Adarra

Adar joaldia. Juan Mari Beltran. 1998 (Beti ttun ttun. CDNO 21)

 

Adarra aerofonoen familiako soinu-tresna da.

Egitura

Gehienetan idi edo behi adarrez egiten dira. Puntaren muturra moztu eta luzera zulo bat egiten zaio berez duen barruko hodiraino. Ezpainak bibratzeko, zuloari kanpoaldetik kono-enbor errebaje bat egiten zaio, tronpeta arrunten ahokoaren gisan.

Adarraren neurriaren araberakoak izango dira hotsaren indarra eta tonua.

Joera

Ahokoa ezpainetan jarririk, haizea botatzen da ezpainak bibraraziz.

Historia

Ezagutu dugun euskal herri musikan, ezpain bibraziozko edo tronpeta motako soinu-tresnak ez omen dira oso erabiliak izan, azken garaietako musika bandako metalezko tronpetak eta antzeko soinu-tresna arruntak salbu.

Euskal Herrian ezagutzen dugun hots-adarra nagusiki idi edo behi adarrez egindako adarra da.

Aita Donostiak (1952) esaten du adar hauei hezur eta metalezko ahokoa jartzen zaiela (296. or.).

Beti oso musikalak ez badira ere, funtzio batzuetarako erabili izan dira adar hauek. Gauadar eta kabillesadar izenekin ezagutzen dira gauez basurdeak eta azeriak uxatzeko jotzen diren adarrak. Toki batzuetan, alarma jotzen duen kanpaiari deiadar, deadar, deihadarra deitzen zaio (296. or.).

Donostiako San Telmo Museoko tresnetako fitxa zaharren artean, informazio bitxia ematen digun fitxa bat aurkitu dugu (Beltran, 1997): Adarra. Artzaiek erabiltzen dute egunero zaindu behar duten herriko ganadua deitzeko eta plazan biltzeko. Santa Kruz de Kampezu (Araba). 1917-1-30an (46. or.). Gai honi buruz A. Donostiak zera esaten digu (1952): Araban “geria” (gueria) deitzen dute idiak “dula” edo kanpora ateratzeko ematen den deiari (304. or.).

Guk ere (1996) bildu dugu halako erabilpenaren informazioa (Beltran, 1996). Nafarroan, herri batzuetan (informazioa Nafarroako Val de Mañerun jaso zen), egunero biltzen zituzten etxeetako idi, behi, mando, ahuntz eta abarrak, ordaindutako abeltzainak larreetara eraman zitzan. Honi “Dula” (garastalur) deitzen zioten. Egunero, abiatzeko orduan, abeltzainak adarra jotzen zuen, atera behar zituen abere guztiak etxeetatik biltoki jakin horretara joan zitezen.

Urola aldean, fabrika eta lantegietan lanera deitzeko erabiltzen den sirenari, fabrika-adarra deitzen diote.

Txalapartari batzuek txalaparta jotzerakoan adarra erabiltzen dute. Lasarteko Zuaznabartarrek oraindik ere, betidanik ezagutu duten bezala, txalaparta joaldi bakoitzaren aurretik, adar handi batekin dei gisako joaldia ematen dute. Antzina, txalapartaldi haietan, adar jole bat baino gehiago inguratzen zen.

Adar hauek ez dute tonu aldaketarako zulorik izaten eta ikusten dugunez, deiak ematea izan da tresna honek izan duen funtzio nagusia (79-80 orri.).

R. M. Azkuek (1959) adarraren beste funtzio bat ere bildu zuen. Ezkilaren atalean ikus dezakegun bezala, adarrak ere erabiltzen ziren Nafarroan, Zuberoan eta Gipuzkoan eztei “berezietan”: Ezkontzetan eztairik ematen eztuen senar-emazteai adarra yotzen zaieten, almaizak eta zintzarriak. Alargun zar bat ezkontzen denean berdin egiten da. (AN-lar, S-bark, G-amez-zeg-arron). (278. or.).

ITURRIAK

Bibliografia

AZKUE, R.M. (1959). Euskalerriaren Yakintza. I. liburukia. Madril: Espasa Calpe.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

(1997). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Cuadernos de Sección. Folklore.- 6. zk. Eusko Ikaskuntza. (1998) Colección Lankidetzan Bilduma, 5. Donostia.

DONOSTIA, Aita.(1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

Diskografia

BELTRAN ARGIÑENA, JUAN MARI. (1998). J. Goikoetxea - J.M. Beltran. Beti ttun ttun. NO-CD. CDNO21.

ZUAZNABARTARRAK. (1975). Antología de instrumentos vascos. Columbia BC 3896.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.