Aho-soinua, ezpainetako-soinua, xotixea, filarmonika

Fandangoa. Periko Garaikoetxea. Iribas, 1979.

 

Aho-soinua mihi libreko aerofonoen taldeko soinu-tresna da.

Egitura

Aho-soinuak hainbat mihi ditu, zeharka eta paraleloki jarriak, euskarri moduko zurezko taulatxoetan. Itxura eta sendotasuna emateko eta mihiak babesteko kanpotik metalezko txapaz egindako estalkia izaten du.

Joera

Ertz batean dituen zuloetatik haizea botatzean, honek mihiak bibrarazten ditu. Haizea ahotik kanpoaldera edo barnealdera zuzendu daiteke, posizio berean bi tonu ezberdin eman daitezke, beraz.

Historia

Dokumentaziorik ez badugu ere, jakin badakigu soinu-tresna hau oso zabaldurik egon dela gure artean. Joleak ez dira profesionalak izan baina kasu askotan maila oso altua lortu dute. Batzuen ustez, mende honen hasieran Europa osoan zabaldu zen eta honen agerpenak, besteak beste, tronpa-musukitarraren erabileraren atzerakada ekarri zuen.

Izendapenari buruz hau esan dezakegu: aho-soinua, filarmonika, filarmunika izan dira izen arruntenak. Nafarroako Larraun aldean ezpainetako-soinua esaten zaio eta Leitzan jaso genuen xotixe izen bitxia.

Etxeetako sukaldeetan, ostatuetan eta toki itxietan jo izan da kantu eta dantzarako. Nafarroako Iribasen ezagutu genuen halako jole bat, Martikonea etxeko Periko Garaikoetxea. Honek, XX. mendearen erdialdean, igandero, “bezperak” elizkizunen ondoren jotzen zuen gazteek dantza egin zezaten. Uda aldean, eguraldi onarekin, atari aurrean jartzen zen eta etxeko larrainean dantzatzen zen, eta negualdean, barruan, etxeko sarrera handi batean. Txiki-txikitatik itsu gelditua zen eta trebezia eta maila handiz dena belarriz jotzen zuen. Bere errepertorioa oso zabala zen eta herriko festetan jotzera etortzen ziren musikariengandik (txistulariak, akordeolariak,..) hartzen zuen gero joko zuena. “Suelto”-ko dantzak, martxak, “agarrau” eta guzti. Besteak beste, jotzen zuen Iribasko “silla dantza”-ren bertsio berezia grabatu genuen (Beltran, 1996, 91. or.).

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

Diskografia

LANDA, Marcos. (1991). Albisturko aho-soinua. IZ. IZ-376.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.