Akordeoia mihi libreko aerofonoen familiako soinu-tresna da.
Egitura
Zurezko bi kaxa ditu: bat melodia emateko botoi edo teklekin (eskuin eskuarekin jotzen dena) eta bestea laguntzeko nota grabeak eta akordeak ematen dituena (ezkerrarekin jotzen dena). Bien artean hauspoa dago.
Joera
Besoen eraginez bildu eta zabaldu egiten den hauspoak bidaltzen du mihiek bibratzeko behar duten haizea.
Historia
Akordeoi diatonikoaren ondoren Akordeoi kromatikoa azaldu zen. Hau bi tipotakoa izan zitekeen: bata eskuinaldean botoiak zituena eta “kromatikoa” deitzen zena eta bestea teklazkoa, “pianozkoa” izenarekin ezagutzen dena.
Akordeoilari hauek, trikitilariak bezalaxe, herriz herri aritu izan dira mota guztietako herri festa eta ospakizunetan parte hartuz.
Tresna honek, diatonikoak baino errekurtso musikal gehiago dituenez, hasiera batean trikitixa baztertu egin zuen, baina gero, arrazoia ez dakigun arren, herri musika munduan indarra galdu du eta trikitixa nagusitu zaio.
Ez ditugu ahaztu behar Donostiako “Larrinaga-Guerrini”-k egiten zituen akordeoi kromatikoak. Tailer horretatik ospe eta kalitate handiko tresnak atera dira.
Atal hau bukatzeko soinujoleek trikitilariengan izan duten eragina aipatu nahi dugu. Askotan, trikitilariek akordeoilari hauen musika, pieza eta dantza berriak hartu izan dituzte beraien errepertorioak zabaltzeko eta oso nabarmena da, XX. mende erdialdez geroztik trikitixarekin entzuten ditugun hainbat fandango, arin-arin eta martxa berriak ere, akordeoilariei ikasiak edo eskatuak direla.
ITURRIAK
Bibliografia
HARANA, Mielanjel; TAPIA, Joseba; BERGIZES, Aingeru. (1998). Gelatxo. Zarautz: Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.
Diskografia
LARRAÑAGA, Isidro. (1979). Euskal Herriko Dantzak. IZ. IZ-123.
YANZI, Pepe. (1972). Lesaka. Edigsa-Herri Gogoa. HG-48.
ZELAIA, Enrike. (1982). Araba. Elkar. ELK-53.
(1986). Nafarroa. Elkar. ELK-HG-147.
(1987). Bizkaia. Elkar. ELK-HG-206.
(1987). Gipuzkoa. Elkar. ELK-HG-177.