipatzekoak ziren Jose Mari Amundarain, Migel Gorrotxategi eta Jose Oiarbide20.

HEDAPENA

Antzina albokaren hedapen geografikoa zein izan zen ez dago zehazki jakiterik, Ikonografia atalak gaur egun baina eremu zabalagoa izan zitekeela pentsatzera eraman gaitzakeen arren.

XIX.-XX. mendeen arteko zubian, albokarien berri badugu Bizkaian (Arratia, Durangaldea) eta Gipuzkoan (Goierri, Debagoiena eta kostaldea); neurri txikiago batean, berriz, Araba iparraldean eta Nafarroako Aralar eta Urbasa mendialdeetan. Informazio zehatzagoa aurki daiteke garai horretako albokarien azken zerrenda osatuan21.

Otsaurte Bentako Jose Oiarbide. (Arg.: San Telmo Museoa)

Otsaurte Bentako Jose Oiarbide. (Arg.: San Telmo Museoa)

Urtsuarango Paulo Ormazabal. (Arg.: Donostia, 1952/1983, orrialde soltea)

Urtsuarango Paulo Ormazabal. (Arg.: Donostia, 1952/1983, orrialde soltea)

EREDUAK

Euskal Herrian erabili izan diren alboken artean, neurri eta itxura aldetik aldaerak ezagutu dira. Neurrien desberdintasunek lotura zuzena dute soinu-tresnen afinazio desberdinekin.

Ale historiko batzuk

Horniman Museum & GardensLONDRESKO HORNIMAN MUSEOKO ALBOKA

1860 urte inguruan Frederick John Horniman merkatariak Euskal Herritik Londresera eramandako alboka izango da beharbada kontserbatzen den zaharrena. Londresko Horniman Museoan dago egun. Bi adarrak taila ederrez apainduak ditu, eta kanaberen zuloei erreparatuta, albokari ezkerti batena zela pentsa daiteke.

Alboka, hornpipe, M27.4.61/6. (Arg.: MIMO-Horniman Museum and Gardens)

Alboka, hornpipe, M27.4.61/6. (Arg.: MIMO-Horniman Museum and Gardens)

Pitt Rivers MuseumOXFORDEKO PITT RIVERS MUSEOKO ALBOKAK

Bata 1896an sartu zen museoko bildumara, Henry Balfourren eskutik, eta bestea 1926an, Henri Édouard Prosper Breuilek emana. Biak “European Basque” gisa katalogatuta daude, baina lekuari dagokionez, 1896koan “EUROPE. Spain / Pyrenees” dio, eta 1926koan “EUROPE. Spain / Biscaya, Gorbea near Bilbao”.

Pitt Rivers museoan dauden bi albokak: goialdean 1896.77.29 (ahoko adarra eskuinaldean) eta behealdean 1926.26.1 (ahoko adarra ezkerraldean), hurrenez hurren. (Arg. © Pitt Rivers Museum)

Pitt Rivers museoan dauden bi alboketako bat: 1926.26.1 (ahoko adarra ezkerraldean), hurrenez hurren. (Arg. © Pitt Rivers Museum)

Pitt Rivers museoan dauden bi albokak: goialdean 1896.77.29 (ahoko adarra eskuinaldean) eta behealdean 1926.26.1 (ahoko adarra ezkerraldean), hurrenez hurren. (Arg. © Pitt Rivers Museum)

UDANAKO ALBOKA

Alboka hau R. Karutzen lanetan aipatzen da eta irudikatuta ageri da. Alemaniako Lübeck hiriko Völkerkundesammlung bilduman dago, lehen Museum am Dom zenean.

Albokaren argazkia. (Arg.: Völkerkundesammlung)

Albokaren argazkia. (Arg.: Völkerkundesammlung)

SEGURAKO KEREJETAREN ALBOKA

Alboka hau 1900 ingurukoa da. Ramon Zulaikak daukan originalari adarra falta zaio, eta Soinueneako bilduman beronen kopia bat dago (JMBA, 918 zk.). Juan Kerejeta ebanistaren aitarena omen zen. Hasiera batean Segurakoa edota Zegamakoa zela uste bagenuen ere, Urrestilla/Aratz Errekatik (Azpeitia, Gipuzkoa) etorria zen22. Hain zuzen ere, alboka honen uztarria ez da Goierri aldean agertu diren alboken modukoa: Goierriko alboken uztarrietan arkuak erdian erradio bakarra izaten du, eta honek bi ditu. Honen antza du segidan aurkeztuko dugun hurrengo albokak ere.

Segurako Kerejetaren alboka. (Arg.: JMBA)

Segurako Kerejetaren alboka. (Arg.: JMBA)

Juan Mari Beltran eta Eduardo Lizarragak egindako Kerejetatarren albokaren kopia, jatorrizkoari falta zaizkion zatiekin: fitak, adarra eta katea. JMBA Bilduma, 1063 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Juan Mari Beltran eta Eduardo Lizarragak egindako Kerejetatarren albokaren kopia, jatorrizkoari falta zaizkion zatiekin: fitak, adarra eta katea. JMBA Bilduma, 1063 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

GIPUZKOAKO ALBOKA ZAHAR BAT

Alboka zahar hau Azkoitiko Ion de Zelaya Arbillagak aurkitu zuen bere etxean. Gasteizko Jose Mari Lopez de Elorriagak alboka konpondu eta kopia bat egin zuen.

J.M. L. de Elorriagak egindako Azkoitiko Ion de Zelayaren alboka zaharraren kopia. (Arg.: JMBA)

J.M. L. de Elorriagak egindako Azkoitiko Ion de Zelayaren alboka zaharraren kopia. (Arg.: JMBA)

J.M. L. de Elorriagak egindako Azkoitiko Ion de Zelayaren alboka zaharraren planoak. (Arg: JMBA)

J.M. L. de Elorriagak egindako Azkoitiko Ion de Zelayaren alboka zaharraren planoak. (Arg: JMBA)

J.M. L. de Elorriagak egindako Azkoitiko Ion de Zelayaren alboka zaharraren planoak. (Arg: JMBA)

San Telmo museoa

DONOSTIAKO SAN TELMO MUSEOKO ALBOKAK

San Telmo museoan aurki daitekeen alboka bat Julio Urkijok eman zuen 1915ean eta Goierri (Gipuzkoa) aldekoa omen da (inbentario zk. zaharra: 2107)23. Soinu-tresna hau desagertua egon zen, eta berriz agertu zenean zurezko ahokoa pipiak desegina zuen; hortaz, berria egin zitzaion.

Donostiako San Telmo museoko 2107 zenbakia duen alboka. Argazki zaharra

Donostiako San Telmo museoko 2107 zenbakia duen alboka. Argazki berria alboka konponduta. (Arg.: JMBA)

Donostiako San Telmo museoko 2107 zenbakia duen alboka. Argazki zaharra eta alboka konponduta. (Arg.: JMBA)

Beste alboka bat Zegamako (Gipuzkoa) Aritzaundi baserrian eskuratu zuten, 1916an (inbentario zk. zaharra: 2615). Alboka hau 1929ko Exposición Iberoamericana de Sevilla-ra eraman zen; bertan galdu eta ez zen itzuli. Hala ere, argazki bati esker badakigu nolako itxura zuen.

Donostiako San Telmo museoko 2615 zenbakia duen albokaren argazkia. (Arg.: San Telmo Museoa)

Donostiako San Telmo museoko 2615 zenbakia duen albokaren argazkia. (Arg.: San Telmo Museoa)

ZEGAMAKO GORROTXATEGITARREN ALBOKAK

Soinueneako JMBA bilduman daude Zegamako (Gipuzkoa) bi alboka (JMBA Bildumako 1227 eta 1228 zenbakiak dituztenak), baita fita kutxa eta adar bat ere. Hauek izan ziren Eusko Ikaskuntzak 1930ean antolatutako Bergarako Kongresuan Migel eta Antonio Gorrotxategik erabili zituzten albokak.

Gorrotxategitarren 1227 ereferentzia duen alboka. (Arg.: Emovere-Soinuenea)

Gorrotxategitarren 1227 ereferentzia duen alboka. (Arg.: Emovere-Soinuenea)

Gorrotxategitarren 1228 ereferentzia duen bi adarreko alboka. 1228 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Gorrotxategitarren 1228 ereferentzia duen bi adarreko alboka. 1228 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Segurako Ermasoro baserriko Braulio Elorza dultzaina-joleak Zegamako Altzibar baserriko Migel Gorrotxategiri erosi omen zion alboka hau. Elorza familiak du gaur egun.

Braulio Elorzaren alboka. (Arg.: Elorza familia)

Braulio Elorzaren alboka. (Arg.: Elorza familia)

BIZKAIKO ALBOKA ZAHAR BAT

Usansolo ingurukoa omen da, XX. mende hasierako alboka hau. Ibon Koteron albokariak du.

Usansoloko alboka zaharra. (Arg.: Ibon Koteron)

Usansoloko alboka zaharra. (Arg.: Ibon Koteron)

JOSE MIGEL BARANDIARANEK ZUEN ALBOKA

Ataungo Sara etxean On Jose Migel Barandiaranek zuen albokari buruz ezer gutxi dakigu. Adar bat falta zaio. Ez dakigu egun han jarraitzen ote duen.

J.M. Barandiaranek etxean zuen alboka zaharra. (Arg.: JMBA)

J.M. Barandiaranek etxean zuen alboka zaharra. (Arg.: JMBA)

URBASAKO ALBOKA

Urbasako artzain batena izan omen zen alboka hau. Garai batean Iruñeko Katedraleko museoan omen zegoen. Iruñeko Ortzadar taldekoek Jose Maria Satrustegi apaizaren etxean ikusi zuten, eta Jose Mariano Barrenetxeak ere ezagutu zuen soinu-tresna hau. Gaur egun ez dakigu non dagoen.

Urbasako alboka zaharra. (Arg.: Ortzadar taldea)

Urbasako alboka zaharra. (Arg.: Ortzadar taldea)

AIZKORRIKO ALBOKA ZAHARRA

Zegamako baserri batean agertu zen alboka hau. Alboka arruntak baino luzeagoa da. Ahokoaren behealdeko ertzetik tutuen muturreraino 222 milimetroko luzera du, eta tutuen luzera 160 milimetrokoa da. Luzerak alboka hau besteak baino tonu grabeagoan afinatuta egon zitekeela pentsarazten digu.

Fitarik eta tuturik gabe iritsi zen, baina ahokoa eta uztarria osatzen dituen zurezko pieza bakarrak eta adarrak ongi markatzen dute nolako luzera zuen eta zein diametrotako tutuak izango zituen.

Aizkorriko alboka zaharra. JMBA Bilduma, 9 zk. (Arg.: Emovere-Soinuenea)

Aizkorriko alboka zaharra. JMBA Bilduma, 9 zk. (Arg.: Emovere-Soinuenea)

ARANTZAZU INGURUKO ALBOKA

Oñatin Arantzazura bidean dagoen Uribarri auzoko Aingeru baserrian bizi zen artzain zahar batek jotzen zuen alboka hau.

Fitarik gabe iritsi zaigu. Uztarria zurezko 3 zatitan egina dago. Ahokatzeko adarra adar handia baina apur bat handiagoa da. Ahokoaren behealdeko ertzetik tutuen muturreraino 215 milimetroko luzera du, eta tutuen luzera (bistan geratzen den zatia) 134 milimetrokoa da.

Aingeru baserriko alboka. (Arg.: JMBA)

Aingeru baserriko alboka. (Arg.: JMBA)

LUZIANO LANGARA ALBOKARIAREN ALBOKA

Luziano Langara (Dima, 1898-1979) albokariak jotzen zuen soinu-tresna hau. Hark ez zuen albokarik egiten; baliteke alboka hau haren irakasle Alejo Gurtubai Barberue-k egina izatea.

Luziano Langararen alboka. (Arg.: M. Gojenola)

Luziano Langararen alboka. (Arg.: M. Gojenola)

JOSE MARI BILBAOREN ALBOKAK

Jose Mari Bilbao (1886-1977) artearra izan zen bere garaiko albokagile garrantzitsuena. Alboka eredu bat finkatu zuen, eta harekin ikasi zuten ondorengo egile batzuek, besteak beste, Leon Bilbaok eta Eugenio Etxebarriak.

Jose Mari Bilbao tailerrean alboka bat egiten. (Arg.: K. Perez Urraza)

Jose Mari Bilbao tailerrean alboka bat egiten. (Arg.: K. Perez Urraza)

Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan, besteen artean, zikoina edo amiamokoen hanka hezurrez egindako alboka dute; katalogazio fitxaren arabera, alboka hori Jose Mari Bilbaok egin zuen. Bilboko Euskal Museoan dago.

Parisko Musée National des Arts et Traditions Populaires-en alboka bat eskuratu zuten 1970ean. Gaur egun museoa itxita dago ez dakigu soinu-tresna hau non egon daitekeen, baina museoak argitaratutako katalogoan24 ikus daiteke tresna (Hainbat egile, 1980, 90. or.). Itxuragatik, (uztarriaren behealdea, besteak beste), Jose Mari Bilbaok egina da ziur aski.

1980an Parisko erakusketarako egindako kartelean J. M. Bilbaorena dirudien alboka.

1980an Parisko erakusketarako egindako kartelean J. M. Bilbaorena dirudien alboka.

Euskal Museoa, Baiona

BAIONAKO EUSKAL MUSEOKO ALBOKA ZAHAR BAT

Egile ezezaguneko alboka hau 1923 aurrekoa dela dio museoko katalogazio fitxak.

Clarinette “alboka”. (Arg.: Baionako Euskal Museoa)

Clarinette “alboka”. (Arg.: Baionako Euskal Museoa)

Azterketa akustikoak

Azterketa berriagorik ezean, J. M. Beltranek (2013) egindako alboka joaldi batzuen azterketa akustikoetan oinarritu gara. Alboka zaharren egikera aztertuta eta albokari zaharren grabazioak entzunda, argia da denek ez dutela afinazio ez eskala mota bera. Afinazio zaharraz baino, afinazio zaharrez hitz egin dezakegu beraz, pluralean. Gainera, albokari berak joaldi batetik bestera edo joaldi berean noten bitarteak desberdin egiten zituen batzuetan.

Metodologia

J. M. Beltran (2013) Melodyne Editor programa informatikoaz baliatu zen alboka joaldien analisi melodikoa egiteko. Hots-espektrogramak aztertu eta gero, albokariek erabilitako eskalak 12 tonuerdiko tenperamentu berdinetik abiatuta aurkeztu zituen, sistema honetatik aldentzen diren gora-beherak cent-etan25 adieraziz.

Corpusa

Beltranek (2013) aztertutako korpusa bi multzotan bana daiteke:

  • Batetik, Ale historiko batzuk atalean aipatutako alboketako batzuekin grabazio historikorik ez zuenez, Beltranek berak jo zituen alboka hauek, eman zezaketen eskala identifikatzeko. Albokariaren formazioak eta intentzioak tonuan eragin handia dutela jakitun zen, eta horregatik adierazi zuen alboka zaharrekin egindako grabazio berrien analisiak orientagarriak direla eta ez dutela erabateko fidagarritasunik; besterik litzateke tresna horien jatorrizko jabe eta joleek alboka hauekin egindako grabazioak bagenitu.
  • Bestetik, albokari desberdinen grabazioak (landa-lanekoak zein argitaratutakoak) aukeratu eta aztertu zituen. Lagin hauek fidagarritasun handiagoa dute, albokari tradizionalek euren soinu-tresnekin egindako joaldiak baitira.

Emaitzak

Jarraian, analisi akustikoaren bidez identifikatutako alboka eta albokari bakoitzaren oinarrizko ezaugarri orokorrak edo joerak deskribatzen saiatuko gara.

• Grabazio zaharren problematika

Grabazio formatu zaharretatik berrietara bihurketa egitean, erreboluzioek piezaren abiadurari eta oinarrizko tonuari eragin ohi diote. Horregatik, ezin dugu guztiz ziurtatu guk erauzitako oinarrizko tonua eta abiadura errealak diren ala ez. Irizpide modura, baina, interpretatutako dantzen ohiko tenpoa aintzat hartu dugu grabazioak ontzat emateko.

• Oinarrizko nota

Ondorengo taulan aurkeztuko ditugu albokari desberdinen afinazioen oinarrizko notak, baxuenetik altuenera.

Albokaria Albokagilea Analisirako lagina zein grabaziotatik hartu dugun Albokaren oinarrizko nota
Leon Bilbao

Arratia. Herri-Musika Sorta 15 (1976)

Herriko Musika (1977)

Euskal Herriko Soinu Tresnak (1985)

La b - La
Silbestre Elezkano Txilibrin

Antología del Folklore Musical de España (1954)

Pot-pourri vasco. Vol.2. (1974)

Antologia de Instrumentos Vascos (1975)

Zuzeneko grabazioa (1986, Usurbil)

La b - La
Andoni Goikoetxea Alan Lomax (1952) La b - La
Anbrosio Gorostiaga Rudolf Trebitsch (1913) La #
Patxi Gorrotxategi

Zuzeneko grabazioa (1990, landa-lana)

La #

• Idatzizko lanek diotena

Ikerlari batzuek oinarrizko nota baxuagoak ere aipatu izan dituzte. Zoritxarrez, ez dugu aipamen hauek egiaztatzeko modurik, idatziz bakarrik baitauzkagu. Taula honetan laburbildu dugu iturri hauek diotena:

Iturri idatzia Oinarrizko nota Eskala
Larrea y Recalde (1930) Fa # Fa# Sol Sol# La# Si Do#
Aita Donostia (1952) Fa # Fa# Sol Sol# La# Si# Do#
Manuel García Matos (1956) Mi b - Fa

Mib Fa Sol (bajo) Lab Sib Do (bajo)

Fa Sol La Sib Do Re

Alboken afinazioa eta eskala, García Matosen arabera. (Iturria: García Matos, 1956, 134. or.)

Alboken afinazioa eta eskala, García Matosen arabera. (Iturria: García Matos, 1956, 134. or.)

• Alboka zaharrak joaz egindako azterketak

Alboka zaharrekin (adar handia jarrita) egindako joaldietan honako eskalak lortu zituen Beltranek28.

ALBOKA Donostiako San Telmo Museoan 1915ean Gipuzkoako Goierri aldetik sartu zen alboka (inbentario zk. zaharra: 2107)

San Telmoko alboka zaharberritua (Arg,: JMBA)

San Telmoko alboka zaharberritua. (Arg.: JMBA)

ESKALA

Bigarrena tonu erdira, hirugarrena tonu batera, laugarrena bi tonutara, bosgarrena bi tonu eta erdi eta hiru tonu artean, eta seigarrena hiru tonu eta erdi eta lau tonuen artean.

Tutu batekin jotako eskala.

San Telmoko alboka zaharberrituaren eskala.

 

Alboka arrunta

cent

A4

200

200

B4

100

300

C5

200

500

D5

200

700

E5

200

900

F#5

Gorantz

Beherantz

A4-27

A4-34

116

A#4-11

A#4-17

111

227

B4

B4+3

184

411

C#5 -16

151

562

D#5-65

111

673

E5-54

 

IRUZKINAK Larrea y Recaldek (1930) eta Aita Donostiak (1952) idazlanetan aipatutako eskalen antzekoa ematen du.

 


 

ALBOKA 1930ean Bergarako Kongresuan erabilitako gorrotxategitarren bi alboka zaharretako bat.

1930ean Bergarako Kongresuan erabilitako gorrotxategitarren bi alboka zaharretako bat. (Arg,: JMBA)

ESKALA

Adarrarekin. Fita: E5. Eskala jotzen.

1930ean Bergaran gorrotxategitarrek jotako alboketako baten eskala.

 

Alboka arrunta

cent

A4

200

200

B4

100

300

C5

200

500

D5

200

700

E5

200

900

F#5
 

G#4+5

121

A4+26

161

282

B4-13

166

448

C5+53

182

630

D5+35

81

711

D#5+16

 

 

ALBOKA Silbestre Elezkano Txilibrin-i 1967 inguruan erositako alboka.

Silbestre Elezkano Txilibrin-i 1967 inguruan erositako alboka. (Arg.: JMBA)

ESKALA

Adar handiarekin (fita berriarekin G5).

Silbrestre Elezkano Txilibrin-i 1967 inguruan erositako albokaren eskala.

 

Alboka arrunta

cent

A4

200

200

B4

100

300

C5

200

500

D5

200

700

E5

200

900

F#5
 

A4

100

Bb4

160

260

C5-40

190

450

D5-50

200

650

E5-50

180

820

F5+20

 

 

ALBOKA Silbestre Elezkano Txilibrin-i 1980 inguruan erositako alboka.

Silbestre Elezkano Txilibrin-i 1980 inguruan erositako alboka. (Arg.: JMBA)

ESKALA

Adar handiarekin (fita berria G5+40).

Silbrestre Elezkano Txilibrin-i 1980 inguruan erositako albokaren eskala.

 

Alboka arrunta

cent

A4

200

200

B4

100

300

C5

200

500

D5

200

700

E5

200

900

F#5
 

G#4+10

160

Bb4-50

150

310

B4+00

180

490

C#5-20

220

710

Eb5

220

930

F5+20

 

 

ALBOKA Leon Bilbaori 1975 inguruan erositako alboka.

Leon Bilbaori 1975 inguruan erositako alboka. (Arg.: JMBA)

ESKALA

Adarrarekin. Fita G-20.

Leon Bilbaori 1975 inguruan erositako albokaren eskala.

 

Alboka arrunta

cent

A4

200

200

B4

100

300

C5

200

500

D5

200

700

E5

200

900

F#5
 

G4+10

160

A4-30

140

300

Bb4+10

200

500

C5+10

220

720

D5+30

220

940

E5+50

 

Ikus daitekeenez, alboka hauek ematen dituzten eskalak zuzenean ezagutu ditugun albokarienak baino motzagoak dira, eta, zehazki, bostuna oso motza.

Motz samarra geratzen da ere, Txilibrinen alboka zaharrekin (1967) jo dugun eskala.

Baina Txilibrinen 1980koarekin eta Leon Bilbaorenarekin egindako joaldien grabazioetan bosgarren gradua, bostun justuaren interbaloaren 700 cent-etatik oso gertu geratzen da. Hirugarrena, hirudun minorraren inguruan dago. Azken bi alboka horiekin egindako grabazioetako bigarren gradua tonu batera egon beharrean gutxi gorabehera 3/4era dago, eta seigarrena lau tonu eta erdi baino pixka bat gehiagora.

• Grabazio historikoetatik erauzitako datuak

ALBOKARIA Anbrosio Gorostiaga (Igorre, 1867 – 1926)
GRABAZIOA(K) Rudolf Trebitsch (1913):
  • 6. zilindroa: Asiko nas asitzera (jota)
  • 7. zilindroa: Adios Atxuri te (porrusalda) 1 eta 2
IRUZKIN OROKORRAK Grabazio hauetan tonu gorabehera handiak daude, beharbada zilindro zaharretatik beste audio formatuetara bihurtzeko prozesuarengatik29.
AFINAZIOA ETA ESKALA

Alboka Bb4 +10 cent-ean afinaturik dago. Oinarrizko notatik, bigarren gradua ia tonu oso batera dago, hirugarrena oinarrizkotik tonu eta 3/4-era, laugarrena 2 tonu eta 3/4-era, bosgarren gradura bostun justua dago eta seigarren gradura seidun minorreko bitartea.

Anbrosio Gorostiaga (Igorre, 1867 – 1926)

 

ALBOKARIA Andoni Goikoetxea (Zeanuri, 1918 – Deustu, 1974)
GRABAZIOA(K) Alan Lomax (1952):
  • Jota
  • Porrusalda
  • Biribilketa
IRUZKIN OROKORRAK Notak nahiko egonkorrak dira.
AFINAZIOA ETA ESKALA

Alboka G# +10 cent-ean afinatua dago. Oinarrizko notatik bigarren gradura eta bigarrenetik eta hirugarrenera bitarte berdintsua dago, gutxi gorabehera tonu 3/4. Lauduna eta bostuna justuak dira, eta seiduna minorra baino pixka bat altuagoa da.

Andoni Goikoetxea (Zeanuri, 1918 – Deustu, 1974)

 

 

ALBOKARIA Silbestre Elezkano Txilibrin (Igorre, 1913 – Bilbo, 2003)
GRABAZIOA(K) García Matos, M. (biltz.) (1954):
  • Biribilketa “De Alboka” (Vizcaya)

Hainbat emaile. (1974). Pot-pourri vasco. Vol.2.:

  • Trikitixa con alboka (arin arin)

Hainbat emaile. (1975). Antologia de Instrumentos Vascos:

  • Jota

Beltran, J. M. (1986). Usurbilgo Santixabel festetan zuzenean grabatua:

  • Jota
IRUZKIN OROKORRAK

Afinazioa ez da beti bera: García Matosek 1954an grabatutako Martxa G-11 tonuan afinatua dago. Aldiz, Columbia diskoetxeak 1974 eta 1975ean egindako grabazioak eta 1986an Usurbilen egindako zuzenekoak A-10 eta A-33 cent artean daude.

Ez dakigu grabazio guztietan alboka bera erabili zuen, nahiz eta bere alboka zuen eta normalena beti hura erabiltzea izango litzatekeen. Edonola ere, berak egiten zituen alboketarako beti txantiloi bera erabiltzen zuen.

AFINAZIOA ETA ESKALA

Oinarrizko notatik hasita, biduna maiorra da bi grabaziotan eta beste bietan tonu 3/4 ingurukoa, hiruduna minorra da (-40 eta +29 cent-eko aldearekin), lauduna justua da +29 / -30 cent-eko gorabeherarekin, bostuna justutik -20 cent-era dago, eta seigarren gradua seidun minorretik -30 cent-era dago.

Oro har, bitarteak altu daude, bostun apur bat baxuaren salbuespenarekin.

Silbestre Elezkano Txilibrin (Igorre, 1913 – Bilbo, 2003)

 

 

ALBOKARIA Leon Bilbao (Artea, 1916 – 1990)
GRABAZIOA(K) Hainbat emaile. (1976). Arratia. Herri-Musika Sorta 15:
  • Jotea
Hainbat emaile. (1977). Herriko Musika:
  • Porrusalda
Beltran, J. M. (biltz.) (1985). Euskal Herriko Soinu Tresnak:
  • Porrusalda
  • Martxa
IRUZKIN OROKORRAK

Alboken afinazioa Herri Musika Sorta 15 Arratia (1976) diskako Jota-ren eta Herriko musika diskako Porrusalda-ren afinazioen artean dago; lehena Ab+9 cent-ean zegoen, eta bigarrena A inguruan.

AFINAZIOA ETA ESKALA

Oinarrizko notatik, biduna tonu 3/4-etik gertu dago, hiruduna minor antzekoa da (+20 cent), lauduna eta bostuna justutik gertu daude, eta seiduna bi grabaziotan maior zehatza da eta beste bietan -19 eta -45 cent-eko aldea du.

Leon Bilbao (Artea, 1916 – 1990)

 

 

ALBOKARIA Eugenio Etxebarria (Dima, 1920 – Arrigorriaga, 2008)
GRABAZIOA(K) Beltran, J. M. (biltz.) (1999/10/24). Albokarien Hernaniko 6. Topaketan egindako landa-grabazioa.
  • Martxa
  • Porrusalda
IRUZKIN OROKORRAK

Grabazioetan albokaren afinazioa Ab eta A artean dago.

AFINAZIOA ETA ESKALA

Oinarrizko notatik hasita, biduna ia tonu 3/4-era dago, hiruduna minorra da, lauduna eta bostuna justuak dira gorabehera txikiekin, eta seiduna maiorra +27 eta +49 cent-eko aldearekin.

Eugenio Etxebarria (Dima, 1920 – Arrigorriaga, 2008)

 

 

ALBOKARIA Patxi Gorrotxategi (Zegama, 1920 – Donostia, 1998)
GRABAZIOA(K) Beltran, J.M. (biltz.) (1990/3/26). Landa-laneko grabazioa.
AFINAZIOA ETA ESKALA

Oinarrizko notatik, biduna tonu 3/4-era dago, hiruduna maiorra da (baxu samar), lauduna justutik gertu dago (altu samar), bosduna justua baino zertxobait baxuago, eta seiduna minorra da.

Patxi Gorrotxategi (Zegama, 1920 – Donostia, 1998)

 

• Ondorio orokorrak

Bitarteei dagokionez, oro har laugarren eta bosgarren graduak justuak dira. Seigarrena maiorra da, doinuei Re-ren moduaren kutsua emanez (Doriko modernoa). Bigarren eta hirugarren graduak tenperamentu berdinetik urruntzen dira: hirugarrena tenperamentu berdina baino altuagoa izan ohi da (bataz beste 40 cent gehiago), eta bigarrena tonu osoa baino baxuagoa da, ¾ inguruan.

Eskala zahar batek, beraz, batez besteko tonu-altuera hauek izan litzake:

Eskala zahar batek, beraz, batez besteko tonu-altuera hauek izan litzake.

Beltranen azterketen arabera30, Pierre Caubet Txubuko Arhane Zuberoako txanbelariak albokari hauen antzeko eskalarekin jotzen zuen.31

EREDU BERRIAK

Materialak atalean aipatu dugun moduan, azken hamarkadetan albokagileek tutuak eta fitak egiteko material ezberdinak probatu dituzte.

Alboken afinazioari dagokionez, berdin tenperatutako eskalara hurbiltzen diren albokak nagusitu dira, Re-ren moduaren eskala ematen dutenak (La Si Do Re Mi Fa#), baina oraindik ere eredu ezberdinak egiten dira.

José Antonio Martínez Osses albokagileak 1990eko hamarkadan albokotea garatu zuen, Re tonuan afinatutako alboka (Re-ren zortziduna emateko gai dena). Bestalde, gomazko edo beste materialezko zintak edo eraztunak dituzten Sol-eko albokak ere egiten dira; zortzidun osoa ematen dute, eta zuloak estali eta irekiaz eskala ezberdinak jotzeko aukera ematen dute. Fa eta Mi tonuetan afinatutako albokak ere egiten dira. Gasteizko Alboka Eskolan Aitor Urteagak Alboka MIDI modeloa asmatu zuen.

Antzuolako Joseba Gastiainek egindako alboka (1377 zk.) (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Antzuolako Joseba Gastiainek egindako alboka. JMBA bilduma, 1377 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Osses-ek egindako Sol-eko alboka. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Osses-ek egindako Sol-eko alboka. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Juan Mari Beltranek prestatutako SOL-SOL zortzidun osoa ematen duten bi alboka, LA minorrean jotzeaz gain DO eta SOL maiorrean jotzean Fa eta Fa# emateko aukerekin. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Juan Mari Beltranek prestatutako SOL-SOL zortzidun osoa ematen duten bi alboka, LA minorrean jotzeaz gain DO eta SOL maiorrean jotzean Fa eta Fa# emateko aukerekin. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Juan Mari Beltranek prestatutako SOL-SOL zortzidun osoa ematen duten bi alboka, LA minorrean jotzeaz gain DO eta SOL maiorrean jotzean Fa eta Fa# emateko aukerekin. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

J. A. Martinez Ossesek egindako RE–RE zortzidun osoa ematen duen Albokotea. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

J. A. Martinez Ossesek egindako RE–RE zortzidun osoa ematen duen Albokotea. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Aitor Urteaga berak prestatutako MIDI alboka jotzen. (Arg.: Musiketxea)

Aitor Urteaga berak prestatutako MIDI alboka jotzen. (Arg.: Musiketxea)

ERREPERTORIOA

XX. mendean zehar albokari kopurua eta hauen errepertorioa nahiko txikiak ziren. Hala ere, lagin txiki hori eskaletan eta doinu-bariazioetan oso aberatsa zela esan dezakegu.

Beltranen arabera, jotzeko erari dagokionean nabarmena zen alboka munduan murgilduta hazi ziren eta ez ziren joleen arteko aldea: Andoni Goikoetxea albokariaren interpretatzeko era, adibidez, ez zen Leon Bilbao, Txilibrin edo gorrotxategitarrena bezain libre eta sortzailea; Goikoetxeak esaldiak gutxiago bariatzen omen zituen32.

Albokari zaharren piezak nagusiki dantzarakoak izaten ziren, jota, porrusalda eta martxa. XX. mendearen bukaeran, baina, albokari berrien belaunaldiak egoera eta funtzio berrietara ekarri zuen soinu-tresna. Dantza emanaldietarako, kale bueltak egiteko eta denetariko musika taldeetan jotzeko albokaren errepertorio tradizionala zabaldu zen. Musika eskola batzuetan albokaren irakaskuntza txertatu izanak ere bultzada garrantzitsua eman zuen. Errepertorioaren zabaltzea, alboka irakaskuntzaren gorakada eta organologia eta eraikuntza aldetik emandako hobekuntzak eskutik joan dira.

Iturriak ataleko Bibliografia eta Diskografia ataletan aurki daitezke errepertorio zahar eta berriaren adibide batzuk. Musika-sorkuntzan jardun duten albokari batzuk azpimarratzearren, Mixel Ducau, Ibon Koteron, Kepa Junkera, Alan Griffin, Fede de Dios, Oskorri eta Juan Mari Beltran aipa genitzake.

TALDEKATZEA

Herri-musikan panderoak eta ahotsak (koplaria, pandero-jolea gehienetan) lagundu izan diote albokari. Tradizioz ezagutu ditugun alboka-doinu gehienek badute koplak kantatzeko zati bat. Beranduago, alboka era askotako soinu-tresnekin batera jo izan da, denetariko musika taldeetan.

Irakaskuntza eredu, eskola, ekitaldi, albokagile, albokari eta abarrei buruz informazio gehiago nahi duenak J. M. Beltranen Alboka. Inguru folklorikotik eskolara (2013) liburua kontsulta dezake.

IKONOGRAFIA

Nafarroa

San Martin eliza, Artaitz (Nafarroa).ARTAITZ (UNTZITIBARRA)

SAN MARTIN ELIZA

XII. mendeko San Martin elizan, albokaren antzeko soinu-tresna bat eta albokari baten antza duen musikari bat aurki ditzakegu. Azken hau elizaren aurrealdean dago, beste musikari batzuen artean; soinu-tresna hautsia badu ere, jolearen masail puztuak eta ahokoa ikusita, jolea arnasari buelta ematen ari dela irudi luke, gaur egungo albokariek egiten duten moduan.

Alboka eta balizko alboka jolea, Artaitzeko San Martin elizan. (Arg.: JMBA)

Alboka eta balizko alboka jolea, Artaitzeko San Martin elizan. (Arg.: JMBA)

Alboka eta balizko alboka jolea, Artaitzeko San Martin elizan. (Arg.: JMBA)

Alboka eta balizko alboka jolea, Artaitzeko San Martin elizan. (Arg.: JMBA)

Alboka eta balizko alboka jolea, Artaitzeko San Martin elizan. (Arg.: JMBA)

San Pedro eliza, Betelu (Nafarroa).BETELU

SAN PEDRO ELIZA

Beteluko XIV. mendeko San Pedro elizaren portada gotikoaren gainean, haga-burutxoen ilaran, bi musikari daude instrumentuak jotzen. Horietako batek jotzen duen instrumentua alboka bat edo antzekoa dela dirudi. Ahokaduratik alboka baten uztarrian jarrita dauden bi hodi paralelo ateratzen direla ikus daiteke. Ahokatzeko moduagatik eta jolearen masail puztuengatik albokaria dela dirudi.

 

 

Beteluko San Pedro elizako albokaria. (Arg.: JMBA)

Beteluko San Pedro elizako albokaria. (Arg.: JMBA)

Beteluko San Pedro elizako albokaria. (Arg.: JMBA)

San Petri baseliza, Oloritz-Etxano, Orbaibar (Nafarroa).OLORITZ-ETXANO, ORBAIBAR (VALDORBA)

SAN PETRI BASELIZA

XII. mendeko baseliza erromaniko honetan, besteen artean, bi musikari hauek ageri dira. Ahokadura eta masailak albokarienak dituzte, baina ezin ziur jakin.

 

 

Absideko haga-burutxuetako batean albokari itxura duen musikari hau ageri da. (Arg.: JMBA)

Absideko haga-burutxuetako batean albokari itxura duen musikari hau ageri da. (Arg.: JMBA)

Absideko haga-burutxuetako batean albokari itxura duen musikari hau ageri da. (Arg.: JMBA)

Portada nagusiko laugarren arkiboltan ageri diren lau musikarietako bat da hau. Jolearen ahokadura eta masailak ikusita badirudi soinu-tresna hori, flauta baino, albokaren antzekoa izan daitekeela. (Arg.: JMBA)

Portada nagusiko laugarren arkiboltan ageri diren lau musikarietako bat da hau. Jolearen ahokadura eta masailak ikusita badirudi soinu-tresna hori, flauta baino, albokaren antzekoa izan daitekeela. (Arg.: JMBA)

Portada nagusiko laugarren arkiboltan ageri diren lau musikarietako bat da hau. Jolearen ahokadura eta masailak ikusita badirudi soinu-tresna hori, flauta baino, albokaren antzekoa izan daitekeela. (Arg.: JMBA)

 

Santa Maria Madalena eliza, Tutera (Nafarroa).TUTERA

SANTA MARIA MADALENA ELIZA

XII. mendeko parrokian albokaren antzeko soinu-tresna jotzen duen musikari bat ikus daiteke. Haizezko tresnaren atalak (ahokoa, bi tutuak eta kanpaia) garbi ikus daitezke.

 

 

Tuterako Santa Maria Madalena parrokiako musikaria albokaren antzeko soinu-tresna jotzen. (Arg.: JMBA)

Tuterako Santa Maria Madalena parrokiako musikaria albokaren antzeko soinu-tresna jotzen. (Arg.: JMBA)

Tuterako Santa Maria Madalena parrokiako musikaria albokaren antzeko soinu-tresna bat jotzen. (Arg.: JMBA)

 

 

Santa Maria Erreginaren eliza, Zangoza (Nafarroa).ZANGOZA

SANTA MARIA ERREGINAREN ELIZA

XII. mendeko eliza erromaniko honen atarian balizko albokari hau dago, beste musikarien artean. Hatzen kokapena albokari ezkerti batena da: goialdeko eskuko hatz lodia ahoko azpian, eta beste bi hatz hodietako zuloak estaltzen; behealdeko eskuko hiru hatz zuloak estaltzen, eta hatz txikia adar handiaren azpian.

 

 

Zangozako Santa Maria Erreginaren elizako albokaria. (Arg.: JMBA)

Zangozako Santa Maria Erreginaren elizako albokaria. (Arg.: JMBA)

Zangozako Santa Maria Erreginaren elizako albokaria. (Arg.: JMBA)

 

 

Olibako monasterioa, Zarrakaztelu (Nafarroa).ZARRAKAZTELU (CARCASTILLO)

OLIBAKO MONASTERIOA

Olibako monasterioaren aurrealdean, XII. mendeko atari gaineko hagaburutxoetan, hainbat musikari ikus daitezke: danbolinteroa, xirolarru jolea, tronpeta jolea, arrabita jolea, eta alboka jolea izan litekeen hau.

 

 

Zangozako Santa Maria Erreginaren elizako albokaria. (Arg.: JMBA)

Olibako monasterioko ustezko albokaria. (Arg.: JMBA)

Olibako monasterioko ustezko albokaria. (Arg.: JMBA)

Zuberoa

Santa Graziko eliza (Zuberoa).SANTA GRAZIKO ELIZA

Zuberoako Santa Grazi herrian, XI. mendeko eliza erromanikoan, XII. mendeko bi kapiteletan albokariak diruditen musikari bana ikus dezakegu. Eskuen kokapenari erreparatuz, bi albokariak ezkertiak lirateke. Bi kasuetan arrabita-jotzaileak dituzte ondoan. Eszena horiek musika eta dantzaren irudikapena dirudite.

Santa Graziko elizako bi kapiteletan dauden albokariak (XII. mendea). (Arg.: JMBA)

Santa Graziko elizako bi kapiteletan dauden albokariak (XII. mendea). (Arg.: JMBA)

Santa Graziko elizako bi kapiteletan dauden albokariak (XII. mendea). (Arg.: JMBA)

Santa Graziko elizako bi kapiteletan dauden albokariak (XII. mendea). (Arg.: JMBA)

Santa Graziko elizako bi kapiteletan dauden albokariak (XII. mendea). (Arg.: JMBA)

 

OHARRAK

1 Manu Gojenolak honakoak aipatzen ditu (2004, 61. or.): pastoresoinu, artzaisoinu, panderosoinu, adarsoinu, zinburruna, tapatan, unzurrunzaketa, itadarra.

2 Beltranek (1985/2017) Soinu-tresnak euskal herri musikan lanean Leon Bilbaori grabatutako buelta biko porrusaldan argi entzun daiteke joko hau.

3 Lope de Vega, 1602, 68. or.

4 Donostia, 1983, 281. or.

5 Arriolabengoa, 2006, 264. or.

6 Harizmendi, 1658/1978.

7 Larramendi, 1745/1984, 50. or.

8 Montaner, 1887/2017, 804. or.

9 Arzac, 1886, 103. or.

10 Jemein y Lambarri, 1935, 232. or.

11 Gojenola, 2004, 50-51. or.

12 Egile ezezaguna, 1899 Euskalzale 38, 299. or.

13 Euskal Esnalea aldizkaria, 1911/09/30, 238. or.

14 Euskal Esnalea aldizkaria, 1911/09/30, 243. or.

15 Beltran, 2013, 35. or.

16 Beltran, 2013, 39. or.

17 “Ein sehr altertümliches Musikinstrument ist die Alboquéa des Bildes 8 und 1; ein geschnitztes, für die fassende Hand durchbrochenes, mondsichelförmiges Mittelstück trägt zwei mit Pech aufgeleimte Rohre mit Fingerlöchern, die vorn in ein aufgecklemmtes Ochsenhorn, hinten in einen Hohlkonus münden und innerhalb des letzteren zwei dünnere Rohre aufnehmen, aus deren Mantel eine schmale Spange abgelöst und so wieder angebunden ist, dass sie beim Anblasen vibriert und einen Ton hervorbringt.” (Karutz, 1926/2016, 124. or.)

18 Aranzadi, T. (1916). Alboka y Albogues. Dos pies para un banco musical-transfilológico. Euskal Herria, LXXIV (152-158. or.).

19 Inbentariatutakoak Soinuenearen web orrialdean kontsulta daitezke: https://jmbarrenetxea.soinuenea.eus/eu/bildumak/nabarmenak/.

20 Soinueneari bidalitako testu argitaragabea.

21 Beltran, 2013, 29-31. or.

22 Xabier Elorzak aurkitu ditu hau baieztatzeko jaiotza eta bestelako agiriak.

23 Beltran, 1997, 115.or.

24 Hainbat egile, 1980, 90. or.

25 Neurtzeko sistema honetan, tonuerdia 100 cent-ez osatua dago; bitarte txikiak neurtzeko egokia da, beraz.

28 Beltran, 2013, 68-72. or.

29 “Grabatze-lanaren batez besteko abiadura minutuko 190 erreboluziokoa da, eta « Edison » motako zilindroak erabili zituzten grabazioetarako.” (López de Arana, 2010). Guk Berlingo artxibo fonografikoaren CD kopia bat baliatu dugu azterketak egiteko.

30 Beltran, 2013, 77. or.

31 Beltran, 2013, 77. or.

32 Beltran, 2013, 36. or.


ITURRIAK

Bibliografia

ALFONTSO X. (XIII). Cántigas de Santa Maria. Códice de los músicos. URL: https://rbme.patrimonionacional.es/s/rbme/item/11338#?xywh=-34810101394426

ÁLVAREZ, R. (1987). Los instrumentos musicales en los códices alfonsinos: su tipología, su uso y su origen. Algunos problemas iconográficos. Revista de Musicología, Vol. 10, No. 1 (Enero-abril 1987), 67-104.or.

ARANZADI, T. (1916). Alboka y Albogues. Dos pies para un banco musical-transfilológico. Euskal-Erria, LXXIV (152-158 or.). Sarean: http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DBKVisorBibliotecaWEB/visor.do?ver&amicus=178878&amicusArt=314786.

ARCIPRESTE DE HITA. (1967). Libro de buen amor (Tomo II). Espasa Calpe. URL: https://www.cervantesvirtual.com/descargaPdf/libro-de-buen-amor-tomo-ii/. (Jatorrizkoa, 1330)

ARÍSTEGUI, J. (1993). Palacio de Ibaigane. Obra de restauración de la sede del Athletic. BBK.

ARRIOLABENGOA UNZUETA, J. (2006). Ibarguen-Cachopín Kronika. Edizioa eta azterketa [doktorego tesia]. EHU-UPV. URI: http://hdl.handle.net/10810/12247.

AZKUE, R. M. (1942). Euskalerriaren Yakintza. (II). Espasa Calpe.

AZKUE, R. M. (1984). Diccionario vasco-español-francés. Euskaltzaindia. (Jatorrizkoa, 1905) Sarean: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/381.pdf.

AZKUE, R. M. (1990). Cancionero popular vasco. Euskaltzaindia. (Jatorrizkoa, 1925). Sarean: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/6831.pdf.

BARRENETXEA, J. M. (1976). Alboka - Entorno Folklórico. Archivo P. Donostia.

BARRENETXEA, J. M. (1986). La Alboka y su Música Popular Vasca. Nafarroako Jaialdiak-en barnean, Zangotzan emandako hitzaldia. Galdakao-Bizkaia.

BELTRAN, J. M. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Orain.

BELTRAN, J. M. (1997). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Eusko Ikaskuntza.

BELTRAN, J.M.; GOJENOLA, M. (2009). Eugenio Etxebarria Albokaria. H. M. Bilduma 7. Herri Musikaren Txokoa.

BELTRAN, J. M. (2010). Herri Musikaren 6. eta 7. Jardunaldiak. Alboka, iragana, oraina eta geroa. H. M. Bilduma 8. Herri Musikaren Txokoa.

BELTRAN, J. M. (2013). ALBOKA. Inguru folklorikotik eskolara. ALBOKA. Del entorno folklórico a la escuela. Soinuenea.

BIKANDI, S.; SANTAMARIA, J. (1997). UZTARRI. Alboka doinuen bilduma. Gasteizko Udala.

CERVANTES, M. (1998). El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha. Instituto Cervantes. (Jatorrizkoa, 1605). URL: https://cvc.cervantes.es/literatura/clasicos/quijote/edicion/default.htm.

DONOSTIA, A. (1983). Instrumentos musicales populares vascos. Obras Completas del P. Donostia, (II. liburukia). Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. (Jatorrizkoa, 1952)

EGILE EZEZAGUNA. (1899). Aramaio-ko Euskal-iaiak. Euskalzale, 38.zk. (1899/09/27), 298-300.or. Sarean: http://www.hemeroketa.eus/cgi-bin/orria.pl?arg=euskalzale&zein=18990927.

EUSKO IKASKUNTZA. (1934). Quinto Congreso de Estudios Vascos; Vergara 1930; Arte Popular Vasco. Eusko Ikaskuntza/Sociedad de Estudios Vascos.

GARCÍA MATOS, M. (1956). Instrumentos folklóricos de España. "II." La 'gaita' de la sierra de Madrid. "III." La 'alboka' vasca. Anuario musical: Revista de musicología del CSIC, vol. XI., 123-164.

GRIFFIN, A. (2015). HALFWAY TO HELL. Albokarako 333 doinu. AZTARNA LITERATURA; AZL002.

GOJENOLA, M. (2004). Albokaren alde batzuk. H. M. Bilduma 2. Herri Musikaren Txokoa.

HAINBAT EGILE. (1980). L’instrument de musique populaire, usages et symboles. Éditions del a Réunion des musées nationaux.

HARIZMENDI, C. (1978). Ama Birjinaren Ofizioa. (Jatorrizkoa, 1658). Klasikoen Gordailua. URL: http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/H/HarizmendiOfizioa.htm

IRIGOIEN, I. (1994). Dultzaina-gaita Bizkaian. Bizkaiko Dultzaina-La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.

JEMEIN Y LAMBARRI, C. (1935). Biografía de Arana - Goiri ' tar Sabin e historia gráfica del nacionalismo. Editorial Vasca. Sarean: https://www.sabinoaranagoiri.eus/PDF/PDFSS235.pdf.

KARUTZ, R. (1898). Zur Ethnographie der Basken II. Globus, 74, 353-358.

KARUTZ, R. (2016). Die Völker Europas. Salzwasser. (Jatorrizkoa, 1926). Sarean: https://archive.org/details/b29978592.

LARRAMENDI, M. (1984). Diccionario trilingüe del castellano, bascuence, y latín. Tomo primero. Txertoa. (Jatorrizkoa, 1745)

LARREA Y RECALDE, J. (1930). La “Alboka”. Euskalerriaren Alde, mayo, Nº 317. 173-179 or. URL: https://dokumeta.gipuzkoa.net/handle/10690/102180.

LÓPEZ DE ARANA ARRIETA, I. (2010). Rudolf Trebitsch-en 1913ko Euskal grabazio Musikalak (II), Lapurdum, 14. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/2285.

MONTANER Y SIMÓN. (2017). Diccionario enciclopédico hispano-americano de literatura, ciencias y artes. Tomo 1. Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes. URL: https://www.cervantesvirtual.com/obra/diccionario-enciclopedico-hispano-americano-de-literatura-ciencias-y-artes-tomo-1. (Jatorrizkoa, 1887)

OLAECHEA, J. (1970). Villafranca de Ordizia. Caja de Ahorros municipal de San Sebastián.

PEDRELL, F. (1992). Diccionario Técnico de la Música. Librería París-Valencia, Jatorrizko faksimila, 1894. Sarean: https://bdh.bne.es/bnesearch/detalle/bdh0000010690.

RAMOS, JESUS. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (55. zk., 91-138). Institución Príncipe de Viana.

RODRÍGUEZ, C. (1999). Los txistularis de la villa de Bilbao. Bilbao Bizkaia Kutxa.

VARELA DE VEGA, J. B. (1981). Anotaciones históricas sobre el albogue. Revista de Folklore, Nº4, 21-27.

VEGA, LOPE DE. (1602). Arcadia. Prosas y versos. Con una exposicion de los nombres historicos, y poeticos. I.C. Garriz. URL: https://play.google.com/books/reader?id=iq1dAAAAcAAJ&pg=GBS.PP1.

ZAVALA, A. (2012). Bilboko gabon-kantak (1755-1832). Auspoa.

Diskografia

ALBOKA. (2001). Lorius. L.G.: RESCD-126 Resistencia. L.G.: M-31-983-2001. [Albokaria: Alan Griffin]

ARGIA EUSKAL DANTZARI TALDEA-EZ DOK AMAIRU. (1970). Herrikoi musika sorta 1. Herri Gogoa; HG 18. L.G.: SS-151-1970. [Albokaria: L. M. Bandres]

BARRENETXEA, M. (1964). Alboka. Bailables vascos [D]. Cinsa. CIN 126. L.G.: BI-883-1964. [Albokaria: Txilibrin]

BELTRAN, J. M. (biltz.) (1985). Euskal Herriko soinu tresnak [K]. IZ 217 K. [Albokaria: Leon Bilbao]

BELTRAN, J. M. & HAINBAT EMAILE. (2002). Arditurri. Gogoaren bidezidorretatik [CD]. KD-614 Elkar. L.G.: SS 25-2002. [Albokaria: J. M. Beltran]

BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (biltz.). (2017). Soinu-tresnak euskal herri musikan. 1985-2010 [CD-DVD]. Elkar-Soinuenea. KD DVD-E 968. L.G.: SS 796-2017. [Albokariak: L. Bilbao, P. Gorrotxategi]

BIDAIA. (2007). Duo. Autoekoizpena. ASCAP 2007. [Albokaria: Mixel Ducau]

BILBAO, L. (1979). Leon, Maurizia, Fasio. Alboka eta trikitixa [LP]. Xoxoa. X-11.115. L.G.: BI-2016-1979. [Albokaria: Leon Bilbao]

BILBAO, L. (1988). Maurizia, Leon eta Basilio [LP]. Elkar. ELK 165. L.G.: SS 92-1988. [Albokaria: Leon Bilbao]

ELEZKANO, S. TXILIBRIN. (1981). Trikitixa. Txilibrin y balbino [K]. Columbia. Cdc-1014. L.G.: M 13169-1981. [Albokaria: Txilibrin]

KOTERON, I. (1996). Leonen orroak. KD-449 Triki. Elkar. L.G.: SS 808-1996. [Albokaria: Ibon Koteron]

KOTERON, I. (2004). Airea. KD-646 Elkar. L.G.: SS 239-2004. [Albokaria: Ibon Koteron]

LOMAX, A. (2004). The Spanish recordings. Basque Country: Biscay and Guipuzcoa [CD]. ROUNDER CD 82161-1772-2. (Jatorrizko grabazioak, 1952) [Albokaria: Andoni Goikoetxea]

GARCÍA MATOS, M. (biltz.). (1954). Antología del Folklore Musical de España. Segunda selección [LP]. Hispavox. HH 10-356/7/8/9. L.G.: 19.744-1970. [Albokaria: Txilibrin]

HAINBAT EMAILE. (1974). Pot-pourri vasco. Vol.2 [LP]. Columbia. CS 8218. L.G.: M 22391-1974. [Albokaria: Txilibrin] (Txilibrin y Balbino, 1972-ren berrargitalpena)

HAINBAT EMAILE. (1975). Antología de instrumentos vascos [K]. Columbia. BC 3896. L.G.: M 39768-1981. [Albokaria: Txilibrin]

HAINBAT EMAILE. (1976). Herri-Musika Sorta 15. Arratia [LP]. HG-129 LS Edigsa/HG. L.G.: B 18048-1976. [Albokaria: Leon Bilbao]

HAINBAT EMAILE. (1977). Herriko Musika [LP]. Kardantxa-Movieplay. ESTEREO 170912/2. L.G.: M-4784-1977. [Albokaria: Leon Bilbao]

OSKORRI. (2000). Ura [CD]. KD-557 Elkarlanean. L.G.: SS 433-2000. [Albokaria: Josu Salbide]

TREBITSCH, R. (biltz.) (1913). Berlingo Artxibo Fonografikoko Rudolf Trebitschen euskal grabaketak. [albokarenak, argitaragabeak] [Albokaria: Anbrosio Gorostiaga]

TXILIBRIN Y BALBINO. (1972). Trikititxa. CPS 9224 Columbia. L.G.: M. 25637-1972. [Albokaria: Txilibrin]

Ikus-entzunezkoak

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.